1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
216E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez eratzen baita Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) Etengabeko Prestakuntza Koordinatzeko Batzordea.
Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari dagokio osasun-sistema publikoko zentroen eta eremuen prestakuntza-plan koordinatuaren plangintza estrategikoa egitea, baita Osasun Departamentuaren etengabeko prestakuntzako irakaskuntza-plana planifikatzea, kudeatzea eta ebaluatzea ere, bat etorriz Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuan ezarritakoarekin. Eginkizun horiek Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Atalaren bidez garatzen dira, haren ardura baita, besteak beste, etengabeko prestakuntzako irakaskuntza-planak planifikatzea, kudeatzea eta ebaluatzea, batez ere Osasun Planaren helburu estrategikoak betetzera bideratuta.
Halaber, zenbait kudeatzailetzaren ardurapean daude osasun- eta administrazio-zerbitzuetako langileen prestakuntza, hobekuntza eta eguneratzea, Osasun Departamentuarekin koordinatuta, bat etorriz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuan ezarritakoarekin. Zehazki, eginkizun horiek dituzte Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetzak, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak, Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak eta Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak. Eginkizun horien barnean daude, besteak beste, prestakuntza-beharrak definitzea eta dagokion eremuko profesionalentzako prestakuntza-planak garatzea.
Halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuan ezartzen denez, erakunde horri dagokio osasun publikoarekin eta lan-osasunarekin loturiko prestakuntza-planak garatzea, profesionalei zuzenduta.
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun-administrazioak osasun-arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, ezagutza profesionala herritarren beharretara hobeki egokitzeko, Osasun Zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatzeko eta ezagutza une oro eguneraturik izateko.
Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako Etengabeko Prestakuntzarako Batzordearen eraketak helburu du profesionalen etengabeko prestakuntzaren arloko koordinazioa antolatzea, inplikatutako alderdi guztiak aintzat hartuta: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetza, Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetza, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetza, Osasun Mentaleko Kudeatzailetza, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza eta Zerbitzu Zentralak (guztiak ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak), Osasun Publikoaren Institutuko Kudeatzailetza, eta Osasun Departamentua bera.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2004 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin ere.
AGINTZEN DUT:
1. Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako Etengabeko Prestakuntza Koordinatzeko Batzordea eratzea, partaidetza-foro horretan ordezkatuta egon daitezen Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan etengabeko prestakuntza antolatzearen ardura duten eragile guztiak.
2. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Aditzera ematea zein egoeratan dauden osasun-sistema publikoko zentroen eta eremuen prestakuntza-plan koordinatuko ekintzak, xede dutenak batez ere Osasun Planeko eta estrategia korporatiboetako helburu estrategikoak betetzea.
b) Aditzera ematea zein irizpide orokor erabiliko diren Nafarroako Osasun Sistema Publikoko profesionalen etengabeko prestakuntza planifikatzeko, antolatzeko eta ebaluatzeko.
c) Eremu bakoitzean hautemandako premiak zein diren jakitea, eta antolaketan detektaturiko prestakuntza-premiak bateratzea, bereziki zentro edo eremu zehatz batetik haratago badoaz.
d) Etengabeko prestakuntzako urte anitzeko prestakuntza-planaren idazketa koordinatzea.
e) Nahitaezko prestakuntza-programen berri ematea, halakorik ezartzen bada Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan, eta ekintzak koordinatzea.
f) Prestakuntzan berrikuntza eta teknologia berrien erabilera sustatzea.
g) Identifikatzea zer baliabide behar diren prestakuntza-jarduerak kudeatzeko, antolatzeko eta garatzeko, eta haiek koordinatzea.
h) Identifikatzea zer behar eta lehentasun dauden prestakuntzaren kudeaketarako informazio-sistemak garatzeari begira.
i) Behar diren adierazleak adostea osasun-sistema publikoko zentro eta eremuetako prestakuntza-plan koordinatua ebaluatzeko.
j) Zaintzea prestakuntza-planetako prestakuntza-jardueretan ez dagoela inolako merkataritza-interesik; alegia, ez farmazia-industriaren ez osasun-teknologien interesik.
3. Honako hauek izanen dira batzordekideak:
–Osasuneko zuzendari nagusia, batzordeburua izanen baita.
–Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.
–Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Ataleko burua.
–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ordezkari bat.
–Lizarrako Osasun Barrutiko ordezkari bat.
–Tuterako Osasun Barrutiko ordezkari bat.
–Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako ordezkari bat.
–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako pertsona bat.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzako Profesionalen Garapen eta Parte-hartzerako Zerbitzuko ordezkari bat.
–Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzako Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko ordezkari bat.
–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko ordezkari bat.
–Prestakuntza Ataleko teknikariak, batzordeari laguntza teknikoa emanen baitiote.
–Prestakuntza Ataleko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua, idazkaria izanen baita.
Foru-agindu hau onetsi ondotik izendatuko dira batzordekideak, kargu bat betetzeari loturik ez daudenak, Osasuneko zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez.
4. Batzordearen funtzionamendua:
Honako hauek arautuko dute batzordea: foru-agindu honek, batzordearen barne-funtzionamenduko arauek eta, haien osagarri, 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoentzako ematen diren funtzionamenduko arauak (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa).
Batzordea gutxienez ere urtean behin bilduko da. Idazkariak eginen du bileretarako deialdia. Kideren bat ezin bada proposatutako egunean agertu, ordezkatzen duen eremuko beste norbaiti eskuordetzen ahalko dio ordezkaritza.
5. Honako hauek batzordekide izendatzea:
–Osasuneko zuzendari nagusia, batzordeburu izanen baita: Antonio Lopez Andres.
–Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria. Elena Antoñanzas Baztán.
–Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Ataleko burua. Javier Baquedano Arriazu.
–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ordezkaria: Isabel Irigoyen Aristorena.
–Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzako ordezkaria: Roberto López Iracheta.
–Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzako ordezkaria: Ana Beamonte Arejula.
–Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako ordezkaria: Rubén Maeztu Ugarte.
–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako ordezkaria: María Prado Santamaría.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzako Profesionalen Garapen eta Parte-hartzerako Zerbitzuko ordezkaria: Anabel Salcedo Condón.
–Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzako Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko ordezkaria: Lourdes Dorronsoro Dorronsoro.
–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko ordezkaria: Jesús Villanueva Durantez.
–Prestakuntza Ataleko teknikariak: Esther Ezquerro Rodríguez eta Miren Eslava Pérez de Arrilucea.
–Prestakuntza Ataleko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua, idazkaria izanen baita: Ana M.ª Mateo Cervera.
6. Foru-agindu hau argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta batzordekideei jakinaraztea.
Iruñean, 2026ko apirilaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2606475