1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
15/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Memoria duten paisaiak" IX. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 1.750 euroko gastua baimentzen duena.
Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalak, txosten batean, proposatu du "Memoria duten paisaiak" IX. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia egitea, Nafarroako paisaia hutsei buruz. Lanak aurkezteko epea 2026ko irailaren 4an (ostirala) amaituko da. Hori helburu, eskatu du onets daitezela argazkilaritza-lehiaketaren oinarriak, zeinak argitaratuko baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kultura eta Kirol Departamentuaren web-orrian: www.culturanavarra.es/eu.
Guztira, 1.750 euroko gastua ezartzen da: deialdiaren oinarrien arabera, kopuru horretatik 1.500 euro (BEZa barne) lau sari ordaintzeko dira, eta 250 euro (BEZa barne) epaimahaiko argazkilari profesionalari ordaintzeko. Epaimahai hori da lanak ebaluatzeko izendatutakoak, deialdiaren oinarrietako 6. puntuan jasotakoarekin bat.
Sarituei ordaindu beharreko 1.500 euroko zenbateko hori (zenbateko horren ordainketak %19ko atxikipena izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian xedatutakoa betez, sariak ordaintzeko) ordainduko da Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketako sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura.
Argazkilari profesionalari ordaintzeko 250 euroko zenbatekoa ordainduko da Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea "Memoria duten paisaiak" IX. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia, Nafarroako paisaia hutsei buruzkoa, eta haren oinarriak. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.
2. Guztira, 1.750 euroko gastua baimentzea: 1.500 euro sariak ordaintzeko eta 250 euro epaimahaiko argazkilari profesionalari ordaintzeko. Diru kopuru horiek honela banatuko dira: 1.500 euro, "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketaren sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura, eta 250 euro, argazkilari profesionalari ordaintzeko, "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura. Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.
3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (http://www.culturanavarra.es/eu) ere egonen dira eskuragai.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
"MEMORIA DUTEN PAISAIAK" IX. ARGAZKILARITZA-LEHIAKETA
"Nafarroako paisaia hutsak"
Antolatzailea: Nafarroako Artxibo Garaikidea.
OINARRIAK
Gaur egun, Nafarroako paisaia hutsak ulertzen ahal dira esanahiz betetako lurralde gisa, ez isiltasun-espazio gisa. Soro zaharrek, borden hondarrek edo ia trazatu gabe dauden bidezidorrek eratzen dituzten unibertsoetan, gizakien aztarna ez da desagertu, eraldatu egin da.
Paisaiaren Europako Hitzarmenaren ildotik, eremu horiek paisaiaren ikuskera zabal baten parte dira, eta ikuskera horrek barne hartzen ditu bai ezohiko espazioak eta bai egunerokoak edo are andeatuak ere, faktore naturalen eta giza faktoreen arteko elkarreraginak eta espazio horiek errekonozitzen dituen gizarte-pertzepzioak definituta, betiere.
Ikuspegi horretatik, paisaia hutsak memoria kolektiboa dira, eta orobat dira aztarnak, arrastoak, oroipenak, aztarrenak, oroitzapenak: oso aspaldiko nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerak, arkitekturaren hondarrak, ahantzitako bideak, Nafarroa moldatu duten despopulatze- eta aldaketa-prozesuen erakusgarri. Itxuraz giza jarduerarik ez duten paisaia horiek, benetan, prozesu historikoak eta eraldaketa sozioekonomikoak erakusten dizkigute. Hitzarmenak berak, hain zuzen, animatzen gaitu horiek identifikatzera, horien ezaugarriak definitzera eta horiek kudeatzera, ondare komunaren parte gisa.
"Memoria duten paisaiak" lehiaketaren helburuekin bat, lurralde horiek agertoki pribilegiatuak dira paisaiaren eta memoriaren arteko erlazioari buruz hausnartzeko, eta agerian dagoenaren eta ezkutuan dagoenaren balioa nabarmentzeko. Haietan ikusi nahi da haien alderdi estetikoa, baina ez hori bakarrik, orobat zer gaitasun duten istorioak kontatzeko, tokiko nortasunak indartzeko eta paisaiaren kultura jakin bati laguntzeko, hain zuzen ere oinarri dituena babesa, parte-hartze soziala eta etorkizun jasangarrien eraikuntza.
1.–Gaia.
Aurkezten diren argazkiek lotura izan behar dute Nafarroak XX. mendetik gaur egunera bizi izan dituen despopulatze- eta aldaketa-prozesuen lekuko diren arkitektura, erabilera edo espazioekin.
2.–Lehiakideak.
18 urtetik gorakoek hartzen ahalko dute parte.
Antolakuntzarekin zerikusia duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu, ezta haien ahaideek ere.
Lehiakide bakoitzak gehienez ere hiru irudi aurkezten ahalko ditu: irudi original eta argitaragabeak.
3.–Aurkezpena.
Dokumentazioa gutun-azal itxian aurkeztuko da; gutun-azal bat lehiaketara aurkezten den argazki bakoitzeko. Hartan adieraziko da lehiaketara aurkezten den argazkiaren izenburua eta, gainera, bi gutun-azal izanen ditu barruan:
–1. gutun-azala:
Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.
Barruan DIN A4 neurriko orri bat sartuko da, datu pertsonalak izanen dituena (izen-deiturak, NANa, jaioteguna, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa); gainera, han adieraziko da lehiaketara aurkezten den irudia zer tokitan egina den (helbidea, herria...).
–2. gutun-azala:
Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.
Gutun-azalaren barruan, aurkezten den argazkia egonen da. Argazkiaren euskarriaren atzealdean, aukeratutako izenburua agertuko da, ez besterik.
Argazkia izengabea izanen da, eta ez da egonen gutun-azalaren barruan ez kanpoan argazkiaren egilea identifikatzen ahal duen inolako daturik, salbu eta izenburua bera.
Argazkiak honelakoak izanen dira: argazki-paperaren gainean dauden originalak; zuri-beltzekoak edo koloretakoak; 30 x 40 cm-ko neurria dutenak eta markorik gabeak.
Argazki bakoitza kartoi mehez egindako 30 x 40 cm-ko euskarri baten gainean muntatuta egonen da.
4.–Epea.
Lanak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 1etik irailaren 4ko 14:30 artekoa izanen da.
5.–Non aurkeztu.
Lanak behar bezala babestuko dira, materialak kalterik izan ez dezan, eta aurrez aurre edo posta ziurtatuaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Artxibo Garaikideari zuzenduta (Superser eraikina; Zaragozako errepidea, 3. km, 3. solairua; 31191 Cordovilla, Galar). Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
Antolakuntzak emanen du hartu izanaren agiri bat.
6.–Epaimahaia.
Epaimahaia izendatuko du deialdia egin duen entitateak, eta osatuko dute argazkilaritzako bi profesionalek (argazkilari profesional batek eta teknika fotografikoan eta estetikan aditua den Nafarroako Artxibo Garaikideko teknikari batek) eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kidek. Aurkezten diren argazkiak baloratzean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.
–Teknika fotografikoa.
–Konposizioaren originaltasuna.
–Paisaiaren ikuskera integrala (Paisaiaren Europako Hitzarmenean ezarritakoaren arabera).
7.–Sariak.
Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera emanen dira sariak, eta haren erabakia apelaezina izanen da.
Lehenbizikoa: 700 euro.
Bigarrena: 400 euro.
Hirugarrena: 200 euro.
Paisaiaren ikuskera integrala hobekien islatzen duen argazkiarentzako accesita: 200 euro.
Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu sari batzuk, edo guztiak, hala iruditzen bazaio.
Saritutako argazkiekin eta lehiaketara aurkeztutako argazki hautatu batzuekin erakusketa bat eginen da.
Epaimahaiaren erabakia Nafarroako Gobernuaren Kultura atarian (https://www.culturanavarra.es/eu) jakinaraziko dira, 2026ko irailaren 18an. Gainera, sariak noiz eta non emanen diren adieraziko da, eta erakusketaren inaugurazioaren berri emanen da.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.
8.–Obrak eta egile-eskubideak.
Parte-hartzaileen ardurapekoak izanen dira aurkezten diren obren egiletza eta originaltasuna; halaber, haien ardura izanen da ez egotea hirugarren pertsonen eskubiderik argazkien gainean.
Lehiaketa honetan parte hartzean, parte-hartzaileek atxiki eginen dituzte aurkeztutako obren gaineko beren eskubideak. Sustapen ekintza guztietan adieraziko da nortzuk diren erabilitako argazkien egileak.
Nafarroako Artxibo Garaikideari baimena ematen zaio hautatutako argazkiak eta haien egileak argitaratzeko bere web-orrietan, sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen dituen bide guztietan.
Finalera iristen diren argazki guztiak sartuko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen funtsetan. Hautatzen ez diren argazkiak jasotzen ahalko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitzan (Zaragozako errepidea, 3. km, 31191 Cordovilla, Nafarroa) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
9.–Datu pertsonalak babestea.
Nafarroako Artxibo Garaikideak konpromisoa hartzen du bere eginkizunetan betetzeko datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudia; bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.
Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:
–Lehiaketan parte hartzean eman dituzten datuak Nafarroako Artxibo Garaikideak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko.
–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik izan gabe.
–Harremanetan jartzen ahal direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza dela lehiaketan onartua izateko; egin ezean, kanpo geldituko direla.
–Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea dutela datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko; eta, horretarako, idatzizko eskaera zuzendu behar diotela datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan.
–Datuak gordeko direla indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte.
–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.
10.–Oharrak.
Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek osorik onartzea.
Informazio gehiago, hemen:
Nafarroako Artxibo Garaikidea.
Zaragozako errepidea, 3. km, 31191 Cordovilla (Nafarroa).
Telefonoa: 848429721.
Helbide elektronikoa: archivo.contemporaneo@navarra.es.
Web-orria: acn.navarra.es.
Iragarkiaren kodea: F2606809