98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

94E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, banakako ebaluazioaren araubidekoa, Nafarroako kirol entitateei (kirol federazioak izan ezik) dirulaguntzak emateko, izena eman dezaten GARDENA kudeaketa aurreratuko prestakuntza-programan (Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratua). Prestakuntza 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean eginen da. DDBN kodea: 902086.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Kirol sektoreak kudeaketa zuzena eta modernoa behar du, ematen den zerbitzua kalitatezkoa eta jasangarria izan dadin, bai ekonomia aldetik bai beste arlo batzuetan. Horretarako, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, EUSKALIT fundazioarekin eta Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioarekin lankidetzan, kudeaketa aurreratuari buruzko prestakuntza bat diseinatu du, kirol entitateei bideratua, aurreko edizioetan jada abian jarri zena. Laguntzak bideratuko zaizkie, deialdi honen bidez, Nafarroako kirol entitateei, kirolaren kudeaketa aurreratuko programetan, zeinak eragina baitute entitateek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatean. Gainera, ondorio garrantzitsuak dituzte bai entitateen eskaintza jasotzen duten kirolari guztien osasunean eta bai entitateen kudeaketan, jasangarritasunean eta funtzionamenduan.

2026rako deialdi hau laguntza-bide bat da, egoitza soziala Nafarroan duten kirol entitateak (federazioak izan ezik) kudeaketa aurreratuko prestakuntza horretan inskribatzeak sortzen dituen gastuak partzialki ordaintzeko. Prestakuntza 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean eginen da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak.

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako kirol entitateei (kirol federazioak izan ezik) dirulaguntzak emateko, izena eman dezaten GARDENA kudeaketa aurreratuko prestakuntza-programan (Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratua). Prestakuntza 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean eginen da.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen 1. eranskinean jasotzen direnak, bai eta 2. eranskina ere (eskaera-inprimakia).

3. 20.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honetarako; Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honi egotziko zaio:

A50003 A5200 4819 336126, "Nafarroako kirol entitateentzako dirulaguntza, Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako", 20.000,00 euroko zuzkidurarekin.

4. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Nolanahi ere, dokumentazio hau eta 2. eranskina (eskaera-inprimakia) www.nafarroa.eus web-orrian eskuratzen ahalko dituzte interesdunek.

5. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko apirilaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da ezartzea dirulaguntzak emateko prozedura, banakako ebaluazioaren araubidean, Nafarroako kirol entitateei (kirol federazioak izan ezik) dirulaguntzak emateko, izena eman dezaten GARDENA Nafarroako kudeaketa aurreratuko prestakuntza-programan (Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratua). Prestakuntza 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean eginen da. Aipatu kirol entitateek eranskin honetako baldintzak bete beharko dituzte, eta dirulaguntza emanen zaie aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

1.2 Dirulaguntza horien bidez, aipatutako entitateei kudeaketa aurreratuko prestakuntzan laguntzea lortu nahi da. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen, zabaltzen eta kudeatzen laguntzen dutelako.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan onuradun izaten ahalko dira Nafarroako kirol entitateak (kirol federazioak izan ezik) izena emateagatik GARDENA Nafarroako kudeaketa aurreratuko prestakuntza-programan (Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratua). Prestakuntza 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean eginen da.

2.2. Ezin izanen dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak.

2.3. Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitateek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

2.4. Era berean, egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak.

3. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Deialdi honen ondorioetarako, kontzeptu diruz lagungarriak izanen dira hauek, hauek baino ez: Nafarroako kirol entitateak GARDENA Nafarroako kudeaketa aurreratuko prestakuntza-programan (Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratua) inskribatzearen gastuak. Prestakuntza 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean eginen da. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak diruz lagunduko du aipatu entitateak GARDENA programa osoan inskribatzearen gastuen %75.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako onesten den gastua Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorren partida ekonomiko honen kargura ordainduko da:

A50003 A5200 4819 336126, "Nafarroako kirol entitateentzako dirulaguntza, Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako", 20.000,00 euroko zuzkidurarekin.

4.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa, azkenik, kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera zehaztuko da.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epeak.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orria ere baliatzen ahal da horretarako:

https://www.deportenavarra.es/eu

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da (2. eranskina), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen eskaera-ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez modu telematikoan aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Eskaerak aurkezteko ezarritako epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Izena eman ondoan baino ezin izanen da egin eskaera. Ez dago aurretiaz eskatzerik.

5.2. Entitate bakoitzaren eskaera bakarra onartuko da, nahiz eta batek entitate bat ordezkatu eta besteak entitate horren talde edo entitate filial bat ordezkatu.

5.3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-inprimakia, jasoko dituena honako baimen eta erantzukizunpeko adierazpen hauek:

–Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eskatzaileak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria kontsultatzeko baimena emateko aukera. Baimena ematen ez bada, entitateak dagokion egiaztagiria entregatu beharko du.

–Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria kontsultatzeko baimena emateko aukera. Baimena ematen ez bada, entitateak dagokion egiaztagiria entregatu beharko du.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

–Adierazpena, dioena, hala badagokio, diruz lagunduko den jarduera finantzatu dela edo finantzatzea aurreikusten dela deialdiaren xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin.

–Adierazpena, adierazten duena apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) ez dutela entitatea guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten. Era berean, ez da izaten ahalko enpresa mota horien publizitaterik, ez instalazioetan, ez janzkeretan eta jarduerak egiteko erabilitako materialean.

–Gastu diruz lagungarriaren BEZa berreskuratzen edo konpentsatzen ahal den adierazten duen adierazpena.

–Entitatearen adierazpena, adierazten duena egiten ote dituen ohiko jarduerak adingabeekin eta, kasua bada, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko betebeharrak betetzen dituen, bat etorriz ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

b) Prestakuntza antolatzen duen entitateak egindako fakturak, izen-ematearenak.

c) Ordainketaren egiaztagiria.

d) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendurako eta instrukziorako organo eskuduna Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo osatzeko eskatzen ahalko die organo horrek entitate eskatzaileei.

6.3. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

7. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena emanen du, gehienez bi hilabeteko epean eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun-betebeharrak bete badira.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio modu telematikoan. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda, ukoaren arrazoia barne, jasoko ditu. Ebazpena www.nafarroa.eus web-orrian egonen da ikusgai.

7.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

8. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuta egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2026ko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 11. atalean aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.

9. Frogagiriak eta aurkezteko epea.

Oinarri hauetako 5. puntuan zehaztutako egiaztagiriak baino ez dira aurkeztu beharko, eta eskaerak aurkeztu beharko dira oinarri horretan ezarritako epean.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak adierazten diren xedeetarako erabili, helburuak betetzen dituztela agiri bidez frogatu, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jakinaraztea jaso duen edo jasotzeko duen beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, eskaera-ereduaren inprimakia betez. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

c) Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, entitatearen webgunean eta instalazioetan, NKJFIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta erantzukidetasunari lotutako balioak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, entitateek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, izena emateko orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari diruz lagundutako jardueraren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko.

h) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruz aplikatu beharreko legeetan xedatu bezala. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak edozein agiri eskatzen ahalko du bidezkotzat jotzen badu eskatzailearen datuak berresteko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11. Gardentasun betebeharrak.

Administrazio publiko bati loturik ez dauden entitate pribatuek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, eskaerarekin batera, aurkeztu beharko dute foru lege horren 12.4 artikuluan zerrendatutako informazioa, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta. Modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko dagokion fitxaren bidez.

Adierazpenaren eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

12. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da proportzionaltasun irizpideari jarraituz.

13. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Nafarroako Gobernuaren webgunean datu pertsonalak babesteko politikari buruzko informazioa dago (https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa).

14. Errekurtsoak.

14.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

14.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, horiek jakinarazi eta biharamunetik hasita.

15. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, jarraituko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.

Iragarkiaren kodea: F2606270