79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Ondare Zerbitzuari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hark egin ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion kontratazio publikoko jarduketa materialak, teknikoak eta kudeaketakoak.

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 244/2023 Foru Dekretuarekin bat, erakunde autonomo horrek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu, barne dela bere helburuak betetzeko beharrezko diren kontratu publikoak egiteko eskumena.

Alabaina, gaur-gaurkoz ez ditu behar adina langile ezta baliabide teknikorik ere modu autonomoan izapidetzeko prozedura horiek, eta, horrenbestez, Ondare Zerbitzuaren lankidetza baliatzen ari da, kudeaketa-esleipenaren teknikaren bidez.

Lankidetza hori martxoaren 12ko 3E/2024 Foru Aginduaren babesean egiten da gaur egun. Horren indarraldia laster iraungitzekoa denez, bidezko jotzen da laguntza teknikorako tresna hori berritzea, beste bi urterako, kudeaketan eraginkortasunez aritzea bermatuko bada.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan araututakoaren arabera, kudeaketa-esleipena jarduera material eta teknikoak egiteko tresna bat da. Artikulu horren bigarren apartatuak xedatzen duenez, kudeaketa-esleipena departamentu bereko organoen artean egiten denean, departamentuko titularraren baimena beharko da.

Bai Nafarroako Foru Ogasuna bai Ondare Zerbitzua, organikoki zein funtzionalki, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikirik daude, eta, hortaz, betetzen dira baimen hori foru agindu honen bidez emateko baldintzak.

Aipatutako 11/2019 Foru Legearekin bat, kudeaketa-esleipenak jarraian zehazten du zer jarduerari eragiten dion, noiz arte egonen den indarrean, zer nolakoa den eta zer betebehar hartzen dituen bere gain. Eragingarria izan dadin, beharrezkoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzea.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Ondare Zerbitzuari kudeaketa-esleipen bat egiteko baimena ematea, hark egin ditzan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari dagozkion kontratazio publikoko jarduketa materialak, teknikoak eta kudeaketakoak.

Kudeaketa-esleipen honek ez dakar berekin eskumenen titulartasuna eta jarduteko funtsezko elementurik lagatzea. Nafarroako Foru Ogasunari dagokio kudeaketa-esleipen honen xedeko jarduerari euskarri emateko egintza edo ebazpen juridikoak ematea, bere ardura baita.

2. Ondare Zerbitzuaren betebeharrak ezartzea; honako hauek izanen dira:

a) Kontratazio publikoko prozedurak instruitzea, izapidetzea eta ebazteko proposatzea.

b) Nafarroako Kontratazio Atarian eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) nahitaez egin beharreko iragarkiak kudeatzea; horrek barne hartzen du lizitazioa, adjudikazioa eta kontratua gauzatzeko fasearen ondoriozko edozein publizitate.

c) Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian jartzen diren erreklamazioak izapidetzea; horrek barne hartzen du alegazioen erantzunak prestatzea eta espedientea igortzea.

d) Kontratuak gauzatzean gertatzen diren gorabeheren gaineko aholkularitza juridikoa (hauei buruz, besteak beste: luzapenak, aldaketak, zehapenak ezartzea, ez-betetzeengatiko suntsiarazpenak).

3. Nafarroako Foru Ogasunaren betebeharrak ezartzea; honako hauek izanen dira:

a) Premiari buruzko txostena egitea, kontratuaren xedea definitzea eta aurrekontu kreditua erabilgarri dagoela egiaztatzea. Espediente bakoitzaren aurretik, azalpen egokia eman beharko da, kudeaketarako aski den zehaztasunaz, eta horretarako behar den gastuaren baimena ere bai, horretarako ezarrita dagoen moduetako batean.

b) Behar diren egintza administratiboak egitea, oro har prozedura abiatzekoa eta adjudikazioarena, eta kontratuak formalizatzea.

c) Kontratua gauzatzen dela zaintzeko ohiko jarraipen eta kontrolak egitea.

d) Administrazioarekiko auzibidean dauden espedienteen jarraipena eta kudeaketa osoa, espedientearen prestaketa eta epatze-deiak barne.

e) Nafarroako Foru Ogasuneko Administrazio Atalean eginen diren espedienteen sustapena eta jarraipena, esleiturik dauzkan eginkizunak erabiliz.

4. Kudeaketa-esleipen honek ez dakar aldeen arteko kontraprestazio ekonomikorik, departamentuak dagoeneko dituen langileekin eta baliabide materialekin gauzatzen baita.

5. Kudeaketa-esleipen hau bi urtez egonen da indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

6. Foru agindu hau Nafarroako Foru Ogasuneko Ondare Zerbitzura eta Administrazio Atalera igortzea.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 24an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2604521