1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
890/2026 EBAZPENA, 2026ko apirilaren 29koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, María José Iñigo Berrio andrea Kontratazioen, Ondarearen eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendari izendatzen duena.
Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 34. artikuluak ezartzen duenaren arabera –testu bategin hori 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 106.1 artikuluaren babesean da aplikatzekoa–, badago aukera funtzionarioen arteko izendapen librearen bidez betetzeko erregelamenduetan modu horretan betetzeko modukotzat jotzen diren lanpostuak. Horixe gertatzen da Kontratazioen, Ondarearen eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariaren lanpostuaren kasuan, lanpostu hori funtzionarioen arteko izendapen librearen bidez bete behar baita, bat etorriz Gobernu Kontseiluaren 2009ko urriaren 6ko erabaki baten 4. artikuluan ezarritakoarekin –erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa onetsi zen–.
Kudeatzaileak proposaturik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituak ditudan eskumenez baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–María José Iñigo Berrio andrea Kontratazioen, Ondarearen eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendari izendatzea, 2026ko maiatzaren 1etik aurrerako ondorioekin.
Bigarrena.–Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, eta Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeko buruari eta Unibertsitateko komunitatearen arartekoari aditzera ematea, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak haren berri izan dezan.
Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 29an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
Iragarkiaren kodea: F2606845