98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZIZUR NAGUSIA

Oposizio-lehiaketa, barne-igoera murriztuan, administrari-ofizialen plaza bat betetzeko

Zizur Nagusiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 10ean hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, barne-igoera murriztuan, administrari-ofizialen plaza bat.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua), aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialen plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, barne-igoera murriztuan, Hirigintza Zerbitzuen Alorrean aritzeko. Plazak 31003 zenbakia dauka plantilla organikoan, eta euskarako nahitaezko B2 hizkuntza-eskakizuna.

1.2. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik, baldin eta deialdiko plaza hutsak ez badakar plantillako lanpostuen kopurua handitzea eta ikusten bada komeni dela plaza jakin batzuk barne-igoeraren bidez betetzea, administrazio unitateen antolaketarengatik eta haien gain utzitako lanengatik.

1.3. Hautapen-prozesua gainditu ondoan plazarako izendatzen den izangaia C mailan sailkatuko da, eta maila horretako ordainsariak jasoko ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez); orobat, Zizur Nagusiko Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako ordainsari osagarriak jasoko ditu.

1.4. Deialdi honetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak lehendik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun-laguntzarako araubide berari.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.

b) D edo C mailakoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea, salbu Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoena zerbitzuak ematen ari baldin bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

e) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea izatea.

Gutxieneko titulazioaren baldintzaren ordez, zilegi izanen da administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna frogatzea.

f) Bete beharreko plazak plantilla organikoan euskarako nahitaezko hizkuntza-eskakizuna du esleitua, B2 mailakoa; hala bada, maila hori frogatzen duen titulua edo ziurtagiria eduki beharko da, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek zehazturik daude Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa. Baldintza hori ere deialdi honen 3.2.c) oinarriari jarraikiz frogatu beharko da.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

h) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

i) Azterketarako eskubideen tasa ordaindu izana.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen-prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.

3.–Parte hartzeko eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, Zizur Nagusiko Udaleko Erregistro Orokorraren bidez, hogei egun naturaleko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio.

3.2. Aurreko oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko dira eskabidea eta honako agiri hauek:

a) Deialdiko 2.1.e) oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

b) Ziurtagiri bat, aditzera ematen duena izangaia zer lanpostutan eta zer mailatan dagoen, eta zenbateko antzinatasun aitortua daukan administrazio publikoetan.

c) Euskarako B2 jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiriaren kopia, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazio bat izan beharko du. Hizkuntzaren jakite-maila hori frogatzen ahalko da, orobat, horretarako berariaz eginen den proba baten bidez. Hortaz, proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean. Proba hori hautapen-prozesuko proba amaitutakoan eginen da; gainditu dutenei dei eginen zaie hura egitera.

d) Horrez gain, eskabideari erantsiko zaizkio izangaiak lehiaketaldian baliatu nahi dituen merezimenduen ziurtagiriak.

e) Merezimendu guztiak agiri bidez egiaztatu eta frogatu beharko dira, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Agiri horiek ez badira ezarritako epean eta moduan aurkezten, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldian aurkeztu beharreko merezimenduak kontuan hartzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna izanen da epearen muga.

Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa eransten ahal dute hura justifikatzeko.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute parte hartzeko eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten adierazi beharko dute.

3.5. Tasa.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa telematika bidez ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Tasa hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.

Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

Ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ezean, prozesua bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Behin-behineko zerrenda iragarki-taula elektronikoan argitaratu ostean, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganda, eta haiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

Ebazpen horretan bertan zehaztuko da proba non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Andoni Serrano Zabalza, Zizur Nagusiko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.

Epaimahaikidea: Jesús Cemborain Luquin, Zizur Nagusiko Udaleko kudeatzailea.

Ordezkoa: Egoitz Albarracín Albiztur, Zizur Nagusiko Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaikidea: Ana Jose Sanz Elía, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Margarita Hernández Baigorri, Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Itxaso Ruiz de las Heras Goñi, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Sandra Urrutia Olleta, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria edo haren ordezkapena egiten duena.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera).

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Lehiaketaldia.

Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak baremo honen arabera kalifikatuko ditu:

a) Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren eginkizunetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urte bakoitzeko.

b) Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen eginkizunetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,5 puntu urte bakoitzeko.

Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da izangairik baztertuko.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

–Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

–Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

–Aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzu batzuk, puntu gehien ematen dituena baizik ez da kontuan hartuko aldi horretan.

Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Zerbitzuak zer administrazio publikotan egin diren, administrazio publiko horrexek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako dira alegatutako merezimenduak. Ziurtagiri horietan berariaz agertu beharko dira honako datu hauek: zer lanpostutan lan egin den, zer mailatan, zenbat denboraz eta lanaldiak zer iraupen zuen.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak.

6.3. Oposizioaldia.

Oposizioaldian 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Oposizioaldian proba bakarra egin beharko da; teoriko-praktikoa izanen da, eta baztertzailea: test motako 70 galderaz (gehi erreserbako 5) osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio, idatziz, II. eranskineko programako gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera emanen dira, baina bakarra izanen da zuzena.

Ariketa honengatik gehienez 70 puntu emanen dira, eta gutxienez 35 puntu eskuratu beharko dira ariketa gainditutzat emateko. Erantzun zuzen bakoitzeko 1 puntu eskuratuko da, eta erantzun oker bakoitzeko, aldiz, 0,25 puntu kenduko dira.

6.4. Oposizioko ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun-agiri nazionala eraman beharko dute, edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaproba amaiturik, kalifikazio-epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, eskuratutako puntuazioaren arabera ordenaturik, hautapen-prozesuan lortu dituzten kalifikazioak adierazita.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehiaketaldian lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Zozketaren emaitzak Udalaren egoitza elektronikoak argitaratuko dira.

7.3. Kalifikazio-epaimahaiak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari igorriko dio, espediente osoarekin batera, proba gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena.

Izendapen proposamena Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da.

7.4. Izendapen proposamena Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu ondoko hamar egun baliodunean, proposatutako izangaiak honako agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro elektronikoaren bitartez:

a) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

b) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

c) Udaleko prebentzio zerbitzuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuak berezko dituen lanetan aritzea eragotziko liokeen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

7.5. Proposatutako izangaiak ez badu deklarazio hori aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

7.6. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du plaza, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

Izangairen batek plazari uko egiten badio, edo ez baditu betetzen plazan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak, edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

8.–Izendapena, plaza hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Ebazpen baten bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaia, administrari-ofizialaren plaza bete dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu, 45. artikuluan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz.

8.3. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean plazaz jabetzen ez bada, galduko ditu Zizur Nagusiko Udaleko administrari-ofizial izateko eskubide guztiak, eta 7.6 oinarrian ezarri bezala jokatuko da.

8.4. Baldin eta funtzionario bilakatu diren izangaiei zuzenean borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza-hartzearen egunetik beretik, haiek eskatuta eta plazan batere aritu gabe, indarreko araudian ezarritako kasuetan betiere, hutsik gelditzen den plaza hori ere deialdiaren 7.6 atalean xedatzen den moduan beteko da.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emanen da argitara proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunendako jakingarri den informazio orokor guztia ere.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

10.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiekin, bat etorriz oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin eta lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduarekin:

a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda. Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

b) Hautapen-prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:

–Deialdiaren oinarrietan lehen probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.

10.2. Epaimahaiak espedientea igorritakoan, Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariaren ebazpen baten bidez, zerrenda hauek onetsiko dira: probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta lehen ariketan gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda. Horietatik, lehentasuna izanen du probak gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenena, indarreko kudeaketa-arauekin bat.

Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetako 7.2 oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, beteko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluan eta hurrengoetan xedaturikoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

11.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, 2016/679 (EB) Erregelamenduari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:

–Zizur Nagusiko Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (delegadaprotecciondedatos@zizurnagusia.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien edo horiek aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Zizur Nagusian, 2026ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://sedeelectronica.zizurmayor.es/ egoitza elektrikoan.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua. II. titulua. III. titulua. IV. titulua. V. titulua: II. kapitulua.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. III. kapitulua. IV. kapitulua. V. kapitulua.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriei buruzkoa: I. titulua. II. titulua. V. titulua. VI. titulua: II. kapitulua: Jarduerak eta zerbitzuak.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. III. titulua. VI. titulua. IX. titulua.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Atariko titulua. II. titulua: I. kapitulua. III. titulua. IV. titulua. VI. titulua. VII. titulua.

6.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua: Adjudikazio botereak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

7.–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

8.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: Atariko titulua. I. titulua: I. kapitulua. V. titulua: I. kapitulua: 1. atala.

9.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: I. titulua. II. titulua: Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: II. titulua (I. eta III. kapituluak) eta III. titulua.

11.–Berdintasuna: 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Zizur Nagusiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza.

12.–Dirulaguntzak: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua. Dirulaguntzen itzulketa.

Iragarkiaren kodea: L2606704