99. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2026 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako kontsumitzaileen erakundeentzako dirulaguntzen deialdia onesten duena 2026rako. DDBN kodea: 901612.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen abenduaren 12ko 34/2022 Foru Legeak asoziazionismoa aitortu eta sustatzen du 33. eta 35. artikuluetan; zehazki, beren jarduera Nafarroako lurralde eremuan garatzen duten erabiltzaileen eta kontsumitzaileen erakundeak hartzen ditu pertsona horien interesak defendatzeko parte hartzeko eta ordezkatzeko bide gisa.

Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren eskumenetako bat da kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesten eta defendatzen dituzten erakundeak garatu daitezela sustatzea, eta, arrazoi horrengatik, aurten laguntzen deialdi bat onetsi du erakunde horientzat, aholkularitzan, defentsan eta informazioa zabaltzean garatzen dituzten zereginak bete ditzatela sustatzeko.

Azaldutako guztian oinarrituta, Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Ataleko buruaren txostena ikusirik, kontu-hartzaile delegatuaren adostasunarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziaz erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako kontsumitzaileen erakundeentzako dirulaguntzen 2026ko deialdia.

2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko da: 830004 83300 4819 492300 partida, "Kontsumitzaileen kolektiboentzako dirulaguntzak" izenekoa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.

ERANSKINA.–NAFARROAKO KONTSUMITZAILEEN ERAKUNDEENTZAKO 2026KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen onura publikoko xedea da kontsumitzaileen interes legitimoak eta eskubideak defendatzeko, ordezkatzeko eta kontsultatzeko eratutako erakundeen jarduera sustatzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira honako betekizun hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen erakundeak:

a) Jarduera Nafarroan garatzea eta deialdia argitaratzen den egunean azaroaren 5eko 237/2007 Foru Dekretuaren bidez sortutako Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan izena emanda izatea eta bertan ezarritako betebehar guztiak betetzea.

b) Kontsumoaren inguruko erreklamazioak kudeatu, artatu eta kontsultatzeko zerbitzu bat izatea eta Zuzenbideko tituludunak izatea horri atxikita.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere. Deialdi hau onesten duen ebazpenari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Exijitutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, laguntzaren eskabide inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.

3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo baliokideak, behar adinako ordezkaritza-ahala duenak, sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartzen den data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, agiri horiek laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako agiriak ezin badira lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko dira.

Epe hori eskatutako agiriak aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

a) Kontsumitzaileak babesteko araudiari buruzko prestakuntza prestatzea eta ematea.

b) Aipatutako araudiarekin lotuta, komunikabideetan (irratia eta telebista) agertzea aipatutako araudiarekin lotuta.

c) Informazio-materiala egitea eta zabaltzea, bai eta bideoak editatzea eta zabaltzea ere, kontsumo jasangarria, arduratsua eta osasungarria sustatzeko.

d) Laguntza juridikoa ematea kontsumitzaileei.

2. Nahitaez, 1. ataleko a), b) eta c) letretako jarduketa batzuk honako gai hauei buruzkoak izan beharko dira:

–Kontsumo arduratsua honako aldi hauetan: Gabonetan, merkealdietan eta Black Fridayn.

–Kontsumo osasungarria: elikagaien nutrizioa eta etiketatzea.

–Kontsumo jasangarria: etxetresna elektrikoen iraunkortasuna eta konponketa, eta elikagai-xahuketaren prebentzioa.

–Eskaintza komertzialaren baldintzak eta energia-hornidurako kontratuak.

–Online erosketetan atzera egiteko eskubidea.

–Genero berdintasunarekin lotuta 4. oinarrian jasota daudenak.

3. Horrez gain, nahi izanez gero honako beste gai hauek jorratzen ahal dira: elikagaietako etiketaren ezagutza; hipoteka kredituen kontratazioa; ibilgailu motordunen eta etxetresna elektrikoen erosketa; pakete integratuak; energia elektrikoaren, gasaren eta erregaien horniketa etxeetarako; pertsonen aireko garraioa; telefono mugikorren zerbitzuak; etxeko konponketak; informatikako, elektronikako, telefoniako eta telebistako arloetako zerbitzuen kontratazioa; arropen eta oinetakoen erosketa eta abar.

4. oinarria.–Genero berdintasuna.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeren 18. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte benetako genero berdintasuna lortze aldera:

1. 3.2 oinarriak aipatzen dituen gaiak honako hauek dira:

a) Emakumeen kosifikazioa ondasun eta zerbitzuen publizitatean.

b) Genero arrakala produktu digitalen esparruan eta ondasun eta zerbitzuen kontratazio digitalean.

c) Emakumeen higiene intimoko produktuen prezio eta karga handiak.

d) Jostailuak eta beste produktu batzuk estereotipo sexisten arabera diseinatzea.

e) Kontsumitzaileak babestearen markoan genero berdintasunari eragiten dioten beste edozein gai.

2. 3.1 oinarriko d) letrako jarduketaren kasuan, emandako laguntza juridikoari buruzko datuen bilketa sexuaren arabera bereizita egonen da, eta laguntza eman zaien emakumeen eta gizonen kopurua adieraziko da.

3. Jarduketa diruz lagungarri guztietan erabilitako hizkera inklusiboa eta ez-sexista izanen da.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak, jarduketa motaren arabera, kasu bakoitzean adierazten diren mugekin:

a) Prestakuntza prestatzea eta ematea.

Prestakuntza prestatu eta eman duten langileen gastuak (erakundeko langileak) nominako zenbateko gordinaren arabera, gehienez ere 250 euro orduko.

Halaber, gastu diruz lagungarritzat onartzen da 0,35 euro/kilometroko zenbatekoa, prestakuntza emateko erakunde onuradunaren egoitza sozialetik prestakuntza ematen den tokira joateko eta bertatik itzultzeko egindako bidaiagatik. Kilometroen kalkulua Google Maps aplikazioa erabilita eginen da, puntu bien arteko distantzia hartuta.

b) Komunikabideetan agertzea.

Irratiko nahiz telebistako parte-hartzea egin eta prestatu duten langileen gastuak nominako zenbateko gordinaren arabera, gehienez ere 250 euro agerraldiko (agerraldiek, gehienez, 30 minutu iraunen dute). Parte-hartzeak ordu erditik gorakoak badira, muga agerraldiko 500 eurora handitzen da.

c) Informazio-materiala egitea eta zabaltzea, bai eta bideoak editatzea eta zabaltzea ere, kontsumo jasangarria, arduratsua eta osasungarria sustatzeko.

Informazio-materiala prestatu eta zabaldu edo bideoak editatu eta zabaldu dituzten erakundeko langileen gastuak, nominako zenbateko gordinaren arabera, bai eta hirugarrenekin hitzartzea dokumentazioa diseinatzeko eta inprimatzeko lanak eta ikus-entzunezko materiala prestatzeko, banantzeko eta zabaltzeko lanak.

Informazio-materiala egin eta zabaltzeagatik gehienez ere 6.250 euroko dirulaguntza ematen ahalko da. Gehienez ere 5 dokumentu laguntzen ahalko dira diruz. Dokumentu bakoitza gehienez ere 1.250 eurorekin finantzatuko da. Hala ere, laguntza murrizten ahalko da dokumentuen edukiak ez badu informazio nahikoa eta egokia jasotzen diruz lagundu daitekeen gaiari buruz, edo materialen kalitatea ez bada egokia.

Bideoak editatu eta zabaltzeagatik gehienez ere 6.250 euroko dirulaguntza ematen ahalko da. Gutxienez ere 5 minutu irauten duen bideko bakoitzeko, 1.250 euro emanen dira gehienez. Aldiz, 5 minututik behera irauten badu, 625 euro emanen dira.

Dena den, laguntza murriztuko da bideoen edukiak ez badu informazio nahikoa eta egokia jasotzen diruz lagundu daitekeen gaiari buruz, edo bideoen kalitatea ez bada egokia.

d) Laguntza juridikoa ematea kontsumitzaileei.

Kontsumoaren inguruko laguntza juridikoa ematen izan diren langileen gastuak, nominaren zenbateko gordinaren arabera.

500 laguntza lagunduko dira diruz gehienez ere, laguntza bakoitza 25 eurotan.

2. Diruz laguntzen ahal den gastuaren %100eko laguntza emanen da, eta 12.500 euro gehienez jarduketa bakoitzeko. Diruz laguntzen ahal den jarduketa esleitzeko, lerro bakoitzeko dirulaguntzan lortutako puntuak hartuko dira kontuan. Ondorio horietarako, baimendutako guztizko gastua zati dirulaguntza jasoko duten eskaerei esleitutako puntuen guztizko kopurua eginen da.

Baldin eta kontsumitzaileen erakunde bakarra aurkezten bada deialdira, ez da beharrezkoa izanen ezarritako balorazio-irizpideen arabera baloratzea eskaera. Dena den, erakundeak onuradun izateko ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu nahitaez.

6. oinarria.–Gauzatzeko aldia.

1. Jarduketak gauzatzeko epea 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra artekoa izanen da.

2. Gauzatzeko aldiaren barruan onuradunek jarduketa egin eta ordainketa diruz lagungarriak fakturatu eta ordaindu behar dituzte.

7. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Hauxe da eskaera telematikoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa (laguntzen fitxan eskura dauden ereduak erabili behar dira, eta behar bezala sinatuta igorri):

a) Eskaeraren inprimakia, gutxienez ere honako eduki hau jasotzen duena:

–Laguntza zer jarduketatarako eskatzen den.

–Bazkide kopurua, Nafarroako Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoetan (OMIC) arreta jaso duten pertsonak eta Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako erreklamazioetan erreklamatzaileei zenbatetan eman zaien aholkularitza, bai eta Zuzenbideko titulua duten langileak ere.

–Erantzukizunpeko adierazpena, 2.1 oinarrian ezarritako betekizunak betetzeari buruzkoa.

b) 2.3 oinarrian merkataritzako eragiketetako berankortasunaren inguruan aplikatzekoa den araudia betetzeari buruz exijitutako dokumentazioa, salbu eta dokumentazio hori dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako hilabeteko epean aurkezten bada.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Kontsumo Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

2. Hauek dira jarduketa bakoitza baloratzeko irizpideak:

2.1. Prestakuntza prestatzea eta ematea (10 puntu gehienez).

IRIZPIDEA

PUNTUAK

a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean.

2

b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoetan 2025ean.

2

c) Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2025ean.

2

d) Prestakuntzako jarduerak egokitzea kontsumitzaileak babesteari buruzko gaiari.

3 arte

e) Kontsumo jasangarri, arduratsu eta osasungarriarekin lotutako gaiak sartzea.

1

2.2. Komunikabideetan parte hartzea (10 puntu gehienez).

IRIZPIDEA

PUNTUAK

a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean.

1

b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoetan 2025ean.

1

c) Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2025ean.

1

d) Parte hartu den komunikabidearen lurralde esparrua zein den: tokikoa (udalerri bat), puntu 1; eskualdekoa (hainbat udalerri), 2 puntu; forukoa (Nafarroa osokoa), 3 puntu

3 arte

e) Komunikabideetan egindako agerpenak egokitzea kontsumitzaileak babesteari buruzko gaiari.

3 arte

f) Kontsumo jasangarri, arduratsu eta osasungarriarekin lotutako gaiak sartzea.

1

2.3. Informazio-materiala egitea eta zabaltzea, bai eta ikus-entzunezko materiala editatzea eta zabaltzea ere, kontsumo jasangarria, arduratsua eta osasungarria sustatzeko (10 puntu gehienez).

IRIZPIDEA

PUNTUAK

a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean.

1

b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoetan 2025ean.

1

c) Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2025ean.

1

d) Informazio-materialaren eta ikus-entzunezko materialaren edukiaren eta edizioaren kalitatea.

–Materiala egiteko erabilitako paper mota (kartoi mehea, folioa, paper birziklatua, paper satinatua...).

–Materiala inprimatzeko erabilitako koloreen kopurua.

–Diptikoa, triptikoa, tipografia argia eta koherentzia grafikoa.

–Irudiaren kalitatea (grabazioaren bereizmena: 4K, Full HD, HD txikia).

–Soinuaren kalitatea: kanpoko mikrofono profesionala, kameran txertatutako mikrofonoa edo oinarrizko kaptazioko mikrofonoa.

3 arte

e) Informazio-materiala eta bideoak egokitzea kontsumitzaileak babesteari buruzko gaiari.

3 arte

f) Kontsumo jasangarri, arduratsu eta osasungarriarekin lotutako gaiak sartzea.

1

2.4. Laguntza juridikoa ematea kontsumitzaileei (10 puntu gehienez).

IRIZPIDEA

PUNTUAK

a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean.

2

b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoetan 2025ean.

2

c) Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2025ean.

2

d) 2 puntu Zuzenbideko tituluduna den langile bakoitzeko.

4 arte

3. Kontsumo jasangarri, arduratsu eta osasungarriari buruzko irizpideak izaera etiko eta gizarte erantzukizuneko gaiak lantzea eskatzen du, hala nola: produktuen berrerabilpena, konpongarritasuna eta birziklapena, erosketekiko adikzioa eta kontsumismoa, hondakinak sortzea ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean, elikagaien xahubidea murriztea, greenwashing-a edo zuritze ekologikoa, etab.

4. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa egonez gero, berori ebazteko kontuan hartuko da zeinek eman duen laguntza kopuru handiagoa Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako erreklamazioetan, zeinek artatu dituen pertsona gehiago Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoetan, eta, azkenik, zeinek duen bazkide gehiago.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Kontsumo Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean (GHEb), eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Onuradunek 2026ko azaroaren 7ra arteko epea izanen dute egindako jarduketak justifikatzeko; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez.

a) Laguntzen fitxan dagoen justifikazioaren inprimakia, behar bezala osatuta.

b) 3. oinarriko jarduketa diruz lagungarrietan parte hartu duten erakundeko langileen nominak.

c) Prestakuntza ekintza bakoitza egin dela egiaztatzen duen ziurtagiria, udal bakoitzean edo beste erakunde publiko/pribatu batean formalizatua. Prestakuntza ekintzaren data, lekua, iraupena eta izenburua adieraziko da.

d) Prestakuntza ekintza bakoitza sustatzeko kartela.

e) Prestakuntza ekintza bakoitzera joan direnen kopuruaren erantzukizunpeko adierazpena.

f) Komunikabideetako espazioetan agertu izanaren ziurtagiria edo txostena, espazio horietako arduradunek egina.

g) Erabat editatutako informazio-dokumentuak.

h) Guztiz editatutako bideoak eta internetetik eskuratzeko esteka.

Dokumentuak/bideoak editatzeko, banatzeko eta zabaltzeko zeregina (diseinu grafikoa, inprenta/grabazioa eta edizioa) hirugarrenekin hitzartu bada, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira (bankuko transferentziak, bankuko txartel nahiz ordainketa-aplikazio bidez ordaindu izanaren ziurtagiria, legezko ordezkariak formalizatutako ordainagiriak edota ordainketa egiaztatzeko beste modu fede-emaile bat) eskaera aurkeztu zuenaren izenean edota erakunde eskatzailea ordezkatzeko ahala duen beste baten izenean. Fakturek eta ordainagiriek 6. oinarrian adierazitako epearen barneko data izan beharko dute.

i) 2026an emandako laguntza juridikoen kopuruari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntza juridikoa jaso duten emakumeen eta gizonen kopuruak bereizita. Dena den, horrek ez du galaraziko Kontsumo Zerbitzuak egiaztapenak egitea edo errekeritzea onuradunari.

2. Adierazitako epean eta moduan justifikatzen ez diren gastuak ez dira diruz lagunduko.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

12. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. 3.1 oinarriko c) letrako jarduketaren kasuan, onuradunek informazio-dokumentuen diseinu grafikoari eta horiek inprimatzeko edo banatzeko lanen edo bideoak editatu eta zabaltzeko lanen %100 arte azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat edo osorik gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

3.1 oinarriko gainerako jarduketak ez dira kontratatzen eta azpikontratatzen ahalko.

2. Onuradunek haiekin lotutako enpresekin azpikontratatu ahal izanen dute informazio-materiala editatzea (diseinu grafikoa eta inprimaketa) edo banatzea, baldin eta:

a) Oinarri hauetan zehaztutako gastu diruz lagungarriak badira.

b) Laguntza eskaeran jasotzen bada, eta baimentzen bada, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzen badira onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (langileek lan egindako ordu kopurua zenbateko gordinaren arabera).

d) Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Eskatzaileek uneko urtean eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Kontsumo Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

18. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, oinarriok argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

Iragarkiaren kodea: F2606211