Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
143E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, onesten duena "Emigrante nafarrak eta haien familiartekoak Nafarroara itzultzera bideratutako laguntzak, banakako ebaluazio araubidekoak" dirulaguntza emateko 2026ko deialdia. DDBN kodea: 878952.
Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluan xedatzen denez, "Estatuak bereziki zainduko ditu atzerrian ari diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak, eta haien itzuleraren alde zuzenduko du bere politika". Horrela, Magna Cartaren arabera, itzulera emigrantearen oinarrizko eskubideetako bat da.
Aldi berean, 13/1982 Lege Organikoaren (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa) atariko tituluko 2. artikuluak honako hau dio: "Atzerrian bizi eta beren azken auzotasun administratiboa Nafarroan izan duten espainiarrek Nafarroan bizi direnek dituzten eskubide politiko berberak izanen dituzte. Halaber, haien ondokoek ere eskubide horiek izanen dituzte, espainiar gisa izena emanda badaude eta horrela eskatzen badute Estatuko legeriak zehazten duen gisan".
Era berean, Atzerriko Espainiar Herritartasunaren Estatutuaren abenduaren 14ko 40/2006 Legearen azalpen-zatian honako hau aipatzen da: "Konstituzioaren 42. artikulua betez, emigrazioko eta itzulerako politika integrala ezarri behar da emigranteen, erbesteratuen eta horien guztien ondorengoen eskubide ekonomiko eta sozialak babesteko, eta itzultzen direnen gizarteratzea eta laneratzea errazteko". Lege horretan bertan, 26. artikuluan honako hau dio: "Estatuak, autonomia erkidegoekin eta toki korporazioekin lankidetzan, politika integrala sustatuko du atzerrian bizi diren jatorri espainiarreko pertsonen itzulera errazteko. Horretarako, baliabide publikoen aprobetxamendu eraginkor eta efizientea egite aldera, botere publikoek beren jardunak koordinatuko dituzte itzultzen diren espainiarren gizarteratzea eta laneratzea ahalik eta baldintza onenetan gauzatu dadin".
Kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legeak ere bere helburuen artean ezartzen du kanpoan dauden nafarrak Nafarroako Foru Komunitatera beren borondatez itzultzen laguntzeko neurriak hartzea.
Nafarroako Gobernuak, 2019ko martxoaren 27ko Erabakiaren bidez, Kanpoan Bizi diren Nafarrentzako NEXT estrategia onetsi zuen. Horren helburua da pertsona hauekin dagoen lotura estutzea, Foru Komunitatera itzul daitezen errazteko; haiekin lanerako sareak sortzea, talentuaren ihesa galaraztea eta Nafarroa munduan sustatzea.
Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 10ean hartutako Erabakiaren bitartez, ahalmena eman zaio Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari 2026an emigrante nafarrak eta haien familiartekoak itzultzera bideratutako laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko.
Aipatu estrategiaren 2. ardatzean (Atxikipena eta itzulera) ezartzen diren helburuak betetzeko, zeinean ezartzen baitira atzerrian bizi diren nafarren itzulerarako neurriak, laguntza deialdi bat onesten da. Laguntza deialdi honen helburua da Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak emigrante nafarrei eta haien familiartekoei, zailtasun ekonomikoak dituztelako Nafarroara itzuli nahi dutenei, laguntzak emateko araubidea finkatzea.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea "Emigrante nafarrak eta haien familiartekoak Nafarroara itzultzera bideratutako laguntzak, banakako ebaluazio araubidekoak" dirulaguntza emateko 2026ko deialdia.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko ondoko kredituak baimentzen dira, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada; betiere, aldaketak egiten ahal dira, jasotako eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B50001-B5100-4809-144100: Laguntzak nafarrei, itzul daitezen | 2026 | 25.000,00 |
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.
5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.
6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoari eta haren Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari.
7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko abenduaren 30ean.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
DEIALDIA, EMIGRANTE NAFARRAK ETA HAIEN FAMILIARTEKOAK NAFARROARA ITZULTZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZAK BANAKAKO EBALUAZIO ARAUBIDEAN EMATEKO
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da finkatzea Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak itzuli nahi duten emigrante nafarrei eta haien familiartekoei ematen dizkien laguntzak emateko araubidea, baldin eta oinarri hauetan zehaztutako atalaseen pareko edo hortik beherako errentak badituzte.
2.–Finantzaketa.
Osotara 25.000 euro bideratu dira deialdi honetarako, eta 2026ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B5100 B50001 4809 144100 Laguntzak nafarrei, itzul daitezen | 2026 | 25.000,00 |
3.–Onuradunak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira laguntzen onuradun (direla norbanakoak, direla familia-unitateko gainerako kideekin batera heldu direnak):
–Espainiako nazionalitatea izatea eta Nafarroan jaioa edo Espainiako azken auzotasun administratiboa Nafarroan izatea edo, Estatuko legeei jarraikiz, espainiar gisa inskribatutako nafar jatorrikoen seme edo alaba izatea.
–Atzerritik Nafarroako edozein udalerritara itzultzea edo itzultzeko asmoa izatea, zuzeneko bidaian, denbora-muga honen barruan:
- 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra.
–50.000 eurotik gorako ondasun higiezinik ez izatea, itzuli ondoren bizi den edo bizi nahi duen etxebizitzaz bestelakoak.
–Laguntza eskatzen duena onuraduna izan ez izana Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emigrante nafarrak eta haien familiartekoak Nafarroara itzultzea errazteko deitutako laguntzen aurreko urteetan.
–Itzuleraren egunetik kontatzen hasita, atzerrian legez gutxienez urtebetez bizi izana, jada Nafarroara itzulita daudenen kasuan, edo itzuli nahi duten pertsonen kasuan atzerrian bizitzen gutxienez urtebete eramatea laguntzaren eskaera egin zen egunetik kontatzen hasita.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.
Deialdi honen ondorioetarako, ez dira atzerrian bizi izandako denboratzat hartuko atzerrian egindako egonaldi laburrak, ikasle-mugikortasunagatik, kanpamentuengatik, oporrengatik, turismoagatik edo antzeko beste egonaldi ludiko batzuengatik egindakoak. Era berean, ez dira lanalditzat hartuko atzerrian egindako ikasketekin lotutako praktikak, edo boluntario gisa emandako zerbitzuak edo ordainsari ekonomikorik ez dakarren beste edozein.
4.–Laguntza eskuratzeko egoera ekonomikoa.
Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak eskuratzen ahalko dituzte urteko errenta (itzulerako urtearen aurrekoari dagokiona) edo, hala badagokio, familia-unitatearen errenta (betiere laneko errentak, pentsioak, kapital errendimenduak edo enpresa-jardueretakoak sartuta) honako muga ekonomiko hauen barruan dutenek:
a. Kide bateko familia-unitatea: OAEAPa halako 3,5, edo txikiagoa.
b. 2 kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 4,5, edo txikiagoa.
c. 3 kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 5,5, edo txikiagoa.
d. 4 kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 6, edo txikiagoa.
Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (OAEAPa) Espainian laguntzak eta dirulaguntzak emateko erabiltzen den adierazle bat da. Errenta kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da Estatuko aurrekontu orokorretan finkatutako azken urteko OAEAPa, 14 ordainsari aintzat hartuta.
Laguntza hauek kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira zuzeneko ardurapeko pertsonatzat:
–Eskatzailearekin, haren ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin bizi diren seme edo alabak eta beste ondorengo batzuk, 18 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanik, %33ko desgaitasun-maila edo handiagoa egiaztatua badute eta deialdiaren aurreko urtean deialdia argitaratu zen egunean indarrean zegoen urteko OAEAPa (14 ordainsari) halako bi baino diru-sarrera gordin handiagoak jaso ez badituzte.
–Eskatzailearekin, haren ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin bizi diren aurrekoak, 65 urtetik gorakoak badira edo, 65 urtetik beherakoak izanik, %33ko desgaitasun-maila edo handiagoa egiaztatua badute, eta deialdiaren aurreko urtean deialdia argitaratu zen egunean indarrean zegoen urteko OAEAPa (14 ordainsari) halako bi baino diru-sarrera gordin handiagoak jaso ez badituzte.
5.–Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira eskatzailearen bidaia-kostuari dagozkionak, eta, hala badagokio, Nafarroara itzuliko diren edo itzuli diren familia-unitateko kideen bidaia-kostuari dagozkionak, eta Nafarroara altzariak eta tresnak eta lagun egiteko animaliak ekartzeari dagozkionak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta bidaiarien garraio-konpainien arauetan ezarritakoaren arabera.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatzaile bakoitzeko, 2.000 euro izanen da. Hortik aurrera, eskatzailearen kargura bizi den eta familia-unitateko kidea den pertsona bakoitzeko (adinez nagusiak barne), 500 euro gehituko dira, 3.500 euroko mugarekin.
Laguntza %20 handituko da onuraduna 1. edo 2. despopulazio-arriskuan deklaratutako Nafarroako udalerri batera itzuli bada edo itzultzekotan bada, bat etorriz Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako erreferentziazko arau berrienarekin (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/49/25).
Ezarritako diru-sarreren muga gainditu arren laguntza jasoko dute emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren eskatzaileek, baldin eta behar bezala frogatzen badute.
6.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.
Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2026ko urriaren 31ra arte (egun hori barne).
Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako edozein lekutan, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eskaera-ereduarekin bat (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroatik-atzerrira-joandakoak-eta-haien-ahaideak-nafarroara-itzultzeko-laguntzak).
Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak 20 Mb-koak izanen dira gehienez ere, eta formatu hauetako batekoak: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.
Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea izapidetzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.
6.1. Laguntza eskatzen den egunean itzulera dagoeneko gauzatu bada aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Laguntzaren eskaera-orriarekin batera (deialdi honen eranskinean atxikitako ereduaren araberakoa izan beharko du), dokumentazio hau aurkeztu beharko da beti:
a) Eskatzailea nafar jatorrikoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztu beharko da:
–Eskatzailearen NANa edo pasaportea edo jaiotza-ziurtagiria, eta hala badagokio, eskatzailearekin batera Nafarroara itzultzen diren familia-unitateko kideena (*).
–Espainiako azken auzotasun administratiboa Nafarroan izan zuela egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, zeinean adieraziko baita Nafarroan bizi izan dela gutxienez 10 urtez jarraian.
–Familia-liburua edo antzeko dokumentazioa, frogatzen duena eskatzailea nafar jatorria duen herritar baten ondorengoa dela.
b) Atzerrian bizitzen daraman denbora frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:
–Eskatzailea zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.
–Lan bizitzaren edo ikasketen ziurtagiria, edo beste edozein agiri, ofiziala edo ez, baina aski frogatzen duena eskatzailea atzerrian zenbat denboran bizi izan den.
c) Erroldatze-ziurtagiria, eskatzaileak eta, hala badagokie, onuradunek bizileku duten Nafarroako udalerriko erroldan alta hartu izana egiaztatzen duena.
d) Nafarroara etortzeko gastuen zerrenda. Eskaera-orrian adierazi behar da.
e) Errentetatik datozen diru-sarrera guztien frogagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo enpresa jardueretakoak), 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak, bai eskatzailearenak, bai bere kargura dituen familia-unitateko kideenak. Nafarroara 2025eko azaroaren 1etik abenduaren 31ra bitartean itzuli izanez gero, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko dira.
Familia-unitateko 18 urtetik gorako kideen kasuan, diru-sarrerarik aitortzen ez badute, egoera hori frogatzeko agiri ofiziala aurkeztu beharko da.
f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez duela 50.000 eurotik gorako ondasun higiezinik, itzuli ondoren bizi den edo bizi nahi duen etxebizitzaz bestelakorik (eskaera-orrian adierazitakoa).
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez bera, ezta harekin itzultzen diren familia-unitateko kideak ere, ez daudela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ageri diren dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan (eskaera-orrian bete behar da).
h) Eskatzailea bere ardurapeko pertsonekin itzuli bada, hori adierazi beharko du eskaera-orrian, eta honako hauek aurkeztu:
–Eskatzailearen familia-liburua edo, halakorik ezean, zuzenbidez onartutako frogagiria, familia-unitatearen osaera egiaztatzen duena. Eskatzaileak familia-liburuan edo antzeko dokumentu batean agertzen ez diren pertsonak bere kargura dituela aitortzen badu, ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, edo zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide, pertsona horiek eskatzailearekin bizi direla egiaztatzeko.
–Familia-unitateko 18 urtetik gorako ondorengoei edo 65 urtetik gorako aurrekoei dagokienez, %33ko desgaitasun-maila edo handiagoa frogatzeko ziurtagiri ofiziala edo zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide aurkeztu beharko du.
i) Eskatzaileak emakumeen aurkako indarkeriaren biktima dela deklaratzen badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
(*) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, baldin eta Administrazioak eskura ez badu edo aldatu egin bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).
6.2. Laguntza eskatzen den egunean eskatzailea oraindik itzuli ez bada aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Laguntzaren eskaera-orriarekin batera (deialdi honen eranskinean atxikitako ereduaren araberakoa izan beharko du), dokumentazio hau aurkeztu beharko da beti:
a) Eskatzailea nafar jatorrikoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztu beharko da:
–Eskatzailearen NANa edo pasaportea edo jaiotza-ziurtagiria, eta, hala badagokio, eskatzailearekin batera Nafarroara itzultzen diren familia-unitateko kideena.
–Espainiako azken auzotasun administratiboa Nafarroan izan zuela egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, zeinean adieraziko baita Nafarroan bizi izan dela gutxienez 10 urtez jarraian.
–Familia-liburua edo antzeko dokumentazioa, frogatzen duena eskatzailea nafar jatorria duen herritar baten ondorengoa dela.
b) Atzerrian bizitzen daraman denbora frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:
–Eskatzailea zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.
–Lan bizitzaren edo ikasketen ziurtagiria, edo beste edozein agiri, ofiziala edo ez, baina aski frogatzen duena eskatzailea atzerrian zenbat denboran bizi izan den.
c) Nafarroara itzultzeko bidaia gutxi gorabehera noiz eginen den. Eskaera-orrian adierazi behar da.
d) Nafarroara etortzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua. Eskaera-orrian adierazi behar da.
e) Errentetatik datozen diru-sarrera guztien frogagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo enpresa jardueretakoak), 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak, bai eskatzailearenak, bai bere kargura dituen familia-unitateko kideenak. Nafarroara 2025eko azaroaren 1etik abenduaren 31ra bitartean itzuli izanez gero, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko dira.
Familia-unitateko 18 urtetik gorako kideen kasuan, diru-sarrerarik aitortzen ez badute, egoera hori frogatzeko agiri ofiziala aurkeztu beharko da.
f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez duela 50.000 eurotik gorako ondasun higiezinik, itzuli ondoren bizi den edo bizi nahi duen etxebizitzaz bestelakorik (eskaera-orrian adierazitakoa).
g) Eskatzailearen eta, hala badagokio, familia-unitatearen konpromisoa Nafarroako udalerri batean erroldatzeko, beranduenez, 2026ko urriaren 31rako. Eskaera-orrian adierazi behar da.
h) Eskatzailearen eta, hala badagokie, familia-unitateko bere kargurako kideen erantzukizunpeko adierazpena, zeinean adieraziko baita zer herrialdetatik itzuli nahi den eta Nafarroako zer udalerritan erroldatuko den. Eskaera-orrian adierazi behar da.
i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez bera, ezta harekin itzultzen diren familia-unitateko kideak ere, ez daudela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ageri diren dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan (eskaera-orrian adierazi behar da).
j) Eskatzailea bere kargura dituen pertsonekin itzultzen denean:
–Zuzeneko ardurapean dituen pertsonen erantzukizunpeko adierazpena. Eskaera-orrian adierazi behar da.
–Eskatzailearen familia-liburua edo, halakorik ezean, zuzenbidez onartutako frogagiria, familia-unitatearen osaera egiaztatzen duena. Eskatzaileak familia-liburuan edo antzeko dokumentu batean agertzen ez diren pertsonak bere kargura dituela aitortzen badu, ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, edo zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide, pertsona horiek eskatzailearekin bizi direla egiaztatzeko.
–Familia-unitateko 18 urtetik gorako ondorengoei edo 65 urtetik gorako aurrekoei dagokienez, %33ko desgaitasun-maila edo handiagoa frogatzeko ziurtagiri ofiziala edo zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide aurkeztu beharko du.
k) Eskatzaileak emakumeen aurkako indarkeriaren biktima dela deklaratzen badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
(*) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, baldin eta Administrazioak eskura ez badu edo aldatu egin bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).
Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
7.–Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.
Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.
Deialdi honetan laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bitartez izapidetuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.
8.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
Eskaerak aurkeztu ziren ordenari erreparatuko zaio laguntzak ematearen gainean ebazteko, espedientea osatuta dagoenetik, dirulaguntzaren onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badira (deialdi honetako 6. klausulako dokumentazioa barne dela). Eskaera ebaluatu ondotik, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du. Proposamena ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntza bakoitza emateko ebazpena emanen du.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunak ez badu instrukzio organoaren jakinarazpenik jaso, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko du. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
Laguntza hau emateko, nolanahi ere, beharrezkoa izanen da xede horretarako gaitutako aurrekontu baliabideak izatea.
9.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Baina haien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntzekin baturik, dirulaguntzaren xede den kostua baino handiagoa.
10.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
10.1. Laguntza eskatzen den egunean itzulera dagoeneko gauzatu bada aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Dirulaguntza kobratu ahal izateko, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko diote instrukzio organoari, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi zaienetik kontatzen hasi eta 15 egun naturaleko epean:
–Bidaiak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturek banakoak izan beharko dute; bakoitza norentzat den, haren izena adierazita duela.
–Tresnak eta altzariak garraiatzeak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabiltzen ahal diren beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, konpromisoa hartuta Nafarroan edukiko duela ohiko bizilekua gutxienez urtebetez, itzultzen den egunetik kontatzen hasita.
–Errolda-ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzailea bizi den udalerriko erroldan alta emanda dagoela eta familia-unitateko kideak elkarrekin bizi direla (eskaera-orriarekin batera aurkeztu ez badu bakarrik).
–Eskatzailea Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzaren web-orrira sartu beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta?back=true&pageBackId=5722676). Hor kontsultatzen eta kudeatzen ahal dira banku-kontuak eta ordainketak. Hartara, helbideratzen ahalko du, jada helbideratuta ez badu, bere kontua, emandako laguntza transferentzia bidez ordaintzeko.
Gainera, banku-kontuaren ziurtagiria Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) bidaltzen ahalko du, destinoko unitatean 10003240 kodea adierazita.
10.2. Laguntza eskatzen den egunean eskatzailea oraindik itzuli ez bada aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Dirulaguntza kobratu ahal izateko, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute instrukzio organoan, itzulera egunetik kontatzen hasi eta 15 egun naturaleko epean:
–Bidaiak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturek banakoak izan beharko dute; bakoitza norentzat den, haren izena adierazita duela.
–Tresnak eta altzariak garraiatzeak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabiltzen ahal diren beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, konpromisoa hartuta Nafarroan edukiko duela ohiko bizilekua gutxienez urtebetez, itzultzen den egunetik kontatzen hasita.
–Erroldatze-ziurtagiria, eskatzaileak bizileku duen Nafarroako udalerriko erroldan alta hartu izana ez ezik, familia-unitateko kideak elkarrekin bizi direla ere egiaztatzen duena.
–Eskatzailea Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzaren web-orrira sartu beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta?back=true&pageBackId=5722676). Hor kontsultatzen eta kudeatzen ahal dira banku-kontuak eta ordainketak. Hartara, helbideratzen ahalko du, jada helbideratuta ez badu, bere kontua, emandako laguntza transferentzia bidez ordaintzeko.
Gainera, banku-kontuaren ziurtagiria Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) bidaltzen ahalko du, destinoko unitatean 10003240 kodea adierazita.
11.–Baldintzak aldatzea.
Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzetan aldaketarik bada, onuradunek guztien berri eman beharko diote Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari.
Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
12.–Onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten pertsonek:
a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.
b) Nafarroan ohiko bizilekua izateari eustea, gutxienez urtebetez, Nafarroara benetan itzultzen den egunetik kontatzen hasita.
c) Dirulaguntza ematen duenak egiten ahal dituen egiaztapenei men egitea.
d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.
e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
13.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
14.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
15.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA-ESKAERA
Iragarkiaren kodea: F2517317
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
