179. ALDIZKARIA - 2022ko irailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, administrari-ofizialak aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzeko, Uharteko Udalaren beharrak direla-eta

Alkatetzak emandako 2022/1076 Ebazpenaren bitartez, honako hau erabaki da:

1.–Deialdia onestea, administrari-ofizialen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, aldi baterako kontratazioetarako, Uharteko Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko (udalaren edozein zentrotan).

2.–Deialdiaren iragarkia eta testu osoa argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.huarte.es webgunean.

3.–Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Uharten, 2022ko abuztuaren 16an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Uharteko Udalaren beharrak direla-eta administrari-ofizialak aldi baterako kontratatzeko zerrenda osatzea, oposizio-lehiaketa bidez.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Langileen Batzorde Paritarioak 2012ko otsailaren 29an aldi baterako kontratazioa kudeatzeko onetsitako arauen 7. artikulua (arauak 2012ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, apirilaren 20an) eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Euskarako nahitaezko hizkuntza-eskakizuna, C1 maila ahoz eta idatziz, duten lanpostuak beteko dituzte deialdiaren barnean maila hori egiaztatzen duten izangaiek.

1.3. Zerrendak behin-behineko ordezkapenak egiteko erabiliko dira, laneko bajak edo oporraldiak direla-eta hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko, bai eta udal zerbitzuak indartzeko ere, behar puntualak sortzen direnean. Baliteke zerrenda hori lanpostu hutsak betetzeko erabiltzea, kontrataziorako barne-araudia betez gero.

1.4. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu.

1.5. Lanpostuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden soldata-osagarriak ere jasoko dituzte, baita hitzarmen kolektibo bidez lor daitezkeenak ere.

1.6. Lanaldia osoa nahiz partziala izan daiteke. Horiek guztiak zerbitzuaren beharretara egokituko dira eta noiznahi aldatzen ahalko dituzte administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, beren kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Gutxienez ere Batxilergoko edo 2. mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokideren bat izatea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori aitortzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako ziurtagiria.

e) Ezgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) Euskarako nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak betetzeko, izangaiek C1 titulua izan behar dute, edo deialdiaren barnean egiaztatu beharko dute horretarako berariaz eginen den proba baten bidez.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira (San Juan plaza, 1, 1.a; 8:30etik 14:00etara), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 15 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik. Kasu horretan, agiriak aurkezteko epearen barnean mezu elektroniko bat igorri beharko da recursoshumanos@huarte.es helbidera, posta bulegoan zigilatutako eskabidearen kopia batekin eta egindako igorpenaren ziurtagiriarekin.

Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari.

–Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko.

–Halaber, helbide elektroniko bat adierazi beharko dute, baimena emanez helbide hori erabil dadin prozedura honetako jakinarazpenak gauzatzeko baliozko bide gisa.

–Uharteko Udalaren erregistro orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.huarte.es helbidean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.2. Eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio behar bezala bete ondotik:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Lanpostuaren maila egiaztatzeko eskatzen den titulazioaren fotokopia.

c) Euskararen ezagutza mailaren bat egiaztatzen duen dokumentazioa, behar izatera.

d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 12,00 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES59 3008 0087 74 1447560721). Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Eskabidea erregistro orokorrean bertan aurkezten duten izangaiek tasaren ordainketa dirutan egiten ahalko dute, unean bertan.

Salbuetsita egonen dira inskripzioa egiteko unean langabezian daudela egiaztatzen dutenak.

e) Hala badagokio, lan-esperientzia, lan-bizitzaren bidez eta dagokion administrazioak edo enpresak emandako ziurtagirien bidez egiaztatua, zehazki zer lanpostu bete den adierazita.

4.–Behin-behineko zerrendak.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (http://www.huarte.es).

Baztertuek edo beren eskabidea zuzendu behar dutenek 3 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak edo agiriak aurkezteko.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

5.–Behin betiko zerrendak.

Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hori ikusgai jarriko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (http://www.huarte.es), hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat denbora edo formari dagokionez betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Ebazpen horretan izendatuko dira kalifikazio epaimahaiko kideak, guztien izenekin eta behin betiko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Amaia Elkano Garralda, Uharteko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: ordezkaritza sindikalak izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Ana Mindegia Ilarregi, Uharteko Udaleko euskara teknikaria.

–Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–Epaimahaikide-idazkaria: Gustavo Jiménez, Udaleko giza baliabideen kudeatzailea.

–Ordezkoa: hark izendatzen duena.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautapen prozesua.

Oposizio-lehiaketa bidez eginen da kontratazio zerrenda osatzeko langileak hautatzeko prozesua. Oposizioaldiak 70 puntu balioko du eta lehiaketaldiak 30 puntu.

1.–Oposizioaldia: 70 puntu.

–Test motako ariketa: 50 puntu. Bazterturik geldituko dira 25 puntu baino gutxiago ateratzen duten izangaiak.

–Ariketa praktikoa: gehienez 20 puntu. Proba gainditzeko 10 puntu beharko dira, baina proba ez da baztertzailea.

2.–Lehiaketaldia: 30 puntu.

–Esperientziaren balorazioa: 20 puntu.

–Euskararen ezagutzaren balorazioa: 10 puntu.

8.–Proben nondik norakoa.

8.1. Oposizioaldia.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute eta, eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute, bestela kanporatu eta baztertuko baitira, salbu eta zuzenbidean onarturiko beste moduren batean nor diren egiaztatzen badute egintza horretan berean. Probetan oharretatik kopiatzeak nahiz beste edozein iruzur egiteak berehalako kanporatzea ekarriko du, jarduketa penalak deusetan galarazi gabe, hala behar bada.

Lehenengo probara agertzen ez diren izangaiak ere oposiziotik kanpo geldituko dira.

Hautaprobak egiteko, desgaitasuna duten izangaiek hala eskatuz gero, denborak eta baliabideak ahal bezala moldatuko dira, haien eskabidean adierazi dutenaren arabera.

8.1.1. Oposizioaldiko proba teorikoa:

Oposizioaldiko proba teorikoa test motako galde-sorta bat izanen da, II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoa, eta idatziz erantzun beharko dena epaimahaiak proba hasi aurretik ezarriko duen gehieneko denboran. Hainbat erantzunetako galderak izanen dira eta erantzunetako bakarra izanen da zuzena.

Bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Test motako ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

Ariketa hasi aurretik, epaimahaiak erabakiko du erantzun okerrek puntuak kenduko dituzten ala ez, eta, hala bada, zenbateko penalizazioa izanen den.

Test motako proba egin ondoren, kalifikazio epaimahaiak akta bat eginen du parte-hartzaile bakoitzari emandako emaitzaren behin-behineko kalifikazioarekin, eta 3 egun balioduneko epea emanen du nahi dutenek haren aurkako alegazioak aurkez ditzaten. Akta hori udalaren webgunean argitaratuko da.

Alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak akta bat eginen du parte-hartzaile bakoitzari emandako behin betiko kalifikazioarekin eta, proba hori gainditu dutelako, oposizioaldiko bigarren probara igaro direnen zerrendarekin. Horrekin batera, oposizioaldiko bigarren proba noiz eta non eginen den adieraziko da aktan, eta hori guztia udalaren webgunean argitaratuko da.

8.1.2. Oposizioaldiko proba praktikoa:

Bigarren proba honetan, ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, kalifikazio epaimahaiak zehaztuko dituenak. Ariketa horien helburua izanen da hautagaiek beren ezagutza praktikoak erakustea administrari-ofizialen lanpostuen zereginetan eta, funtsean, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiekin zerikusia izanen dute. Horretarako, udalak beharrezkoa den materiala jarriko du hautagaien eskura: analogikoa (papera eta boligrafoa) zein digitala (ordenagailua) izan daiteke.

Proba hau ez da baztertzailea izanen, baina gainditzeko gutxienez 10 puntu lortu beharko dira. Horiek horrela, proba praktiko hau gainditu ez baina test motako proba gainditu duten izangaiak kontratazio zerrendan sartuko dira, soilik lehenengo proban lortutako puntuazioarekin (hau da, ez da batuko bigarren proban lortutako nota). Era berean, lehenengo proba gainditu ondoren bigarrenera aurkezten ez diren izangaiak kontratazio zerrendan sartuko dira.

Proba praktikoa egin ondoren, kalifikazio epaimahaiak akta bat eginen du parte-hartzaile bakoitzak lortutako puntuazioaren behin-behineko balorazioarekin, eta 3 egun balioduneko epea emanen du nahi dutenek haren aurkako alegazioak aurkez ditzaten. Akta hori udalaren webgunean argitaratuko da.

Alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak akta bat eginen du parte-hartzaile bakoitzari emandako behin betiko kalifikazioarekin eta oposizioaldi guztia gainditu dutenen zerrendarekin. Akta hori ere udalaren webgunean argitaratuko da.

Harekin batera, kalifikazio epaimahaiak adieraziko du noiz eta non eginen den euskara proba, nahi duten izangaiek beren euskara maila egiazta dezaten.

8.2. Merezimenduen kalifikazioa:

Oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda ikusi ondoren, izangai horiek aurkeztu dituzten merezimenduak baloratuko ditu kalifikazio epaimahaiak.

8.2.1. Esperientzia: gehienez 20 puntu emanen dira.

• Administrazio publikoren batean administrari-ofizial gisa aritzeagatik: 2 puntu urteko. 20 puntu, gehienez.

• Administrazio publikoren batean administrari laguntzaile gisa aritzeagatik: 1,5 puntu urteko. 15 puntu, gehienez.

• Enpresa pribatuetan administrari gisa aritzeagatik: 0,5 puntu urteko. 10 puntu, gehienez.

Atal honetarako gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da; beraz, puntuazio handiagoa lortu arren, lanpostu horietako batean baino gehiagotan egindako lanak egiaztatzeagatik, merezimenduen atal honetako puntuazioa ez da inoiz 20 baino handiagoa izanen.

Urtebetetik beherako lanaldiak egiaztatuz gero, lan egindako aldiaren proportzioan emanen da puntuazioa.

Laneko esperientzia egiaztatzeko, izangaiek lan bizitza aurkeztu beharko dute, bai eta administrazioaren edo enpresaren egiaztagiria ere.

8.2.2. Euskara: euskararen ezagutza maila modu proportzionalean baloratuko da, hau da: A1 maila 2 punturekin baloratuko da; A2 maila 4 punturekin; B1 maila 6 punturekin; B2 maila 8 punturekin; eta C1 maila 10 punturekin.

8.2.3. Aurkeztutako dokumentazioa kontuan hartuta, kalifikazio epaimahaiak akta bat eginen du izangaiek aurkeztutako merezimenduen behin-behineko balorazioarekin.

Merezimenduen behin-behineko balorazio horren kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Alegazioak berrikusi eta aztertu ondoren, kalifikazio epaimahaiak akta bat eginen du izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako behin betiko puntuazioarekin.

9.–Kontratazio zerrendaren proposamena.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia amaitu ondoren, kalifikazio epaimahaiak kontratazio zerrendaren proposamena eginen du, izangaiak puntuazioaren arabera ordenatuta. Hurrenkera irizpide hauen arabera osatuko da kontratazio zerrenda:

1. Lehentasunezko zerrenda, oposizioaldia gainditu dutenekin (bi probak gainditu dituztenak), oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioaren arabera.

2. Bigarren zerrenda, oposizioaldiko proba teorikoa gainditu arren, praktikoa gainditu ez dutenekin: proba teorikoan lortutako puntuazioaren arabera, merezimenduak gehitu gabe.

Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.huarte.es helbidean.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, zozketa eginen da.

Langileak kontratatzeko lehentasun hurrenkera ezartzen duen kontratazio zerrendaren proposamen hori Alkatetzari igorriko zaio, Alkatetzaren ebazpen bidez onar dadin.

10.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

Kontratazio zerrendak indarra hartuko du aurreko zerrenda iraungitzen denean, 2022ko abenduan, eta bost urteko indarraldia izanen du, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.–Datuen babesa.

Deialdi honetara aurkezten direnek onartzen dute deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak gordetzen eta tratatzen ahalko dituela Uharteko Udalak, eta ayuntamiento@huarte.es helbidean aurkeztu beharko dituzte datuen babesaren esparruan legez dagozkien erreklamazioak.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (DOC).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

2022ko uztailaren 31n indarrean zena eta Uharteko Udalari buruzkoa izanen da:

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa:

a. I. titulua, prozeduran interesdun direnak (3.-12. artikuluak).

b. II. titulua, administrazio publikoen jarduera (13.-33. artikuluak).

c. IV. titulua, administrazio egintzak. III. kapitulua, 3. atala (66.-69. artikuluak); IV. kapitulua, 4. atala (84.-96. artikuluak).

d. V. titulua, egintzak administrazio bidetik berrikustea; II. kapitulua, 1. atala (112.-120. artikuluak).

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa:

a. Atariko titulua, IV. kapitulua, administrazio publikoen ondare-erantzukizuna (32.-37. artikuluak).

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena:

a. II. titulua, Udalerria, I. kapitulua: Biztanleria (15.-18. artikuluak). II. kapitulua: Antolamendua (19.-24 bis artikuluak). III. kapitulua: Eskumenak (25.-28. artikuluak).

b. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea.

i. Lehenengo kapitulua: Funtzionamendu araubidea: 46., 51. eta 52. artikuluak (ez kapitulu osoa).

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

a. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. (73.-87. artikuluak).

b. IX. titulua.

i. I. kapitulua: Prozedura eta araubide juridikoa: (317.-328. artikuluak).

ii. Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola. (332.-340. artikuluak).

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena:

a. II. titulua: toki entitateen beharrezko antolaketa. I. kapitulua, Udalerria (35.-53. artikuluak).

b. IV. titulua: Lurralde mailako toki entitateen antolaketa osagarria; zinegotzi ordezkariak eta informazio batzordeak. (119., 120., 121., 123., 124., 125. eta 126. artikuluak).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

a. I. titulua: I. kapitulua, errekurtso motak (5.-10 bis artikuluak). II. kapitulua, xedapen orokorrak (11.-21. artikuluak).

b. II. titulua: Udal zergak (132.-191. artikuluak).

c. III. titulua: aurrekontua eta gastu publikoa: I. kapitulua, aurrekontu orokorrak (192.-205. artikuluak); II. kapitulua: exekuzioa eta likidazioa (220.-223. artikuluak).

7.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

a. I. titulua:

i. III. kapitulua, 1. atala: Foru lege honen mendean dauden kontratuen definizioa (28.-33. artikuluak).

ii. V. kapitulua: publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 3. atala: adjudikazio prozedurak: 71., 72., 80. eta 81. artikuluak (ez atal osoa). 5. atala: lizitazioen publizitatea: 88. artikulua (ez atal osoa). 7. atala: adjudikazioa 96., 100., 101. eta 102. artikuluak (ez atal osoa).

8.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bategina onesten duena.

a. I. titulua: IV. kapitulua: hirigintza-hitzarmenak (23.-26. artikuluak).

b. II. titulua: II. kapitulua, udalen hirigintza-planeamendua; 3. atala, garapenerako planeamendua (60.-65. artikuluak) eta 4. atala, hirigintza-planen prestaketa, onespena eta ondorioak (66.-74. artikuluak).

c. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina: I. kapitulua, esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran; 1. atala, hirigintzako lizentziak (190.-197. artikuluak). III. kapitulua, 3. atala: zehapen araubideko eskumenak, prozedura eta preskripzioa (223.-225. artikuluak).

9.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

a. II. titulua: VIII. kapitulua: eskubideak eta betebeharrak (36.-59. artikuluak).

10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

a. III. titulua: II. kapitulua: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura (34.-44. artikuluak).

11.–2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.

a. I. kapitulua: 4. artikulua, 1.etik 15.era bitarteko apartatuak.

12.–Uharteko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza, argitara eman zena 2004ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 22koan (5.-10. artikuluak).

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2004/153/21

13.–Hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera.

arautzen duen ordenantza, argitara eman zena 2010eko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 18koan.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2010/74/88

14.–Informatikako oinarrizko kontzeptuak: Word testu-tratamendua, Excel kalkulu-orria eta PDF dokumentuak.

Iragarkiaren kodea: L2211216