99. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

263/2026 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erregimen estentsiboko behi-haziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzen 2026ko deialdia onesten baita. DDBN kodea: 902903.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 353/2024 Ebazpenaren bidez, 2024-2029 aldian erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Gaur egun, gero eta abeltzain gehiago ari dira eskatzen abere-taldea kontrolatzeko hesi birtualek eskaintzen dituzten aukerak, nahiz eta haien ezarpena kostuagatik baldintzatua dagoen.

Itxitura birtualek larre-eremu bat mugatzea ahalbidetzen dute, hesiak jarri beharrik gabe, ganadua bertan modu kontrolatuan egon dadin, abeltzainak urrutitik gainbegiratuta. Proposamenaren helburua da erregimen estentsiboko abeltegien bideragarritasuna eta errentagarritasuna handitzea, landa-eremuan etorkizunerako aukera hobea izateko.

Behi-haziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek deklaratzen du nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa).

Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu nahiz estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Laguntzen estatuko araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoen iraupena, oro har, nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoen berbera izan ohi da.

Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso zuela adierazi zuen, eta SA.114908 laguntza-zenbakiarekin erregistratu zuen salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Nafarroako Foru Komunitateak, ebazpen honen bidez, onetsi egiten du erregimen estentsiboko behi-haziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzen deialdia 2026ko ekitaldirako.

Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berrikuspen eta eguneraketan sartzen da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2025eko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez onetsi zen, XV. eranskinaren barnean.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko 2026. urterako deialdia.

2. Hilabeteko epea dago 2026an laguntza eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. Deialdi honi aplikatu zaio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 353/2024 Ebazpena, zeinaren bidez 2024-2029 aldian erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri baitziren (uztailaren 1eko 525/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zen).

4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 353/2024 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 94.500 euroko gastua baimentzen da, 2026ko Aurrekontu Orokorretako gastu-aurrekontuen "(E) Hesi birtualerako lepokoak erosteko laguntza" izeneko 710004-71300-4700-412211 partidaren kargura.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 29an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2606444