Iragarkia
195. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
135E/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 25ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2026-2027 ikasturtean lehentasunezko kolektiboei zuzendutako jarduera fisikoko eta kiroleko programak sustatzeko, eta baimentzen baita 150.000 euroko kreditua, deialdiari aurre egiteko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 926359.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, institutuko bertako Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, laguntza horien bidez jarduera fisikoak eta kirol jarduerak sustatzeko eginkizuna du, Nafarroako gizarte osoaren eta, bereziki, premia handiena duten kolektiboen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarriz toki entitateen eta beste entitate batzuen eskura.
Alde horretatik, deialdi honen helburua da toki entitateek lehentasunezko kolektiboentzako jarduera fisikoko eta kiroleko programak antola ditzaten sustatzea 2026-2027 ikasturtean:
a) 60 urtetik gorako pertsonak.
b) Haurrak eta nerabeak (18 urtetik beherakoak).
c) Aurrez osasuna hobetzeko jarduera eta ariketa fisikoko programetan parte hartu duten eta programa burutu duten pertsonak.
Horien bidez, 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluko a), d), e), f), q) eta t) helburuak betetzen laguntzen da.
Deialdiak urte anitzeko gastu-espedientea dakar; izan ere, 2026-2027 ikasturtearekin batera garatzen bada ere, gastuak 2027ko ekitaldiari eragiten dio. Esan beharra dago 2026an ez dagoela krediturik programen gastuak ordaintzeko irailetik abendura bitartean, eta deialdi honek ez luke zentzurik izanen ezin balira gastu horiek estali 2027ko aurrekontuarekin.
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia onestea, 2026-2027 ikasturtean lehentasunezko kolektiboei zuzendutako jarduera fisikoko eta kiroleko programak sustatzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen 1. eranskinean jasotzen baitira, bai eta gainerako eranskinak ere.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2027 | 150.000,00 |
4. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskinak Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 25ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, horien bidez 2026-2027 ikasturtean lehentasunezko kolektiboentzako jarduera fisikoko eta kiroleko programak sustatzeko.
Deialdi honen bidez bete nahi da Nafarroako Gobernuaren 2023-2027 urteetako Akordio Programatikoan, kirolaren arloan, jasota dagoen helburuetako bat: osasuna zaintzera eta ohitura osasungarriak lortzera bideratutako politikak garatzea eta koordinatzea, ariketaren bidez, ariketa fisikoa baita bizi-garapenaren motorra.
Halaber, honako plan hauen I. eta II. ardatzei erantzuten zaie:
–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Plan Estrategikoa 2025-2028.
–2022-2025 aldiko Osasun Publikoaren Plana, zeinak oinarritzen baitira osasunaren aldeko jokabideak sustatzean eta gaixotasunei aurrea hartzean, horretarako osasun komunitarioko jarduketak garatuz.
1.2. Diruz lagunduko dira toki erakundeek antolatutako jarduera fisikoko eta kiroleko programak, honako hauei zuzenduak:
a) 60 urtetik gorako pertsonak.
b) Haurrak eta nerabeak (18 urtetik beherakoak).
c) Aurrez osasuna hobetzeko jarduera eta ariketa fisikoko programetan parte hartu duten eta programa burutu duten pertsonak.
2. Helburua.
2.1. 1.2. oinarrian adierazitako kolektiboei zuzendutako kiroleko eta jarduera fisikoko programen antolaketak, kontrolak eta garapenak eragindako defizita partzialki ordaintzeko erabiliko da dirulaguntza. Programa horiek 2026ko irailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era garatuko dira.
3. Aurrekontu-kreditua.
3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 150.000 euro emanen dira guztira, "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 aurrekontu-partidaren kargura edo Nafarroako 2027ko Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partida ekonomikoaren kargura.
3.2. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Entitate onuradunen betebeharrak.
4.1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinaren arabera lehentasunezko kolektiboentzako jarduera fisikoko eta kiroleko jardueren programak garatzen dituzten Nafarroako toki erakundeek, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
4.2. Deialdi honen barruan sartzen dira kirol jarduerak merkataritza-sozietate baten bidez antolatzen dituzten toki entitateak, sozietate horren kapital osoa udalarena bada edo toki entitatearen beraren erakunde autonomoa bada. Bi kasuetan udalak ziurtagiri bat aurkeztuko du, non azalduko baita merkataritza-sozietate horren kapital osoa udalarena dela.
4.3. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak bultzatutako Gorputz- eta kirol-jardueren programak sustatzeko Nafarroako Mankomunitateentzako dirulaguntzen deialdira aurkezten diren mankomunitateak ezin dira deialdi honetara aurkeztu.
4.4. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
–Diruz lagundutako programa garatu bitartean harekin loturiko edozein lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ez dute dirulaguntzarik jasotzen ahalko. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira, soilik, programaren izaerari zalantzarik gabe eta zuzenean erantzuten dioten eta proiektua garatzen den aldiari dagozkion gastu arrunt hauek:
a) Kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituzten langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak (eginkizun horiek Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 6. artikuluan ezarrita daude). Beren lanaldiaren barrenean programan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
b) Jarduerak zuzentzen dituzten monitoreen soldatak eta gastuak (Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean jasotako eginkizunak). Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ez da egozten ahalko zuzeneko kostu gisa.
c) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Programa garatzeko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren laguntza teknikoko kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.
d) Kirol jarduerak eta jarduera fisikoak zuzentzen dituzten langileei lehen sorospenetako prestakuntza emateko gastuak.
e) Parte-hartzaileen aseguru-polizak eta istripu-asegurua.
f) Programa garatzeko kirol material suntsikorra.
g) Programa sare sozialetan, mugikorretako aplikazioetan, webean eta abarretan zabaldu eta haren berri ematea.
h) Joan-etorrien gastuak.
–Parte-hartzaileak jarduerara eramateko zerbitzua.
–Saioak ematen dituzten langileen joan-etorrietarako gastuak, soilik jarduera fisikoko eta kiroleko jardueretara joateko eta betiere joan-etorriko ibilbidea 20 km-tik gorakoa bada.
Auto partikularretan egindako gasturako, gehienez 0,25 euro/km ordainduko da, eta horretarako egindako joan-etorrien erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da justifikazioan, honako hauek adierazita: izen-abizenak, joan-etorriari lotutako jarduera, eguna, abiapuntua eta helmuga, eta egindako kilometroak.
i) Programaren eta jardueren berariazko bestelako gastuak.
6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Dirulaguntzen eskaerak eta frogagiriak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxaren bidez: (https://www.navarra.es/es/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-para-la-promocion-de-actividades-fisico-deportivas-dirigidas-a-colectivos-prioritarios). Fitxa horretan, aurkeztu beharreko dokumentazioa agertuko da eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.
6.3. Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.
6.4. Eskabideak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzentzen ahalko.
6.5. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7. Toki entitateek aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.
Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:
1. Eskabide-orria (IV. eranskina), 4.4 oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena.
2. Taldeen zerrenda. Programa/memoria (V. eranskina).
3. Aurrekontua (VI. eranskina).
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
8. Programen ezaugarriak.
Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izanen da II. eranskinean ezarritako baldintzak betetzea: Lehentasunezko kolektiboentzako kiroleko eta jarduera fisikoko jarduerak sustatzeko programen ezaugarriak.
9. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta balorazio prozedura.
9.1. Programa bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura hau erabiliko da:
a) Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskabideak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko.
b) Eskabide bakoitzari puntuazio bat emanen zaio, III. eranskinean ezarritako balorazio-irizpideak (baremoa) kontuan hartuta. Balorazio horri esker, entitate eskatzaileen arteko hurrenkera ezartzen ahalko da.
c) Entitate bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, entitate bakoitzak lortutako puntu kopurua bider puntuaren balioa eginen da. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskabide guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.
d) Puntu baten balioa kalkulatu eta diruz lagundutako entitate bakoitzari dagozkion zenbatekoak esleitu ondoren, kreditu erabilgarria agortzen ez bada, gainerako saldoa entitate onuradun guztien artean banatuko da, lortutako puntuen arabera, kreditu hori agortu arte.
e) Justifikazioa egiteko garaian entitate batek eskabidean aurkeztutako datuez bestelakoak aurkeztuko balitu, entitate kudeatzaileak berriro aplikatuko ditu ebaluazio irizpideak benetan justifikatutako datuen gainean. Azken justifikazioko puntuazioa txikiagoa bada hasierako eskabidean lortutakoa baino, ordaindu beharreko kopurua ere proportzionalki murriztuko da.
9.2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak programak finantzatuko ditu aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ez da izaten ahalko:
–Gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino handiagoa (5. oinarria).
–Dirulaguntzaren xedeko programaren guztirako kostua baino handiagoa, ez dirulaguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo dirulaguntzei gehituta. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.
–Aurkeztutako defizita baino handiagoa.
9.3. Lehentasunezko kolektiboentzako kiroleko eta jarduera fisikoko jarduerak sustatzeko programak garatzen ez badira, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ez du diruz lagunduko 5. oinarrian aipatzen diren gastuetako bat ere.
Programa hasi ondoan eteten bada, diruz lagundutako kopurua gauzatutako iraupenaren araberakoa izanen da.
10. Antolamendua eta instrukzioa.
10.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna.
10.2. Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.
11. Ebazpenak.
11.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki entitate onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.
11.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskabideren baten ezespenaren gainean ebatziko da.
11.3. Informazioa zabaltzeko asmoz baino ez, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko dira (Tramiteen Katalogoaren fitxa).
11.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
11.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ez da inola ere izaten ahalko eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
11.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.
12. Justifikazio agiriak.
Frogagiriak 2027ko uztailaren 2ra arte (egun hori barne) aurkezten ahalko dira, deialdiaren estekaren bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:
Aurkeztu beharreko agiriak:
1. Taldeen zerrenda. Programa/memoria (V. eranskina).
2. Emaitzen kontua (VII. eranskina), dagozkion gastuen eta sarreren zerrenda zehazten duena.
Gastuei dagokienez:
–Eskatzen den atal bakoitzean, dirulaguntzaren xede izanik ordaindu diren gastu guztien fakturen eta egiaztagirien zerrenda xehatua aurkeztuko da, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.
–Fakturetan, datak programa hasten denetik 2027ko ekainaren 30era arteko aldiaren barne egon beharko du (egun hori barne), salbu eta 5. oinarrian adierazitako zabalpen-gastuak. Izan ere horiek kontuan hartzen ahalko dira egiten diren egunetik beretik.
–Faktura guztietan, ordainketa-datak programa hasten denetik 2027ko uztailaren 2ra arteko aldiaren barne egon beharko du (egun hori barne), salbu eta 5. oinarrian adierazitako zabalpen-gastuak. Izan ere horiek kontuan hartzen ahalko dira egiten diren egunetik beretik.
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariaren edo alkatearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastuak/fakturak daudela eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duena.
Diru-sarrerei dagokienez:
–Adierazi beharko dira programarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, programaren hasieratik hondarrera arteko aldiari dagozkion proportzioan (2026ko irailaren 1etik 2027ko uztailaren 2ra).
3. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VIII. eranskina).
4. Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (IX. eranskina).
5. Joan-etorrien erantzukizunpeko adierazpena (X. eranskina).
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
13. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.
13.1. Dirulaguntza banku transferentzien bidez ordainduko zaie entitate onuradunei; horretarako, aldez aurretik, 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.
13.2. Dagokion ordainketa-ebazpena onetsi ondoren, emandako dirulaguntza gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko da.
14. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.
15. Betebeharrak.
15.1. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek dirulaguntzen xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.
15.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
Era berean, toki entitate onuradunak, egiten dituen kontratazioetan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa bete beharko du.
Alderdi horiek IX. eranskinaren bidez justifikatuko dira. Eranskin hori justifikaziorako dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, 12. oinarrian jasota dagoen bezala.
15.4. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan betetzera osasun eta kirol agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak garatu bitartean indarrean daudenak ere.
15.5. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
15.6. Dirulaguntzak emateko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.
15.7. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
15.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
15.9. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua (deskargatu 2030 Agendaren logotipoa esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), bai eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eta Nafarroa Kirolaren 2027ko Europako Eskualdearen logotipoa ere (deskargatu logotipo elebidunak esteka honetan: https://www.deportenavarra.es/eu/logotipoak).
15.10. Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko norbait gonbidatu beharko dute diruz lagundutako programan sartutako aurkezpen eta jardueretara.
15.11. Onuradunek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari bidaliko dizkiote programarekin lotutako esku-hartze publiko oro (prentsa-oharrak, aurkezpenak, etab.).
16. Azpikontratazioa.
16.1. Toki entitate onuradunek azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 bitarte.
16.2. Ez dira inola ere azpikontratatzen ahalko diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.
16.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean baino ez dute erantzun beharko. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.
Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
16.4. Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat egitea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
17. Ez-betetzeak.
17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskabideak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
18. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
18.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoaren barnean: (https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/Dirulaguntza%20toki-erakundeentzat,%20lehentasunezko%20kolektiboei%20zuzendutako%20gorputz-%20eta%20kirol-jarduerak%20sustatzeko).
18.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez.
19. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen IV. eranskinean informazioa eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
20. Errekurtsoak.
20.1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
20.2. Era berean, deialdi hau onesten duen foru agindua aplikatzearen ondorioz Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
21. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
II. ERANSKINA.–LEHENTASUNEZKO KOLEKTIBOENTZAKO KIROLEKO ETA JARDUERA FISIKOKO JARDUERAK SUSTATZEKO PROGRAMEN EZAUGARRIAK
A taldea: haurrak eta nerabeak.
B taldea: 60 urtetik gorakoak.
C taldea: preskripzio proiektuetako parte-hartzaileak.
TALDE GUZTIEI DAGOZKIEN ALDERDIAK: A, B eta C
1. Helburuak.
–Kolektibo eta adin-tarte jakin batzuetarako ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.
–Jarduera eta ariketa fisikoarekin lotutako bizi-ohitura osasungarriak integratzea, kirol jarduera fisikoarekiko atxikimendua sortzeko eta bizimodu aktiboa sortzeko.
–Kirola egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboentzat programan parte hartzea eskuragarriagoa eta errazagoa izan dadin lortzea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).
–Bizi-ziklo prebentiboaren garrantzia azpimarratzea, osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko ikuspegi integrala aplikatzearen, prebentzioko ekintzak adin-talde bakoitzaren premia espezifikoetara egokitzearen eta osasuna etengabe aldatzen eta eraikitzen dela aitortzearen bidez.
–Haurren arloan esku hartzea, jokabide osasungarriak finkatzeko, helduaroan patologia kronikoak saihesteko eta, azken batean, zahartze aktiboa eta bizi-kalitate hobea bermatzeko.
2. Iraupena.
2.1. Programak 2026ko irailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitarte gauzatu beharko dira.
2.2. Programa bakoitzaren iraupena 7 hilabete izanen da, gutxienez.
2.3. Talde bakoitzak astean gutxienez saio bat izanen du, gutxienez 50 minutukoa.
3. Taldeak, jarduerak eta topaketak.
3.1. Talde bakoitzean, 6 pertsona izanen dira gutxienez.
3.2. Garatutako programei dagokienez, jarduera bereziak (entitatean bertan) eta topaketak (toki entitateen artean) antolatzen ahalko dira, talde eta kolektibo desberdinetako parte-hartzaileen bizikidetza eta gozamena sustatzeko kirolaren bidez, lehiaketa azpimarratu gabe.
Jarduera berezi eta topaketa horiek bi motatakoak izan daitezke:
1.–Belaunaldi barnekoak: kolektibo edo adin-tarte bereko pertsonendako (adibidez: haur eta nerabeen kolektiboa).
2.–Belaunaldi artekoak: hainbat kolektibo edo adinetako pertsonak konektatzeko (adibidez: nerabeak eta 60 urtetik gorakoak).
4. Langileak eta titulazioak.
Bi taldeetako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.
Egin beharreko lanaren araberako kualifikazioa izan beharko dute. Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol-lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.
Baldintza horiek egiaztatzeko, Nafarroako Kirolaren Erregistroa kontsultatuko da eskaera egiten den unean. Monitoreren batek ez badu betetzen apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean ezarritakoa (Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko legea), bere ardurapeko jarduerak edo taldeak eskaeratik kanpo geldituko dira, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko baremoko balorazio-irizpideak aplikatzeko orduan (lll. eranskina).
Programa garatu bitartean edozein zereginetan lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
5. Segurtasuna eta osasun laguntza.
5.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.
5.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere, beharrezkoa izanez gero.
6. Betebeharrak eta baimenak.
Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak betetzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.
Toki erakunde batek ezin badu bete eranskin honetan azaldutako programen ezaugarriren edo betekizunen bat, txosten bat erantsi beharko dio eskabideari, arrazoiak azaltzeko.
Unitate kudeatzaileak aztertuko ditu txostenak, eta erabakiko du eskabidea onartzen duen ala ez.
A taldea: haur eta nerabeentzako kirola eta jarduera fisikoa (3-18 urte).
Talde honen barnean azpitaldeak ditugu, adin-tarteen eta landu beharreko edukien arabera bereizita:
A.1. Psikomotrizitatea (umeak): 3-6 urte.
A.2. Kirol anitza/jarduera anitza (haurrak): 7-12 urte.
A.3. Kirol anitza eta zuzendutako jarduerak (nerabeak): 12-18 urte.
Programen ezaugarriak:
a) Programak inklusiboak, irisgarriak eta dibertsifikatuak dira, eta osasuna kontuan hartzen dute. Hezkuntza- eta aisialdi-ikuspegia dute eta garapen motor orokorra dute helburu, espezializazio goiztiarra saihesteko.
b) Kirol anitzak kirol-hastapen ulerkorreko metodologiari jarraituko dio, jolas aldatuetan oinarrituta.
c) Parte-hartzaileen elkarreragin positiboa lehenetsiko da, bai eta talde-balioak, joko garbia eta garapen pertsonala transmititzea ere, muturreko lehiaketa saihestuz.
d) Aurreko programetako bakar batean ere ez da onartuko kirol modalitateen programa espezifikorik, hala nola kirol-eskolak edo antzeko ereduak. Kirol anitzeko jarduera eginez gero (kirolak edo kirol aurrekoak, adinaren arabera), gutxienez hiru kirol egin beharko dira urtean.
e) Etapa bakoitzean garatu beharreko edukiak hurrengo orrialdeetan zehaztu dira. Adierazitako adinak orientagarriak dira.
f) Talde berean adin askotako haur eta nerabeek parte hartzen duten entitate edo herrietan (talde heterogeneoak edo adin anitzekoak), edukiak eta jarduerak egokitzea funtsezkoa da inklusioa, segurtasuna eta ikaskuntza esanguratsua bermatzeko. Beraz, beharrezkoa da parte-hartzaile bakoitzaren garapen psikomotorreko etaparekin bat etortzea.
A.1. Umeak: psikomotrizitatea.
ADIN-TARTEAK | 3 eta 6 urte arteko umeentzako programak |
HELBURUAK | EDUKIAK (Nafarroako Haur Hezkuntzako curriculumari dagokionez: |
Garapen motorra, kognitiboa eta sozio-afektiboa integratzea jolastearen eta mugitzearen bidez, eta harmonian oinarritutako hazkundea egituratzea. | Gorputza ezagutzea eta kontrolatzea. Gorputz-eskema egituratzea, gorputz-irudi positiboa sustatzea, eta gorputzeko atalak eta mugitzeko aukerak identifikatzea. |
Ingurunea deskubritzea eta esploratzea. | Mugimenduaren garapena: Oreka (estatikoa/dinamikoa), koordinazio dinamiko orokorra (begiena-eskuena/hankena) eta motrizitate xehea hobetzea. |
Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta. | Lateralitatea. Esku, hanka edo begi nagusia finkatzea. |
Higiene ohiturak eskuratzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko. | Orientazio espaziala eta tenporala: Espazioan kokatzea (goian/behean, barnean/kanpoan) eta oinarrizko denbora-sekuentziak ulertzea (aurretik/ondoren, erritmoa). |
Jolas zuzenduan nahiz bat-batekoan parte hartzea bere aukera pertsonalen arabera. | Autonomia eta autoestimua: Autokonfiantza eta zeregin motorrei eta eguneroko bizitzari aurre egiteko gaitasuna sustatzea |
Sozializazioa eta adierazpena: Emozioak gorputzaren bidez adieraztea, arauak errespetatzea eta berdinekiko harremana. | |
Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, eta errealitatea dramatizazioak eta jolas sinbolikoak erabiliz irudikatzea. | Ingurunea deskubritzea eta esploratzea: ingurune naturala, soziala eta kulturala. |
Jolas sinbolikoa: dramatizazioak, ipuin motorrak eta antzezpen-jolasak. |
A.2. Haurrak: kirol anitzak/jarduera anitzak.
ADIN-TARTEAK | 6 eta 12 urte arteko haurrentzako programak | |
HELBURUAK | EDUKIAK (Nafarroako Lehen Hezkuntzako GHko curriculumari dagokionez: 67/2022 FD, ekainaren 22koa) | |
Espezializazio goiztiarra geldiaraztea | 6 eta 10 urte bitartean | 10 eta 12 urte bitartean |
Haurren oinarrizko gaitasun fisikoak garatzea pertzepzio- eta mugimendu-trebetasunak eta mugimendu-trebetasun oinarrizkoak eta/edo espezifikoak landuz, haien garapen integrala lortzeko. | Oinarrizko trebetasun motorrak eta eta pertzepzio- eta mugimendu-trebetasunak garatzeko jarduerak (zirkuituak, jolasak...) | Mugimendu-trebetasun espezifikoak eta pertzepzio- eta mugimendu-trebetasunak garatzeko jarduerak. |
Norberaren mugimendu aukerekin esperimentatzea, hainbat kirol eta jarduera fisikoren trebetasun komunen bidez, hala nola: mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, kolpatzea, salto egitea, etab. | Kirol-jarduera edo -modalitate fisiko desberdinen trebetasun eta alderdi tekniko eta taktiko komunak ikastea, garatzea eta aplikatzea (kirol-hastapen ulerkorreko ereduak) | |
Trebetasun horiek aplikatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren askotariko errekerimendu errazetara egokituz, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatuz eta kontrolatuz, eta tentsio eta erlaxazio egoerak desberdinduz, baita oreka eta desoreka egoerak ere. | Kirol aurreko jolasak. | Kirolak: banakakoak, taldekoak, tradizionalak, alternatiboak, egokituak... |
Herri jolasak eta/edo usadiozkoak. | Herri jolasak eta/edo usadiozkoak. | |
Gizarte- eta komunikazio-trebetasunak eskuratzea eta enpatia- eta lankidetza-jarrerak, autonomia pertsonala eta erantzukizuna garatzea, bai eta balio hauek ere: errespetua, joko garbia, adiskidetasuna, mugak gainditzea, berdintasuna... | Jolas kooperatiboak. | Jolas eta kirol kooperatiboak. |
Erritmo eta gorputz adierazpeneko jarduerak. | Erritmo eta gorputz adierazpeneko jarduerak. | |
Higiene ohiturak finkatzea eta jolasetako eta jardueretako arauak errespetatzea, bai eta materialen eta espazioen erabilera ere, kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko. | Ingurune naturala eta orientazioa. | Ingurune naturala eta orientazioa. |
A.3. Gazteak/nerabeak: kirol anitza eta zuzendutako jarduerak.
ADIN-TARTEAK | 12 eta 18 urte arteko nerabeentzako programak | |
HELBURUAK | EDUKIAK (GHko DBHko (71/2022 FD) eta Batxilergoko (72/2022 FD) curriculumei dagokienez) | |
Osasuntsu egoteko heztea, bizi-ohitura osasungarriak, autonomia eta etorkizuneko kirol-jarduerarekiko atxikimendua sustatzeko. | KIROL ANITZEKO | JARDUERA ZUZENDUAK |
Egoera fisikoa hobetzea, nerabeen oinarrizko trebetasun eta gaitasun fisikoak garatzearen bidez (indarra, erresistentzia, malgutasuna...). | Kirol tradizionalak, alternatiboak, taldekoak/banakakoak, egokituak. | Aretoko jarduerak: spinning, kick-boxing, pilates, yoga, entrenamendu funtzionala, etab. |
Aisialdi aktiboa eta osasungarria sustatzea, eta sedentarismoa eta mendekotasun digitala murriztea. | Jolas kooperatiboak. | Erritmo- eta adierazpen-jarduerak: dantza modernoa, zumba edo koreografiak, street dance/dantza urbanoa, etab. |
Jarduera fisiko segurua egiteko guneak sortzea, parte hartzeko oztopoak ezabatzea eta inklusioa eta aniztasuna bultzatzea. | Jolasak, erronkak eta kirol arloko erronka fisikoak. | Gimnasioan entrenamenduak planifikatzen ikasteko jarduera (makinak eta entrenamendu-parametroak ezagutzea). |
Garapen psikosoziala bultzatzea: gizarte- eta komunikazio-trebetasunak finkatzea, enpatia- eta lankidetza-jarrerak, autonomia pertsonala eta erantzukizuna garatzea, bai eta balio hauek ere: errespetua, joko garbia, adiskidetasuna, mugak gainditzea, berdintasuna... | Gorputz- eta kirol-jarduerak egitea ingurune naturalean. | |
B taldea: 60 urtetik gorakoendako kirola eta jarduera fisikoa.
Programen ezaugarriak:
a) Parte-hartzaile guztiak 60 urtetik gorakoak izanen dira.
b) Talde batek ez du 60 urtetik gorakoendako programetarako dirulaguntza jasotzen ahalko baldin eta osasuntsu egoteko jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan sartua badago.
c) Programen bidez helburu hauek lortu nahi dira:
- a. Parte-hartzaileen bizi-kalitatea hobetzea eta haien ongizate fisiko eta psikoemozionala sustatzea.
- b. Eguneroko bizitzako jarduerak egiteko autonomia eta independentzia funtzionala sustatzea.
- c. Sistema muskuloeskeletikoa indartzea.
- d. Hauskortasuna prebenitzea eta erortzeko arriskua murriztea.
d) Programek eduki hauek izan behar dituzte:
ENTRENAMENDU AEROBIKOA EDO ERRESISTENTZIAKOA | Osasun kardiobaskularra hobetzeko ariketak: azkar ibiltzea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea, dantzatzea, eskailerak igotzea eta jaistea, etab. |
INDAR-ENTRENAMENDUA | Muskuluen talde handiak indartzeko ariketak (hankak, besoak, enborra), norberaren pisua, banda elastikoak edo pisuak eta makina arinak erabiliz. |
MUGIKORTASUNA, MALGUTASUNA, OREKA ETA KOORDINAZIOA | Mugikortasuneko ariketak, luzaketak, garuneko bi hemisferioak barne hartzen dituzten ariketak eta yoga, pilates, tai ji eta antzeko modalitateetako ariketak. |
LAN KOGNITIBOA | Mugimendua eta memoria uztartzen dituzten jarduerak. |
TALDE KOHESIORAKO JOKOAK ETA DINAMIKAK | Pertsonen arteko harremanak, lankidetza eta kide izatearen sentimendua mugimenduaren eta jarduera fisikoaren bidez sustatzen dituzten dinamikak (lankidetza jolasak, talde erronkak, jolas eta kirol tradizionalak, etab.). |
e) Ariketak pertsona bakoitzari egokitu behar zaizkio, haren ezaugarriak, aukerak eta adina kontuan hartuta.
C taldea: preskripzio fisikoko programako parte-hartzaile ohientzako kirola eta jarduera fisikoa.
Programen ezaugarriak:
a) Parte-hartzaile guztiek aldez aurretik osasuna sustatzeko jarduera eta ariketa fisikoa agintzeko programan parte hartu behar izan dute.
b) Egun osasuna sustatzeko jarduera eta ariketa fisikoa agintzeko proiektuetan sartuta dauden pertsonek edo taldeek ezin dute parte hartu.
c) Jarduera taldean eginen da (6 lagun gutxienez) eta bi modalitate egonen dira:
- a. Talde gidatua: astean behin edo behin baino gehiagotan jarduera edo ariketa fisiko gidatua egiten duten pertsonen taldea, langile kualifikatuek arreta gidatua edo zuzena emanez eta edukiak aldez aurretik planifikatuta.
- b. Gainbegiratutako taldea: jarduera eta/edo ariketa fisikoa modu autonomoan egiteko egun, gune eta ordutegi berberak partekatzen dituzten pertsonen taldea, betiere profesional kualifikatu batek gainbegiratuta, jarduera gidatua ez bada ere.
d) Azterketa funtzional bat egiteko beharra baloratuko da; izan ere, mantentze-programa bat izan arren, komeni da egoera fisikoa eta osasuna aldian-aldian ebaluatzea, bereziki azpiko gaixotasun kronikoak badaude.
e) Programen bidez helburu hauek lortu nahi dira:
- a. Egiten ari ziren preskripzio-programen bidez lortutako hobekuntza funtzionalak eta kardiobaskularrak mantentzea, narriadura funtzionala prebenitzeko.
- b. Kirol eta jarduera fisikoari eustea epe luzean, bizi-ohitura osasungarriak finkatzea eta sedentarismoa saihestea.
- c. Norberaren osasunaren gaineko erantzukizuna hartzea eta saioak, denborak eta ahalegin-mailak autonomiaz kudeatzen ikastea (autogestiorako trantsizioa).
f) Edukiak osagai anitzeko programa batean oinarrituko dira (indarra, erresistentzia, koordinazioa, oreka, malgutasuna...), eta erabiltzaile bakoitzak aurreko preskripzio fisikoko programan adierazitako gomendioak beteko ditu (bere ezaugarriak, patologiak edo arrisku-faktoreak kontuan hartuta).
III. ERANSKINA.–BAREMOA: BALORAZIO-IRIZPIDEAK (150 PUNTU GEHIENEZ)
1. Toki entitatearen kokapena eta tipologia (5 puntu gehienez).
Despopulatzeko arriskuan dauden entitateak hartuko dira kontuan, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duen otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera. Otsailaren 15eko 8/2023 Foru Agindua kontsultatzeko esteka: (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/49/25).
ERAKUNDEAREN KOKAPENA | PUNTUAK |
Muturreko arriskua | 5 |
Arrisku bizia | 4 |
Arrisku nabarmena | 3 |
Gainbehera bizia | 2 |
Gainbehera moderatua | 1 |
Despopulazio arriskurik ez | 0 |
2. Jarduera taldeak (100 puntu gehienez).
Talde bakoitzak asteko maiztasunaren arabera lortuko du puntuazioa:
–A taldea: Haur eta nerabeentzako gorputz- eta kirol-jarduera (3-18 urte).
- 2 puntu talde bakoitzeko, astean egun bakarrean egiten bada.
- 4 puntu talde bakoitzeko, astean 2 egunetan egiten bada.
- 6 puntu talde bakoitzeko, astean 3 egunetan egiten bada.
- 8 puntu talde bakoitzeko, astean 4 egunetan egiten bada.
- 10 puntu talde bakoitzeko, astean 5 egunetan edo gehiagotan egiten bada.
Gainera:
- 0,5 puntu gehituko dira neska nerabeentzat soilik den talde bakoitzeko (12-18 urte).
–B taldea: 60 urtetik gorakoentzako kirola eta jarduera fisikoa.
- Puntu bat talde bakoitzeko, astean egun bakarrean egiten bada.
- 2 puntu talde bakoitzeko, astean 2 egunetan egiten bada.
- 4 puntu talde bakoitzeko, astean 3 egunetan egiten bada.
- 6 puntu talde bakoitzeko, astean 4 egunetan egiten bada.
- 8 puntu talde bakoitzeko, astean 5 egunetan edo gehiagotan egiten bada.
Gainera:
- 0,5 puntu gehituko dira gizonen parte-hartzea % 50etik gorakoa den talde bakoitzeko.
–C taldea: Preskripzio programetako parte-hartzaile ohientzako kirola eta jarduera fisikoa.
- Puntu bat talde gainbegiratu bakoitzeko, astean egun bakarrean egiten bada.
- 2 puntu talde gidatu bakoitzeko, astean egun bakarrean egiten bada.
- 3 puntu talde gainbegiratu bakoitzeko, astean 2 egunetan egiten bada.
- 4 puntu talde gidatu bakoitzeko, astean 2 egunetan egiten bada.
- 5 puntu talde gainbegiratu bakoitzeko, astean 3 egunetan egiten bada.
- 6 puntu talde gidatu bakoitzeko, astean 3 egunetan egiten bada.
- 7 puntu talde gainbegiratu bakoitzeko, astean 4 egunetan egiten bada.
- 8 puntu talde gidatu bakoitzeko, astean 4 egunetan egiten bada.
- 9 puntu talde gainbegiratu bakoitzeko, astean 5 egunetan edo gehiagotan egiten bada.
- 10 puntu talde gidatu bakoitzeko, astean 5 egunetan edo gehiagotan egiten bada.
Gainera, egoera fisikoa eta osasuna ebaluatzeagatik eta jarraipena egiteagatik puntuak gehituko dira:
- Puntu bat: hasieran ebaluazio bat egiten bada.
- 2 puntu: ebaluazioa programaren hasieran eta hondarrean egiten bada.
- 3 puntu: hasieran eta hondarrean ez ezik, egoera fisikoaren eta osasunaren tarteko ebaluazio bat edo gehiago egiten badira.
3. Parte-hartzaileak (gehienez 15 puntu).
Taldeen puntuazioari honako hauek gehituko zaizkio:
- 0,1 puntu desgaitasuna duen edo bazterketa-arriskuan dagoen parte-hartzaile bakoitzeko.
4. Jarduera bereziak eta topaketak (gehienez 30 puntu).
Jarduera bereziak (entitatean bertan) eta topaketak (entitateen artean) bereizten dira:
JARDUERA MOTA | JARDUERAREN XEDE DEN BIZTANLE TALDEAREN | EGUN KOPURUAREN | |
Belaunaldi barneko jarduera | Belaunaldien arteko jarduera | ||
JARDUERA BEREZIAK (entitatean bertan) | Puntu bat jarduerako | 2 puntu jarduerako | 0,5 puntu jardunaldiko |
TOPAKETAK | 3 puntu entitate parte-hartzaile bakoitzeko | 4 puntu entitate parte-hartzaile bakoitzeko | 0,5 puntu topaketa-egun bakoitzeko |
–Belaunaldi barneko jarduerak: kolektibo edo adin-tarte bereko pertsonendako (adibidez: haur eta nerabeen kolektiboa).
–Belaunaldi arteko jarduerak: hainbat kolektibo edo adinetako pertsonak konektatzeko (adibidez: nerabeak eta 60 urtetik gorakoak).
Iragarkiaren kodea: F2611543
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
