153. ALDIZKARIA - 2004ko abenduaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UHARTE

Uharteko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza

ZIOEN AURKEZPENA

Uharteko Udalak udalerriak berez dituen bi hizkuntzetako bat euskara dela deritzo. Gainera, euskara sustatzeko eta normalizatzeko hiritarrek duten aldeko joera biltzen da ordenantza honetan, Nafarroako Gobernuak zein Uharteko Udalak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoetatik ateratakoaren arabera.

Horretaz gain, egiaztatu dugu urtez urte, gero eta gehiago direla irakaskuntza euskaraz jasotzeko izena ematen duten hiru urteko haurrak.

Euskararen aldeko gizarte-nahiaren islada den horren guztiaren arabera, Uharteko hiritar elebidunen kopurua, urteak pasa ahala, handituko dela aurreikus daiteke; hau da, Uhartek euskaraz ere dakiten gero eta hiritar gehiago izango ditu. Hiritar multzo horrek gero eta euskarazko zerbitzu gehiago eskatzeko eskubidea izango du, eta, ziur aski, halaxe egingo du, legeak ematen dizkion eskubide linguistikoetaz baliatuz. Eta Udalak, erabiltzailearentzako zerbitzu publikoa den aldetik, dagokion moduan erantzun beharko dio eskakizun honi.

Ordenantza honen helburu generikoa, beraz, Uharteko hiritarrei arreta eta zerbitzua, udal esparruan, euskaraz emango zaiela bermatzea da.

Baina Udalak zein hiritarrek duten nahi ageri horretaz gain, ondokoa ere aipatzekoa da: Espainiako Konstituzioak ondare kulturalari begirunea eta babesa emateko ardura ematen diela botere publikoei, Espainiako hizkuntzak ondare horren zati direlarik; abenduaren 15eko 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak herritarrek euskara ezagutu eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta euskararen berreskuratze eta garapena bermatzea helburu duela; lege horrek berak _Eremu Mistoan_ herritarrek administrazio publikoei euskaraz zuzentzeko eskubidea bermatzen duela eta plaza batzuetarako euskaraz jakitea derrigorrezkoa izatea eta beste batzuetarako merezimendutzat baloratzea aurreikusten duela.

Hori dela-eta, ondoko helburuak ditu ordenantza honek:

1. Hiritarrek nahi duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatzea.

2. Euskararen idatzizko erabilpenari buruzko araudia ezartzea.

3. Batzordea osatzea, euskaraz jakiteko eskatuko duten lanpostuak eta euskara lan-hizkuntza gisa erabil lezaketen administrazio prozedura ohikoenak zehaztuko dituena.

4. Euskara nola baloratuko den zehaztea, euskaraz jakiteko eskatuko ez duten lanpostuetarako.

5. Euskara bultzatzeko neurriak jorratzea.

Aipatu arauen arabera, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluei eta ondorengoei jarraikiz, ondoko ordenantza onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparruaren gainekoa

1. artikulua. Ordenantza hau Uharteko Udalean ezarriko da; Uharteko Udalak ondokoa biltzen du: Udala bera, zentzu hertsian, eta bere menpe dauden erakunde autonomoak.

2. artikulua. Udalaren eskuduntzako zerbitzuetan, gestiorako edozein era erabiliz hirugarrenek emanda, ordenentza honen IV. kapitulua ezarriko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanen gainekoa

3. artikulua. Uharteko Udalak eremu euskaldunetako edo euskara ere hizkuntza ofiziala aitortuta duten beste erkidegoetako administrazio publikoei zuzendutako agiri, jakinarazpen eta harreman administratiboak elebidun idatziko dira, salbuespenak salbuespen.

4. artikulua. Uharteko Udalak beste eremuetako administrazioei zuzendutakoa ere elebidun idatziko da, pixkanaka, baldin eta beste administrazioak harremanak elebidun hasi baditu.

III. KAPITULUA

Hiritarren eskubideen gainekoa

5. artikulua. Hiritarrek Uharteko Udalari euskaraz zein gaztelaniaz zuzentzeko eskubidea dute.

6. artikulua. Herritarrek Udalari euskaraz idazten badiote, euskaraz erantzungo zaie. Horretarako, baldin eta euskaraz hizkuntz gaitasuna duen langilerik ez balego, itzulpen zerbitzua erabiliko da; zerbitzuak hiritarrak eskatutakoaren eta berari jakinaraziko zaion Udalaren erabaki edo erantzunaren gaztelaniazko bertsio ofiziala emango du.

7. artikulua. Herritarrek Udalari euskaraz hitz egiten badiote, euskaraz erantzungo zaie.

8. artikulua. Xede horretarako, 6. eta 7. artikuluei jarraikiz, Udalak jarduera-plan bat diseinatu eta garatuko du jendea hartzeko lanpostuetan udal langile euskaldunak egongo direla bermatzeko, ordenantza honen V. kapituluak dioenari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanporako irudia

9. artikulua. Uharteko Udalak eta bere menpe dauden erakunde autonomoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte hiritarrei, orokorki hartuta, zuzentzeko:

Horregatik, ondokoa elebidun agertuko da:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta plaka informatiboak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzekoak.

c) Eraikin, kale eta gune publikoen errotulazioa.

d) Udalaren parke mugikorraren udal sail eta bulegoen errotulazioa eta langileen arropa eta uniformeena.

e) Turisten intereserako tokien, trafiko seinaleen eta zerbitzu-kontrolen seinaleztapen horizontal zein bertikala.

f) Udalak hiritarren eskura jartzen dituen dokumentu eta ereduak, administrazio prozeduren berri ematea helburu dutenak.

g) Udalerriaren irudi instituzionala edo kanporakoa emateko erabiltzen den gainontzeko komunikabide edo formatoak.

10. artikulua.

1. Karteletako osagarri guztiak elebidun agertuko dira.

2. Hiritarrei, orokorki hartuta, zuzendutako Udalaren jardueren gaineko propaganda eta informazio-foiletoak elebidun agertuko dira.

3. Kirol, kultur eta antzeko jardueren berri ematen dituzten foiletoetan, esku-programetan, katalogoetan etab.etan honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko osagarriak (tokia, data, ordua, ...) elebidun agertuko dira.

b) Jarduera beste mintzaira batean (ikuste-mintzairaz, musika-mintzairaz, plastika-mintzairaz, ...) egiten bada, bi hizkuntzetan emango da horren gaineko informazioa.

c) Aipatutako jardueraren trasmisioa gehienbat ahozkoa bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, ...) jarduera jorratuko den hizkuntzaz idatzi ahal izango dira esku-programak, katalogoak eta abar; jardueran nondik norakoaren laburpena beste hizkuntzaz eginen delarik.

11. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

1. Prentsan jarritako Udalaren iragarkiak elebidun agertuko dira.

2. Ikus-entzunezkoetan (irrati zein telebistan) egindako publizitatea elebidun izango da; hizkuntza bat nahiz bestea erabiltzen duten hiztun kopuruen arabera.

12. artikuluan. Argitalpenak.

Uharteko Udalaren eta bere menpe dauden erakundeen argitalpenak elebidun egingo dira guztion interesarako baldin badira eta hiritarrei, orokorki hartuta, zuzentzen baldin bazaie, turisten intereserako baldin badira edo Uharterako izaera enblematiko edo sinbolikoa baldin badute.

13. artikulua. Udalaren beraren komunikabideak eta Udalaren dirulanguntzak jasotzen dituzten horiek:

1. Elebidun egingo dira, baldintza berdinetan, titulu finkoak zein zenbaki batetik bestera aldatzen direnak, erreportaien goiburukoak, etab.ak.

2. Euskarazko laburpen bat egingo zaie gaztelaniaz egindako elkarrizketa, artikulu, etab.ei. Laburpena leiho batean, goikoburuan edo egokitzat joko den beste era batean jarriko da, ikusterraz egoteko moduan. Testuaren %25 eta 30 bitarte bildu beharko du laburpenak.

3. Euskaraz egindako artikulu, elkarrizketa etab.en gaztelaniazko laburpena era berean eta baldintza berdinetan egingo da. Testuaren %25 eta 30 bitartea bildu beharko du laburpenak.

4. Iragarkiak elebidun, oso-osoan edo partzialki, jartzeko aukera jakinaraziko zaie iragarleei; horretarako, Udalaren beraren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.

V. KAPITULUA

Langileen eta udalaren barneko funtzionamenduaren gainekoa

14. artikulua. Euskaraz jakitea eskatuko duten lanpostuak zehaztuko dira Udalaren urtebeteko plantilla organikoaren barruan. Aipatu lanpostuak jendaurrean arituko direnenak eta prozedura administratibo arautuekin lotura hertsiak dutenak izanen dira.

15. artikulua. Aurreko artikuluaren xedeetarako, teknikoki gaitua izango den batzordea osatuko da eta bere esku egonen da ondokoa: hiritarrekiko ahozko zein idatzizko harreman estuagoak dituzten udal eremuak eta administrazio prozedura ohikoenak aztertzea; aipatu eremu eta prozeduretako lanpostuen profil linguistikoak definitzea; zirkuitu elebidunak ikertzea, hiritarrei arreta euskaraz emango zaiela bermatzeko, eta jarduera-plan bat garatzea, zehaztutako profil linguistikoan sartu ahal izateko bide eta baliabideak ezartzeko. Aipatu helburua gauzatzeko, sei hilabetetik urtebeterako epea izanen du.

16. artikulua. Uharteko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan, Ordenantza honen 14. artikuluaren arabera euskaraz jakitea derrigorrez eskatzen dutenetan salbu, euskararen ezagutza merezimendutzat baloratu daiteke.

17. artikulua. Euskararen balorazioa kontuan hartzea baderitzo, hiritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan deialdiaren (oposizio gehi lehiaketa) puntu guztien %5 baloratuko da, eta deialdiaren (oposizio gehi lehiaketa) puntu guztien %10 hiritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan.

18. artikulua. Kapitulu honetan ezarritako xedeetarako, euskararen ezagutza egiaztatzeko eginen den profil linguistikoen proposamenean behar bezala zehaztua geratuko da.

Nolanahi ere, euskararen ezaguera-maila proba baten bidez egiaztatu behar izatekotan, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren teknikariengana joko da.

19. artikulua.

1. Euskara ikasi nahi duten udal langileei lagundu egingo zaie, ordenantza honek ezarritako helburuak beteko direla bermatzearren.

2. Aipatu helburuak betetzea xede izango duten prestakuntza linguistikorako planak antolatuko ditu Udalak. Planek lan-ordutegia murriztea, dirulaguntzak eta izan litezkeen ordezkapenak aurreikusiko dituzte, Nafarroako Gobernuak ezarrita duen eremuaren barruan.

3. Laguntza eta ezaguerak eskatu ahal izango zaizkie prestakuntza linguistikorako planetan sartutako udal langileei eta Udalean lan egin ahal izateko euskararen ezaguera-maila baloratu zaienei _baita beraien lanbideko edozein fasetan ere_, Uharteko Udalaren administrazioan egin behar duten lanean ezaguera horiek erabiltzeko.

VI. KAPITULUA

Euskararen sustapenaren gainekoa

20. artikulua.

1. Udalaren Euskara Batzordeak jarduera-programen proposamenak egingo ditu eta euskararen gaineko gaiei buruzko informazio-maila handitzea eta euskararen erabilera eta ezaguera gizarte-arlo guztietan suspertzea izango dute helburu. Proposamenak Udalean aurkeztuko dira.

2. Uharteko Udalak, besteak beste, Nafarroako Gobernuko ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta, era koordinatu batera, beste udal erakunde batzuekin batera hartuko du parte eskolatze kanpainan, euskara helduei irakasteko matrikulaziorako kanpainan, euskara familiaren barruan trasmititzeko kanpainan, euskara Udaletxean erabiltzeko kanpainan, euskarazko eta euskara sustatzen duten aldizkarietan eta udalekuetan.

21. artikulua. Udalaren Musika Ikastetxean musika-mintzaira eta edozein instrumentu euskaraz irakasteko eskaintza ahalbidetuko duten beharrezko pausoak emango dira, horretarako prest egon eta gai izango liratekeen irakasle-kopurua irakasle/ikasle ratioa eta kostua/eraginkortasuna erlazioa, beste alderdi batzuen artean, aztertu ondoren.

22. artikulua. Uharteko Udalak diru-kopurua esleituko du urteko bere Aurrekontuetan, euskara ikastaroetan parte hartu nahi duten udalerriko helduentzat; horretarako urtero plazaratuko den Deialdiaren araberakoa.

23. artikulua. Udalaren Kultur eta Kirol Arloek 3 eta 18 urte bitartekoentzat eskainitako euskarazko jarduera-kopuruak, normalean, bat egingo du euskarazko adarretan eskolatuak dauden aipatu adin bitartekoen proportzioarekin. Era berean, euskarazko kultur eta kirol jarduerak eskainiko dira helduentzako.

24. artikulua. Euskarazko kultur jarduerak eta euskara sustatu nahi dutenak bultzatuko dira eta dirulaguntza emango zaie herri ekimenetik bultzatutakoei.

25. artikulua. Uharteko Udalak, berarekin elkarlanean jarduten edo hiritarrekin harremana duten zerbitzuen enpresa publiko zein pribatuei eskatuko die, oro har, elebiz izan daitezela Uharteko bezeroei igorritako jakinarazpenak, ordainagiriak, inprimakiak, errotulazioa eta informazioa.

26. artikulua. Udalaren Haurtzaindegian, eta 0-3 urte bitartekoentzat LOGSE Uharteko udalerrian ezartzen den heinean, haurren hezkuntza euskaraz eskatzen duten eskariei erantzuna emanen zaie. Horrela, gurasoek beren seme-alaben hizkuntz eredua aukeratzeko duten eskubide librea bermatuko da. Hezkuntza publikoan ere era berean jokatuko da. Udalaren Ludotekan, Herri Liburutegian eta Gazteriaren Etxean, jarduera elebidunak bultzatuko dira, udal ordenantza honek ezartzen duenaren ildotik.

27. artikulua. Kapitulu honetan aipatutako jarduera eta ekimenak "Euskararen erabilpena udal esparruan normalizatzeko Nafarroako Gobernuak eta zenbait toki entitatek sinatutako Lankidetza Hitzarmena"-ren urteroko garapen programetan azalduko dira.

28. artikulua. Biztanle euskaldunak.

1._Uharteko Udalak, aldizka, ikerketa bat eginen du biztanle euskaldun portzentajea jakiteko; horrela, udalerriaren egoera soziolinguistikoari buruzko ezagutza hobea izateko eta haientzat kanpaina bereziak hobeto burutzeko. Eta, bere borondatez izena ematen duten hiritarrekin, Uharteko euskaldunen zentsua eginen du, berme guztiak dituela egin ahal izateko haientzako kanpaina bereziak.

2._Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, euskaldunen zentsuaren fitxategiak ondoko ezaugarriak izanen ditu:

a) Aurreikusten diren erabilerak eta helburua: soziolinguistika-eremuan lanerako tresna bat izatea programa bereziak lantzeko hiztunaren tipologia linguistikoaren arabera.

b) Ukitutako pertsonak eta taldeak: uharteko hiritarrak.

c) Datu bilketaren prozedura: datuak interesatuak edo haren legezko ordezkariak emanen ditu, inprimaki baten bidez.

d) Oinarrizko egitura eta fitxategian sartuko diren norberaren datuak:

1._Identifikatzeko datuak:

_Izen-deiturak.

_Helbidea.

2._Norberaren ezaugarrien datuak:

_Adina.

_Sexua.

_Ama hizkuntza.

3._Ikasketei eta lanbideari buruzko datuak:

_Prestakuntza.

e) Norberaren datuak uztea: fitxategiko datuak ez zaizkio utziko edo jakinaraziko, interesatuaz kanpo, inori ezta inolako entitateri ere. Datu horien Nazioarteko transferentziak ere ez dira eginen.

f) Fitxategiaren arduraduna: uharteko udala.

g) Baliogabetzeko, zuzentzeko eta sartzeko eskubideak erabili ahal izateko erakundea: Uharteko udalaren euskara Zerbitzua, San Juan plaza, 1 - 3.º, Uharte, K.P. 31620 (Nafarroa). Telefonoa: 948 33 10 53. Fax: 948 33 50 27. Posta elektronikoa: uharte@animsa.es

h) Segurtasun-Neurriak: oinarrizko segurtasun-plan bat ezarriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza hau indarrean hasiko da behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 15 egun igarota.

Bigarrena._Uharteko Udalaren Euskara Batzordeak ordenantza honen betetzearen segimendua egiteko eta bermatuko duen edozein gairen gaineko proposamenak egiteko ahalmena du.

Iragarkiaren kodea: L0416953