98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Eguneko zentroaren barne-araudia. Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2026ko urtarrilaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen eguneko zentroaren barne-araudia. Hasierako onespena argitaratu zen 2026ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 24an.

Jendaurreko aldia iragan denez, eta inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, aipatutako araudia behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Azagran, 2026ko apirilaren 13an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

EGUNEKO ZENTROAREN BARNE-ARAUDIA

1. TITULUA.–ZENTROA, ORDUTEGIAK ETA ZERBITZUAK

1. artikulua. Araudiaren xedea eta aplikazio eremua.

Araudi honen xedea da arautzea eguneko landa zentroaren zerbitzua, adinekoentzat. Dokumentu honetan jaso dira baliabide horren funtzionamenduari eta antolaketari buruzko alderdiak, eta aplikazio eremua izanen da zentroaren espazio eta funtzionamendu eremua. Nahitaez betetzekoa da zentroko zerbitzuen erabiltzaileentzat, haien familiakoentzat, langileentzat eta zentroan boluntario ari direnentzat.

Araudi honen ondorioetarako, erabiltzailetzat jotzen dira prestazioaren edo zerbitzuaren zuzeneko hartzaileak.

Araudi hau noiznahi aldatzen ahalko du erakunde autonomoak. Erakunde autonomoaren patronatuko Batzordeak onetsi beharko ditu egiten edo sartzen diren aldaketa guztiak, eta, aldez aurretik, aldeko txostena jaso beharko du araudi honetan ezarritako Jarraipen Batzordearen aldetik.

2. artikulua. Zentroaren izena eta xedeak.

1. Apirilaren 19ko 174/2012 Foru Aginduaren arabera, eguneko zentroa da eguneko araubidea duen zentro ireki bat, non mantentze eta errehabilitaziorako zainketa ematen zaien narriadura fisikoa eta defizit funtzionalak dituzten adinekoei, beren gizarte eta familia ingurunean segi dezaten.

2. Zentroaren helburu orokorrak:

–Autonomia sustatzea eta mendekotasuna prebenitzea.

–Erraztasunak ematea, adinekoek segi dezaten beren ohiko ingurunean, behar dituzten zainketak emanez beren komunitatean bertan.

–Zaintzaile nagusiari laguntza eta atsedena eskaintzea.

–Atzeratzea laguntza handiagoko zerbitzuak eskatu beharra.

–Zahartze aktiboa sustatzea.

Zentroaren helburu bereziak:

–Ahalik eta autonomia mailarik handiena berreskuratzea eta/edo mantentzea.

–Mendekotasuna atzeratzea edo saihestea.

–Sustatzea adinekoak komunitatean integratzea eta bertan parte-hartzea.

–Autoestimua garatzea, eta laguntza ematea egoera fisiko eta psikologiko egokia izateko.

–Espazio bat sortzea adinekoen bizikidetzarako, bide batez aukera emanen duena beharrak atzemateko.

–Adinekoen artean sustatzea bizikidetza, solidaritatea eta elkar laguntzea.

–Isolamenduari eta pasibotasunari aurre egitea.

–Bizimodu osasungarria sustatzea.

3. artikulua. Titulartasuna eta kokalekua.

1. Azagrako Udalaren jabetzakoa da eguneko zentroa, eta haren kudeaketa uzten du erakunde autonomoaren esku.

2. Azagrako La Badina kaleko 24an dago zentroa.

4. artikulua. Zerbitzuaren egutegia eta ordutegia.

1. Zerbitzua ordutegi malguan emanen da, egunean zortzi orduz, 07:30etik 18:00etara.

2. Zerbitzua urteko egun guztietan egonen da zabalik, salbu asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiegunean.

3. Abenduaren 24an eta 31n, zentroa irekita egonen da bazkalondoraino.

Erakunde autonomoak zerbitzuaren egun eta ordu kopurua alda ditzake, baldin beharrak ikusita komeni bada.

5. artikulua. Zerbitzuen katalogoa.

Landa eremuko eguneko zentroa balio anitzeko zentro irekia da, adinekoei laguntza integrala eskaintzen diena. Horretarako honako prestazioak ditu:

–Informazioa, balorazioa, orientazioa, laguntza eta jarraipena, pertsona bakoitzak garatu ahal izateko bere bizi proiektua.

–Oinarrizko zainketa zerbitzuak.

–Mantenuko, arropa-garbiketako eta garbiketako oinarrizko zerbitzuak.

–Eguneroko bizitzako jardueretan esku hartzea eta gaitzea, pertsona bakoitzak hobetu ahal izateko garrantzitsutzat jotzen dituen arloetan daukan autonomia eta independentzia.

–Hezkuntza arloko esku-hartzea: aisialdia eta kulturako eta hezkuntzako jarduerak.

–Esku-hartze psikosoziala, garatuz norberaren gaitasun eta baliabideak eta ingurunearen sostenguak, pertsona bakoitzaren bizitza esanguratsua izan dadin eta besteek balioetsi dezaten: esku-hartzea funtzio psikoafektiboetan, horren barne direlarik, kasua bada, portaeraren nahasmenduak hobeki eramateko laguntzak.

–Jarduera okupazionalak.

–Laguntza soziala eta familiarra.

6. artikulua. Zerbitzu aukerak.

Zerbitzua jasotzeko arau orokor gisa, erabiltzaileek erregimen osoan egon behar dute zentroan. Hala ere, malgu jokatuko da inguruabarrengatik komeni denean. Betiere, lehentasuna izanen dute arreta-zerbitzua erregimen osoan eskatzen duten erabiltzaileek eta, beraz, baldin erregimen ez-osoan egotea baimendu ondotik erregimen osoko eskaerarik jasotzen bada, erregimen ez-osoan dagoen erabiltzaileari eskainiko zaio zerbitzua erregimen osora handitzeko aukera. Erregimen osoko plaza onartzen ez badu, eskubidea galduko du, eta itxarote-zerrendara igaroko da.

7. artikulua. Onuradunak.

Eguneko zentroaren xede dira adinekoak, ez dutenak laguntza baliabiderik eta gizarte- eta familia-sarerik, edo zailtasunak dituztenak eguneroko bizitzako zeregin oinarrizkoak egiteko.

Zentroaren arreta lehentasunez jasoko dute:

a) Bakarrik edo beste adineko batekin bizi diren adinekoak, baldin ahultasun egoeretan badaude.

b) Familiako beste kide batzuekin bizi izanda ere, laguntza behar duten adinekoak, zaintzeko, lagun egiteko eta abar.

c) Autonomia maila aldakorra duten adinekoak: hasi eguneroko bizitzako jarduera oinarrizkoetarako autonomia dutenetatik eta jarduera horietako batzuk egiteko zenbait zailtasun dituztenetaraino, betiere egoera fisiko eta/edo psikiko oso narriatua izan gabe.

d) Gabeziak dituzten adinekoak, zahartuta daudelako eta/edo gizartetik isolatuta, laguntza falta dutelako eta/edo gaitasun sozialik ez dutelako beren gizarte harremanak mantentzeko, hobetzeko eta/edo handitzeko, ingurunean integratzeko eta gizartean parte hartzeko.

2. TITULUA.–ERABILTZAILEAK ONARTZEA

8. artikulua. Eskatzeko baldintzak.

Honako baldintza hauek bete behar dituzte eguneko zentroko ekipamenduak erabiltzeko eskaera egin nahi dutenek:

a) 60 urteak beteta edukitzea eta/edo erretiratuta egotea edo pentsioduna izatea.

b) Frogatzea Azagrako udal erroldan izen emanda daudela, edo izena emanda daudela herritarrak eguneko zentroan sartzeko lankidetza-hitzarmena duten udaletako batean.

Aipatutako baldintza horietaz gain, osasun egoerari dagokionez, erabiltzaileak ez du izan behar etengabeko laguntzaren beharrik osasun erankundeetan, ez eta osasun publikoari dagozkion neurriak hartu beharrik ere. Orobat, ez du jokabidearen nahasterik izan beharko, zentroko bizikidetza larriki eragotz dezakeenik.

Baldin gertatzen bada abandonurik, isolamendurik, muturreko pobreziarik, tratu txarrik eta salbuespenezkotzat jo daitezkeen beste egoerarik, Jarraipen Batzordeak adinekoa salbuesten ahalko du artikulu honetan jasotako baldintzaren bat betetzetik, aldi baterako edo behin betiko.

9. artikulua. Zentroan sartzeko prozedura.

1. Araudi honetan aipatzen den eguneko zentroaren zerbitzua eskatzeko, eskaera idatziz egin behar da, eta zentroari berari bidali, emanen den eredu ofizialaren arabera.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, osasun etxeek eta eguneko zentroak berak emanen diete eskatzaileei behar besteko informazioa eta orientazioa, eskaera hori bete eta izapidetzeko.

2. Eskaerekin batera, interesdunek aurkeztu beharko dituzte 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.

Beraz, eskaerarekin batera honako agiriok ere aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

b) Eskatzailearen bizikidetzako ziurtagiria, erroldakoa, Udalak emana.

c) Eskatzailearen eta familia-unitateko kideen azken ekitaldiko PFEZaren (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) aitorpenaren fotokopia konpultsatua, hura egitera beharturik baldin badago. PFEZaren aitorpena aurkeztera beharturik ez baldin badago, hori hala dela frogatzen duen ziurtagiria eta jasotzen dituen diru-sarreren frogagiria.

d) Osasun txostena, eskatzailearen osasun egoerari buruzkoa, ezarritako ereduaren arabera.

e) Mendekotasunaren balorazioa frogatzen duen agiria, 39/2006 Legean ezarritakoari jarraituz (lege horrek hizpide du autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea).

3. Eguneko zentroko gizarte-langileak egiaztatuko du aurkeztutako eskaeren edukia, eta horretarako, eskatzen ahalko ditu, ofizioz edo eskatzailearen bitartez, eskaera izapidetzeko beharrezkoak diren datu eta txostenak.

4. Eguneko zentroko gizarte-langileak aztertuko ditu zentroko plazak betetzeko eskaerak, eta, horretarako, aplikatuko du horretarako prestatutako eta onetsitako gizarte-baremoa (1. eranskinean jaso da).

Ebazpena 30 egun balioduneko epean eman eta jakinaraziko zaio eskatzaileari, eskaera jasotzen denetik kontatzen hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta alderdi hauei buruzkoa: eskatutako zerbitzua eman edo ukatzen den.

Egindako balorazioari jarraituz, hutsik dagoen plaza esleituko da, edo, bestela, adieraziko da eskatzailea itxarote-zerrendan sartu dela, ordena jakin batean.

5. Pertsona bat eguneko zentroko erabiltzaile bihurtuko da Jarraipen Batzordeak behin betiko onesten duenean.

10. artikulua. Itxarote-zerrenda.

Itxarote-zerrenda da lehentasun ordena ezartzeko bitarteko bat. Itxarote-zerrenda aplikatuko zaie eguneko zentroaren zerbitzua jasotzeko eskubidea aitortua duten arren oraindik plazarik esleitu ez zaien horiei; hain zuzen ere, ebazpenaren egunean plaza hutsik ez izateagatik oraindik plazarik esleitu ez zaienei.

Eguneko zentroak edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak edo osasun-etxeak esanen die interesdunei zer egoeratan dauden itxarote-zerrendan.

Itxarote-zerrenda konfiguratu eta eguneratzeko aplikatuko diren irizpideak honako hauek izanen dira: eskatzaileak bere balorazioan lortutako puntuazioa eta eskaera aurkeztu zen eguna.

Eskatzaileek beren espedientea aztertzen ahalko dute, eta berrikus dezaten eskatu, baldin beren egoera pertsonala nabarmen aldatu bada eta, aldaketa horren ondorioz, lehengo balorazioa aldatzerik badago. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ofizioz ere berrikusten ahalko du hori.

Eskatzaileak beharturik egonen dira eguneko zentroaren zuzendaritzari adieraztera edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari adieraztera beren egoera ekonomikoan, gizarte-familian eta osasunean gertatzen den edozein aldaketa, baldin aldaketa horrek eragina badu lortutako puntuazioan eta hirugarrenen eskubide hobean, edo izaten ahal bada zerbitzua iraungitzeko kausa.

11. artikulua. Sarrera eta egokitzapenaldia.

1. Sarrera onartu ondoren, erabiltzaileak zentroko instalazioetan agertu beharko du gizarte-langilearekin adostutako egunean.

2. Inguruabar bereziengatik ezin bada ezarritako egun edo epean sartu, interesdunek eskatzen ahal dute eguna aldatzea, edo sartzeko epea luzatzea, eta beste egun bat finkatu.

3. Adostutako egunetik hasita bi egun igarotzen badira eta interesduna ez bada zentroan sartu, arrazoi justifikaturik gabe, ulertuko da uko egiten diela izapidetutako espedientearen ondoriozko eskubideei.

4. Eguneko zentroan sartu baino lehen, edo betiere egun berean, zentroak erabiltzaileari emanen dio bertako funtzionamendu arauen berri, argi eta ulertzeko moduan, eta, orobat, emanen dio barne-araudi honen kopia. Ulertuko da erabiltzaileak arau horiek onartzen dituela zentroan sartzean.

5. Zentroan sartu eta hurrengo egunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, erabiltzaileak egonen dira zentroaren ezaugarri eta funtzionamendura egokitzeko aldian, bai eta bizikidetzako gutxieneko ohituretara egokitzen ere, erabiltzaile guztientzako arreta egokia eta ongizatea bermatze aldera. Gizarte-langileak eta erabiltzaileei laguntzeko ardura duen pertsonak hitz eginen dute erabiltzailearekin eta familiakoekin sortzen diren arazoez, baldin halakorik bada, eta konponbideak bilatuko dira erabiltzailea ongi egokitu dadin. Aldi hori iraganik, finkatuko da interesdunak plaza esleiturako duen eskubidea.

6. Erabiltzailearekin batera konponbideak aplikatzen saiatu arren, ikusten bada erabiltzailea ez dela zentrora egokitu, edo zentroak ez dituela haren beharrak betetzen, zerbitzu-ematea eteten ahalko da. Aurretik, gizarte-langileak behar den txostena egin behar du.

12. artikulua. Plaza gordetzeko araubidea.

1. Astebetetik gorako eta hiru hilabetetik beherako hutsegite justifikatuak gertatzen direnean, bai ospitalean egoteagatik, edo gaixorik, edo oporretan, edo bestelako inguruabar pertsonal batzuengatik, eskatzen ahalko da plaza gordetzeko. Kasu horretan, ezarritako kuotaren %50 aplikatuko da. Hutsegitea justifikatzen ez bada, eguneko zentroak plaza kendu dezake, araudi honen 14. artikuluari jarraituz.

Orobat, hutsegite justifikatua hiru hilabetetik gorakoa denean, eguneko zentroak ahalmena izanen du plaza kentzeko, gordetzeko inolako aukerarik eman gabe.

2. Astebete bitarteko hutsegite justifikatuen kasuan, zerbitzua %100 ordainaraziko da. Bigarren astetik aurrera, erabiltzaileak plaza gordetzeko eskatzen ahalko du, eta orduan, ezarritako kuotaren %50 aplikatuko da.

13. artikulua. Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa.

1. Eguneko zentroaren erabiltzaileek ekarpena egin beharko dute zerbitzuaren kosturako, jarraikiz erakunde autonomoak urtero onesten dituen tarifei.

2. Hilero erabiltzaileak ordaintzen duen kuotak eskubidea emanen dio erabiltzeko zentroak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak, salbu eta garraioa (halakorik bada) eta arropa garbitu eta lisatzeko zerbitzuak, horiek aparteko kostu bat baitute. Erakunde autonomoak ezarriko du urtero zerbitzu horien kostua.

3. Hileroko kuota hori hilabetea bukatuta kobratuko da, hilabete bakoitzeko bosgarren egunean.

14. artikulua. Zerbitzua iraungitzeko arrazoiak.

1. Borondatezko baja.

2. Bizikidetza ezinezkoa denean zentroko gainerako erabiltzaileekin.

3. Urtean 30 egun natural baino gehiago huts egitea, borondatez eta justifikatu gabe.

4. Jarraian hiru hilabetetik gora huts egitea, borondatez eta justifikatuta.

5. Hileroko kuotaren ordainketan atzeratzea, edo hura ez ordaintzea, hiru hilabete metagarri atzeratu ere, salbu eta erabiltzaileak ez badu hura ordaintzeko ahalmen ekonomikorik. Zerbitzua iraungitzeak ez du salbuetsiko ordura arte erakunde autonomoarekin egindako zorrak ordaintzetik.

6. Araudiaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak galtzea.

7. Barne-araudi hau ez betetzea.

8. Plaza bat eskatzeko espediente administratiboko datuak nahita faltsutzea, erabat jakinaren gainean.

9. Bere egoeran izandako aldaketak ez komunikatzea.

10. Erabiltzailearen egoera sozio-sanitarioa aldatzea, haren egoera fisiko-psikikoa okertuta, eta, ondorioz, zentroan ezinezkoa izatea hari laguntzea.

11. Beste zerbitzu batera lekualdatzea.

12. Heriotza.

3. TITULUA.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

15. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Zentroko erabiltzaileek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Honako hauetarako askatasun indibiduala: establezimenduan sartzea, bertan egotea (baldin zerbitzuaren arauak errespetatzen badira) eta bertatik ateratzea. Betiere, gaitasuna epai bidez aldatua dutenek izanen dituzte indarreko legedian ezarritako mugak, betiere galarazi gabe sarrera ukatzeko eskubidea, publikoak ez diren, homologatuak ez dauden edo diruz laguntzen ez diren zerbitzuen kasuan.

b) Zerbitzua ematen duten langileengandik tratu pertsonalizatua, goxoa eta duina hartzeko eskubidea, errespetatzen dituena haien intimitatea, nortasuna eta sinesmenak, horretarako errespetatuz eta balioetsiz pertsona bakoitzaren berezitasunak, hurbilduz bakoitzaren biografiara, inguruabarretara eta bizi-proiektu pertsonalera, eta aintzat hartuz dibertsitatea, aberastasun iturria den aldetik.

c) Arreta pertsonalizatua jasotzea, aintzat hartuz bakoitzaren behar espezifikoak, nahiak, lehentasunak eta pertsonarengan zentratutako banakako arreta planean ezarritako helburuak; eta sostenguak jasotzea, norberarentzat esanguratsua den bizitza lortze aldera, bakoitzaren nortasunaren arabera.

d) Zaurgarritasuna eta bizitzan izaten diren interdependentzia-harremanak aitortzeko eskubidea, eta horren barnean dago familiarekin, lagunekin eta norberaren ingurune sozialeko pertsonekin harremanak izateko eskubidea. Hala, erraztasunak emanen dira inguruneko horiek zentrora joan daitezen, zentro bakoitzaren aukeren arabera, egoiliarrek haien sostengua jaso dezaten, eta besteei ekarpena egiten segi dezaten, bakoitzaren egoera eta ezaugarriak edozein izanik ere.

Egoiliarrarentzat kaltegarriak izan daitezkeen ahaideek bisita-eskaera eginez gero, egoiliarrei aholkularitza emanen zaie.

e) Norberaren zainketen gaineko erabakietan parte hartzeko eskubidea, aktiboki eta erantzukizunez, bakoitzaren ahalmenaren arabera, eta pertsonarengan zentratutako banakako arreta planaren partaide izateko eskubidea, bere ahaideekin batera edo erreferentziako edo sostenguko pertsonekin batera, nahi izanez gero.

f) Pertsonek parte hartzeko oztoporen bat izan arren, parte hartzeko aukera eman behar zaie, eta, hortaz, behar diren sostenguak hartzeko eskubidea izanen dute, horien bidez aukera izan dezaten beren plana gauzatzeko, beren ongizatea ahalik eta hoberena izateko.

g) Zentroaren bizitzan, jardueretan eta garapenean parte hartzeko eskubidea.

h) Eskubidea dute zentroaren/zerbitzuaren antolaketa eta langileak egokitu daitezen egoiliar bakoitzaren behar, inguruabar eta lehentasunetara, titularrak ahal duen bezainbeste, betiere gainerako erabiltzaileen eskubideak errespetatuz.

i) Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Une oro, bermatuko da pertsonen gorputzaren eta espazioen intimitatea, arreta berezia jarriz autozainketa jardueretan, eta errespetatuz informazio pertsonalaren konfidentzialtasuna.

j) Otorduak egiteko ordutegiak erabakitzeko eskubidea, betiere zentroaren antolaketa galarazi gabe. Horri dagokionez, ordu tarte batzuk finkatzen ahalko dira, halako moduz non erabiltzaileei utziko baitzaie erabakitzeko tarte bat.

k) Informazioa jasotzeko eskubidea, batez ere bere egoera pertsonal eta familiarrari buruz; bere eskubide eta eginbeharrei buruz, zeinak erabiltzaileei komunikatuko baitzaizkie edozein euskarritan, barnean direla legez bermatutako gutxieneko prestazioak; zentroko zerbitzuen prezioei buruz edo egin beharreko ekarpenari buruz; zerbitzua ematen duen pertsonak edo entitateak zerbitzu horren lizitazioan parte hartzeko eskatutako gutxieneko baldintzetatik gora eskaini dituen baldintzei buruz; zentroan egiten duen bizitzari eragiten ahal dioten alderdiei buruz; eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak egiten dituen ikuskapenen emaitzei buruz.

l) Informazioa jasotzeko eskubidea, hizkera ulergarrian, beren zainketei eta beren osasunari buruz eta agindu zaizkien tratamendu medikoei buruz, jarraikiz pertsonek osasun arloan dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko araudiari.

m) Zentroko zuzendaritzari zuzendutako kexa eta erreklamazioak jartzeko eskubidea, eta erantzuna idatziz jasotzekoa, adieraziz kexaren edo erreklamazioaren xedeko gaiari buruz bidezkoa dena.

n) Lotura fisiko eta kimikoetatik libre izateko eskubidea. Horrelakoak ohiz kanpoko kasuetan baizik ez zaizkie aginduko, eta alternatiba bakarra denean, arlo horretan indarra duen araudiarekin bat etorriz.

o) Zerbitzutik kanporatuak ez izateko eskubidea, non eta aurretik prozedura bat egiten ez den. Prozedura horretan, erabiltzaileari informazioa emanen zaio kanporaketaren arrazoiari buruz, eta haren iritzia entzunen da azken erabakia hartu baino lehen, deusetan galarazi gabe berehalako kautelazko neurriak hartzea, zerbitzua edo hirugarren pertsonak babesteko.

p) Eragiten dien zerbitzu bat lizitatu behar denean, beren iritzia entzuteko eta kontuan hartzeko eskubidea, lizitazioaren behin betiko baldintzak zehaztu aurretik.

16. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek eta familiakoek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ezagutzea eta betetzea prestazioak eta zerbitzuak lortzeko eta gozatzeko ezarritako arauak, betebeharrak, baldintzak eta prozedurak, eta prestazioak eta zerbitzuak erantzukizunez erabiltzea.

b) Egiazko informazioa ematea bere datu pertsonalez, ekonomikoez eta bizikidetzari eta ondareari buruzkoez, eta aurkeztea bere egoera baloratzeko ezinbestekoak diren benetako agiriak.

c) Errespetatzea zerbitzuak ematen dituzten pertsonen duintasuna eta eskubideak.

d) Gainerako erabiltzaileak errespetatzea, eta haiekin zuzen jokatzea.

e) Erantzukizunez erabiltzea gizarte zerbitzuak ematen diren zentroetako instalazioak eta ondasun higigarriak, eta horiek zaintzea.

f) Kontratu honetan sinatutako obligazio ekonomikoak betetzea.

g) Zentroarekin hitzartutako konpromiso eta akordioak betetzea, baita sinatutako laguntza-kontratua ere, horrelakorik badago.

Baldin frogatzen bada aurretik zehaztutako betebeharrak ez direla betetzen, horrek ekar dezake kontratua suntsiaraztea.

4. TITULUA.–ZENTROKO FUNTZIONAMENDUA ETA BIZIKIDETZA

17. artikulua. Funtzionamendu arauak.

a) Erabiltzaile guztiek tratu bera jasoko dute. Ez da bazterketarik eginen honako hauengatik: jatorria, arraza, erlijioa, iritziak, edo bestelako inguruabar pertsonal nahiz sozialak.

b) Erabiltzaileak medikura joan behar badu, familia arduratuko da horretaz. Larrialdia bada, zentroa arduratuko da.

c) Zentroak arazoren bat atzematen badu erabiltzailearen osasun fisiko eta mentalean, familiari abisua emanen dio.

d) Erabiltzaileak zentroan botikarik hartu behar badu, berak eraman beharko du.

e) Erabiltzailearen osasunean aldaketarik baldin badago, gizarte-langileari eman beharko zaio horren berri.

f) Zentrora doan jendearen segurtasuna bermatzeko, erabiltzaileak jokamoldean nahaste garrantzizkoak baditu, ezin izanen du bertan jarraitu.

g) Erabat debekatuta dago zentroko langileei eskupekoak ematea, bai erabiltzaileek bai haien familiakoek.

h) Laguntza jasotzen duen pertsonaren arduradunak bere familiakoak dira. Udala ez da arduratuko zentroan ematen duen arretatik haratagokoaz, eta betiere araudi honetan ezarritako orduetan.

i) Zentroko erabiltzaileak ezarritako menura egokituko dira. Otorduen araubidea bera izanen da guztientzat, salbu eta medikuaren bestelako agindurik bada.

18. artikulua. Bizikidetza arauak.

1. Ordutegiak eta arauak errespetatzea, hots, zerbitzuak eta jarduerak egiteko ezartzen direnak.

2. Ez manipulatzea instalazio, altzari edo aparatuak; horretarako, zentroko langileei abisatu behar zaie.

3. Zentroko higienea mantentzen laguntzea, behar bezala erabiliz paperontziak, komunak eta abar.

4. Ez zaio zentroan sartzen eta egoten utziko mozkortuta edo drogatuta dagoenari.

5. Zentroan ez sustatzea eztabaida, eskandalu edo liskarrik, ez eta haietan parte hartzea ere.

6. Pertsona oro edukazioz eta errespetuz tratatzea.

5. TITULUA.–PARTE HARTZEKO BIDEAK

19. artikulua. Parte hartzeko bideak.

1. Eguneko zentroak honako bide hauek izanen ditu (hori dena, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legea betez, non agintzen baita ezar daitezela gizarte zerbitzuen erabiltzaileek eta profesionalek parte hartzeko bideak, gizarte zerbitzuen plangintzan, funtzionamenduan eta ebaluazioan):

a) Elkarrizketa, era guztietako profesionalekin.

b) Erreklamazioetarako orri ofizialak erabiltzea.

c) Iritziak, kexak edo iradokizunak azaltzea zentroko arduradunei.

2. Erabiltzaileek berek eskatuta, ordezkaritza organo bat sortzen ahalko da, zentroaren funtzionamenduari eta antolaketari buruz informatzeko, iradokizunak eta kexak helarazteko, eta bozketa egiteko, erabiltzaileen gehiengoaren oniritzia beharrezkoa dela uste den gaietan.

20. artikulua. Kexak eta iradokizunak.

Kexak eta iradokizunak egiten ahalko dira eguneko zentroaren antolaketaz, funtzionamenduaz edo profesionalen jardunaz, horiei buruzko alderdi ororen gainean, baldin zerbitzuen kalitatean eragiten badute edo, zuzenean nahiz zeharka, erabiltzaileen eskubideak hobetzen badituzte.

21. artikulua. Kexen ondorioak.

1. Araudi honetan ezarritakoaren arabera egindako kexak inola ere ez dira izanen administrazioarekiko errekurtsoak, eta haiek aurkezteak ez ditu geldituko indarrean den araudian ezarritako epeak.

2. Kexa horiek ez dute inola ere baldintzatzen prozeduran beste akzio edo eskubide batzuk erabiltzea, prozedura bakoitzari buruzko araudiari jarraituz.

22. artikulua. Kexak aurkeztea.

1. Erabiltzaileek honako hauek izanen dituzte eskura kexak eta iradokizunak aurkezteko:

a) Iradokizunetarako eta kexetarako zentroan dauden buzoiak.

b) Zerbitzuaren kudeaketaren arduradunak.

2. Zentroak erabiltzaileen eskura jarriko ditu egoki juzgatzen dituzten iradokizunak edo kexak egiteko inprimakiak.

23. artikulua. Erabiltzaileentzako arreta.

Zerbitzuaren kudeaketaren arduradunek honako eginkizun hauek izanen dituzte:

1. Beharrezko informazioa ematea.

2. Laguntza ematea iradokizunak edo kexak egin nahi dituztenei.

3. Prozeduraren berri ematea edo, kasua bada, argibideak ematea administrazio- edo jurisdikzio-bidea hartzearen egokitasunaz.

4. Beren eskaera erregistratu eta izapidetzea.

24. artikulua. Kexa eta iradokizunen prozedura.

1. Prozedura hasiko da beti zentroko erabiltzaileak eskatuta.

2. Hasierako fasean, kexak izapidetzen ahal dira adiskidetasunez negoziatzeko prozedurari jarraituz, modu informalean, aukera emanez erabiltzaileari eta beste parteari bakoitzak bere postura azal dezan, arazoari konponbide egokia emateko epe laburrean, 10 egun baliodunean gehienez ere. Prozedurari ahoz edo idatziz ematen ahalko zaio hasiera, kexetarako edo iradokizunetarako buzoiaren bitartez.

3. Negoziazio informalaren bitartez ez bada soluzio egokirik erdiesten, erreklamazio egileak prozedura formala hasten ahalko du, araututako inprimakia Udalean aurkeztuz.

4. Udalak erreklamazioa sinatu, zigilatu eta erregistratu beharko du, eta haren kopia eman erreklamazio egileari. Ebazpena 20 egun balioduneko epean emanen du, gehienez ere.

6. TITULUA.–JARRAIPENA EGITEKO BIDEAK

25. artikulua. Jarraipen batzordea.

Jarraipen Batzordea eratuko da araudi hau betetzen dela zaintzeko, eta irtenbideak emateko araudi honetan jasotzen ez diren gainerako alderdiei.

26. artikulua. Jarraipen Batzordearen funtzionamendua.

Jarraipen Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

1. Zentroan sartzeko eskaerak onestea.

2. Erregelamendu hau betetzen den ikuskatzea, eta araudi honetan jasotzen ez diren gainerako alderdiei irtenbideak ematea.

3. Ikuskatzea enpresaren kudeaketa, edo instalazioen kudeatzailearen lana, bai eta erabiltzaileei ematen zaien laguntza ere.

4. Hobekuntzak onestea, eta erakunde autonomoari proposatzea barne-araudian aldaketak egitea.

5. Erabiltzaileen gogobetetzea ebaluatzea.

6. Ebaluatzea enpresak edo instalazioen kudeatzaileak egindako urteko memoria, baita erabiltzaileei emandako laguntza ere.

7. Zehapen espedienteak abiarazteko proposatzea, ordenantza honi jarraituz.

27. artikulua. Jarraipen Batzordearen funtzionamendu araubidea.

Jarraipen Batzorderako deia batzordeko buruak eginen du, egokitzat jotzen duen aldiro.

Batzordearen bilkurak, arau orokor gisa, ez dira publikoak izanen, baina intereseko pertsonak gonbidatzen ahalko dira organo honetan azalpenak emateko.

Bilkurara agertutako kideen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Bozketa batean berdinketarik bada, beste bozketa bat eginen da, eta berdinduta jarraituz gero, batzordeko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

7. TITULUA.–ARAU-HAUSTEEN ETA ZEHAPENEN ARAUBIDEA

28. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hauste arinak:

a) Bizikidetzaren eta elkarrekiko errespetuaren arauak urratzea, eta egoitzan egonezina sortzea.

b) Zentroko instalazioak desegoki erabiltzea edo bertako jarduerei traba egitea.

c) Edozein motatako istilu, liskar edo borroka sustatu edo haietan parte hartzea, beste erabiltzaileekin edo zentroko langileekin, betiere hirugarrenei kalterik eragin gabe.

d) Zentrora ez joatea horren berri eman gabe.

e) Zentroan baimendu gabeko aparatu eta tresnak erabiltzea.

2. Arau-hauste astunak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Ohikoa izatea bizikidetzaren eta elkarrekiko errespetuaren arauak urratzea.

c) Zentroko ondasunak lapurtzea edo edozein motatako ekipamenduei nahita kalte egitea, bai eta beste erabiltzaileen objektuak edo zentroko langileenak lapurtzea edo horiei kalte egitea ere.

d) Edozein motatako istilu, liskar edo borroka sustatu edo haietan parte hartzea, eta ondorioz hirugarrenei kalteak eragitea.

e) Zentroko langileei edo beste erabiltzaileei errespetua galtzea edo irain egitea.

f) Egoera ekonomikoari buruzko datuak faltsutzea edo estaltzea, eragina izanik dagokion ordenantza fiskalaren aplikazioari.

g) Irabazi-asmoa duten jarduerak egitea.

3. Arau-hauste oso astunak:

a) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

b) Eraso fisikoa egitea edo tratu txar fisiko edo hitzezko larriak ematea erabiltzaileei, zentroko langileei edo zentroarekin harremana duen profesional edo bisitariei.

c) Ohiko droga-mendekotasuna edo mozkortasuna.

29. artikulua. Zehapenak.

1. Falta arinak:

Falta arinengatik ahozko ohartarazpena eginen da, pribatuan, eta, gainera, beti idatziz.

2. Arau-hauste astunak:

a) Zentrora urtebetez, gehienez, sartzea debekatzea.

b) Lapurtutako ondasunak itzultzea, edo haien balioa ematea.

3. Falta oso astunak:

a) Erabiltzailea izatetik behin betiko gelditzea.

30. artikulua. Organo zehatzailea.

Alkatetzaren eskumena izanen da zehapenak hastea, izapidetzea eta ezartzea. Aldez aurretik, beharrezkoa izanen da eguneko zentroaren kudeatzaileak txostena egitea eta Jarraipen Batzordeak baloratzea.

31. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen prozedurak honako hauei jarraituko die: azaroaren 26ko 39/2015 Legea, zeinak hizpide baititu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea, eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua, onesten duena zehapen ahalmena gauzatzeko erregelamendua, edo hura ordezten duen araudia, erregelamendu honetan jasotako berezitasunekin.

32. artikulua. Erantzukizuna azkentzea.

Erabiltzaile arau-hauslearen erantzukizuna iraungiko da zehapena betetzen badu, hiltzen bada edo faltak edo zehapenak preskribatzen badu.

33. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste arinek sei hilabeteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta oso astunek hiru urteren buruan. Arau-haustea noiz egin den, egun horretatik bertatik hasiko da preskripzio epea kontatzen. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenek urtebeteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larriengatik ezartzen direnak bi urteren buruan, eta arau-hauste oso larriengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan. Zehapenen preskripzio epea kontatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik. Exekuzio prozedura hastearekin batera (interesduna jakitun izanik) etenda geldituko da preskripzioa, eta, prozedura hilabetetik gora geldirik egoten bada arau-hausleari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik, preskripzio epeak aurrera jarraituko du.

34. artikulua. Zehapen araudi osagarria.

Erregelamendu honetan aurreikusi ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 26ko 39/2015 Legea, zeinak hizpide baititu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea, eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua, onesten duena zehapen ahalmena gauzatzeko erregelamendua, edo hura ordezten duen araudia.

1. ERANSKINA.–EGUNEKO ZENTRORA SARTZEKO BAREMOA

1.–Adina.

Betetako urteak: 5 puntu gehienez.

PUNTUEN BAREMOA ADINAREN ARABERA

90 edo gehiago

5 puntu

85-89

4 puntu

80-84

3 puntu

70-79

2 puntu

60-69

1 puntu

2.–Mendekotasunaren balorazio ofiziala.

Puntuatuko da Nafarroako Gobernuak ezarritako mendekotasunaren balorazio ofiziala.

PUNTUEN BAREMOA ADINAREN ARABERA

Mendekotasun handia

5 puntu

Mendekotasun larria

4 puntu

Mendekotasun arina

3 puntu

Mendekotasun soziala

2 puntu

Mendekotasunik ez

Puntu bat

–Mendekotasun sozial gisa emandako puntuazioa gehituko zaio mendekotasun funtzionalaren balorazioari.

3.–Egoera ekonomikoa.

Familia-unitateko kide guztien hileko per capita etekinak baloratuko dira: 20 puntu gehienez. Familia-unitatetzat hartuko da PFEZn zehaztutakoa:

HILEKO PER CAPITA ETEKINEN BAREMOA

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %60 baino gutxiago

20 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %60,01 eta %70 artean

18 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %70,01 eta %80 artean

16 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %80,01 eta %90 artean

14 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %90,01 eta %100 artean

12 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %100,01 eta %110 artean

10 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %110,01 eta %120 artean

8 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %120,01 eta %130 artean

6 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %130,01 eta %140 artean

4 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %140,01 eta %160 artean

2 puntu

Lanbide arteko gutxieneko soldataren %160 baino gehiago

0 puntu

4.–Etxebizitza.

Baloratuko dira edukitze-erregimena, bizigarritasun-baldintzak, etxebizitzaren irisgarritasuna eta haren ekipamendua: 20 puntu gehienez.

4.1. Edukitze-erregimena (5 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, ETXEBIZITZAREN EDUKITZE-ERREGIMENAREN ARABERA

Etxebizitzarik ez izatea, edo etxebizitza utzarazteko edo husteko egoeran egotea

5 puntu

Norberaren etxebizitzarik ez izatea, eta familiakoekin batera bizitzea

3 puntu

Etxebizitza propioa izatea

0 puntu

4.2. Bizigarritasun-baldintzak (5 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, ETXEBIZITZAREN BIZIGARRITASUN-ERREGIMENAREN ARABERA

Etxebizitzaren osasungarritasun-baldintza txarrak. Baldintza txarrak daudela ulertuko da baldin honako hauetakoren bat gertatzen bada: itaxurak, arrakala handiak, aurri-egoera, hezetasunak, kanporako aireztapenik ez, abandonua edo zikinkeria.

5 puntu

Azalera ez-nahikoa duen etxebizitzan bizitzea (ulertuko da halakoa dela pertsonako 15 m² erabilgarri baino gutxiago duena)

3 puntu

4.3. Etxebizitzaren irisgarritasuna (5 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, ETXEBIZITZAREN IRISGARRITASUNAREN ARABERA

Etxebizitzan oztopo arkitektonikoak izatea

5 puntu

Etxebizitzan oztopo arkitektonikorik ez izatea

0 puntu

4.4. Etxebizitzaren ekipamendua (5 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, ETXEBIZITZAREN EKIPAMENDUAREN ARABERA

Ez du oinarrizko ekipamendurik: ur beroa, bainugela osorik

5 puntu

Ez du oinarrizko ekipamendurik: berokuntza sistema, hozkailua, sukaldea, garbigailua

4 puntu

5.–Egoera soziofamiliarra.

Baloratuko da erabiltzaileek duten egoera, beren familia- eta gizarte-sareari dagokionez: 35 puntu gehienez.

5.1. Familiaren osaera (gehienez ere 10 puntu).

PUNTU-BAREMOA FAMILIA EGOERAREN ARABERA

Adinekoa, familiarik gabe

10 puntu

Adinekoa, hirugarren mailako ahaideekin

8 puntu

Adinekoa, anai-arrebekin

6 puntu

Adinekoa, ezkontidearekin edo antzekoarekin eta seme-alabarik gabe

4 puntu

Adinekoa, ezkontiderik edo antzekorik gabe eta seme-alabekin

3 puntu

Adinekoa, ezkontidearekin edo antzekoarekin eta seme-alabekin

2 puntu

5.2. Bizikidetza-egoera (10 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, BIZIKIDETZA EGOERAREN ARABERA

Adinekoa, bakarrik bizitzen

10 puntu

Adinekoa, beste adineko batzuekin batera bizitzen

9 puntu

Adinekoa, anai-arrebekin batera bizitzen

8 puntu

Adinekoa, ezkontidearekin edo antzekoarekin batera bizitzen

6 puntu

Adinekoa, txandatzen diren seme-alabekin batera bizitzen

4 puntu

Adinekoa, seme-alabekin batera bizitzen

2 puntu

5.3. Harreman soziofamiliarrak (8 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, HARREMAN SOZIOFAMILIARREN ARABERA

Adinekoa, zeinak, ezkontidea, seme-alabak edo beste ahaide batzuk izanik ere, ez duen inolako harremanik, edo familiarik ez duen pertsona

6 puntu

Adinekoa, harreman gatazkatsuak dituena bere ingurune soziofamiliarrarekin

4 puntu

Adinekoa, oso noizbehinkako harremanak dituena ingurune soziofamiliarrarekin

2 puntu

Adinekoa, harreman normalak dituena ingurune soziofamiliarrarekin

0 puntu

5.4. Zaintzailearen egoera (7 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, HARREMAN SOZIOFAMILIARREN ARABERA

Zaintzaileak mendekotasun egoeran daudenean edo minusbaliotasuna dutenean, %50ekoa edo handiagoa

7 puntu

Zaintzaile nagusi bakarra dagoenean, eta sobera zamaturik dagoenean

5 puntu

Familiaren babesa izateaz gain eta zaintzaile nagusi bat izateaz gain beste zerbitzu profesional batzuen laguntza jasotzen denean

Puntu bat

5.5. Zaintzailearen egoera (7 puntu gehienez).

PUNTU-BAREMOA, ZAINTZAILE NAGUSIAREN EGOERAREN ARABERA

Zaintzaileak mendekotasun egoeran daudenean edo minusbaliotasuna dutenean, %50ekoa edo handiagoa

7 puntu

Zaintzaile nagusi bakarra dagoenean, eta sobera zamaturik dagoenean

5 puntu

Familiaren babesa izateaz gain eta zaintzaile nagusi bat izateaz gain beste zerbitzu profesional batzuen laguntza jasotzen denean

Puntu bat

Iragarkiaren kodea: L2605501