Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ATARRABIA
Oposizio-lehiaketa, bete dadin kulturako teknikariaren plaza bat
Atarrabiako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko maiatzaren 6an egin bilkuran, jarraian ageri diren oinarriak onetsi zituen. Oinarriak deialdi honi dagozkio: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Atarrabiako Udalaren kulturako teknikariaren plaza bat.
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Atarrabiako Udalaren kulturako teknikariaren plaza bat, A mailakoa, plantilla organikoan 07 01 01 / 01 identifikazio-kodea duena.
1.1. Deialdiko plazarako nahitaezkoa da euskaraz jakitea. Zehazki, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.
1.2. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.3. Lanpostuak bere mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.4. Honako hauek dira izangai hautatuak egin beharreko zeregin nagusiak:
–Tokiko kultura-ekintzako plana diseinatu, planifikatu eta ebaluatzea, aintzat hartuta herritarren behar, premia eta kezkak.
–Kultura-eskaintza askotariko eta kalitatezkoa diseinatu, planifikatu eta ebaluatzea, lehendik ere bazen publikoa gordetzeko eta berria erakartzeko ere gauza izango dena.
–Kultura Etxea dinamizatzea –ulertuta eragile, kolektibo eta herritarren lankidetza eta parte-hartzea sustatzeko hurbileko kulturagune gisa–, eta ekipamenduaren ahulezia eta aukerak diagnostikatzea.
–Esleitutako aurrekontua kudeatzea; dituen premiei buruzko informazioa ematea, berezko dituen ardurei behar bezala erantzuteko; eta organo eskudunari kontuak ematea.
–Ardurapeko udal-langileak eta Kultura Etxean aritzen diren langile profesionalak antolatzea eta zuzentzea.
–Eskumen-arloko araudia egitea, jasotako dirulaguntzak eta beste erakunde batzuei emandakoak kudeatzea eta kontrolatzea, betiere udalaren dirulaguntzen plan estrategikoarekin bat etorriz.
–Kultur Etxearen ekipamenduaren erabilera jasangarria bermatuko duten ekintzak proposatzea, eta udalerrian abiarazitako kultura-politikak hobetzeko ebaluazioak aztertzea eta interpretatzea.
–Tokian tokiko kultura-asoziazionismoa bultzatzea, eta elkarte horien ekimenak jasotzea eta bideratzea.
–Komunikazio-plana diseinatu eta aplikatzea, arreta berezia jarrita online komunikazioan eta sare sozialetako posizionamendu egokian.
–Ordezkaritza bitarte, Kultura Zerbitzuaren ordezkari aritzea, eta antzeko erakundeekin harremanetan aritzea.
–Kultura Zerbitzuaren jardueren urteko memoria osatzea, bai eta haren bertsio digitala ere.
–Herriko jaien programa prestatu, koordinatu eta garatzea.
–Aipatutakoen antzekoak, zerbitzuaren kariaz agintzen zaizkionak.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozesu hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Baldintzak.
3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Lizentziadun titulua izatea arlo hauetakoren batean: Arte Ederrak, Filosofia, Historia, Artearen Historia, Giza Zientziak, Historia eta Musikaren Zientziak, Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Zuzenbidea, Ekonomia, Pedagogia, Kazetaritza, Psikologia eta Harreman Publikoak eta Soziologia; bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulua eskuratzeko moduan izatea.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 euskara maila egiaztatzea.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
Izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute plazaren jabetza hartu arte.
4.–Eskabideak.
4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, eskabide orokorra erabiliz Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.
Deialdian parte hartu nahi dutenek nahitaez erabili behar dute, eskabiderako, eranskinean ageri den eredu normalizatua.
Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.
b) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nortasuna egiaztatzen duen beste agiri baliokide batena.
c) Titulazio akademikoa egiaztatzen duen kopia.
d) Euskararen ezagutzari dagokion titulazioa egiaztatzen duen kopia.
e) Desgaitasun maila bat izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.3. Tasak.
Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik, 22,91 euroko tasa ordaindu behar da.
Eskabidea formalizatzean ordainduko da tasa, dirua kontu honetan sartuz: ES70 3008 0069 1926 2997 4524.
Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
5.–Izangaien onarpena.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara eman dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu behar dira, Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Atarrabiako alkateak ebazpena emanen du, prozeduran parte hartzeko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
5.4. Prozeduran parte hartzeko eskubideen tasa ez da itzuliko baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Borja Arratibel, zinegotzia eta Kultura Batzordeko burua.
Epaimahaikidea: María Camino Barcenilla Tirapu, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, eta KUNA (Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkartea) kidea. Ordezkoa: KUNA elkarte profesionalak izendatutako kulturako udal-teknikariren bat.
Epaimahaikidea: María Soledad Martínez Caspe, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua, eta KUNA (Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkartea) kidea. Ordezkoa: José Vicente Urabayen Azpilikueta, Atarrabiako Udaleko kultura-teknikaria eta KUNA elkarte profesionaleko kidea.
Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Epaimahaikide idazkaria: Francisco Gil Izco, Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.
6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa.
7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:
a) Oposizio-fasea. Hiru proba hauek eginen dira, eta, aurreikuspenen arabera, 2026ko ekainetik aurrera hasiko da:
a.1) Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktiko bat izanen da, gaztelaniaz, II. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte. Epaimahaiak esanen du, proba hasi aurretik, zer proportziotan. Proba honetan gehienez ere 26 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
a.2) Bigarren proba teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatutako kasu teoriko-praktiko batzuk ebatziko dira, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiarekin zerikusia dutenak. Proba honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Proba pliken bitartez zuzenduko da.
a.3) Hirugarren proban, zenbait galdetegi bete beharko dira, ezagutzeko izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako. Proba horretan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Hirugarren proba Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.
Lanpostuaren profil profesiografikoari dagokionez, NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak aholkularitza emanen die kalifikazio-epaimahaiari edo hark izendatzen dituen langileei (lanpostuko eskakizunak ezagutu behar dituzte) lanpostuaren azterketari buruz, helburua baita ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak zehaztea eta lanpostuko zereginak behar bezala aurrera eramateko behar diren trebetasunak ezartzea. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
b) Merezimenduen balorazioko fasea edo lehiaketaldia. Bertan izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, gero azalduko den baremoaren arabera.
Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.
7.1.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira proba egiteko eguna, tokia eta ordua.
7.1.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
7.1.3. Probak kalifikatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
7.1.4. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagirien kopiak.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
7.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangaien merezimenduak baloratzea, betiere zuzenean loturik daudenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.
Gehienez 24 puntu lor daitezke. Honako merezimenduak baloratuko dira:
7.2.1. Egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan (kulturako teknikari eta/edo kultura-kudeatzaile): 12 puntu gehienez.
7.2.1.1. Administrazio edo sozietate publiko batean egindako zerbitzuak: 2 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
7.2.1.2. Administrazio edo sozietate publiko batean egindako zerbitzuak, kultura-kudeaketako enpresa baten bitartez: 1,5 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
7.2.1.3. Administrazio publikoetatik kanpo egindako zerbitzuak: 1 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
Kontratua egin duen administrazio edo sozietate publikoaren ziurtagiriaren bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, edo, enpresa pribatuen kasuan, kontratuaren eta lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez. Bertan jasoko dira honako hauek: lanpostuaren izena, kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, ehunekoa adieraziko da) eta lan egindako aldiaren hasiera eta bukaera datak.
Oharrak:
1. Deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak baloratuko dira.
2. Urte kopurua osoa ez bada edo zerbitzuak lanaldi partzialean egin badira, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
7.2.2. Prestakuntza osagarriarengatik, baldin zuzenean loturik badago lanpostuaren eginkizunekin, 9 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauen arabera:
a) Unibertsitateko master ofiziala, kultura-kudeaketaren eta/edo kultura-politiken arloan (400 ordu gutxienez): 6 puntu.
b) Graduondoko titulu ofiziala, espezializazio-ikastaroa edo unibertsitate-diploma, arlo hauetakoren batean: kultura-kudeaketa, kultura-politikak, animazio soziokulturala, kultura-ekonomia, kultura-industriak, kulturarteko bitartekaritza, kultura-erakundeak edo kultura-proiektuak (150 ordu gutxienez): 3 puntu.
c) Graduondoko titulu ofiziala, espezializazio-ikastaroa edo unibertsitate-diploma, arlo hauetakoren batean: kultura alorreko ikasketak, komisariotza eta erakusketen kudeaketa, komunikazioa, kultura-ekintzailetza, artearen historia, kulturaren historia, praktika artistikoa edo kulturarekin zein artearekin zerikusia duen besteren bat (150 ordu gutxienez): 2,5 puntu.
Tituluak unibertsitate, prestakuntza-zentro edo erakunde ofizialek emanak izan beharko dira.
7.2.3. Irakaskuntza-lanagatik, ponentzien idazketagatik eta argitalpenengatik –baldin zuzenean loturik badago lanpostuaren eginkizunekin– 3 puntu emanen dira gehienez, irizpide hauen arabera:
Ikastaro, mintegi edo antzekoak emateagatik –zerikusia dutenak kultura-kudeaketarekin, kultura-politikekin edo animazio soziokulturalarekin–, baldin behar bezala egiaztatuta badaude: 0,20 puntu, 10 orduko multzo bakoitzeko; gehienez ere, 1 puntu.
Biltzar, jardunaldi edo antzekoetan ponentziak edo komunikazioak aurkezteagatik –zerikusia dutenak kultura-kudeaketarekin, kultura-politikekin edo animazio soziokulturalarekin–, baldin behar bezala egiaztatuta badaude: 0,25 puntu, ponentzia edo komunikazio bakoitzeko; gehienez ere 1 puntu.
Artikuluak edo antzekoak argitaratzeagatik –zerikusia dutenak kultura-kudeaketarekin, kultura-politikekin edo animazio soziokulturalarekin–, baldin behar bezala egiaztatuta badaude: 0,50 puntu, artikulu edo antzeko bakoitzeko; gehienez ere 1 puntu.
Irakaskuntza-lana, ponentzien aurkezpena eta artikuluen argitarapena egiaztatzeko ziurtagirietan argi eta garbi adierazi beharko da merezimendua.
7.3. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu jakin bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatuan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
7.3.2. Behin epaimahaiak ebatzita behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.
7.4. Azken kalifikazioa.
7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.
7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebatziko da egindako zerbitzuetan puntuazio handiena lortu duenaren alde, eta, bat baldin badatoz, kontuan hartuko da apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.
7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera, eta organo eskudunari igorriko dio, egin daitezen baldintzak egiaztatzeko eta plaza hutsak hautatzeko izapideak.
8.–Baldintzak frogatzea, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.
8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, plaza eskuratzen duten proposatutako izangaiek aurkez dezaten dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdian eskatzen diren titulu akademikoen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
c) Eskatutako euskara maila egiaztatzen duen tituluaren edo egiaztagiriaren kopia, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
d) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
e) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
f) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
g) Hala behar izatera, Atarrabiako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
8.2. Baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako plaza kopuruan sartzen diren izangaiak.
Kontratazio proposamen hori Atarrabiako Udalaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.
8.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, plazarako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
9.1. Atarrabiako Udaleko funtzionario izendatuko da, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia.
9.2. Izendapenak eta plazaren jabetza hartzeak funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
9.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da plazaz.
9.5. Emandako epean jabetza hartzen ez dutenek (ezinbesteko kasuetan salbu) galduko dituzte Atarrabiako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 8.4 deialdian ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko.
10.2. Izangaiei dei eginen zaie jarraikiz "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauei". Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak, eta www.villava.es web-orrian daude.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den guztia ere.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Atarrabian, 2026ko maiatzaren 6an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Nafarroako toki entitateak. Toki-erakunde motak. Udalen funtzionamenduaren araubidea. Udal egintzak eta erabakiak aurkaratzeko araubidea.
2. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua. II. titulua. V. titulua. VI. titulua: II. kapitulua: Jarduerak eta zerbitzuak.
3. gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua: Atariko titulua. II. titulua: I. kapitulua. III. titulua. IV. titulua. VI. titulua. VII. titulua.
4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa- eta funtzionamendu-printzipioak, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. Titulua (Administrazioen arteko harremanak).
5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozedurako interesdunak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, epemugak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Exekuzioa. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
6. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
7. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
8. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datu-babesaren printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
9. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak. Publizitate-arauak eta adjudikazio-prozedurak. Kontratuak betearaztea. II. titulua: Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
10. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua, I., II., III. eta IV. tituluak.
11. gaia.–Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I., II., III. eta IV. tituluak (I., II., III. eta IV. kapituluak). Atarrabiako udal esparruan komunikazio barneratzailea eta hizkuntza ez-sexista erabiltzea eta sustatzea arautzen duen udal ordenantza. Atarrabiako emakumeen eta gizonen arteko III. Berdintasun Plana: jarduketak kultura-arloan. Ordenantza eta plana eskuragarri daude udalaren webgunean (www.villava.es).
12. gaia.–Kultur-mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak Nafarroako Foru Komunitatean. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina.
13. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. I., II. eta IV. tituluak.
14. gaia.–2/1989 Foru Legea, Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzen dituena; 5/2005 Foru Legea, apirilaren 9koa, aldatzen duena Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzen dituen 2/1989 Foru Legea.
15. gaia.–36/2024 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzkoa.
16. gaia.–Kultura eta globalizazioa: funtsezko elementuak. Globalizazioaren dimentsio soziokulturala. Nola birpentsatu kultura kontzeptua? Migrazioak. Kultura, hibridazioa eta kulturartekotasuna.
17. gaia.–Kultura-politikak: Kultura-politiken kontzeptua. Oinarriak eta legitimazioa. Kultura-politiken ereduak eta moldeak.
18. gaia.–Kultura ordenamendu juridikoan: UNESCOren gidaritza eta kulturaren instituzionalizazioa: kulturaren estatutu berri baterantz. Kultura 1978ko Espainiako Konstituzioan. Kultura-adierazpenen Aniztasuna Babesteko eta Sustatzeko UNESCOren konbentzioa (2005). Kultura Europar Batasunaren itunetan. Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) finkatze-bidea agenda global gisa, eta kulturari prozesu horretan dagokion zeregina. Kulturarako Europako Agenda berria.
19. gaia.–Kultura-zuzenbidea, kultura-kudeaketaren espezialitateetako bat. Hurbilpena haren kontzeptu-oinarrietara. Eskubide kulturalak: ibilbide historiko laburra. Esparru teorikoa. Bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidearen lehentasuna.
20. gaia.–Hurbiltasuna kultur politiketan: Hurbiltasun-faktorearen dimentsioak. Hurbiltasunaren inplikazioak: hurbiltasun-politikei buruzko kontzeptuak, jarduketak eta tresnak. Kultura eskuratzeko aukera, adierazgarritasuna eta kidetasun komunitarioa.
21. gaia.–Kultura, garapen ekonomiko, sozial eta territorialaren faktore. Kulturaren transbertsalitatea. Kulturarako irispidea. Kultura eta herritarren partaidetza. Memoria eta berrikuntza tokian tokiko nortasunaren eraikuntzan.
22. gaia.–Genero-ikuspegia kulturaren arloan. Kultura-kudeaketa eta generoa.
23. gaia.–Kultura-lurraldea analisi eta diagnostikoa.
24. gaia.–Kulturaren plangintza eta zuzendaritza estrategikoa.
25. gaia.–Kultura-plangintza publikoa.
26. gaia.–Kultura-proiektuen diseinu integrala.
27. gaia.–Tokian tokiko kultur politiken ebaluazioa: "Tokian tokiko kultura-politikaren" definizioa. Adierazleen identifikazioa eta sailkapena. Oinarrizko adierazleen proposamena. Eskubide kulturalei erantzutea.
28. gaia.–Komunikazio kulturala. Marketina eta komunikazio kulturala. Jarraibide berriak egungo estrategietan.
29. gaia.–Udalaren kultura-jardueraren finantzaketa: Diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena Aurrekontua prestatzea. Tresna ekonomikoak: merkatuaren azterketa, eskaintza eta eskaria, xede-publikoa eta datuen analisia. Produktu kulturalak sortzea. Finantzaketa-tresnak eta finantzaketa-iturri publikoak.
30. gaia.–Kultura-publikoak garatzeko estrategiak.
31. gaia.–Kultura-kudeaketa: Berezitasun profesionala eta etorkizunerako aurreikuspenak. Kode deontologikoa. Kultura-kudeaketa publikoa eta kultura-politika. Gatazken kudeaketa kultura-kudeaketan.
32. gaia.–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia: Eskumenak Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren programak. Nafarroako Arte Eszenikoak eta Musikalak sustatzeko plana. Toki erakundeen Kultura Ekintzari laguntzeko plana.
33. gaia.–Nafarroako Antzoki Sarea. Entitatea. Estatutuak. "Oholtzara / Salto a Escena" proiektua. Sendaberri proiektua.
34. gaia.–Atarrabiako Udalaren Kultura Zerbitzua: Jarduketa-ildoak, esku hartzeko arloak, ekintzak eta inpaktua; hori guztia, 2024ko jarduera-memoriaren bidez.
35. gaia.–Atarrabiako Kultur Etxearen funtzionamenduaren eta erabileraren gaineko erregelamendua: Zentroaren definizioa, kudeaketa, erabiltzaileak, jarduerak, guneak. Guneak eta aretoak lagatzea. Antzokia, hura lagatzeko eta erabiltzeko baldintzak. Erakusketa aretoa. Erabakia argitara eman zen 2013ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an.
36. gaia.–Atarrabian Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Ordenantza argitaratu zen 2011ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 25ean.
Gai-zerrendari buruzko oharrak:
1. gaitik 15.era bitarteko gaiak, 35.a eta 36.a eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.
16. gaitik 34.era bitartekoak eskatuko dira deialdiaren fitxan izangaien eskura jarritako bibliografiaren arabera: deialdiaren fitxa www.villava.es webgunean argitaratuko da.
Iragarkiaren kodea: L2606824
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
