191. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, gizarte-hezitzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren 2025eko irailaren 9ko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gizarte-hezitzaile lanpostu bat, C mailakoa.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gizarte-hezitzailearen plaza bat, C mailakoa, lan-kontratudun finkoen araubidean, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean jarduteko. Azkenean eskainitako plaza kopurua handitzen ahalko da, eta izanen da izendapen proposamenean indarrean dagoen lan eskaintza publikoaren ondoriozkoa.

1.2. Aipatu den plaza hutsa betetzeko, txanda librea izanen da.

1.3. Azkenean eskainitako plaza kopurua handitzen ahalko da, etaa izanen da izendapen proposamenean indarrean dagoen lan eskaintza publikoaren ondoriozkoa.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Titulu hauetako bat izatea: Gizarte-integrazioko Lanbide Heziketako titulua edo titulu baliokide bat. Bertzela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.1.2. Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema.

Betekizun hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez; erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

2.1.3. Beharrezkoa izanen da B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaz jabetu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkeztu beharko dira, bakarrik, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0).

Eskaerak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskaeran, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskaerarekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu behar izatea kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko legediak ezarri moduan:

3.2.1. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Deialdi honen 2.1.1. oinarriko c) apartatuan eskatutako tituluen kopia.

c) Tasa ordaindu izanaren agiria.

d) B gidabaimenaren edo baliokidearen kopia sinplea.

e) 6.1.1 apartatua (merezimenduen ziurtagiriak, egoki bada).

f) 6.1.2 apartatua (prestakuntza, egoki bada).

a, b, c eta d letretan zehazturiko dokumentuak aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Dokumentu horiez gain, desgaitasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan.

Aski izanen da 3.2 apartatuan zerrendatutako dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.3. Tasak.

Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 29,00 euroko tasa ordaindu beharko da Nafarroako Rural Kutxako ES10 3008 0081 1107 0334 1123 kontuan diru-sarrera eginez. Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da. Ordenantzaren 4. artikulua: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2019/115/54.

4.–Izangaien onarpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitatearen buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Noain Aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzaren iragarki-taulan argitaratuko da, baita erakunde honen egoitza elektronikoan ere: https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0.

Egun horretatik aurrera eta ondoko hamar egun baliodunetan, baztertutako izangaiek erreklamazioak egin ditzakete, edo eskaeran egindako akatsak zuzendu. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, erakundearen egoitza elektronikoaren bidez (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0), deialdiaren aipamenean, eskaera bitartez.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitatearen buruak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko aginduko, deialdi honetako hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Ez da itzuliko ordaindu dena funtzio publikora sartzeko eta gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: M.ª Carmen Tirapu Erro, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

–Ordezkoa: Rosa Barbería Ardanaz, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko batzarkidea.

Lehen epaimahaikidea: Eider Aranguren Galarza, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko hezitzailea.

–Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Maialen Izco Berraondo, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko hezitzailea.

Bigarren epaimahaikidea: Yasone Gómez Domeño, gizarte langilea, gizarteratzeko programako arduraduna.

–Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Elena Zarraluqui Minchinela, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kudeatzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: Elsa Sancho Iztueta, gizarte langilea eta Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaria.

–Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Lorea Arguiñano Aranguren, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.

Epaimahaikide idazkaria: Mercedes Arnedo Lana, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

–Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Carlos Revilla Pascual, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kontu-hartzailea.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gorabehera guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahalko die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.–Oposizioa nola eginen den.

Plaza betetzeko eta zerrenda eratzeko hautaketa eginen da plika sistemaren bidez eta honako proba hau eginez:

Proba teoriko bat eginen da lanpostuaren eginkizunei eta gaiei buruz. 70 puntu gehienez.

Proba egiteko deialdi bakarra izanen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean daramatela agertu beharko dute hartara. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Idatziz erantzun beharko zaio test motako galde-sorta bati, deialdi honen II. eranskinean jasota dauden gaiei buruz. 100 galdera izanen ditu, eta erreserbako bortz galdera gehiago gehituko zaizkio. Lau erantzun emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duen legeriari jarraikiz.

Parte honetan, 70 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez ere, eta erantzun okerrek ez dute punturik kenduko. Proba gaindituko dute gutxienez 35 puntuko kalifikazioa lortzen dutenek. 35 puntu lortzen ez dutenei, ez zaizkie merezimenduak baloratuko, eta baztertuta geldituko dira.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik erabili, ezta kalkulagailurik edo bertzelako material elektronikorik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

6.1. Lehiaketaren gauzatzea.

Merezimendu-lehiaketa: esperientzia eta prestakuntza, lanpostuari egokitua. Soilik baloratuko dira gainditu duten pertsonen merezimenduak.

Lehiaketaldiko gehieneko balorazioa, gehienez ere, 30 puntu izanen da, honako apartatu hauetan:

6.1.1. Lanbideari lotutako merezimenduak: 20 puntu gehienez.

a) Gizarte-hezitzailea gisa lanaldi osoan izandako lanbide-esperientzia, edozein oinarrizko gizarte zerbitzutan: 3 puntu urteko.

b) Gizarte-hezitzaile gisa lanaldi osoan izandako lanbide-esperientzia, edozein administrazio publikotan: 2 puntu urteko.

c) Gizarte-hezitzaile gisa lanaldi osoan izandako lanbide-esperientzia, gizarte-ekimeneko erakundeetan: 0,5 puntu urteko.

Atal honen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

Eginiko zerbitzuak frogatzeko, ziurtagiriak baizik ez dira erabiliko. Horietan, zehatz adieraziko da kontratazioaren iraupena eta lanaldiaren ehunekoa. Eginiko zerbitzuak onartuko dira horien kontratazio araubidea edozein izanik ere, aldi baterakoa nahiz finkoa. Erakunde kontratatzaileek eman beharko dituzte ziurtagiri horiek.

Ez dira balorazioan kontuan hartuko arestian aipaturiko datuak argi eta garbi jasotzen ez dituzten agiriak.

Frogaturiko esperientzia-denbora urte kopuru osoa ez bada, edo lana ez bada lanaldi osoan egin, ez da kontuan hartuko proportzioan dagokiona.

6.1.2. Prestakuntza: 10 puntu gehienez.

a) Bigarren zikloko edo goragoko unibertsitate titulu ofizialak izatea (lizentzia, gradua edo masterra), lanbide-arloarekin lotutakoak: 5 puntu.

b) Unibertsitate titulu ofizialak izatea, lanbide-arloarekin lotutakoak: 3 puntu.

c) Goi Mailako Lanbide Heziketako bertze titulu ofizial batzuk, edo horien baliokideak, lanbide-arloarekin lotutakoak: 2 puntu.

Eskaerarekin batera, aurkeztu behar dira deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopiak, behar bezala konpultsatuak. Agiri horiekin batera nahitaez aurkeztu beharko da eransten diren agirien aurkibidea.

Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

7.1. Epaimahaiak argitara emanen du izangaien zerrenda, lortu dituzten kalifikazioekin, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta erakundearen egoitza elektronikoan (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0). Proba teorikoaren emaitzak argitaratuta, bortz egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukatuta eta alegazioak ebatzita, halakorik aurkeztu bada, gaindituen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean (https://ssbnoain.sedelectronica.es/info.0), guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran; halaber, zerrenda buruari igorriko dio, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

7.3. Berdinketarik gertatuz gero, proba teorikoan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde joko da; berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da egindako zerbitzuei buruzko apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa izanez gero, joko da prestakuntzaren apartatuan puntuazio handiena lortu duenaren alde. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde eginen da.

7.4. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

8.–Baldintzak frogatzea.

Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, bertze hainbertze izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, lanpostuak ohiko harremana baitu adingabeekin.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Dokumentazioa aurkeztutakoan, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaia izendatzeko edo kontratatzeko proposamena: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoa ez den izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, atariko deialdiaren izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokide batena.

b) Osasun ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuan aritzea.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da gaindituen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, baldin eta lanposturako baldintzak betetzen baditu, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, bertze agiriren bat beharrezkoa baldin bada bere eskudantziak betetzeko, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko lan-kontratudun finko izendatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsa esleituko zaie.

10.2. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratadun finkoa, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

Emandako epean, eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Lan-kontratudun bihurtzen den eta lanpostuan batere aritzen ez den izangaiari dagokionez, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozeduran, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hau prestatuko da hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

Zerrendako izangaien ordena erabakiko da hautaprozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hain zuzen, 7.3 eta 7.4 oinarrietan (gainditutako proben puntuazioari eta zozketa egiteari buruzkoak).

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, toki-erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan (ezaugarrien taulan zehaztua) argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere.

13.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (dpd@ssbnoain.com).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

14.–Errekurtsoak.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legeari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: .........................................................................................................., adinez nagusia; NANa: ...........................................; jaioteguna: .............eko .................................aren .................(e)(a)n, jaioterria:................................................ (...................), helbidea: .............................., kalea:............................................. zenbakia: ......................, posta kodea: ...................................., telefonoa(k) ......................./........................, helbide elektronikoa: ..................................................................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Ez dudala karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik.

Ez dudala indarrean diren xedapenetan ezarritako desgaitasunetarik batere.

Ez naizela diziplinazko espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eta deialdian eskatutako agiriak aurkeztu ditudala.

Merezimenduen baloraziorako egiaztagiriak erantsi ditudala. (Markatu, bidezkoa bada).

Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen diren egokitzapenak eskatzen ditudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Markatu, bidezkoa bada). Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Aurkezten dudala desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana. (Markatu, bidezkoa bada).

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Onartua izatea honako honetan: deialdia, izangaien zerrenda bat egiteko, hautaproben bidez, gizarte-hezitzailearen lanpostua betetzeko, aldi baterako kontratazioarekin, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura.

.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ........(e)(a)n

Sinadura

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia.

1. gaia.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua. II. titulua: I. kapitulua: udalerria. III. titulua: I. kapitulua: Osoko Bilkuraren funtzionamendua. IV. titulua: Hirugarren atala: informazio batzordeak.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena. II. titulua.

4. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

5. gaia.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

6. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirakoa: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. Berdintasunerako politika publikoak. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Bigarren zatia.–Oinarrizko araudi berariazkoa, planak, programak eta gidak.

1. gaia.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2. gaia.–Gizarteratzeko eta Laneratzeko Nafarroako Baliabideen Katalogoa.

3. gaia.–El acompañamiento como método de intervención en los procesos de inclusión: Nuevas reflexiones (Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua. 2016).

4. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1): xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.

5. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (2): Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.

6. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa (1): prestazio bermatuak eta bermatu gabeak (oinarrizko arreta).

7. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (3): prestazio bermatuak eta bermatu gabeak (desgaitasuna duten pertsonendako arreta eta gaixotasun mentala duten pertsonendako arreta).

8. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena (4): prestazio bermatuak eta bermatu gabeak (gizarte bazterketan edo egoteko arriskuan dauden pertsonendako arreta).

9. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena: hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: gizarte inklusiorako eskubidea. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak garatzeari buruzkoa: atarikoa. I. kapitulua: xedapen orokorra. II. kapitulua: gizarte inklusiorako eskubidea. III. kapitulua: errenta bermaturako eskubidea, 1. atala: xedapen orokorrak, 3. atala: gizarteratzerako eskubidearekin batera baliatzea.

10. gaia.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, Bizitzeko Gutxieneko Errenta ezartzen duena. Atarikoa. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: aplikazio esparru subjektiboa.

11. gaia.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, laguntza ekonomikoak arautzen dituena, gizartetik baztertuta daudenak gizartean eta lanean txertatzeko programetarako: enplegu sozial babestua. 94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea.

12. gaia.–Arreta integrala eta pertsonarengan zentratua.

13. gaia.–Familia ugariak eta gurasobakarrak: 5/2019 Foru Legea, otsailaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitatean Familia Gurasobakarrak Egiaztatzeari buruzkoa: atarikoa. I. kapitulua. II. kapitulua. 20/2003 Foru Legea, martxoaren 25ekoa, Familia Ugariei buruzkoa: I. kapitulua.

14. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina: Atariko titulua, I. titulua, II. titulua.

15. gaia.–1155/2024 Errege Dekretua, azaroaren 19koa, onesten duena 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua (lege organiko horrek hizpide ditu atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunak eta haien gizarteratzea).

16. gaia.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa: ikuspegia, misioa, printzipioak, helburuak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.

17. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea.

18. gaia.–Esku-hartze komunitarioan parte hartzea: erreferentzia esparrua. Esku-hartze komunitarioko prozesuetan parte hartzeko gakoak.

19. gaia.–Prozedurarako II. eskuliburua, haurren babesgabetasun egoerak atzemateko, jakinarazteko, baloratzeko eta haietan esku hartzeko.

Noainen, 2025eko irailaren 10ean.–Mankomunitateko burua, María Carmen Tirapu Erro.

Iragarkiaren kodea: L2511995