Iragarkia
98. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MURCHANTE
Oposizio-lehiaketa murriztua, kultura-kudeatzailearen plaza bat betetzeko
Alkateak maiatzaren 4an emandako 96/2026 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, kultura-kudeatzailearen plaza bat bete dadin oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez.
Alkatearen ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Murchanten, 2026ko maiatzaren 5ean.–Alkate udalburua, Macario Manuel Jarauta Simón.
OINARRIAK.–DEIALDIA, KULTURA-KUDEATZAILEAREN PLAZA BAT BETETZEKO, OPOSIZIO-LEHIAKETA MURRIZTUAREN BIDEZ FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN ARI DADIN MURCHANTEKO UDALAREN ZERBITZURA
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea kultura-kudeatzailearen lanpostu bat, funtzionarioen araubidean aritu dadin; 13. zenbakia du Murchanteko Udalaren plantilla organikoan.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Murchanteko Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da, eta hartan kidetuko.
1.3. Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak izanen ditu, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Bete beharreko eginkizunak egokiak izanen dira deialdiko plazen kategoria eta mailarako, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta beste batzuk baztertu gabe, honako hauek izanen dira:
–Programa eta jarduera kulturalak diseinatu, planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea; harremanak ezartzea erakundeekin; aurrekontua kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea.
–Herriko elkarte eta mugimenduekin harremanetan egotea; eta jarduketa-eremuko jarduerak eta gainerako zereginak koordinatzea; udalerrian izaten diren gertakarien berri ematea.
Era berean, udal-bulegoetatik kanpo eginen ditu jarduketak eta kudeaketak, baita asteburuetan eta jaiegunetan ere, beharrezkoa bada.
–Ekintza-plangintzak proposatzea, esleitutako azpiegitura edo kultura-guneetarako.
–Espazioak eta materialak erabiltzeko eskaerak ebaztea, eta daten eta ordutegien banaketa planifikatzea.
–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamenei harrera egitea, proposamen horiek bideratzea eta, hala badagokio, Udalari igortzea.
–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitutako aurrekontua aplikatzea.
–Laguntzak eta dirulaguntzak prestatzea eta kontrolatzea, bai eta haiek behar bezala inbertitzen direla zaintzea ere.
–Proposatzea nola arautu, nola aplikatu eta nola kontrolatu behar diren laguntzak eta dirulaguntzak, halakoak udalerrian diharduten beste erakunde batzuei ematekoak direnean.
–Kultura-proposamenak egitea, hautemandako beharretatik sortutakoak, eta erabiltzaileek egindako eskaerak ebaztea, bere eskumenekoak badira.
–Aldaketak proposatzea bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko programen eta proiektuen plangintzak garatzean.
–Kultura-jardueren programazioa proposatzea, eta programazio hori eraginkortasunez eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea publiko potentzialari. Horretarako, IKTak, hedabideak eta kanalak erabiltzea; esate baterako, tokiko prentsa eta irratiak, webgunea, sare sozialak eta udalaren app-a.
–Jaiekin eta kultura-ekitaldiekin lotutako kudeaketak.
–Sorkuntza artistikoa sustatzea eta bultzatzea Murchanteko bizilagunen eta eragile sozial eta kulturalen artean, bai eta kultura-etxeko erabiltzaileen artean ere.
–Ekimen komunitarioko jarduerak kultura-etxearen eta Udalaren berezko jarduerekin koordinatzea.
–Guneak ongi erabiltzen direla egiaztatzea, eta haien erabilera-araudia betearaztea.
–Eraikinetako zerbitzuak, areto teknikoak, txarteldegia eta mantentze-lanak koordinatzea.
–Basiano museoko jarduerak eta mantentze-lanak kudeatzea.
–Kirol Zinegotzitzak eta Hego Nafarroa Kirol Mankomunitateak planifikatu eta koordinaturiko kirol-jarduerak kudeatzea.
–Murchanteko kirol-eraikin eta -instalazioak kudeatzea.
–Herriko kirol-taldeei laguntza eta aholkua ematea.
–Bere jarduketa-esparruan, herritarren mugimendu eta ekimenak sustatu eta sostengatzea, baterako jarduerak egiteko.
–Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratzea.
–Herriko turismo-jarduerak kudeatzea, herrian turismoa bultzatzeko.
–Aipatutakoez gain, bestelako zereginak betetzea, halakorik aginduz gero ezarritako helburuak lortu beharrez, betiere karguari dagozkion gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorririk.
–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Murchanteko Udalak agintzen dizkionak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Murchanteko Udalaeko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta C mailan egotea. Murchanteko Udalak ofizioz egiaztatuko du hori.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea, edo lortzeko moduan egotea: unibertsitateko diploma edo gradua, ingeniaritza teknikoko titulua, arkitektura teknikokoa edo baliokidea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) Murchanteko Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 12 euro sartzea, azterketa-eskubideak ordaintzeko.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu baldintzak, baita hautapen-prozesuak iraun bitartean ere, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Murchanteko Udaleko alkate-udalburuari zuzendu behar zaizkio, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira Murchanteko Udalaren erregistro elektroniko orokorrean (egoitza elektronikoan dago), hartarako baliatuz "Erregistro elektronikoa / Eskabide orokorra aurkeztea" izapidea (Registro Electrónico / Presentación Instancia General).
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideak aurkezteko, I. eranskineko eredua erabili beharko da. Eredu hori Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoan deskarga daiteke (257155K espedientea: GARDENTASUN ATARIA), deialdiaren web-fitxatzat jotzen baita argitaratzearen ondorioetarako.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.
b) 12 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.
Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan:
–Caixabank: ES 60 2100 5067 0121 00183322.
Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: kultura-kudeatzailearen azterketa.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.6. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute, denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko dokumentazioa ere, organo eskudunak emana.
3.7. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun-atarian.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian argitaratzeko aginduko du.
Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.4. Azterketa-eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Macario Manuel Jarauta Simón, Murchante Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: María Luisa Jiménez Malo, Murchante Udaleko lehen alkateordea.
Epaimahaikidea: Ana María Zardoya Gómez, Ribaforadako Udaleko kirol- eta kultura-teknikaria.
Ordezkoa: izendatzeke.
Epaimahaikidea: Marta Millán Fernández, Cortesko Udaleko kultura-kudeatzailea.
Ordezkoa: izendatzeke.
Epaimahaikidea: Rosana Sáez Ramírez, Murchanteko Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Jesús Manuel Rosón Lete, Ribaforadako Udaleko kontu-hartzailea.
Epaimahaikide idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Murchanteko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Cristina Montes Chivite, Cortesko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.
6.2. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik eginen da, eta gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:
6.3.a) Murchanteko Udalean kirol-koordinatzailearen lanpostuan emandako zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat lanean egindako urte bakoitzeko.
Oharrak:
Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).
Hori frogatzeko, Murchanteko Udalaren organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da; hartan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa, zenbat egun izan diren zehaztuta. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; edo b) horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.
Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, ez da kenduko dagokion zatia.
Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
6.3.b) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Murchanteko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, bost egun balioduneko epean, Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektroniko orokorrean, eskabide orokorra aurkezteko izapidea baliatuta. Murchanteko Udala - Egoitza elektronikoa.
6.4. Oposizioaldian honako proba hau izanen da:
6.4.1 Lehen proba: teoriko-praktikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 60 puntu emanen dira, eta gutxienez 30 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko duen moduan.
Gutun-azal itxien sistema erabiliko da ariketan, salbu izangai bakarra aurkezten bada. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu, iragarki-taulan eta Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun-atarian, kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
6.4.2 Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketaren behin-behineko emaitzak. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, bost egun balioduneko epean, Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektroniko orokorrean (egoitza elektronikoan dago), hartarako baliatuz "Erregistro elektronikoa / Eskabide orokorra aurkeztea" izapidea (Registro Electrónico / Presentación Instancia General).
6.4.3 Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun-agiri nazionala eraman beharko dute, edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun-atarian argitaratuko da.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Izendapen-proposamena iragarki-taulan argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu Murchanteko Udalaren erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:
a) Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Osasun-ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.
d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
f) Izangaia langile finkoa bada Nafarroako beste administrazio publiko batean, deialdi hau egin duena ez beste batean, aurrekoaz gain ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, frogatzeko aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak: sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean (salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.
7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Hautapen-prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak Murchanteko Udaleko funtzionario izendatuko du, kultura-kudeatzailearen lanpostua bete dezan.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko da plazaz izendatutako izangaia, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik. Egun horretan jabetza hartu ezean (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Murchanteko Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
9.–Datuen babesa.
Murchanteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialaren lanposturako lekualdatze-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.
Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).
Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal-bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@murchante.com).
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
10.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Murchanteko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoko gardentasun-atarian.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izena: ..........................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ................................................. (edo balio bereko beste nortasun-agiriren bat), jaioteguna: ..............(e)ko ......................................aren ..........(e)(a)n, jaioterria: .................................................. (..........................................), nazionalitatea: .............................................................; egungo bizitokia: ....................................... (..............................................), kalea: ..........................................................................., posta-kodea: ............................, telefonoa: ......................................................... eta posta elektronikoa: ...............................................................................
Adierazten dut:
Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, Murchanteko Udalean kultura-kudeatzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen ........... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...................................................................
–Eransten dudala deialdi murriztuan parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.
–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.
Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Murchanteko Udaleko kultura-kudeatzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko hautaprobetan.
Murchanten, 2026ko ............................................aren ........(e)(a)n.
(Sinadura)
MURCHANTEKO UDALEKO ALKATEA.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Murchanteko Udala. Helburua: administrari-ofizialaren lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, deialdiko 9. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoarekin bat.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Zabalkundea, publizitatea, jendeari arreta egitea eta publikoak kudeatzea kultura-jardueretan.
2. gaia.–Kultura-proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.
3. gaia.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.
4. gaia.–Kultura-etxe bateko jarduerak programatu eta gauzatzea. Kultura-ekipamendu motak eta esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.
5. gaia.–Murchanteko Udaleko Kultura Zerbitzuaren antolaketa, eta tokiko kultura-eragileak, ospakizunak eta elkarteak ezagutzea.
6. gaia.–Komunikazio eta zabalkunderako estrategiak kultura-ekintzan. Publikoen fidelizazioa eta heziketa.
7. gaia.–Publiko berrien kudeaketa eta kultura bitartekaritza.
8. gaia.–Kultura-kudeatzailea: Prestakuntza profesionala. Enpatia lanerako dohain gisa. Harremana beste kultura-eragile batzuekin eta artistekin. Publikoarekiko harremana.
9. gaia.–Udalaren kultura-jardueraren finantzaketa-iturriak, publikoak zein pribatuak. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa. Babesa eta publizitatea.
10. gaia.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki-erakundeei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.
11. gaia.–Nafarroako antzokien sarea.
12. gaia.–Murchanteko kirol-jarduera, udalarena nahiz klub eta taldeena. Hego Nafarroa Kirol Mankomunitatea.
13. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.
14. gaia.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa.
15. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa.
16. gaia.–7/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Nafarroako Turismoari buruzkoa.
17. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio-egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio-prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
18. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
19. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
20. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
21. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal-zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
22. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
23. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario-izaera hartu eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
24. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Oharra: Udalak ez ditu gaiak garaturik emanen. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.
Iragarkiaren kodea: L2606494
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
