1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
216E/2026 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ofizioz baja ematen baitzaio BROTALIA SLri (IFZa: B71309314) Kimuen Ekoizpenerako Operadoreen Erregistroan.
BROTALIA SL enpresak (IFZa: B71309314) baimena du kimuen ekoizpenerako operadore izateko, eta Kimuen Ekoizpenerako Operadoreen Erregistroan inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: ES153100001) Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 24ko 699/2018 Ebazpenaren bidez.
Ebazpen horretan adierazten denez, baimena mugagabea da, eta noiznahi eten edo errebokatu daiteke, baldin eta operadoreak uzten badio baimena justifikatu zuten baldintzak betetzeari. Halaber, adierazten da kimuen ekoizpenerako operadoreak Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari jakinarazi behar diola jarduteari uzten badio, jarduera utzi eta hilabeteko epean.
Maiatzaren 30eko 379/2014 Errege Dekretuan arautzen da zein baldintzatan aplikatuko den Europar Batasuneko araudia kimuen eta kimuak ekoiztera bideratutako hazien sektorean, establezimenduak baimentzeari, higieneari eta trazabilitateari dagokienez. Arau horretan ezartzen denez, baimenak noiznahi eten edo errebokatu daitezke, baldin eta operadoreak uzten badio baimena justifikatu zuten baldintzak betetzeari.
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak urtero ikuskapenak egin ditu Kimuen Ekoizpenerako Establezimenduen Kontrol Ofizialeko Planaren barnean, eta, egiaztatu denez, enpresaren ekoizpena ez da urterokoa, taldeko beste enpresa batzuetara bideratzen da, eta azken ekoizpenean, 2023koan, bi urtez erabiltzeko beste ekoitzi zen, 2024ko azaroaren 20ko ME/24/045 kontrol-aktaren arabera. 2025eko uztailean, enpresak mezu elektroniko baten bidez jakinarazi zuen jarduteari utzi ziola, eta, hortaz, bidezkoa da Kimuen Ekoizpenerako Operadoreen Erregistroan baja ematea.
Azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu horretan ezartzen dira nekazaritzako ekoizpen-bideak kontrolatzeko eskudantziak elikagaien segurtasunaren eta landareen osasuna kontrolatzearen esparruan, eta, Nekazaritza Zerbitzuan, Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak ditu eskudantzia horiek, eta indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, baita atal horri bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.
Ikusirik Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalaren txostena, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez emandako eskumenak,
EBAZTEN DUT:
1. Baja ematea BROTALIA SLri (IFZa: B71309314) Kimuen Ekoizpenerako Operadoreen Erregistroan (erregistro-zenbakia: ES153100001), kimuak ekoizteko jarduera bertan behera uzteagatik.
2. Ebazpen hau Brotalia SLri jakinaraztea, eta igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Elikagaien Ekoizpeneko Osasunaren eta Animalien Ongizatearen Zuzendaritza Nagusira.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 30ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
Iragarkiaren kodea: F2606465