74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, Hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera
arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2009ko azaroaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera arautzen duen ordenantza. Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2010eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13an, eta Herriko Etxeko iragarkien oholean paratu. Jendaurreko epea iragan baita alegaziorik aurkeztu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uharten, 2010eko maiatzaren 26an.-Alkatea, Francisco Javier Basterra Basterra.

ORDENANTZA, UHARTEKO UDALEAN ETA HAREN MENDEKO ERAKUNDE ETA ENTEETAN HIZKERA ETA IRUDI EZ-BAZTERTZAILEAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA
ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Uharteko Udalaren helburuetako bat da gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzea, eta horretarako, 2006. urtean Uharteko gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako plana jarri zuen abian. Plan horretan 2006-2009 aldirako ezarritako helburuen artean honako hau dago: Udalean eta haren mendeko erakundeetan hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera sustatzea, eta horretarako Udal Ordenamendurako Erregelamendua aldatzea, hizkera ez-baztertzailea barneratzeko ikastaroak antolatzea eta erabilera gomendioak zabaltzea.

Gainera, honako hau ezartzen du Berdintasunari buruzko Legeak, II. tituluko (Berdintasunerako politika publikoak) I. tituluan (Printzipio orokorrak), zehazki 14. artikuluan, hain zuzen ere botere publikoen jarduketa irizpide orokorrei buruzkoan: "lege honen xedeetarako, botere publikoen jarduketa irizpide orokorrak izanen dira (...) 11. hizkera ez-sexista ezartzea administrazioan eta hura sustatzea gizarte harreman orotan, bai eta kultura eta artearen arloko harreman guztietan ere."

Gaur egun dugun legediaren arabera, gizon eta emakumeak berdinak gara legearen aurrean eta eskubide eta betebehar berberak ditugu; tamalez, errealitatea bestelakoa da, gaur egunean ere emakumeak desabantaila handiak ditu gizonaren aldean, eta horren adibide bat da mintzairan desagerraraztea, eta orobat, haren errepresentazioa irudi sexista edo baztertzaileen bitartez egitea.

Hizkuntza pentsamenduaren adierazpena da. Hizkeraren zuzentasunean garrantzi handia du esaten ez denak, izendatzen ez denak, existitzen ez denak; alegia, emakumeak aipatzen ez direnez, ikustezin bihurtarazten dira kulturan, zientzian, ekonomian.

Horregatik guztiagatik, ordenantza honekin zenbait mezuren anbiguotasuna eragotzi eta emakumearen presentzia azaleratu nahi da administrazio hizkeraren diskurtsoan, betiere arau gramatikalak behartu gabe, eta Uharteko Udaleko administrazioko langileak hizkuntzak dituen estrategia ez-sexistak erabiltzera ohitzeko ekimenari erantzun nahi zaio.

I. KAPITULUA

Ordenantzen aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Uharteko Udalean eta haren mendeko erakunde eta enteetan.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

2. artikulua. Uharteko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien dokumentuek, jakinarazpenek eta komunikazioek hizkera ez-sexista erabiliko dute.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

3. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile prestatuak daudela bermatzearren, ordenantza honetako V. kapituluan ezarri bezala.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

4. artikulua. Uharteko Udalak eta haren mendeko erakunde autonomoek hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dituzte herritarrei zuzentzen zaizkienean.

Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira dokumentu hauetan:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, udal langileen arropak eta uniformeak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak, kartelak.

g) Argitalpenak: Udalak egiten dituen argitalpenak eta herritarrei zuzentzen zaizkienak.

h) Udalak prentsan argitaratzen dituen iragarkiak.

i) Udalaren web-orria.

j) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

Udalak publizitaterako agiriak edo antzekoak igortzen dituenean, haietan irudirik baldin bada, aldioro ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen irudiak eginkizun anitzetan ager daitezen, eta rol eta estereotipo sexistak baztertuko dira.

Orobat, Berdintasunerako Batzordeak edozein hedabidetan agertutako iragarkien kontrako salaketak jasoko ditu eta Emakumearen Institutuko Publizitatearen Behatokira (Lan eta Gizarte Aferen Ministerioa) bideratuko ditu, haien edukia, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 3. artikuluan ezarritako eskumenen arabera, "pertsonaren duintasunari erasotzen badio edo Konstituzioan babesten diren balio eta eskubideak urratzen baditu, bereziki haurrari, gazteari eta emakumeari dagokionez".

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

5. artikulua. Urteroko plantilla organikoan, lanpostuak izendatuko dira lanpostu horretan ari den pertsonaren sexua adieraziz edo forma bikoitza erabiliz (maskulinoa eta femeninoa).

6. artikulua. Lanpostuen deialdietan:

-Lanpostuaren izendapena bitara eginen da: maskulinoan eta femeninoan.

-Udalak egiten diten lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez-baztertzailea erabili izana.

7. artikulua. Zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako Uharteko Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena, eta %5eko balorazioa izanen du proiektu teknikoa idazterakoan hizkera ez-baztertzailea erabiltzeak.

8. artikulua. Hala nahi duten udal langileei lagunduko zaie hizkuntza egoki erabiltzeko teknikak ikas ditzaten, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

9. artikulua. Udalak prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

VI. KAPITULUA

Sustapena

10. artikulua. Berdintasunerako Batzordeak jarduketa programak proposatuko ditu urtero, informazio gehiago izateko hizkera eta irudi ez-baztertzailearen inguruan.

11. artikulua. Uharteko Udalak, aipatzearren, Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, bai eta beste udal entitateekin koordinatuta ere hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzeko kanpainetan.

12. artikulua. Udalak diruz laguntzen dituen jardueren dokumentazioan eta propagandan, ahal den neurrian, irudi eta hizkera ez-sexista erabiliko du.

Helburu hori betetzeko, atal hori sartuko da diru-laguntzen urteroko deialdian.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.-Berdintasunerako alorrak (Berdintasunerako Batzordeak) eginen du segimendua ordenantza hau betetzen ote den eta edozein gairen gainean proposamenak eginen ditu, hura aplika dadin.

Iragarkiaren kodea: L1009398