1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
151E/2026 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmen bat egiteko Oltza zendeako udal mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzen dituen instalazio batean, PI3 inpregnazio prozesua handitzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Graftech Ibérica SL da.
Espediente mota | Ingurumen baimen integratuaren aldaketa nabarmena |
Espedientearen kodea | 0001-0040-2025-000025 | Hasiera eguna | |
Kudeaketa unitatea | Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua |
Telefonoa | 848426254-848427587 | Helbide elektronikoa | autprema@navarra.es |
Sailkapena | Legeria | Jarduera |
17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa | Sartu gabeko zentroa |
1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa | I. eranskina / 11.1 |
2010/75/EB Zuzentaraua, azaroaren 24koa | I. eranskina / 6.8 |
21/2013 Legea, abenduaren 9koa | Sartu gabeko zentroa |
Instalazioa | Grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuen fabrikazioa |
Titularra | GRAFTECH IBÉRICA SL |
Ingurumen identifikaziorako zenbakia | 3119303010 |
Tokia | Asteraingo errepidea z.g., 3. poligonoko 448. eta 156. lurzatiak (Ororbia) |
Koordenatuak | UTM-ETRS89, 30N eremua, X: 602.818 eta Y: 4.740.806 |
Udalerria | OLTZA ZENDEA |
Proiektua | P3 inpregnazio prozesua handitzea |
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 21eko 169E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
2025eko azaroaren 6an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, inpregnazio prozesua P3 nabe berriarekin handitzeko.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2025eko azaroaren 25ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2025eko azaroaren 25ean emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio prozedura izapidetzeko, eta, beraz, 2025eko azaroaren 25ean prozedura hori hasi zen, zegokion proiektua gauzatu ahal izateko; hots, beste inpregnazio prozesu bat ezartzea, P3 prozesua izenekoa, berariaz egokitzen zaiona elektrodoen arteko konexio-larakoen fabrikazioari. Prozesu berri horrek ez dakar berekin instalazioaren ekoizpen ahalmena edo baliabideen kontsumoa handitzea, ez baitu P1 eta P2 prozesuekin batera lan eginen.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Baimena ematea aldaketa nabarmen bat egiteko Oltza zendeako udal mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzen dituen instalazio batean, PI3 inpregnazio prozesua handitzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Graftech Ibérica SL da.
Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hirugarrena.–Proiektua gauzatzen hasteko eta jarduera abian jartzeko, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluak ezarritako epeak bete beharko dira. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan betetzen ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta abian jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.
Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Graftech Ibérica SLri eta Oltza Zendeako Udalari.
Iruñean, 2026ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2605826