94. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TORRALBA DEL RÍO

Udal ordenantza, zaratak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Torralba del Ríoko Udalak, 2026ko urtarrilaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Zaratak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 23an.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Torralba del Ríon, 2026ko apirilaren 21ean.–Alkatea, Silvia Camaces Murillo.

ZARATAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA, TORRALBA DEL RÍOKO UDALARENA

Ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren arabera (horren bidez bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ziren zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerentzat), Nafarroako 10.000 biztanletik beherako udalerriek ez dute nahitaezkoa zaratei buruzko ordenantzarik onestea; hala eta guztiz ere, Torralba del Ríoko Udalak erabaki du zaratak arautzeko honako udal ordenantza hau onestea, ingurune hobea izateko eta herritarren bizi kalitatea babesteko.

Arau orokor gisa, bizilagunen ekintza edo portaera orok gizabide arau logikoak bete behar ditu, eta haien jokabidea, orobat, mantendu behar da herritarren arteko bizikidetza onaren eta besteenganako errespetuaren mugen barnean.

1. artikulua. Ordenantza honek ingurumena babesteko udal jarduketa arautzen du Torralba del Ríoko (Nafarroa) udal mugartean, zaratek eta bibrazioek eragindako nahasmenduei aurka egiteari dagokionez.

2. artikulua. Udalari dagokio ordenantza hau betetzearen gaineko kontrola egitea, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak har daitezela exijitzea, mugak ezartzea, beharrezkoak diren ikuskapenak agintzea eta, agindutakoa betetzen ez denean, zehapenak ezartzea.

3. artikulua. Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa izanen da udal-mugartearen barnean, eta, hala, ordenantzan ezarritako aginduen mende egonen dira zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduera, instalazio, eta pertsona fisiko zein juridikoen jokabideak oro, baldin eta eragozpen edo kalte materialik eragiten ahal badiete beren eragin-eremuaren barneko pertsonei edo ondasunei.

3 bis artikulua. Elkarlanean aritzea beste segurtasun indar eta kidego batzuekin.

Ordenantza hau jakinaraziko zaie Nafarroako Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, horren berri izan dezaten, elkarlanean aritu daitezen Torralba del Ríoko Udalarekin zaintza eta kontrol lanetan, eta salaketak egin ditzaten zarataren gaineko arau-hausteak egiten direnean. Hori guztia indarreko arauekin bat, Udalaren berezko eskumenak deusetan ukatu gabe.

4. artikulua. Eraikin guztietan eta haietan ezartzen diren jarduera guztietan, bete beharko dira indarreko Eraikingintzaren Kode Teknikoan ezarritako eraikingintzako baldintza akustikoak, bai eta aurrerantzean kode horri egiten zaizkion aldaketak ere, eta, horretaz gain, eraikinen isolamendu akustikoaren arloan sortzen diren arau berriak.

5. artikulua. Ibilgailu motordunen jabeek edo erabiltzaileek motorrak eta gasen ihes-sistemak egokitu beharko dituzte arlo horri buruz ezarritako agindu eta mugen arabera, bat etorriz xedapen orokorretan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoarekin.

Halaber, debeku da lehiaketak edo denetariko erakustaldi eta probak egitea, sortzen duten zaratak herritarrei kalte egiten ahal badie, aldez aurretik Udalaren baimena izan ezean.

Debeku da ibilgailu motordunak hiriko zein hiriarteko bide publikoetan ibil daitezen, baldin gasen "ihes-hodi librea" deritzona badute, edo honelako isilgailuak badituzte: eraginkorrak ez direnak, osorik ez daudenak, desegokiak edo hondatutakoak.

6. artikulua. Herritarren lasaitasuna nabarmen eragozten bada, debekua ezartzen ahalko da zenbait eremu edo bidetan, ibilgailu motordun mota batzuk ibil ez daitezen gaueko ordu jakin batzuetan.

7. artikulua. Zaratarik eginez gero bide publikoan eta elkargune publikoko eremuetan (plazak, parkeak, etab.) edo eraikinen barnealdean, zarata horrek ezinen du gainditu herritarren elkarbizitzak eskatzen duen maila. Agindu hori egoera hauetan sortzen diren zaratei dagokie, batez ere gaueko atseden orduetan:

a) Giza ahots ozenegia edo pertsonen zuzeneko jarduera.

b) Etxeko animaliek sortzen dituzten hots eta zaratak.

c) Musika-aparatuak eta musika-tresnak.

d) Petardo, traka eta su artifizialen leherketak.

e) Etxeko aparatuak.

f) Makinek edo aparatu mekanikoek sortutako zaratak.

g) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei eragozten dieten jarduerak, batez ere gauez.

8. artikulua. Bide publikoan edo eraikinetan lanak egiten direnean, ez da zilegi izanen makinak erabiltzea, baldin haien kanpoko igorpen maila 90 dB(A)-tik gorakoa bada. Salbuespenez, teknikaren aldetik ezinbestekoa bada erabil daitezen 90 dB(A)-tik gorako igorpen ahalmena duten makinak, Udalak mugatu eginen du horrelako makinak zenbat orduz erabiltzen ahal diren, kontuan harturik makinen maila akustikoa eta ingurunearen ezaugarri akustikoak.

9. artikulua. Bide publikoan edo eraikinetan egiten diren obren zaratak ordenantza honetan ezarritako hots mugak gainditzen baditu, horiek ezin izanen dira egin gaueko 22etatik biharamuneko goizeko 8ak bitartean, ez eta jaiegunetan ere. Debeku horretatik salbuetsiko dira presako obrak, premia edo arriskua dela-eta egiten direnak, eta sortzen dituzten eragozpenengatik egunez edo lanegunetan egin ezin direnak.

Gauez edo jaiegunetan lan egiteko, betiere Udalaren baimen espresua izan beharko da. Udalak zehaztuko ditu zer zarata mugak bete beharko dituzten, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan harturik.

10. artikulua. Debeku da bide publikoan salgaien zamalanak egitea eta kutxak, edukiontziak, eraikuntzako materialak eta antzeko gauzak maneiatzea 21:00etatik 08:00ak arte, baldin lan horiek ordenantza honetan ezarritako zarata mailak gainditzen badituzte. Eguneko gainerako orduetan kontu handiz egin beharko dira lan horiek, ahalik eta eragozpen gutxien sor dadin, eta behar-beharrezkoak direnetara soilik murrizturik.

Salbuespen dira hondakin solidoak biltzeko lanak, nahiz eta Udalak arreta handiz jokatuko duen herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

11. artikulua. Aire girotuko, aireztapeneko edo hozkuntzako instalazioen ekipamenduek –hala nola haizagailuek, erauzgailuek, kondentsazio eta lurruntze unitateek, konpresoreek, ponpek, hozte dorreek eta antzekoek eta ur hornidurarako ponpaketa motorrek– ez dute sortu beharko arloko araudian ezarritako mugetatik gorako hots mailarik, ez kasuan kasuko eraikinetan, ez ondokoetan edo hurbilekoetan.

12. artikulua. Baldin eta etxebizitzetara zarata transmititzen bada jardueraren baten funtzionamenduaren ondorioz, etxebizitzen barnealdeko zarata mailek ez dituzte muga hauek gainditu beharko:

08:00etatik 22:00ak arte: 35 dB(A).

22:00etatik 08:00ak arte: 30 dB(A).

13. artikulua. Eraikinen titularrek, betiere, beharrezkoak diren intsonorizazio neurriak hartu beharko dituzte, horien hondo-zarataren mailak ez ditzan aipatu mailak gainditu.

Udalak aukera izanen du, ofizioz, jardueren edo eraikinen hots mailak neurtzeko, ordenantza honetan ezarritakoa urratu dezaketela uste duenean.

Edonola ere, aldameneko eraikinen edo mugakideen artean gatazkak daudenean, eragozpenak jasaten dituen bizilagunak frogatu beharko du hori Udalean, 135/1989 Foru Dekretuak ezartzen duen hots maila neurtzeko aktaren bidez (dekretu horren bidez bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ziren zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerentzat).

14. artikulua. Zeinahi jarduerak kanpora igortzen duen zaratak ez ditu muga hauek gainditu beharko:

22:00etatik 08:00ak arte: 55 dB(A).

22:00etatik 08:00ak arte: 45 dB(A).

Bide publikoan jaiak, obrak edo antzekoak egiten direnean, Udalak aldi baterako aldatzen ahalko ditu aipatu diren gehieneko mailak; betiere, beharrezko neurriak hartuko ditu, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

14 bis artikulua. Araubide berezia, herriko festetarako eta baimendutako ekitaldietarako

Etenda geldituko dira ordenantza honen bidez ezarritako zarata emisioen gehieneko mugak, bai herriko festetan, bai Torralba del Ríoko Udalak antolatu edo espresuki baimendutako festa, kultura, kirol edo gizarte ekitaldietan. Etena bakar-bakarrik aplikatuko da dagokion udal baimenean zehaztutako lurralde eremuan eta ordutegian.

Edonola ere, eten hori ezinen da luzatu 04:00etatik aurrera, salbu eta Udalak espresuki baimendu eta behar bezala arrazoitzen badu. Halako kasuetan, auzokideei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko beharrezko neurriak hartuko dira.

15. artikulua. Arau-hauste administratibotzat joko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten egiteak eta ez-egiteak, zarata igortzen duten guneei dagokienez. Arau-hausteak izan daitezke arinak, astunak eta oso astunak, ondotik datozen artikuluetan ezartzen denaren arabera.

16. artikulua. Zaraten arloan, arau-hauste arintzat jotzen da 3 dB(A)-ez gainditzea arloko araudian gehienez onartzen diren zarata mailak.

Arau-hauste astuntzat jotzen da:

a) Falta arinetan berrerortzea.

b) 3-10 dB(A) bitarte gainditzea ordenantza honetan gehienez onartzen diren zarata mailak.

Arau-hauste oso astuntzat jotzen da:

a) Falta astunetan berrerortzea.

b) Gehienez baimendutako mugak 10 dB(A)-ez edo gehiagoz gainditzen dituzten zarata mailak igortzea.

17. artikulua. Alde batera utzi gabe erantzukizunak eskatzea bidezkoa den kasuetan, ordenantza honetan kutsadura akustikoari buruz ezarritako arauak hautsiz gero, zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinei, 150 eurotik 300era bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunei, 301 eurotik 600era bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunei, 601,01 eurotik 3.000ra bitarteko isuna eta, bidezkoa bada, jarduera gogaikarria aldi baterako edo betiko ixtea.

18. artikulua. Zehapen bakoitza mailakatzeko, inguruabar hauek baloratuko dira, oro har aintzat harturik:

a) Arau-haustearen izaera.

b) Arau-hauslearen ahalmen ekonomikoa.

c) Egindako kaltearen larritasuna, aintzat harturik haien alderdi sanitarioa, soziala edo materiala.

d) Intentzionalitate maila.

e) Berrerortzea.

Ibilgailu, jarduera edo eraikin baten titularra berrerorletzat joko da, baldin aurreko hamabi hilabeteko epean kontzeptu beragatik zehapena edo ohartarazpena jaso badu behin edo gehiagotan.

19. artikulua. Ordenantza honetako aginduen ondoriozko jarduketak bat etorriko dira prozeduraren, aurkaratzearen eta, oro har, araubide juridikoaren arloan Toki Administrazioari aplikatzekoak zaizkion xedapenekin.

Ordenantza honetako aginduak aplikatzeak ez du galarazten Estatuak edo autonomia erkidegoak beste arau batzuk aplikatzea, hemen arauturiko arloan haiek dituzten eskumenak erabiliz.

Kontraesanik egonez gero aplikatu beharreko zenbait agindu edo arauren artean, zorrotzenak aplikatuko dira.

20. artikulua. Ordenantza honetan zehaztutakoaren araberako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hauste horiei lotutako ibilgailu, jarduera, etxebizitza eta lokalen titularrak, edo egileak berak, arau-haustea haiei zuzenean lotuta dagoenean.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 20 egunen buruan, eta indargabeturik geratuko da bertako manuen aurka egiten duen udal xedapen oro.

Iragarkiaren kodea: L2605913