98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

282E/2026 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Arguedasko udal planaren aldaketari buruz. Aldaketak lurzoru urbanizaezina birsailkatzen du, industria lurzoru gisa, eta energia berriztagarrietarako eremua handitzen du. Sustatzailea Arguedasko Udala da.

Udalak aldaketa hori 2025eko uztailaren 29an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2025eko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 14koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren agiri teknikoa, ingurumen agiri estrategikoa eta planoak.

1.–Proposamenaren deskribapena.

Ezaugarriengatik eta kokapenagatik nabarmen desberdinak diren bi helburu eta esku-hartze jasotzen ditu aldaketak:

a) Sektore urbanizagarri berri bat (SP-8 sektorea) mugatzea, 34,4 hektareakoa, Arguedasko herrigunearen hegoaldean eta haren mugakide izanik. Horretarako, Arguedasko 2. poligonoko 300., 373., 374. eta 375. katastro lurzatiak birsailkatzea proposatzen da, lurzoru urbanizaezinetik industria erabilerako lurzoru urbanizagarria izatera pasa daitezen.

Aldaketa justifikatua dago iparraldean dagoen Arguedas-Alesbesko industrialdeko industria erabilerako lurzoru urbanizagarria ordeztu beharragatik, haren mugak aldatu behar izan direlako uholde arriskuaren azken azterlanaren ondorioz.

Lurzoruaren birsailkapenak ukitzen duen lurzoru urbanizaezina honela dago sailkatua: "Ustiapen naturalerako babestu beharreko lurzoru urbanizaezina - Gaitasun agrologiko handiko lurzorua" eta "Ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina - 1. motako eta 2. motako ureztalurrak".

Hirigintzako udal planak ez du jasotzen sektorearen antolamendu xehatua, horregatik, hura garatzeko, plan partzial bat idatzi behar da. Aldaketak berariaz aurreikusi du hornidurako, saneamenduko eta euri urak husteko zerbitzuak bizitegi eremuan daudenetatik guztiz bereiziak direla bermatu beharra, eta hiri-drainatze jasangarriko neurriak sartzea.

b) "Energia berriztagarrietarako eremua"ren mugaketa aldatzea, hedadura handiagoa emanez gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren barnean, non indarreko planaren 104. artikuluak (mugaketa bereziak) berariazko arauketa ezartzen baitu energia berriztagarrien azpiegiturak ezarri ahal izateko.

Energia berriztagarriak ezartzeko proposatutako eremuak 863,84 ha hartuko lituzke guztira. Horietatik, 103,94 ha Ebro ibaiaren lautada alubialean izanen lirateke –indarreko planean dagoeneko zehaztua zegoen lurzoru mota beraren gainean–, eta 759,9 ha lehorreko lurretan. Azken horiek muga egiten dute, iparraldean eta ekialdean, Yugoko mendilerroarekin eta Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (KBE) (zehazki, las Limas sakana da ekialdeko muga).

Aldaketak baldintza gehiago eransten ditu "mugaketa berezian" energia berriztagarrien jarduerak ezartzeko, maldari, habitat naturalen babesari eta igeltsu amildegiei buruzkoak.

2.–Ingurumen ebaluazioa.

a) SP-8 industria sektore berria:

Lurzoruaren birsailkapenak lur lauei eragiten die. Haietan, ureztaketako laboreak daude, eta baita sastrakadi halonitrofiloz estalitako esparru bat ere (sastrakek lur zabortegia izandakoa kolonizatu baitute). Beraz, ez da ingurumen balio aipagarririk identifikatu.

b) Energia berriztagarrietarako eremua:

"Energia berriztagarrietarako eremua"ren handitzeak lehorreko lurren esparru zabal bat hartzen du, muga egiten duena Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (ES2200037). KBE hori Natura 2000 Sarearen barnean dago, eta funtsezko elementuen artean, fauna hegalariaren espezieak ditu, zeinei zuzenean eragiten ahal baitiete energia berriztagarrien proiektuek, eta baita zeharka ere, haien habitata suntsitzen denean. Gainera, planaren aldaketaren eremuak eginkizun garrantzitsua betetzen du Errege Bardeako KBEaren eta Ebro ibaiaren KBEaren arteko lotura biologikoa ahalbidetzen duenez gero, bi KBE horiek Natura 2000 Sarearen parte baitira.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, industriarako sektore urbanizagarri berriari buruz (SP-8 sektorea), planaren aldaketak ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzita.

2. "Energia berriztagarrietarako eremua"rekin lotura duen planaren aldaketak ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta bete behar du (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluaren eta hurrengoen arabera), Natura 2000 Sareari eragiten ahal diolako (aipatu 21/2013 Legearen 6.1.b artikulua aplikatuz).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arguedasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko apirilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Antolamendua. Hegoaldean, industriarako sektore urbanizagarri berria.

Energia berriak ezartzeko proposatutako eremua (marra gorria).

Iragarkiaren kodea: F2606192