256. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

302/2025 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak, onesten dituena.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren azaroaren 25eko 284/2024 Ebazpenaren bidez, taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onetsi ziren, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak. Ebazpen hori 2024ko 257. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19koan.

2025eko irailaren 26an, Francisco Javier San Borda jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Auto-Patronos de Navarra (AITAN) elkartea ordezkatuz, honakoa eskatu du:

–Hiriarteko taxi zerbitzuen tarifak eguneratzea eta %7,74 igotzea, kontzeptu guztietan modu linealean. Erreferentzia gisa, Nafarroako abuztuko urte arteko KPIaren datua hartzen da (+%2,70), eta horri %1,02ko igoera gehitzen zaio, tarifak eguneratzean 2024an eta 2025ean galdutako erosahalmena berreskuratzearren. Gainera, eskatzen da lizentziaren amortizazioa kostutzat hartzea, %4,02 aplikatuta. Ez da inolako justifikaziorik aurkeztu.

–Okupatutako eserleku bakoitzeko 2 euroko gehigarria sartzea bosgarren eserlekutik aurrera, horren gastua handiagoa delako oro har (gurpilak, erregaia eta erosketa-prezioa). Ez da inolako justifikaziorik aurkeztu.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman ondoren.

Garraioaren Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, tarifak eguneratzeari dagokionez, jakinarazten du, 2023, 2024 eta 2025erako onetsitakoetan bezala, kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onetsitako hiriarteko taxiaren tarifak Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko B zonari aplikatzen zaizkiola, eta hiriko eta hiriarteko eremurako irizpide-batasunak saihesten duenez hiri-tarifen eguneratzeetan distortsioak izatea, egokitzat jotzen du onestea taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak hurrengo ekitaldirako, Iruñerriko Mankomunitateak hiri-tarifetarako onetsitako igoerarekin.

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2025eko urriaren 20an egindako bilkuran, onetsi du Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko hiri-tarifak eguneratzea 2026rako. Horretarako, tarifa-egiturari %2,58ko igoera aplikatuko zaio, zeina kalkulatu baita oinarritzat harturik kostuen egitura, eta indize ofizial egokiak erabiliz, bai eta jendeak eskura dituenen artean ahalik eta desagregazio handiena dutenak ere, hori guztia kostuen bilakaera ahalik eta modurik egokienean islatzeko, efizientzia ekonomikoaren eta enpresa-kudeaketa onaren printzipioaren arabera ebaluatuz.

Iruñerriko Mankomunitateak proposatuta, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 20ko 20/2025 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko taxi zerbitzuaren 2026. urterako tarifak aldatzea onetsi zen.

Adierazitako guztia kontuan harturik, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onestea, 2025ekoei %2,58ko igoera aplikatuta, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera indarra izateko.

Bidaiari bakoitzeko gehigarri bat ezartzeari dagokionez (2 eurokoa bosgarren eserlekutik aurrera okupatutako eserleku bakoitzeko), zerbitzuak adierazi du ez dela egokitzat jotzen halakorik ezartzea, kontuan hartuta eguneratzea aplikatzeko aipatu den irizpide batasunerako beharrezkoa dela analisi bateratua egitea hiriko nahiz hiriarteko esparruetarako.

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak adierazi du ez dagoela ados eguneratzeko erabilitako erreferentziarekin, uste baitu KPItik gorako igoerak aplikatzeak eragin negatiboa duela erabiltzaileengan (hori bera argudiatu da jada kostuen egituraren erabilera arrazoitzean).

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluarekin eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela:

Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):

–Egindako kilometro bakoitzeko, 0,75 euro.

–Itxaron ordu bakoitzeko: 20,74 euro.

–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 4,04 euro.

Itxaroten egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 5,17 euro denbora-tarte bakoitzeko.

5 euroko gehigarria aplikatzen ahalko da, taximetrotik kanpo, hiriarteko zerbitzuetan garraiatutako helduen bizikleta bakoitzeko.

Lanegunetako gaueko ordutegian (22:00etatik 07:00ak bitarte) eta larunbat eta jaiegunetan (00:00etatik 24:00ak bitarte), tarifaren zenbatekoa %25 igoko da, lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.

Ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2026ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duen Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 390/2025 Ebazpenean ezarritako jaiegunez gain (2025eko 129. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa), ondoko hauek ere hartuko dira jaieguntzat: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, 18:00etatik aitzina.

Tarifak hurrengo urteetarako luzatzen badira, jaieguntzat hartzen diren egunen egutegia lortuko da urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpenetik.

2. Ezartzea ezen tarifa horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkiela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren hiriarteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremukoak diren taxi lizentzien titularrek egiten dituzten hiriarteko zerbitzuei, horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko baitituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barnean zirkulatzen dutenean.

3. Ezartzea ebazpen honen eraginpeko ibilgailuek behar diren tarifa-taulak eraman beharko dituztela, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ikus-onetsiak.

Indarreko tarifa-taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileek aise ikusteko toki batean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Teletaxi San Fermín elkarteari, Tuterako Taxisten Elkarteari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxi elkarteari, Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteari eta Iruñerriko Mankomunitateari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko abenduaren 4an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2516187