94. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

204E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, erakunde sindikalei berdintasun agentearen figurarako dirulaguntza emateko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 897904.

Espainiako Konstituzioak honako hau ezartzen du 14. artikuluan: "Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta". Gainera, 9.2 artikuluan hauxe ezartzen du: "Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte bizitzan ere".

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak 45. artikuluan ezartzen duenaren arabera, "enpresek lan-esparruan tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatzeko betebeharra dute, eta, helburu horrekin, neurriak hartu beharko dituzte emakumeen eta gizonen artean lan izaerako edozein bereizkeria-mota saihesteko; halako neurriak negoziatu beharko dituzte, eta, hala denean, akordatu, langileen lege-ordezkariekin, lan-legerian ezarritakoaren arabera".

Halaber, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak honako hau ezartzen du 45. artikuluan: "Enpresa eta lan arloko eskumena duen departamentuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduketak sustatuko ditu enpresa eta antolakundeetan, eta berdintasun neurrien eta planen jarraipena eta kontrola eginen ditu". Orobat, 45.1.a) artikuluan hauxe ezartzen du: "Nafarroako Gobernuak sustatuko du berdintasun neurriak eta planak egin eta ezartzea indarreko araudiak horretara behartzen ez dituen enpresa eta antolakundeetan, eta laguntza eta aholkularitza emanen die horiek prestatzeko". Eta 45.1.b) artikuluan: "Enpresa eta lan arloko eskumena duen departamentuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean, tresna batzuk garatuko ditu, Nafarroako enpresa eta antolakundeetan berdintasun printzipioa pixkanaka aplikatzen laguntzeko". Hain zuzen ere, gure foru legearen 45. artikulu ia osoan lanaren arloko eskumena daukan departamentuari (Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua) dagozkion lege agindu batzuk aipatzen dira; horien arabera, berdintasuna bermatu behar da edo, behintzat, horretan aurrera egin behar da, eta, horretarako, berdintasun neurriak eta planak egin eta ezarri behar dira enpresetan eta erakundeetan (indarreko araudiak horretara behartzen ez baditu ere), eta departamentuak laguntza eta aholkularitza eman behar dizkie horiek prestatzeko.

Beste alde batetik, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, berdintasun planak eta horien erregistroa arautzen dituenak, garatu eta osatu egiten du Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezartzen duen arauketa. Besteak beste, errege dekretu horretan ezartzen da nola negoziatu behar diren berdintasun planak langileen legezko ordezkaritzarekin. Hain zuzen ere, ezartzen duenaren arabera, berdintasun plana negoziatuko duen batzordea eratu behar da, eta bertan ordezkariak eduki behar dituzte enpresak eta langileek (enpresa batzordeko kideak eta/edo langileen delegatuak, etab.). Negoziazio batzordearen egitekoak honako hauek izanen dira, besteak beste: diagnostikoa negoziatzea eta egitea; berdintasun planean sartuko diren neurriak negoziatzea; diagnostikoaren emaitzei buruzko txostena egitea; diagnostikoa aintzat harturik, lehentasunezko neurriak identifikatzea eta, orobat, neurrien aplikazio eremua, haiek ezartzeko behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak eta zer pertsona edo organo arduratuko diren zehaztea, jarduketen kronograma ere sartuta; berdintasun planaren ezarpena bultzatzea enpresan; neurketa adierazleak eta jarraipena egiteko eta berdintasun planean ezarritako neurrien betetze-maila ebaluatzeko behar den informazioa biltzeko tresnak zehaztea; langileak informatzeko eta sentsibilizatzeko lehenbiziko ekintzak bultzatzea; eta araudian eta aplikagarria den hitzarmen kolektiboan esleituta dituen gainerako egiteko guztiak, bai eta batzordean bertan adosten direnak ere, besteak beste, onesten den berdintasun plana lan agintaritza eskudunari helaraztea, erregistratu, gordailutu eta argitaratzeko. Hau da, plan bat negoziatzea baino zerbait gehiago da: negoziazio batzordearen egitekoak kontuan hartuta, bertako kideek genero-berdintasunaren inguruko prestakuntza espezializatua eduki behar dute, planak behar bezala egiten, kontrolatzen eta erregistratzen direla bermatzeko.

Gainera, langileen legezko ordezkaritzarik ez dagoen kasuetarako, honako hau ezartzen du 901/2020 Errege Dekretuak 5.3 artikuluan:

"(...) legezko ordezkaritzarik ez dagoen enpresetan, negoziazio batzorde bat sortuko da. Batzorde hori, alde batetik, enpresaren ordezkaritzak osatuko du, eta, bestetik, langileen ordezkaritzak. Azken hori orokorrean eta enpresaren sektorean ordezkagarritasun handiena duten sindikatuek osatuko dute, aplikagarria den hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordean parte hartzeko legitimazioa dutenek. Negoziazio batzordeak alde bakoitzeko sei kide izanen ditu gehienez ere. Ordezkaritza sindikala sektoreko ordezkagarritasunaren proportzioan osatuko da, eta legitimazioa duten sindikatu guztien parte-hartzea bermatuko da".

Horren ildotik, Emakumeen eta Gizonen Ordainsarien Berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuan berariazko neurriak ezartzen dira emakumeei eta gizonei tratu bera emateko ordainsariei dagokienez eta haien artean bereizkeriarik ez izateko. Dekretu horretan ordainsarien gardentasunerako tresnak garatzen dira, langileek informazioa jasotzeko eskubidea dutela ezartzearekin batera. Tresna horietako bat da ordainsarien erregistroa, enpresa guztiek egin beharrekoa; beste bat, ordainsarien auditoriak, berrogeita hamar langiletik gorako enpresek egin beharrekoak (auditoriak berdintasun planaren diagnostikoaren zati dira, eta, besteak beste, lanpostuen balorazioa jasotzen dute). Zaila da berdintasun planetarako egoera-diagnostikoa egitea eta haien eraginkortasuna eta egokitasuna bermatzeko jarraipen eta ebaluaziorako neurriak eta sistemak eratzea; horregatik, prozesuan aritzen diren pertsonek prestakuntza eta trebakuntza egokiak eduki behar dituzte. Beraz, adituak behar dira aholku emateko eta Nafarroan berdintasun planak kalitate onekoak direla zaintzeko, lagunduko baitute lan baldintzak hobetzen eta dauden desberdinkeriak eta arrakalak murrizten; horregatik, aditu horiek finantzatzeko xedea du dirulaguntza honek. Aipatutako arauetan erakunde sindikalei berdintasunaren arloan esleitzen zaizkien egiteko horiek guztiak gauzatu ahal izateko, berdintasun agentea deritzon erreferentziazko figura sindikala abiatu behar da.

Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak adierazten duenez, sindikatu jakin batzuei aitortutako ordezkaritza sindikal handiagoa izateak posizio juridiko berezia ematen die, bai parte-hartze instituzionalari begira, bai ekintza sindikalari begira.

Horretarako, 2025-2028 aldirako Enplegu Planaren barruan, egoki jotzen da dirulaguntzak ematea Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroan inskribatutako erakunde sindikalen artean Nafarroako enpresa eta administrazio publikoetan ordezkarien ehuneko hamar edo gehiago dutenei, baldin eta Nafarroako enpresetako berdintasun planen negoziazioetan aritzeko legitimazioa badute, genero-berdintasunerako baliabide tekniko espezializatuak bidera ditzaten lan merkatuko genero arrakalak eta desberdintasunak murriztera.

Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoa dago (362 zenbakia).

Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Erakunde sindikalei berdintasun agentearen figurarako dirulaguntza emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

970000-97000-4819-494132: Dirulaguntza erakunde sindikalentzat, berdintasun agentearen figura ezartzeko

2026

200.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honetako laguntzen xedea da genero-berdintasuna sustatzea Nafarroan lantokiren bat duten enpresetan, lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizteko eta inolako bereizkeriarik ez egoteko.

Horregatik, dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroan ordezkagarritasuna duten erakunde sindikalei, hain zuzen ere enpresetan genero-berdintasuna sustatzeko jarduerak egiten dituztenei: berdintasun planak negoziatu, delegatuei edo/eta enpresei aholkuak eman, diagnostikoak egin eta horiek ezartzeko, neurtzeko eta kontrolatzeko neurriak eta adierazleak ezarri.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke, dirulaguntza eskatzen den unean, Nafarroan ordezkaritza izateaz gainera, honako baldintza hauek betetzen dituzten erakunde sindikalak:

a) Ordezkarien %10 edo gehiago izatea Nafarroako administrazio publiko eta enpresetan. Ordezkaritza hori Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroaren bidez ziurtatzen ahalko da.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaera orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. oinarria.–Diruz lagunduko diren ekintzen baldintzak.

Dirulaguntzak emanen dira erakunde sindikalek genero-berdintasunaren aldeko jarduketak egin ditzaten. Jarduketa horiek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Haien barnean, honako hauetara zuzendutako ekintzak sartzea: egoera-diagnostikoak egin, sentsibilizazio-ekintzak, aholkuak eta informazioa eman, berdintasun planetako neurriak negoziatu, araudiaren arabera behartuta dauden enpresetan zein behartuta ez daudenetan, adierazleak txertatu, horien ezarpenaren jarraipena egin, eta, dirulaguntzen esparruaren barnean, genero-desberdintasunak murrizten, langileen lan baldintzak hobetzen eta enpresen lehiakortasuna areagotzen laguntzen duten gainerako guztiak. Nolanahi ere, diruz laguntzen ahalko da laguntza eta aholkularitza espezializatua ematen duten pertsonen jarduna, hots, esku hartzen dutenena Nafarroan kokatutako enpresen edo autonomia erkidegoaren esparruko sektoreen berdintasun planak negoziatzen, prestatzen, ezartzen eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiten, edo emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunerako eta bereizkeria saihesteko eskubidea baliatzeko neurri espezifikoak garatzen (ordainsarien erregistroa, ordainsarien auditoria, lanpostuen balorazioa, besteak beste).

b) Jarduketa horien guztien hartzaileak Nafarroan kokatutako enpresetako langileak izan behar dira.

c) 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean garatzea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahalko dira aurreko oinarrian aipatzen diren jarduketetan 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean fakturatzen diren gastu hauek:

a) Entitateak kontrataturik, proiektua gauzatzeko lanetan zuzenean aritzen diren teknikari adituen gastuak. Teknikari horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izan behar dute, erakunde publikoek edo unibertsitate publiko edo pribatuek emana. Kontzeptu honengatik, gehienez ere 50.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria (soldatak eta gizarte segurantza barne) lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko; eta langilea urte osorako edo lanaldi osoan kontratatzen ez bada, dirulaguntza proportzioan murriztuko da. Gastu horiek behar bezala xehakatuta aurkeztu behar dira, zer jarduerari egozten zaizkien, haietan emandako orduak adierazita.

b) Entitateak kontrataturik, proiektuan laguntzeko zereginak dituzten administrarien edo bestelako langileen gastuak, lan horietan diharduten bitartean.

c) Langile horiek proiektuko ekintzak gauzatzeko egiten dituzten joan-etorrien eta mantenuaren gastuak, baldin eta nominaren bidez ordaintzen badira.

d) Jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Onuradunak diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko egin beharreko beste gastu batzuk.

2. Ez da diruz lagungarria izanen gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten diren fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta entitateak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu (eta, hala bada, berariaz adierazi beharko du).

3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, baimendutako gastu guztia banatuko da deialdian parte hartzen duten erakunde sindikalen artean, 2025eko abenduaren 31n ezarritako ordezkaritza sindikalaren ehunekoekiko proportzioan. Baldin eta baimendutako guztirako zenbatekoa eskatzaileen artean banatu ondoren diru erabilgarririk gelditzen bada, bigarren itzuli bat eginen da diru hori proportzionalki banatzeko dirulaguntzaren onuradunen artean, harik eta aurrekontu kreditua agortu arte.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta beharrezkoa den dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, I. eranskineko eredua beteta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEB), eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskaerarekin batera, egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: helburuak eta adierazleak; aurreikusitako kronograma; memoria ekonomikoa eta dirulaguntza eskatzen den gastu guztien aurrekontu xehatua eta justifikazioa, 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egozten zaizkion ehunekoa eta guztirako zenbatekoa adierazita (aurreikusitako jarduketak, langileria gastuak, joan-etorrien gastuak, zabalkunde gastuak eta beste batzuk); proiektuan ariko diren genero-berdintasunaren arloko teknikarien kopurua; eta teknikari aditu bakoitzaren eta laguntzaile bakoitzaren lanorduak eta kostua.

Proiektuak nahitaez jaso beharko du diagnostiko xehatu bat, aurkitu diren premiei eta zuzendu nahi den edo eragin nahi zaion egoerari buruzkoa. Halaber, zehaztu beharko du laguntza eta aholkularitza espezializatua ematen duten pertsonen jarduna, hots, esku hartzen dutenena Nafarroan kokatutako enpresen edo autonomia erkidegoaren esparruko sektoreen berdintasun planak negoziatzen, prestatzen, ezartzen, jarraipena eta ebaluazioa egiten eta, batez ere, berdintasun planak negoziatzen dituzten batzordeetan parte hartzen duten pertsonena. Honako hauek jasoko ditu: zenbat aditu diren, zer kualifikazio edo prestakuntza espezializatu duten genero-berdintasunaren arloan, aurrekontu banakatua eta aurreikusitako berdintasun planen kopurua, zeinetarako eskatzen baita laguntza eta aholkularitza espezializatua. Hizkuntza inklusiboa erabiliz idatzi beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagoka izanen da; beraz, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, 4.4 oinarrian (ordezkaritza sindikala) adierazitako ordezkagarritasunaren araberako lehentasun-ordena ezartzeko, eta dirua banatuko da deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua agortu arte.

Baldin eta emanen diren zenbatekoak kalkulatu ondoren baimendutako kredituan soberakinik bada, modu proportzionalean banatuko da dirulaguntza eskatu duten sindikatuen artean, harik eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, proiektuak jarduteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen ikusiko du, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, adieraziz onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2026ko azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne) justifikatu behar dute egindako proiektua, dirulaguntzen fitxan gauzatze memoriarako dagoen eredua erabiliz (II. eranskina). Telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, laguntzen fitxaren bidez. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria teknikoa, proiektua gauzatu izana eta lortu nahi den helburuaren lorpen-maila justifikatuko dituena, berariaz adierazita noraino bete diren proiektuaren barneko helburuak, 5.3 oinarriaren arabera, baita ezarritako jarduketekin lortu den eraginaren balorazioa ere. Nahitaez azaldu beharko da nola ekin zaien berdintasun plan berrien negoziazioak hasteko prozesuei, ea aurrekoak berritu diren indarra galdu dutelako edo lehenbizikoz eginiko plan berriak izan diren. Enpresetan ikusi diren arazoak eta hartu diren konponbideak zehaztuko dira.

Zabalkunde gastuak baldin badaude, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.

b) Onuradunak 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean proiektua gauzatzeko egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu gabe egon.

2. 2027ko ekainaren 31 baino lehen (egun hori barne), onuradunek dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izen-zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–2026ko azaroaren 30era arte egindako fakturak eta 2025eko abenduaren 1etik 2027ko urtarrilaren 31ra bitartean egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.

b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo ez badago zerga hori ordaintzeari lotua, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Entitate onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute 2026ko uztailaren 31 baino lehen, eta, horretarako, gauzatze memoria bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita emandako zenbatekoaren gutxienez %50 gauzatu dela. Gainerakoa 2026ko abenduan ordainduko da, 7.1 oinarriaren arabera justifikatu ondoren. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

2. 7.2 oinarriaren arabera aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.

3. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, 7.2 oinarriko frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua aurrera eramatea eta justifikatzea 7. eta 8. oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2605440