99. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2061E/2026 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2026rako gastua baimentzen baita dirulaguntza honetarako: Nafarroako ekimen sozialeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntza, eta oinarriak aldatzen baitira. DDBN kodea: 883319.

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta laneratzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2026a baino lehen onetsita daude.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2026rako gastua baimentzea dirulaguntza hauetarako: Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak.

Ekonomia soziala funtsezko eredu ekonomikoa da desgaitasuna duten pertsonentzako laneratzea, gizarte-kohesioa eta kalitatezko enpleguaren sorrera sustatzeko. Ekimen sozialeko enplegu zentro bereziek jarduten dute ekonomia sozialak sustatzen dituen funtsezko printzipioak eta helburuak oinarri hartuta, bai eta horiek barne hartuta eta bere eginda ere; hala, lehenetsi egiten dituzte desgaitasuna duten pertsonak, batik bat enplegagarritasunari dagokionez zailtasun handienak dituzten eta desgaitasuna duten pertsonak. Gainera, deslokalizazio-arriskurik gabeko enpresak dira, eta haien helburuak estu lotzen zaizkie jarduera gauzatzen duten gizarte-sarearen beharrei, eta behar horiei erantzuten diete. Azken batean, enplegu zentro bereziak entitate sozialak dira, eta haien helburua da lankidetza politikak, elkartasun politikak, pertsonen arteko ekitateko politikak eta kohesio sozialarekiko erantzukizuneko politikak sustatzea. Horregatik, erabaki da enplegu zentro berezietan inbertsioak sustatzeko deialdia ekimen sozialekoetara zuzentzea, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 43. artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez, deialdi horren oinarriak onetsi ziren, eta maiatzaren 20ko 1462E/2020 Ebazpenaren, apirilaren 27ko 2322E/2023 Ebazpenaren eta ekainaren 11ko 1974E/2024 Ebazpenaren bidez aldatu.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026rako deialdia onestea dirulaguntza honetarako: Nafarroako ekimen sozialeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntza.

2. 150.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

950001, 96100, 7709, edo 241203 Enplegu zentro berezietan egiten diren inbertsioetarako laguntzak

2026

150.000

3. Maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren oinarri hauek aldatzea:

3.1. Deialdiaren 1. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

"1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Nafarroako ekimen sozialeko enplegu zentro bereziei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea du xede deialdi honek, inbertsioak egin ditzaten, horiei esker beren lehiakortasuna indartzeko eta beren lan jarduera, enplegu sorkuntza eta enpleguaren kalitatea faboratzeko.

Oinarri hauen babesa izateko, enplegu zentro bereziek Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak, zein den ere enpresaren egoitza soziala".

3.2. Deialdiaren 3. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

"3.–Dirulaguntzen onuradunak.

Oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira enplegu zentro berezietako entitate titularrak, berezko nortasun juridikoa badute eta Nafarroako Foru Komunitateko Enplegu Zentro Berezien Erregistro Liburuan halako gisara inskribaturik baldin badaude, Enplegu Zentro Berezien Erregelamendua onesten duen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat. Horrez gainera, onuradunak ekimen sozialekoak izanen dira, eta Nafarroan egiaztatu ondoren gutxienez bi urteko jardunbidea eduki beharko dute.

Ekimen sozialeko enplegu zentro berezi izanen dira entitate batek edo batzuek (publikoak zein pribatuak) zuzenean edo zeharka %50etik gorako sustapena edo partaidetza duten enplegu zentro bereziak, baldin eta entitate horiek irabazi-asmorik ez badute edo beren estatutuetan izaera soziala aitortuta badute (elkarteak, fundazioak, zuzenbide publikoko korporazioak, ekimen sozialeko kooperatibak edo ekonomia sozialeko beste entitate batzuk).

Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, merkataritza sozietateen titulartasunekoak diren enplegu zentro bereziak, baldin eta merkataritza sozietate horien kapital sozialaren gehiengoa lehen aipatutako entitateren baten jabetzakoa bada (zuzenean edo zeharka, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan araututako sozietate nagusiaren kontzeptuaren bidez), eta, betiere, beren estatutuetan edo akordio sozialean ezartzen bada onura guztiak berrinbertitu behar dituztela desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu aukerak sortzeko eta beren lehiakortasuna eta ekonomia sozialeko jarduera etengabe hobetu behar dutela. Nolanahi ere, berrinbertitzen ahalko dute enplegu zentro berezian bertan edo ekimen sozialeko beste enplegu zentro berezi batzuetan".

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2606317