2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Ordenantza fiskala, prezio publikoak arautzen dituena San Isidro zahar egoitza eta psikogeriatrikoan zerbitzuak emateko. Behin betiko onespena
Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2025eko abenduaren 22an egin bilkuran eta erregelamenduzko quoruma zuela, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea honako honetan: ordenantza fiskala, prezio publikoak arautzen dituena San Isidro zahar egoitza eta psikogeriatrikoan zerbitzuak emateko. Iragarkia 2026ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 27an, eta behar bezainbateko publizitatea eman zitzaion Mankomunitatearen ediktuen taulan ere argitaratuta.
Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Irunberrin, 2026ko martxoaren 11n.–Mankomunitateko burua, Begoña Gogorcena Marín.
ORDENANTZA FISKALA, PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA IRUNBERRIKO SAN ISIDRO ZAHAR EGOITZA ETA PSIKOGERIATRIKOAN ZERBITZUAK EMATEKO
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen babespean ezartzen da (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga-egitatea da zahar egoitzako eta egoitza psikogeriatrikoko zerbitzua ematea, zentroaren bi zati horietarako ezarrita dauden arauen arabera.
Ezarritako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra
3. artikulua. Ordaintzeko betebeharra sortzen da San Isidro zahar egoitzako eta psikogeriatrikoko plaza bat esleitzen denean, ezarritako arauen arabera esleitu ere, eta onartua izaten denetik aurrera sortzen da, plaza erabili ala ez.
Subjektu pasiboak
4. artikulua. Subjektu pasiboak dira San Isidro zahar egoitzako eta psikogeriatrikoko plaza esleitua dutenak.
Prezio publikoaren sortzapena
5. artikulua. Plaza esleitutakoan, une horretatik aurrera sortuko da prezio publikoa, zentroan sartzen den hilabeteari dagokiona. Hurrengoetarako, hilabete osoak eta naturalak hartuko dira aintzat, subjektu pasiboak (egoiliarra) egoitza utzi arte. Sortzapena (hilabeteko kuota ordaintzeko betebeharra) hilabete natural bakoitzeko lehenbiziko egunean izanen da. Egun horretan (hilaren 1ean) zentroan izena emanda egoteak sortuko dio egoitzari kobratzeko eskubidea.
Sartzeko eguna jarrita, hura hilabete naturalarekin bat heldu ez bada, dagozkion egun naturalen hainbanaketa eginen da hilabetearen likidazioa zehazteko, 30 eguneko hilabetea oinarri hartuta.
Azkeneko eguna hilabete naturalarekin bat heldu ez bada, hilabete osoa likidatuko da, hala ekartzen baitu hilaren 1ean izena emanda egoteak.
Borondatezko baja ematen denean, gutxienez ere bi aste lehenago jakinaraziko da, idatziz, eta hurrengo hilabetearen lehenbiziko eguna baino lehen, egun horretan izena emanda ez egoteko. Bajaren berririk izan ezean edo aipatu bezala jakinarazi ezean, hilaren 1ean egoitzan jarraitzen duela ulertuko da, eta hilabetekoa ordaintzeko betebeharra sortuko da. Paragrafo honetan xedaturiko guztia aplikatuko da, bajaren arrazoia edozein dela ere.
Ospitaleratze kasuetan, ez da deskonturik aplikatuko egoitzan esleitutako plazaren prezioan.
Nafarroako Gobernuarekin itundutako plaza bada, horretarako ezarrita dagoenari jarraituko zaio, baita prezioei dagokienez ere.
Tarifak
6. artikulua. Ordenantza honen prezio publikoak eranskinean ageri diren tarifen arabera likidatuko dira.
Tarifen zenbatekoa finkatzerakoan, aintzat hartuko da egoitzako teknikarien balorazioaren arabera esleitutako plaza. Zenbatekoa urtero berrikusiko da, eguneratzeko. Eguneratu ezin bada, Nafarroako Foru Komunitatearen KPIa aplikatuko zaio prezioari.
Erabiltzaileak ezin badu ordaindu plazarako jarritako prezio osoa, zentroaren zerbitzu teknikoek emandako kalifikazioaren araberakoa, ordaindu gabeko zenbatekoa zorretan izanen du egoitzarekin.
Egoitzako teknikariek eginen dituzte plazen balorazioa eta kalifikazioa. Horretarako, egokitzat jotzen dituzten irizpideak erabiliko dituzte, baita Nafarroako Gobernuak emandako balorazioa erreferentzia gisa hartu ere, ezagutzen badute.
Kudeaketa-arauak
7. artikulua. Zerbitzua kudeatzen duen pertsonak edo enpresak kobratuko du prezioa hilean behin, hilabeteko aurrerapenarekin. Dirua egoitzaren kontuan sartuko da zehazten den moduan.
Beharrezkoa jotzen bada, gehienez ere hilabeteko fidantza kobratu ahal da honelako gastuei aurre egiteko: borondatezko bajak direnean, aurreabisua gaizki ematea edo ez ematea, ez ordaintzeetan edo kalteak izaten direnean.
8. artikulua. Egoitzako plaza bat eskuratzeko, horretarako den inprimakiaren bidez eskatu behar da, idatziz. Plaza itunduetan, Nafarroako Gobernuak xedatzen duen irizpideari jarraituko zaio.
Hauek erantsiko zaizkio eskabideari:
–Medikuaren txostena.
–Gizarte egoerari buruzko txostena.
–Egiaztagiriak, honako hauetakoak: pentsioa, finantza-kontuak, katastroa, ondareei buruzko erregistroa eta errenta aitorpena.
–Erroldatzea.
–NANa.
–Osasun-txartel indibiduala.
–Mendekotasunaren balorazioa.
Egoki jotzen bada, beste edozein agiri osagarri edo argigarri ere eskatu ahalko da.
Plaza esleitzeko, kontratu bat sinatuko da egoitzaren eta egoiliarraren artean.
ORDENANTZA, PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA IRUNBERRIKO SAN ISIDRO ZAHAR EGOITZAN ADINEKOENDAKO ZERBITZUAK EMATEKO. ERANSKINA
ZERBITZUA | MENDEKOTASUNA | 2026KO HILEKO TARIFA |
Zahar egoitza | Mendekotasunik ez dutenak | 1.705,80 |
Zahar egoitza | Mendekotasun arina | 1.998,58 |
Zahar egoitza | Mendekotasun larria (mendekotasunaren balorazio ofizialik gabe) | 2.426,08 |
Zahar egoitza | Mendekotasun handia (mendekotasunaren balorazio ofizialik gabe) | 2.426,08 |
Zahar egoitza | Mendekotasun larria (mendekotasunaren balorazio ofizialarekin) | 3.274,08 |
Zahar egoitza | Mendekotasun handia (mendekotasunaren balorazio ofizialarekin) | 3.274,08 |
Eguneko egonaldiak (al.-or.) | 8 ordu egunean | 1.143,34* |
Itundua | Psikogeriatria unitatea | 3.677,26 |
* Oharra: Zerbitzu guztiak BEZetik salbuetsita daude. Eguneko egonaldien zerbitzuetan ez da garraioa sartzen eta zentroan 8 orduz egon ahalko da.
Balorazioen eta aplikatutako tarifen artean desadostasunik balego, lehentasuna izanen du Irunberriko San Isidro zahar egoitzaren irizpideak.
Iragarkiaren kodea: L2606418