1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
124E/2026 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakia hartzen baita Nafarroa jatorri-deituraren baldintza-agirian aldaketa arrunt bat egitearen alde, eta aditzera ematen baita.
Nafarroa jatorri-deituraren (aurrerantzean, Nafarroa JD) Kontseilu Arauemaileak (IFZa: Q3171001E) Nafarroa JDaren baldintza-agirian aldaketa arrunt bat egiteko eskaera helarazi zion, 2026ko martxoaren 10ean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (erregistro zenbakia: 2026/308535). Aldaketa-eskaera honetan datza: Nafarroa JDaren baldintza-agirian "Rosado Tradición", "Vino de..." eta "Viñedo en... " aipamenak sartzea eta produktu horiek bete behar dituzten baldintzak aipatzea; Nafarroa JDaren logotipoaren deskribapenean, diametroaren ordez altuera adieraztea; eta aipamen zaharkituak aldatzea.
Eskaerarekin batera, aldatutako baldintza-agiria eta dokumentu bakar aldatua aurkeztu dira, bai eta baldintza-agiriaren aldaketa arrunt bat izapidetzeko behar den dokumentazioa ere, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko apirilaren 11ko 2024/1143 (EB) Erregelamenduarekin –erregelamendu horrek hizpide ditu ardoen, edari destilatuen eta nekazaritzako produktuen adierazpen geografikoak, bai eta nekazaritza produktuen espezialitate tradizional bermatuak eta haientzako aukerako kalitate baldintzak ere, eta haren bidez aldatzen dira 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduak eta indarrik gabe uzten da 1151/2012 (EB) Erregelamendua– eta bat etorriz, halaber, Batzordearen 2024ko urriaren 30eko 2025/27 (EB) Erregelamendu Delegatuarekin –erregelamendu horren bidez osatzen da Europako Parlamenturen eta Kontseiluaren 2024/1143 (EB) Erregelamendua–.
Nafarroa JDaren ekoizpen-eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan dago, eta, beraz, bertako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio ebazpen hau emateko eskumena, Batzordearen 2025/27 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 4.1 artikuluan ezartzen den bezala.
Eskaera behin ebaluatu ondoren, egiaztatu da Nafarroa JDaren Kontseilu Arauemaileak betetzen dituela eskatzaile izateko 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritako baldintzak, eta aldaketa arrunta egiteko aurkeztu duen eskaerak betetzen dituela aipatu erregelamenduaren 24. artikuluko baldintzak, bai eta Batzordearen 2025/27 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 4. artikuluan ezarritakoak ere.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1 Nafarroa JDaren baldintza-agirian aldaketa arrunt bat egitearen aldeko erabakia hartzea eta aditzera ematea (eskaera 2026ko martxoaren 10ean aurkeztu zen), egiaztatu baita betetzen direla 2024/1143 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta haren ondorioz emandako xedapenak.
2 Aldatutako baldintza-agiria webgune honetan argitaratu da:
https://www.pcdonavarra26.navarra.es
Aldatutako dokumentu bakarra webgune honetan argitaratu da:
https://www.dudonavarra26.navarra.es
3 Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4 Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroa JDaren Kontseilu Arauemaileari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitate Berezituaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Zuzendariordetza Nagusiari.
5 Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko apirilaren 28an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
Iragarkiaren kodea: F2606267