Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a
3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA
Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera, Energía Inagotable de Arturo SLk egina, Zaragozako eta Nafarroako probintzietan 49,5 MW-eko potentzia instalatuko Arturo haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako, eta erabakitzen baita PEol-753 espedientea artxibatzea.
SGIISE / AAB ezespena PEol-753
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, honako hauek kontuan hartuz:
I.–Aurrekariak.
Lehena.–Aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera.
Energía Inagotable de Arturo SLk eskaera bat egin zuen 2021eko urriaren 21ean, eta 2021eko azaroaren 29an eskaera hori zuzendu zuen, aurretiazko administrazio-baimena emateko Arturo haize-parkeari (49,5 MW) eta haren ebakuazio-azpiegiturei, zeinetan honako hauek baitaude: parkearen barne-ebakuazioko 30 kV-eko lineak, "Castiliscar Norte" azpiestaziorainokoak; "Castiliscar Norte" transformazio-azpiestazioa, 30/220 kV-ekoa; "SET Castiliscar Norte-SET Castiliscar Sur" izeneko 220 kV-eko aireko linea; "Castiliscar Sur" izeneko transformazio-azpiestazioa, 30/220 kV-ekoa; eta "SET Castiliscar Sur- SET Ejea C4" izeneko 220 kV-eko aireko linea. Proiektu hori (aurrerantzean, proiektua) Uncastilloko, Sauseko, Castiliscarko, Sádabako eta Ejea de los Caballerosko udal-mugarteen barnean dago, Zaragozako probintzian, baita Petilla Aragoiko udal-mugartean ere, Nafarroako probintzian.
Ebakuaziorako gainerako azpiegitura, garraio-sarera bitartekoa, espediente hauen xede da: SGEE/PFot-677, SGEE/PEol-783, SGEE/PEol-731, SGEE/PFot-815 eta SGEE/PFot-807.
Bigarrena.–Izapidetzeko onartzea.
2022ko otsailaren 17an, zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen Zaragozako eta Nafarroako probintzietan Arturo haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu eta izapidetzeko onartu zela.
Halaber, egun berean, zuzendaritza nagusi honek zenbait espediente metatzeko erabakia hartu zuen, batera izapidetu zitezen honako proiektu hauen aurretiazko administrazio-baimenen espedienteak, PEol-753 AC espediente-zenbakiaren pean: Azami, Arturo, Atalán eta Basán haize-parkeak (bakoitza 49,5 MW-ekoa) eta haien ebakuazio-azpiegiturak, Zaragozako eta Nafarroako probintzietan.
Hirugarrena.–Eskaera abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera izapidetzea.
Zuzendaritza nagusi honek Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako eta Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzako industria- eta energia-arloei helarazi zien espedientea, haiek baitira baimen-eskaeraren espedientea izapidetzeko eskumena duten organoak, bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluan xedatutakoarekin.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera, proiektuarekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera, jendaurrean jarri zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta ukitutako probintzietako aldizkari ofizialetan behar bezala argitaratuta, eta, halaber, kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak uki ditzakeen heinean, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera txostena aurkeztu behar duten erakundeei ere.
2022ko irailaren 19an eta urriaren 24an, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren eta Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzaren industria- eta energia-arloetako txostenak eta izapidetze-espedienteak jaso ziren, hurrenez hurren.
Laugarrena.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
2022ko azaroaren 11n, Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusiari bidali zitzaion espediente hori, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena eman zuen 2026ko otsailaren 16an, eta, haren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa egin zuen proiektu honi buruz (aurrerantzean, ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa): Azami, Arturo, Atalán eta Basán haize-parkeak (bakoitza 49,5 MW-ekoa) eta haien ebakuazio-azpiegiturak. Izan ere, identifikatu zen ingurumenaren gaineko inpaktu negatibo adierazgarriak gertatzeko aukera zegoela, eta proposatutako neurriek ez dute behar besteko bermerik horiek behar bezala prebenitzeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko. Ebazpen hori esteka honetan eskuratu daiteke:
https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2026-4766
Bosgarrena.–Espedienteen metaketa desegiteko erabakia.
2024ko urriaren 3an, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen bereizita izapidetuko zituela aurrez aipaturiko proiektuak (Azami, Arturo, Atalán eta Basán haize-parkeak –bakoitza 49,5 MW-ekoa– eta haien ebakuazio-azpiegiturak, Zaragozako eta Nafarroako probintzietan), aurretiazko administrazio-baimenaren prozedura bakoitzean ebazpen bat emateko.
Horrenbestez, aurrerantzean PEol-753 kodeko espedientean gauzatuko da Zaragozako eta Nafarroako probintzietan 49,5 MW-eko Arturo haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegiturak ezartzeko proiektuari administrazio-baimena emateko prozedura.
Seigarrena.–Sarbide- eta konexio-baimenak.
2021eko apirilaren 27an eta 2022ko apirilaren 4an, proiektuak garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko baimenak lortu zituen, hurrenez hurren, 400 kV-eko Catadau azpiestazioaren bitartez, Red Eléctrica de España SArena baita.
2024ko urtarrilaren 26an, Red Eléctrica de España SAUk (aurrerantzean, REE) sustatzaileari jakinarazi zion iraungi egin zirela garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko emandako baimenak, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandakoak (errege lege-dekretu horren bidez, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten dira).
2024ko otsailaren 22an, sustatzaileak sarbide-gatazkaren prozedura abiarazi zuen Arturo haize-parkearen proiektua garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko baimenak iraungitzearen aurka, eta 2024ko urtarrilaren 26an REEri jakinarazi zitzaion, hura baita garraio-sarearen kudeatzailea.
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) 2024ko apirilaren 30ean emandako ebazpen baten bidez (CFT/DE/064/24), zenbait sarbide-gatazka ezetsi ziren (honako hauek planteatu zituzten sarbide-gatazkak: Energía Inagotable de Arturo SLk, Energía Inagotable de Atalan SLk, Energía Inagotable de Azami SLk, Energía Inagotable de Basan SLk, Energía Inagotable de Sicion SLk, Energía Inagotable de Silvano SLk, Energía Inagotable de Meleagro SLk eta Energía Inagotable de Kitsune SLk), Red Eléctrica de España SAUren aurrean planteaturikoak 2024ko urtarrilaren 26ko jakinarazpenak direla-eta, haien bidez jakinarazi baitzen enpresa horien instalazioen sarbide- eta konexio-baimenak iraungi zirela, bat etorriz 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoarekin.
Zazpigarrena.–Entzunaldiaren izapidea.
2026ko martxoaren 16an, entzunaldiaren izapidea jakinarazi zen, proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera ezesteko ebazpen-proposamenaren harira.
2026ko apirilaren 9an, sustatzaileak, 39/2015 Legearen 82. artikuluan ezarritako entzunaldiaren izapidea betetzeko (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa), jakinarazi zuen ados zegoela jasotako ebazpen-proposamenarekin.
Jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen hau eman du:
II.–Oinarri juridikoak.
Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.
Kontuan hartu da hauetan ezarritakoa: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa; eta 23/2020 Errege Lege-dekretua, ekainaren 23koa, Energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituena.
Bigarrena.–Energia elektrikoa sortzeko instalazioak baimentzea.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzko 21. artikuluan xedatzen duenez, "energia elektrikoa ekoizteko instalazio bakoitza abian jartzeko, aldatzeko, aldi baterako ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik".
53. artikuluak arautzen du nola jarri behar diren martxan energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko eta ekoizteko instalazio berriak, bai eta zuzeneko lineak ere. Hartan ezartzen denez, honako administrazio-baimen hauek lortu behar dira horretarako: aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ustiatzeko baimena.
Bat etorrita abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluarekin, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:
"Honako instalazio elektriko hauek baimentzea:
a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak –ebakuazio-azpiegiturak ere barnean hartuta–, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektrikoa instalatuta dutenak; penintsulako lehen mailako garraio-instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsio-hartuneak".
b) Autonomia-erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten ekoizpen-instalazioak, barne direla haien ebakuazio-azpiegiturak, bigarren mailako garraioa, banaketa, harguneak, zuzeneko lineak eta 250 kW-etik gorako potentzia duten ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioetako azpiegitura elektrikoak, bai eta Estatuaren eskumeneko sorkuntza-instalazioei konektatutako linea zuzenak ere".
Aurretiazko administrazio-baimena, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak xedatzen duenez, instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko da, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, eta enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emanen dio. Sorkuntza-instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio- edo banaketa-sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak. Halaber, baimen-eskaerak bete beharko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio-baldintza orokorrak, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.
Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan, arautzen ditu, oro har, administrazio-baimenaren eskaerarekin lotutako zenbait kontu. Bereziki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko dute, arlo horretan aplikatzekoa den legeriak hala eskatzen duenean.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Hirugarrena.–Ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen proiektuei aplikatu beharreko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak bere aplikazio-eremuaren barruko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa arautzen du –obrak eta instalazioak egiteko proiektuak barne–. Hala, hartan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa prozesu bat da, zeinaren bitartez aztertzen baita, baimena eman aurretik, zer ondorio adierazgarri duten edo izan dezaketen proiektuek ingurumenaren gainean, barnean direla populazioa, giza osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurra, lurzorua, lurpea, airea, ura, klima, klima-aldaketa, paisaia, ondasun materialak –kultur ondarea barnean dela– eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioa. Lege horrek Europar Batasuneko zuzenbidearen transposizioa egiten du arlo horretan.
II. tituluko lehen atalean, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura arautzen da.
Hala, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak xedatzen du zer proiektuk beharko duten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, eta, horien artean, I. eranskinean jasotakoak, bai eta, zatikatuta aurkeztuta ere, I. eranskineko atalaseetara iristen direnak ere, aztertutako proiektu bakoitzaren magnitudeak edo dimentsioak metatuta.
Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedurak ebaztea, 500/2020 Errege Dekretuaren 7.1 c) artikuluaren arabera (500/2020 Errege Dekretua, apirilaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa, eta aldatzen baita urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua, ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duena).
Prozedura horren esparruan, ingurumen-organoak ingurumen-ebaluazioaren espedientearen azterketa teknikoa eginen du, baita azterketa formala ere proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeari buruz, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteari buruz, nahitaezko txostenak eginda horietako bakoitzean.
Ingurumen-organoak, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko espedientearen azterketa teknikoa amaitu ondoren, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du. Eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 2. apartatuaren arabera:
"Ingurumen-inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izanen da. Proiektuak ingurumenean dituen ondorio adierazgarriei buruz erabakiko du, eta, hala badagokio, hura garatzeko baldintzak ezarriko ditu, 35.1 c) artikuluan zerrendatutako faktoreak behar bezala babestuta egon daitezen proiektua gauzatzean eta ustiatzean, eta, kasua bada, bertan behera uztean, desmuntatzean edo eraistean; halaber, behar diren prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezarriko ditu".
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formulatzen denetik hamar egun balioduneko epean, eta adierazpen horren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri. Hala ere, proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak diren errekurtsoak paratzen ahalko dira administrazio-bidetik eta bide judizialetik.
Aipatu legearen 5. artikuluan adierazten den moduan, ingurumen-inpaktuaren adierazpena ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta amaitzen duena.
Jarraian, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluaren 1. apartatuak honako hau xedatzen du:
"Organo substantiboak, proiektua baimentzeko prozeduran, zeina arrazoizko epe batean ebatzi beharko baita, behar bezala aintzat hartu beharko du egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak barne".
Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak honako hau dio zioen azalpenean, horri buruzko jurisprudentzia dagoela aipatuz:
"Ingurumen-irizpenen izaera erabakigarria bi alderditan adierazten da: formala eta materiala.
[... ] Ikuspuntu materialetik, hau da, ebazpena ematen duen organoarentzat haren edukia loteslea izateari dagokionez, txosten bat erabakigarria izateak esan nahi du, oraintsuko jurisprudentziaren arabera, txostena beharrezkoa dela ebazteko eskumena duen organoak iritzia osatu ahal izan dezan txostenean bertan aipatzen diren gaiei buruz.
Izaera erabakigarri hori gauzatzen da lege honetan desadostasunak ebazteko aurreikusitako mekanismoan, eta, hortaz, ingurumen-irizpenetan jasotako baldintzek lotzen dute organo substantiboa; izan ere, bere eskumenen esparruan bakarrik aldentzen ahalko da haietatik, arrazoiak emanda eta dagokion desadostasuna planteatuta Ministro Kontseiluari edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko gobernu-kontseiluari, edo, hala badagokio, erkidego horrek erabaki duen organoari".
Horrenbestez, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin adierazgarriei buruz ingurumen-organoak ateratako ondorioak lotesleak dira ebazten duen organoarentzat, ingurumen-inpaktuaren adierazpena erabakigarria delako, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak behin eta berriz adierazten duen bezala, adibidez, eta, besteak beste, uztailaren 11ko 962/2022 Epaian:
"Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen zioen azalpenean azaldutako gogoetetatik ondorioztatzen da ingurumen-ebaluazioaren prozedura halakotzat hartzearen inguruabar garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere loteslea dela organo substantiboarentzat, hau da, transkribatutako paragrafoan adierazten den bezala, ingurumen-ebaluazioaren adierazpena erabakigarria denez, berekin dakar bertan ezartzen diren baldintzak ezartzea organo substantiboari, hau da, izapidetutako antolamendu-tresnaren proiektua onestean".
Laugarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-urratsak betetzea.
Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, zeinaren bidez onesten baitira energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako zenbait neurri, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du ezen energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baldin eta baimen horiek eskuratu badituzte errege lege-dekretu hori indarrean jarri zenetik, ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena lortu beharko dutela 31 hilabeteko epean, eta aurretiazko administrazio-baimena 34 hilabeteko epean, baimenak lortu zituztenetik.
Goian adierazitakoa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin lotu behar da; izan ere, artikulu horren arabera ezin da sorkuntzarako instalazioetako administrazio-baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.
Jarraian, honako hau gehitzen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuan:
"Administrazio-urrats horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio-baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera tramitatzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira exekutatuko".
Bosgarrena.–Garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaerei aplikatu beharreko berme ekonomikoa.
Sustatzaileak aurkeztutako bermeei abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua (energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa) aplikatuko zaie, zehazki, 23.6 artikuluan ezarritakoa, eta sustatzaileak hala eskatuz gero.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egindako izapideak kontuan hartuta, eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorrita, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz (errege-dekretu horren bidez arautu egin ziren energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak).
EBAZTEN DU:
Bakarra.–Ezestea Zaragozako probintzian ezarri beharreko Arturo 49,5 MW-eko haize-parkearen eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako aurretiazko administrazio-baimenari buruzko eskaera, eta erabakitzea PEol-753 espedientea artxibatzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guzietarako. Hilabetekako epeak zenbatzeko, aintzat hartu beharko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa.
2026ko maiatzaren 6an–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.
Iragarkiaren kodea: E2606648
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
