68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Deialdia, taxi lizentzia bat emateko

Alkatetzaren martxoaren 13ko 1232/2025 Ebazpenaren bidez, Tuterako Udalak deialdi bat onetsi zuen, eman dadin, lehiaketa bidez, autotaxien lizentzia bat, hiriko zerbitzua emateko Tuterako udal-mugartean. Hala, agindu zen oinarriak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren egoitza elektronikoan, behar diren legezko ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2025eko martxoaren 13an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

DEIALDIA, LEHIAKETA BIDEZ EMAN DADIN AUTOTAXIEN LIZENTZIA BAT, TAXIAREN HIRIKO ZERBITZUA EMATEKO

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lehiaketa bidez ematea autotaxien lizentzia bat, taxiaren hiriko zerbitzua emateko Tuterako udalerrian.

2.–Araubide juridikoa.

Honako araudi honetan jasotzen da deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

a) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

b) 9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa, taxiari buruzkoa (hemendik aurrera, 9/2005 Foru Legea).

c) Udal ordenantza, arautzen duena autotaxien hiriko zerbitzu publikoa (https://www.tudela.es/docs/ordenanzas/no-fiscales/ordenanza-auto-taxi.pdf).

d) Ordenantza, tasak arautzen dituena, eman daitezen lizentziak eta administrazio-baimenak autotaxietarako eta alokatzen diren gainerako ibilgailuetarako (https://www.tudela.es/docs/ordenanzas/fiscales/2025/2025-27-tasa-licencias-de-autotaxis-y-vehiculos-de-alquiler.pdf).

e) Taxien tarifak (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2025/256/25).

f) Azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta VII. eranskina (errege dekretu horren bidez oinarrizko baldintzak arautu ziren, irisgarritasuna izan dadin, eta ez dadin bereizkeriarik izan, desgaitasuna dutenek garraiobideak eskuratzeko eta horiek erabiltzeko (https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2007-20785).

g) Garatzen diren xedapenak, edo aipatutako xedapenen osagarri izanik aplikatzekoak direnak.

Oharra: Tuterako Udalaren gardentasun atarian ikus daitezke ordenantzak eta taxiaren tarifak (https://transparencia.tudela.es/taxonomia-es/).

3.–Bete beharreko baldintzak, taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko.

Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo atzerriko beste herrialde batekoa non ez den halako baldintzarik eskatu behar, Espainiak sinatutako nazioarteko akordioengatik, itunengatik eta hitzarmenengatik; edo bestela, lanerako behar den baimenak izatea, jarraikiz Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeei, baldin baimen horiek nahikoa badira norberaren kontura garraioan aritzeko.

c) B motako gidabaimena izatea, indarrean, edo hura edukitzearen ziurtagiria.

d) 1.000 euroko bermea jartzea, 4. oinarriarekin bat.

e) Betetzea indarrean dagoen legedian ezarritako betebehar fiskalak, lanekoak eta sozialak, eta egunean izatea Tuterako Udalarekiko zerga betebeharrak.

Deialdian parte hartzeak esan nahi du baimena ematen dela udalak dagozkion egiaztapenak egiteko.

f) Erantzukizun zibila estalita izatea, zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

4.–Bermeak.

4.1. Interesdunek bermea aurkeztu beharko dute lizitazioan parte hartzeko, Tuterako Udalaren alde (3. oinarriko d) apartatuan aurreikusitako bermea).

4.2. Bermea abal bidez aurkezten ahalko da (II. eranskineko eredua), edo banku transferentzia eginez, IBAN ES93 2100 3695 122200022273 kontu zenbakira, edo kauzio-aseguruaren kontratuaren bidez. Hori dena, jarraikiz apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 70. artikuluari (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea).

4.3. Bankuko transferentzia egiten bada, kontzeptuan hau jarri behar da: "Garantía convocatoria licencias de autotaxi" (Bermea, autotaxi lizentzien deialdirako).

4.4. Berme horrek segurtatuko du eskaintzari eusten zaiola behin-behineko adjudikazioa onetsi arte.

4.5. Organo eskudunak lizentzien behin-behineko adjudikazioa onetsi eta berehala, bermea itzuliko zaie behin-behineko adjudikaziodun izan ez direnei, eta adjudikaziodunei atxiki eginen zaie.

4.6. Behin-behineko adjudikaziodunei atxikitako bermea bahitu eginen zaie baldin eta, lizentziaren behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, aurkezten ez badute eskatutako dokumentazioa, frogatzen duena betetzen direla lizentzia emateko baldintzak, jarraikiz 12.5 apartatuari.

Hiru hilabeteko epea luzatu daiteke, baldin arrazoi justifikaturik badago, hau da, behin-behinekoz adjudikaziodun denari egotzi ezin zaizkion arrazoi justifikatuak, behar bezala justifikatuak. Horretarako, interesdunak eskatu egin beharko du epea luzatzea. Hiru hilabeteko epea bukatu baino lehen aurkeztu beharko da eskaera hori.

4.7. Lizentzia behin betiko adjudikatu ondoren itzuliko zaie atxikitako bermea adjudikaziodunei.

4.8. Baldin behin-behineko adjudikaziodunen bat baztertzen bada lizentziak adjudikatzeko prozesuan, haren lekua hartuko du ezarritako lehentasun-ordenan hurrengo denak, behin-behineko adjudikaziodun izan ez direnen artetik. Prozedura hori dela eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berriki sartutako horiek izanen dituzte lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak, baita 1.000 euroko bermea jarri beharra ere, 5 egun balioduneko epean, behin-behineko adjudikazioa jakinarazten denetik. Baldin epe horretan bermerik eratzen ez bada, ulertuko da uko egin zaiola behin-behineko adjudikazioari, eta zerrendako hurrengoak hartuko du leku hori. Horretarako, eta epe horren barnean, Udalaren erregistroan aurkeztu beharko du bermea eratu izana frogatzen duen agiria.

5.–Autotaxien lizentziak emateko ordainketak.

5.1. Lizentziak emateko prozedura honen ondoriozko diru-sarrerak (aipatzen direnak uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.3 artikuluan –Taxiari buruzko Foru Legea–) izanen dira titular bakoitzak Tuterako Udalari ordaindu beharreko kanon bat.

5.2. Kanon horren zenbatekoa espezifikoa izanen da emandako lizentzia bakoitzerako; izan ere, horixe da lizitatzaile bakoitzak aurkeztu beharreko proposamen ekonomikoaren xedea, 7. eta 8. klausuletan araututakoarekin bat. Lizitatzaileak bere proposamen ekonomikoan eskainitako zenbatekoa ordaindu beharko da, osorik, eta ez da zilegi inolako aldaketarik, eguneratzerik, hainbanatzerik edo zatitzerik.

5.3. Kanon horren barnean dago taxirako kontzesio, baimen eta erregistrorako tasa, aurreikusirik dagoena ordenantzan (Ordenantza, tasak arautzen dituena, eman daitezen lizentziak eta administrazio-baimenak autotaxietarako eta alokatzen diren gainerako ibilgailuetarako).

5.4. Kanonari buruzko ebazpenean aipatutako epean ez baldin bada ordaintzen, lizentziaren adjudikazioa errebokatu eginen da.

5.5. Lizentziaren adjudikazioa errebokatzen bada, ez ordaintzeagatik, 5.4 klausulari jarraikiz, lizentziak emateko prozedura berrabiarazi eginen da. Hala, lehentasun-ordenan (lizentziaren adjudikazioduna ez izanik) hurrengoa denak hartuko du leku hori. Prozedura hori dela eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berriki sartutako horiek izanen dituzte lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak, baita 1.000 euroko bermea jarri beharra ere, 5 egun balioduneko epean, behin-behineko adjudikazioa jakinarazten denetik. Baldin epe horretan bermerik eratzen ez bada, ulertuko da uko egin zaiola behin-behineko adjudikazioari, eta zerrendako hurrengoak hartuko du leku hori. Horretarako, eta epe horren barnean, Udalaren erregistroan aurkeztu beharko du bermea eratu izana frogatzen duen agiria.

5.6. Bestalde, behin betiko adjudikaziodun batek, behin legeak ezarritako gutxieneko epea iraganik, lizentzia transmititu dezake, baldin titular berria subrogatzen bada lagatzailearen baldintza berberetan.

6.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Eskaerak, lehentasunez, Tuterako Udalaren erregistroan aurkeztu behar dira (Plaza Vieja 2), edo Lourdes auzoko Herritarrentzako Laguntza Zerbitzuan (El Frontón kalea 1).

6.2. Nolanahi ere, eskaerak aurkezten ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako gainerako tokietan (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

6.3. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

7.–Dokumentazioa.

7.1. Eskaera egiteko, eskabide bat erabiliko da, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera, eta, horrekin batera, hiru gutun-azal itxi aurkeztu beharko dira, honako testu honekin: "Concurso para la adjudicación de una licencia de auto-taxi para la prestación del servicio de taxi" (taxi zerbitzua egiteko autotaxi lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa) eta izen abizenak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek izanen dira, hurrenez hurren:

a) 1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

b) 2. gutun-azala: Proposamen teknikoa.

c) 3. gutun-azala: Proposamen ekonomikoa.

7.2. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barrenean:

a) Eskaera egiten duenaren nortasun-agiri nazional indardunaren fotokopia, edo pasaportearena, edo eskatzailearen naziotasuna frogatzen duen agiriarena.

b) Bermea aurkeztu izanaren frogagiria: interesdunek 1.000 euroko bermea aurkeztu beharko dute, Udalaren alde, 4. oinarriarekin bat.

c) Ibilgailuak gidatzeko baimen indardunaren fotokopia edo hura baduela frogatzen duen ziurtagiria.

7.3. "Proposamen teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, III. eranskineko ereduarekin bat, sartu beharko da eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa, salbu proposamen ekonomikoa, balora eta puntua dadin, oinarri hauen 8. klausulan ezarritako irizpideen arabera.

7.4. 3. gutun-azalean ("Proposamen ekonomikoa") sartu beharko da eskaintza ekonomikoa, horretarako baliatuz IV. eranskineko eredua.

8.–Adjudikatzeko irizpideak.

8.1. Adjudikatzeko irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, ondoko irizpideak erabiliko dira, zein bere puntuekin, handitik txikira:

Ikus taula osoa:

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA (30 puntutik)

Eskaintza ekonomikoa

10

Alderdi ekologikoak

4

Alderdi teknologikoak

3

Ibilgailu egokitua

5

Zerbitzu eskaintza

8

8.2. Eskaintza ekonomikoa:

a) Kanonaren gutxieneko eskaintza 1.596,70 eurokoa da. Zenbateko apalagoa duten eskaintzak baztertu eginen dira.

b) Eskaintzak osotara proportzionalki baloratuko dira: 10 puntu emanen zaizkio eskaintza handienari, eta gainerako eskaintzei honako formula hau aplikatuko zaie:

P=Ov*10/Om

P: eman beharreko puntuazioa. Ekuazioaren ondoriozko balioa bi dezimaletara borobilduko da.

OV: lizentziarako kanon gisa eskainitako zenbatekoa, eurotan, baloratzen den eskaintzan.

OM: eskaintza handienaren zenbatekoa, eurotan.

c) IV. eranskinean azaldutako formatuari lotu behar zaio eskaintza.

d) Baldin desadostasunik bada eskaintzako datuen artean, lehenetsiko da letraz adierazitako zenbatekoa, zenbakiz adierazitako balioaren gainetik.

8.3. Alderdi ekologikoak*.

a) Alderdi honi dagokionez gehienez 4 puntu emanen dira.

b) 4 puntu emanen dira baldin eskaintzen badute "Zero isuriko" ingurumen bereizgarria duen ibilgailua, jarraikiz Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren erregistroko sailkapenari.

c) Orobat, 2 emanen dira baldin eskaintzen badute "Eco" ingurumen bereizgarria duen ibilgailua, jarraikiz Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren erregistroko sailkapenari.

d) III. eranskinean azaldutako formatuari lotu behar zaio eskaintza.

(*) Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa: https://www.pegatinas-dgt.com/. Sailkapena, jarraikiz Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuaren (IDAE) datu baseari (http://coches.idae.es) (Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutua; Industria, Energia eta Turismo Ministerioa; Espainiako Gobernua).

8.4. Alderdi teknologikoak.

a) Alderdi honi dagokionez, gehienez 3 puntu emanen dira.

b) Puntu bat emanen da baldin konpromisoa hartzen bada behar den teknologia izateko, erabiltzaileek zerbitzua noiznahi erreserbatzeko telefonoz.

6 hilabeteko epean ezarri beharko da teknologia, behin betiko adjudikazioa jakinarazten denetik hasita.

c) 2 puntu emanen dira baldin konpromisoa hartzen bada behar den teknologia izateko, erabiltzaileek zerbitzua noiznahi erreserbatzeko, mugikorreko aplikazio baten bidez.

6 hilabeteko epean ezarri beharko da teknologia, behin betiko adjudikazioa jakinarazten denetik hasita.

d) III. eranskinean azaldutako formatuari lotu behar zaio eskaintza.

8.5. Ibilgailu egokitua:

a) Alderdi honi dagokionez, gehienez 5 puntu emanen dira.

b) 5 puntu emanen dira baldin lizentziari atxikitako ibilgailua egokitua badago gurpil-aulkien erabiltzaileak garraiatzeko, jarraikiz azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuari (errege dekretu horren bidez oinarrizko baldintzak arautu ziren, irisgarritasuna izan dadin eta ez dadin bereizkeriarik izan, desgaitasuna dutenek garraiobideak eskuratzeko eta horiek erabiltzeko), edo haren ordezko arauari.

Ibilgailu egokituak bete beharko ditu 1544/2007 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko baldintzak; zehazki, VII. eranskineko 2. puntuan ("Taxi irisgarriak") ezarritakoak:

2.1. Alderdi orokorrak.

Taxi edo autotaxi zerbitzua ematen duten ibilgailuek, "irisgarri" gisa sailkatu nahi badira, desgaitasuna dutenak garraiatzeko, bete beharko dituzte UNE 26.494 arauko beharkizunak, baita ondoko aldaketetan jasotakoak ere.

2.2. Nahitaezko neurriak.

Oinarrizko baldintzen artetik, nahitaezkoak adierazten dira.

2.2.1. Gurpil-aulkian dabilen bidaiaria.

Ibilgailua egokiturik egonen da, gurpil-aulkian dabilena sartzeko, ateratzeko eta bidaiatzeko, betiere eroso eta seguru.

Horretarako, ibilgailuak izan behar ditu bitarteko homologatuak eta/edo behar den eraldaketa edo eraberritzea, behar bezain inportantea. Ibilgailuak toki bat izanen du bidaiari horrek bidaiatzeko, aurrera edo atzera begira, sekula ez zeharka. Eduki beharko ditu buru-euskarri finkoa (ibilgailuaren egiturari iraunkorki lotua), gurpil-aulkia ainguratzeko sistema eta segurtasun uhala, erabiltzailea gutxienez hiru tokitan ainguratzen duena. Erabiltzaileak nahi badu, taxilariaren betebeharra izanen da azken bi gailu horiek paratzea.

2.2.2. Beste pertsona batzuk.

Baldin altuera 250 milimetro baino handiagoa bada galtzadaren eta alde bateko ateko talase-markoaren artean, nahitaezkoa izanen da maila bat izatea, aipatutako arauan zehaztutako ezaugarriak dituena.

Tarifak Braille sisteman idatzita izan beharko dituzte taxi egokituek.

"Furgoneta" erako ibilgailuak (9 toki, gidariarena barne) edo "lur orotako" ibilgailuak, nahiz eta neurriengatik bete beharkizun teknikoak, ez dira autotaxi irisgarri gisa homologatuko, normalizazioaren irizpide funtsezkoa ez betetzeagatik.

c) III. eranskinean azaldutako formatuari lotu behar zaio eskaintza.

8.6. Zerbitzu eskaintza.

a) Alderdi honetan gehienez 8 puntu emanen dira, baldin eskaintzan konpromisoa hartzen bada zerbitzua zenbait alditan emateko. Punturen bat lortzeko, konpromiso horren iraupenak izan beharko du urte batekoa, 3 urtekoa edo 5 urtekoa, zerbitzua benetan ematen den lehen egunetik.

b) Eskaintzan, aukera bat markatu beharko da ilara bakoitzean; baldin bakar bat ere markatzen ez bada, ulertuko da aukeratutakoa lehenbiziko zutabekoa dela: "Batere ez". Ilara bakoitzeko zenbait aukera markatzen badira, ulertuko da iraupen handieneko aukera markatu dela.

c) Konpromiso bakoitzari dagokion puntuazioa ondoko taulan agertzen da:

KONPROMISOAK

KONPROMISOAREN IRAUPENA

Batere ez

Urte bat

3 urte

5 urte

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera (jaiegun ez direnean), 07:30etik 10:00etara.

0

0,5

2

4

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera (jaigun ez direnean), 13:00etatik 15:30era.

0

0,5

2

4

d) Kontuan hartu beharreko inguruabarrak:

–Konpromisoaren hasiera eguntzat hartzen da zerbitzua benetan ematen hasten den eguna.

–Konpromiso horiek egiaztatzeko, eskatzen ahalko dira Udaltzaingoaren txostenak, baita erabiltzaileen kexei erreparatu ere. Baldin kexarik eta zalantzarik bada konpromiso horiek betetzearen gainean, Udalak neurriak har ditzake egiaztapenak egiteko (aldez aurreko abisuak, taximetroa izateko betebeharra...).

–Tuterako Udalak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuez aparte izanen dira eskainitako konpromisoak.

–Zerbitzu hori emateak ez du mugatuko beste aldi batzuetako jarduera.

e) III. eranskinean azaldutako formatuari lotu behar zaio eskaintza.

9.–Balorazio Batzordea.

9.1. Agiriak kalifikatuko eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Reyes Carmona Blasco, Tuterako Udaleko Ogasuneko zinegotzi ordezkaria / Ordezkoa: Laura Casanova Sainz Aja, Tuterako Udaleko zinegotzia.

b) Zinegotzia: Carlos Aguado Huguet, Tuterako Udaleko zinegotzia / Ordezkoa: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

c) Zinegotzia: Olga Risueño Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia / Ordezkoa: Alberto Lajusticia Gil, Tuterako Udaleko zinegotzia.

d) Polizia: Ignacio Pérez Arnaiz, Tuterako Udaleko Udaltzaingoko Hiri-mugikortasuneko inspektoreordea.

e) Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria, edo haren ordezkoa.

10.–Administrazio-agirien kalifikazioa.

10.1. Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Balorazio Batzordeak, barne ekitaldian, kalifikatuko du lizitatzaileek 1. gutun-azalean (dokumentazio administratiboa) aurkeztutako dokumentazio orokorra, publikoa ez den ekitaldian.

10.2. Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, argitaratuko da onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Udalaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan (egoitza elektronikoa - Tuterako Udala).

10.3. Baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, hala badagokio, egindako akatsak zuzendu, 10 egun balioduneko epean.

10.4. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, orobat, jendaurrean jarriko da behin erreklamazioak aurkezteko epea bukatu ondoren. Bazterturik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da, eta hala adieraziko da zerrendan.

11.–Eskaintzak irekitzea.

11.1. Proposamen teknikoa.

Onartutakoak ezagututa, barne ekitaldian, Balorazio Batzordeak irekiko ditu 2 zenbakia duten gutun-azalak, eta haien edukia aztertuko du, jarraikiz 8. oinarrian adjudikaziorako bildutako irizpideei.

Balorazio Batzordeak egoki den puntuazioa emanen du, 2 zenbakia duten gutun-azalen (proposamen teknikoa) edukia aztertu ondoren, jarraikiz adjudikatzeko irizpideei, eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du puntuazioa biltzen duen akta (erregitro elektronikoa: https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_HOME). Argitalpen horretan, halaber, adieraziko da zer egunetan, ordutan eta tokitan irekiko den, ekitaldi publikoan, 3 zenbakia duen gutun-azala (proposamen ekonomikoa).

11.2. Proposamen ekonomikoa.

3 zenbakia duten gutun-azalak (proposamen ekonomikoa) ekitaldi publikoan irekiko dira, eta Balorazio Batzordeak irakurriko ditu.

12.–Lizentziak adjudikatzeko proposamena.

12.1. Eskaintzak aztertuta, Balorazio Batzordeak lehentasun-ordena esleituko die haietako bakoitzari, prozedura honekin bat:

a) Berdinketarik bada, lehentasuna emanen zaie ibilgailu egokitua duten eskaintzei, jarraikiz azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuari (errege dekretu horren bidez oinarrizko baldintzak arautu ziren, irisgarritasuna izan dadin eta ez dadin bereizkeriarik izan, desgaitasuna dutenek garraiobideak eskuratzeko eta horiek erabiltzeko).

Hala ere berdinketak irauten badu, lehentasuna emanen zaie emakumeei, gizonen aurretik; hala ere berdinketak irauten badu, lehentasuna emanen zaio zerbitzuaren eskaintzan puntuazio handiena lortu duenari; hala ere berdinketak irauten badu, lehentasuna emanen zaio alderdi ekologikoetan puntuazio handiena duenari; hala ere berdinketak irauten badu, lehentasuna emanen zaio alderdi teknologikoetan puntuazio handiena duenari; eta, hala ere berdinketak irauten badu, lehentasuna emanen zaio proposamen ekonomikoan puntuazio handiena duenari.

Aurreko irizpideak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa publiko bat eginen da, behin betiko ordena ezartzeko.

b) Lehentasun-ordena bata bestearen atzetik esleituko da, lehenetik azkenera, eta, behar denean, puntuazio handienetik txikienera, hau da: eskaintza guztien artetik puntuazio handiena lortu duena hartuko da, eta lehen postua emanen zaio lehentasun-ordenan; ondoren, puntuazio hoberena lortu duen hurrengo eskaintza hartuko da, eta bigarren postua esleituko zaio, eta hala gainerakoekin ere.

12.2. Adjudikazio proposamena argitaratuko da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://sede.tudela.es/).

12.3. Balorazio Batzordeak bere proposamena igorriko dio Alkatetzari, eta hark ebatziko du, kontuan harturik lortutako puntuazioa, lizentzien behin-behineko adjudikaziodunen lehiaketan, eta behin-behinean adjudikatuko du lizitatutako plaza.

12.4. Ebazpena pertsonalki jakinaraziko zaio behin-behineko adjudikaziodunari.

12.5. Behin-behineko adjudikaziodunak, behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, gehienez, agiriak aurkeztu beharko ditu, frogatzen dutenak betetzen dituela lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak, baita lizentziaren titular izateko baldintzak ere, eta, bereziki:

a) Zein ibilgailuri atxikiko zaion lizentzia, haren gaineko dokumentazioa. Aurkeztutako eskaintzaren araberakoa izan beharko du, eta bete beharko ditu egoki diren baldintzak, hau da, Taxiari buruzko Foru Legean eta ordenantzan ezarritakoak.

Honako agiri hauek izanen dira:

–Ibilgailuaren fitxa teknikoa.

–Zirkulazio baimena.

–Eskaini baldin badu, egokitzapena egin duen lantegiaren ziurtagiria, frogatzen duena betetzen dela 1544/2007 Errege Dekretua.

Ibilgailuak uzten badu konfigurazio bat baino gehiago izaten, ziurtagiriak agertu beharko du zer konfiguraziok betetzen duen Errege Dekretua, baimendu dadin ibilgailuak beste toki kopuru bat izatea.

–Instalazioa egin duen lantegiaren ziurtagiria.

–Ziurtagiria, agertzen duena daukan sailkapen energetikoa Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan, egindako eskaintzarekin bat.

b) Aseguruak kontratatzea, estalita izateko zerbitzuan izandako kalteengatiko erantzukizun zibila, ezarrita dagoen bezala indarra duen araudian eta zerbitzua arautzen duten ordenantzetan.

c) Dagokion kanona ordaindu izanaren frogagiria. Kanon horren zenbatekoa izanen da lizitatzaileak berak eskainitakoa, jarraikiz 8.2 klausulako xedapenei, inolako hainbanaketarik edo zatiketarik gabe, lizentziaren behin betiko adjudikazioa gertatzen den unea dela-eta.

12.6. Behin-behineko adjudikaziodun batek ez badu aurkezten, adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, behar den dokumentazioa, frogatzen duena betetzen dituela lizentzia eskuratzeko baldintzak, zehazki, ibilgailuari buruzko 12.5 apartatuan ezarritakoak, ibilgailuari buruzkoak, aseguruari buruzkoak eta kanona ordaindu izanaren agiriari buruzkoak, bahitu eginen zaio atxikitako bermea, eta baztertu eginen da lizentziak adjudikatzeko prozesutik. Haren tokia hartuko du, lehentasun-ordenaren arabera, lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko izangaiak. Hiru hilabeteko epea luzatu daiteke, baldin arrazoi justifikaturik badago, hau da, behin-behinekoz adjudikaziodun denari egotzi ezin zaizkion arrazoi justifikatuak, behar bezala justifikatuak. Horretarako, interesdunak eskatu egin beharko du epea luzatzea. Hiru hilabeteko epea bukatu baino lehen aurkeztu beharko da eskaera hori.

12.7. Prozedura hori dela eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berriki sartutako horiek izanen dituzte lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak, baita 1.000 euroko bermea jarri beharra ere, 5 egun balioduneko epean, behin-behineko adjudikazioa jakinarazten denetik. Baldin epe horretan bermerik eratzen ez bada, ulertuko da uko egin zaiola behin-behineko adjudikazioari, eta zerrendako hurrengoak hartuko du leku hori. Horretarako, eta epe horren barnean, Udalaren erregistroan aurkeztu beharko du bermea eratu izana frogatzen duen agiria.

12.8. Agiri horiek aurkezturik, Udaleko alkate udalburuak, ebazpen baten bidez, behin betiko emanen dio taxi lizentzia adjudikaziodunari. Banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena adjudikaziodunei.

13.–Lizentziaren titularraren eta lizentziaren betebeharrak.

13.1. Taxi lizentzia baten adjudikaziodunak bete beharko ditu 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak (Taxiari buruzko Foru Legea), bai eta taxi lizentziaren titular izateko gainerako xedapenak ere.

13.2. Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarri guztiak (jarraikiz 8. oinarrian zehaztutako alderdi ekologikoei eta teknologikoei, zeinak eskaintzan jaso baitira) lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.

13.3. Orobat, proposatutako ibilgailua, lizentziari atxikia, eurotaxi bat baldin bada, hau da, 1544/2007 Errege Dekretuari egokitutako bat (edo haren ordezko arau bati), nahitaezkoa izanen da ibilgailu mota horri eustea lizentzia indarrean dirauen bitartean.

13.4. Lizitatzaile bakoitzak proposamenean eskainitako zerbitzuak iraun beharko du eskaintzan adierazitako aldia.

13.5. Prozedura honetan taxi lizentzia bat lortzen duten titularrak beharturik daude Tuterako Udalarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, taxiaren arloko edozein administrazio-izapide egiteko.

13.6. Lizentzien titularra behartuta dago zerbitzua ematen hastera 60 egun naturalean, gehienez, lizentzia behin betiko adjudikatu zaiola jakinarazi eta biharamunetik.

14.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, oinarri hauen aurka eta oinarriak betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Tuterako Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurrituriko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

15.–Datuen babesa.

15.1. Datuen tratamenduaren arduraduna: Tuterako Udala.

15.2. Tratamenduaren xedea: taxi lizentziak izapidetzea eta adjudikatzea.

15.3. Tratamenduaren oinarri den legitimazioa: datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEOa) 6.1.a) artikulua: interesdunak espresuki onartzen du bere datuak biltzea; DBEOaren 6.1.c) artikulua: datuen tratamendua beharrezkoa da, eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean; hain zuzen ere, 9/2005 Foru Legeak eta 39/2015 Foru Legeak esleitutakoen izenean.

15.4. Hartzaileak: datuak lagako dira legeak hala ezartzen duen kasuetan.

15.5. Eskubideak. Honako hauetarako eskubideak, tratamenduaren arduradunaren aurrean: datuetan sartzea, kontra egitea, datuak zuzentzea, tratamendua mugatzea, ezabatzea, "ahaztua izateko eskubidea" eta banan-banako erabakien xede ez izatea. Hala azaltzen da informazio gehigarrian. Horretarako, jo behar da Herritarrentzako Laguntza Zerbitzura (Plaza Vieja 1, Tutera, 31500) edo helbide elektroniko honetara: sac010@tudela.es.

15.6. Tratamendu-eragilea: Tuterako Udala da tratamendu-eragilea.

15.7. Informazio gehigarria: Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan berean kontsulta dezakezu datuak babesteari buruzko informazio gehigarria (https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_HOME).

16.–Eranskinak.

1. I. eranskina.–Eskabidea.

2. II. eranskina.–Abalaren eredua.

3. III. eranskina.–Proposamen teknikoaren eredua.

4. IV. eranskina.–Proposamen ekonomikoaren eredua.

Deialdiaren iragarkitik deskargatu daitezke eranskinak, iragarki-taula elektronikoko argitalpenetik (https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_TABLON).

Tuteran, 2026ko martxoaren 6an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONETARAKO: DEIALDIA, EMAN DADIN, LEHIAKETA BIDEZ, AUTOTAXI LIZENTZIA BAT, TUTERAKO UDALERRIRAKO

ESKATZAILEAREN DATUAK:

Izen-deiturak

NANaren, pasaportearen edo beste baten zenbakia

Nazionalitatea

Helbide elektronikoa

Hala badagokio: ORDEZKARIAREN DATUAK:

Izen-deiturak

NANa

Helbide elektronikoa

JAKINARAZPENETARAKO DATUAK (Markatu X batekin 1. edo 2. aukera, eta bete egoki diren datuekin):

1. AUKERA.–Paperean

Helbidea (kalea, zk., atea eta abar)

Herria

Posta kodea

Probintzia

2. AUKERA.–Bitarteko elektronikoen bidez, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean (1)

(1) Emandako helbide elektronikora iritsiko da mezu elektroniko bat, abisatzen duena jakinarazpena jasotzeko prest dagoela. Jakinarazpen horretara irits daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez edo Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, "notificaciones" (jakinarazpenak) apartatuan (https://sede.tudela.es/sta/CarpetaPublic/doEvent?APP_CODE=STA&PAGE_CODE=PTS2_HOME); horretarako, beharrezkoa da izatea ziurtagiri elektronikoa edo DNIe (NAN elektronikoa) edo Cl@ve.

Helbide elektronikoa

AZALTZEN DUT:

Eskatzen dut eskaera hau onartua izan dadila, baita erantsi zaizkion 3 gutun-azalak ere, honako honetan parte hartzeko: deialdia, eman dadin, lehiaketa bidez, autotaxi lizentzia bat, Tuterako udalerrirako.

AGIRI HAUEK AURKEZTEN DITUT:

1. 1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

2. 2. gutun-azala: Proposamen teknikoa.

3. 3. gutun-azala: Proposamen ekonomikoa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa.

1.–Datuen tratamenduaren arduraduna: Tuterako Udala.

2.–Tratamenduaren xedea: taxi lizentzia izapidetzea eta adjudikatzea.

3.–Tratamenduaren oinarri den legitimazioa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEOa) 6.1.a) artikulua: interesdunak espresuki onartzen du bere datuak biltzea; DBEOaren 6.1.c) artikulua: datuen tratamendua beharrezkoa da, eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean; hain zuzen ere, 9/2005 Foru Legeak eta 39/2015 Foru Legeak esleitutakoen izenean.

4.–Hartzaileak: datuak lagako dira legeak hala ezartzen duen kasuetan.

5.–Eskubideak. Honako hauetarako eskubideak, tratamenduaren arduradunaren aurrean: datuetan sartzea, kontra egitea, datuak zuzentzea, tratamendua mugatzea, ezabatzea, "ahaztua izateko eskubidea" eta banan-banako erabakien xede ez izatea. Hala azaltzen da informazio gehigarrian. Horretarako, jo behar da Herritarrentzako Laguntza Zerbitzura (Plaza Vieja 1, 31500, Tutera) edo helbide elektroniko honetara: sac010@tudela.es.

6.–Tratamendu-eragilea: Tuterako Udala da tratamendu-eragilea.

7.–Informazio gehigarria: Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan berean kontsulta dezakezu datuak babesteari buruzko informazio gehigarria.

II. ERANSKINA.–ABALAREN EREDUA

Entitate honek: ........................................................................................ (kreditu entitatearen edo elkar bermatzeko sozietatearen izena), IFZ: .................................................., helbidea (jakinarazpen edo errekerimenduetarako) karrika/plaza/etorbidea: ...................................................................................., posta kodea: ......................, herria: ........................................................................................................, eta bere izenean: ................................................................ (ahaldunen izen-deiturak), egintza honetan behartzeko ahalmen askirekin, dokumentu honen beheko zatian azaltzen den ahalmenen askiestea dela eta, hurrengo hau ABALATZEN du: (izen-deiturak), NANaren (edo pasaportearen edo beste baten) zenbakia: ......................................................, jarraikiz apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari (Kontratuei buruzko Foru Legea) eta behin betiko bermearen oinarriei (berme horren helburua da erantzutea deialdiaren ondoriozko betebeharrei –deialdia, eman dadin, lehiaketa bidez, autotaxi lizentzia bat, Tuterako udalerrirako–), Tuterako Udalean (IFK: P3123200B, 1.000 eurorako (mila euro).

Entitate abal emaileak bere erantzukizunpean deklaratzen du betetzen dituela Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorraren 56.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak. Abal hau solidarioki ematen da obligaziodun nagusiarekiko, espresuki uko eginez esklusio-onurari, eta konpromisoa hartuz Tuterako Udalak egiten duen lehen errekerimendurekin pagatzeko, eta espresuki uko eginez aurka egiteari, salbuespenagatik, edonolako salbuespena izanik ere.

Dokumentu honetatik eratorritako erantzukizunak ordaindu behar dira 5 laneguneko epean gehienez, onuradunaren bankuak errekerimendua jasotzen duen egunaren ondotik, eta banku-transferentzia bat egin beharko da onuradunaren alde.

Onuradunak abal hau exekutatzen ahalko du osoki edo partez, zenbait alditan, bermatutako gehieneko zenbatekoa egin arte. Bankuak ordaindutako edozein zenbatekok, berme honetan ezarritakoari loturik, murriztuko du bermatutako gehieneko zenbatekoa, proportzio berean. Abal hau indarrean egonen da harik eta Tuterako Udalak baimentzen duen arte abala kitatzea edo itzultzea, jarraikiz deialdiari (deialdia, eman dadin, lehiaketa bidez, autotaxi lizentzia bat, Tuterako udalerrirako).

Abal hau Abalen Erregistro Berezian inskribatu da, data honetan, zenbaki honekin:

...............................

(Tokia eta data)

(Entitatearen izena)

(Ahaldunen sinadura)

Ahalmenak askiestea Gordailuen Kutxa Orokorren aholkularitza juridikoak edo Estatuko Abokatutzak

Probintzia

Data

Zenbakia edo kodea

III. ERANSKINA.–PROPOSAMEN TEKNIKOAREN EREDUA

Izen-deiturak: ..............................................................................................................................., NANaren (edo pasaportearen edo beste baten) zenbakia: ..................................................................., eta helbidea: ..............................................................................................................................................

ADIERAZTEN DUT:

Deklarazioa sinatzen duenak eskaintza egiten du, eta konpromisoa hartzen du honako baldintza tekniko hauek betetzeko:

1.–ALDERDI EKOLOGIKOEI DAGOKIENEZ:

Mesedez, ezaugarri hauek eskaintzen badituzu, markatu X batekin egoki den laukia, bi aukeretako bat.

Taxi lizentzia atxikitzen zaion ibilgailuak ingurumen bereizgarri bat du, jarraikiz Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren erregistroko sailkapenari:

Zero isuri (4 puntu).

Eco (2 puntu).

2.–ALDERDI TEKNOLOGIKOEI DAGOKIENEZ:

Mesedez, ezaugarri hauek eskaintzen badituzu, markatu X batekin egoki den laukia, aukera bat edo biak.

Konpromisoa hartzen da behar den teknologia izateko, erabiltzaileek zerbitzua noiznahi erreserbatzeko telefonoz. (Puntu bat).

Konpromisoa hartzen da behar den teknologia izateko, erabiltzaileek zerbitzua noiznahi erreserbatzeko mugikorreko aplikazio baten bidez. (2 puntu).

3.–IBILGAILU EGOKITUARI DAGOKIONEZ:

Mesedez, ezaugarri hau eskaintzen baduzu, markatu X batekin egoki den laukia.

Ibilgailua egokitua dago gurpil-aulkien erabiltzaileak garraiatzeko, jarraikiz azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuari (errege dekretu horren bidez oinarrizko baldintzak arautu ziren, irisgarritasuna izan dadin eta ez dadin bereizkeriarik izan, desgaitasuna dutenek garraiobideak eskuratzeko eta horiek erabiltzeko), edo haren ordezko araua (5 puntu).

4.–ZERBITZU ESKAINTZARI BURUZ:

Mesedez, ezaugarri hauetako bat eskaintzen baduzu, markatu X batekin egoki den laukia. X bakar bat ilarako.

KONPROMISOAK

KONPROMISOAREN IRAUPENA

BATERE EZ

URTE BAT

3 URTE

5 URTE

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera (jaiegun ez direnean), 07:30etik 10:00etara.

Zerbitzua ematea astelehenetik ostiralera (jaiegun ez direnean), 13:00etatik 15:30era.

Eta jasota geldi dadin eta bidezko ondorioak izan ditzan, idazki hau egin eta sinatzen dut:

..........................(e)(a)n, 2026ko ...........................aren ..................(e)(a)n

IV. ERANSKINA.–PROPOSAMEN EKONOMIKOAREN EREDUA

Izen-deiturak: .............................................................................................................................., NANaren (edo pasaportearen edo beste baten) zenbakia: .............................................., deialdian xedatutakoarekin bat (Deialdia, lehiaketa bidez emateko autotaxien lizentzia bat, taxiaren hiriko zerbitzua emateko Tuterako udalerrian), konpromisoa hartzen dut kanon bakarra ordaintzera lizentziarengatik (zenbakiz eta letraz):

Zenbatekoa zenbakiz: .....................................................................................................................Zenbatekoa letraz: ......................................................................................................................................

Kontuan hartu beharreko oharrak:

1.–8.2.a) klausularekin bat, urteko kanon gisa eskain dezaketen gutxieneko balioa mila bostehun eta laurogeita hamasei eurokoa eta hirurogeita hamar zentimokoa da (1.596,70 euro).

2.–Jarraikiz aurkeztutako eskaintzaren baldintza-agiriaren 5.3 artikuluari, kanon horren barnean dago taxirako kontzesio, baimen eta erregistrorako tasa, aurreikusirik dagoena ordenantzan (ordenantza, tasak arautzen dituena, eman daitezen lizentziak eta administrazio-baimenak autotaxietarako eta alokatzen diren gainerako ibilgailuetarako).

3.–Halaber, baldintza-agiriaren 12.5 c) artikuluarekin bat, eskainitako kanona ordaindu beharko da lizentzia behin betiko adjudikatu baino lehen.

4.–8.2.d) klausularekin bat, baldin desadostasunik bada eskaintzako datuen artean, lehenetsiko da letraz adierazitako zenbatekoa, zenbakiz adierazitako balioaren gainetik.

Eta jasota geldi dadin eta bidezko ondorioak izan ditzan, idazki hau egin eta sinatzen dut:

...................................(e)(a)n, 2026ko ................................aren .........................(e)(a)n

Iragarkiaren kodea: L2604163