79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

44C/2026 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Transportes Azpiroz SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa.

Aztertu da Transportes Azpiroz SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kodea: 31100542012013). Hitzarmen hori 2026ko martxoaren 9an sartu zen erregistro honetan, eta 2025eko abenduaren 15ean sinatu zuten enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Transportes Azpiroz SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kodea: 31100542012013).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

TRANSPORTES AZPIROZ SL-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA

Imarkoainen, 2025eko abenduaren 15ean.

BILDURIK:

Batetik, Transportes Azpiroz SL enpresaren administratzaile solidarioa (IFKa: B31153224).

Bestetik, CCOOko ordezkari sindikalak, Transportes Azpiroz SLren Enpresa Batzordeko kideak, plantillako langileak ordezkatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

Bi aldeek elkarri onartzen diote lege gaitasun nahikoa dutela Transportes Azpiroz SLren hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko. Ontzat eman dute fede onez negoziatzea, bi aldeek adosturik zenbait arlotan konpromiso batzuk hartzeko. Konpromiso horiek nahitaez bete beharko dira, eta hitzarmen kolektibo honetan bildu dira. Hona hemen hitzarmenaren testua, osorik.

TRANSPORTES AZPIROZ SL-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Pertsona-eremua.

Hitzarmen honek Transportes Azpiroz SL enpresaren plantillako langile guztiei eragiten die, bai eta hitzarmena indarrean dagoen bitartean enpresan sartzen diren eta alta hartzen duten langile guztiei ere, zeinahi ere diren enpresan dituzten eta Nafarroako lantokietara atxikita dauden lanpostuak.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen hau Transportes Azpiroz SL enpresako (EJSN 49.41, salgaien errepide-garraioa) langileei soilik aplikatuko zaie, eta ez zaie aplikatuko merkataritza-enpresarekin lotutako beste enpresa batzuei.

Hitzarmen kolektibo hau aplikagarri zaien langile guztiek indarrean izan beharko dituzte beren lana egiteko beharrezkoak diren agiri eta baimen guztiak. Beharrezko agirietako edozeinek indarra galtzen badu, hori aski izanen da kontratua eteteko, hiru hilabetez gehienez, eta, gehieneko etenaldi hori bukaturik langileak oraindik ere ez badu eskuratu agiri hori, lan kontratua azkenduko zaio.

3. artikulua. Lurralde-eremua.

Hitzarmen hau Transportes Azpiroz SL enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, aintzat hartu gabe Nafarroako zein lantokitan diharduten eta lantokiak zein eremu geografikotan dauden.

4. artikulua. Denbora-eremua.

Hitzarmen honek 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arteko indarraldia du. Ulertuko da indarraldia bukatzearekin hitzarmena salatua dagoela eta isilbidez luzatzen dela, harik eta negoziazio-mahaiak beste akordio bat egin arte.

5. artikulua. Osotasunari men egitea.

Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira. Agintaritza eskudunak hitzarmen honen klausularen bat baliogabetzen badu, hitzarmenaren gainerako klausulek ez dute indarra galduko, eta hitzarmena sinatu duten aldeek hilabeteko epean hasi beharko dute baliogabeturiko klausula edo artikuluak negoziatzen. Hitzarmen hau, aldeen arteko lege den aldetik, bete beharrekoa da sinatzaileentzat eta, zein pertsona fisiko edo juridikoren izenean egin den kontratua, harentzat, eta bete beharreko zuzenbide absolutukoa ez den edozein arauren gainetik egonen da, eraginkorra den denborarako.

Ezarritako baldintzek konpentsatu eta irentsi eginen dituzte hitzarmen kolektibo honek indarra hartzean zeuden guztiak, zeinahi ere den haien izaera eta jatorria, bai eta gero batean xedapen orokor edo hitzarmenezkoek ezartzen dituzten aplikatu beharreko baldintzak ere.

6. artikulua. Hitzarmen kolektibo honen aplikazio subsidiarioa.

Hitzarmen honetan araututa ez dauden arlo eta baldintza guztiei dagokienez, aplikatuko da martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa, horren bidez onetsi baitzen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina, baita oro har aplikatu beharreko goragoko xedapen guztietan ezarritakoa ere, eta, horien artean, salgaien errepide-garraioko bigarren akordio orokorra.

7. artikulua. Urteko benetako lanaldia.

Enpresako urteko benetako lanaldia benetako laneko 1.744 ordukoa izanen da enpresaren plantillako langile guztientzat, astelehenetik igandera banatuta. Atsedenaldiak, hots, bazkaltzeko denbora, atsedena edo kafea hartzeko etenaldiak eta antzeko beste batzuk ez dira benetako lan-denbora gisa hartuko.

Gidarien kasuan, enpresaren esanetara edo jardunean ematen duten denbora guztia hartuko da benetako lan-denboratzat, denbora horretan ibilgailua gidatzen egon, edo ibilgailuen zirkulazio ordutegiaren barreneko beste lan batzuetan, edo ibilgailuarentzako lan osagarriak egiten egon, alde batera utzita atsedena hartzeko finkatuak dauden aldiak.

Horretarako, 1561/1995 Errege Dekretua eta 561/2006 (EE) Erregelamendua aplikatu beharko dira, edo horiek ordezten dituen araudia.

8. artikulua. Lanaldia, igandeak, jaiegunak eta asteburuak.

Langileak igandean edo jaiegunean lan egiten badu, enpresak 40 euro gordin ordainduko dizkio gehienez 5 orduko gidatzeko lanaldi bakoitzeko; horri 10 euro gordin gehituko zaizkio lan egindako ordu bakoitzeko, eta gehienez 80 euro gordin, 2024ko ekitaldirako.

Langileak igandean edo jaiegunean lan egiten badu, enpresak 50 euro gordin ordainduko dizkio gehienez 5 orduko gidatzeko lanaldi bakoitzeko; horri 10 euro gordin gehituko zaizkio lan egindako ordu bakoitzeko, eta gehienez 90 euro gordin, 2025eko ekitaldirako.

Langileak igandean edo jaiegunean lan egiten badu, enpresak 60 euro gordin ordainduko dizkio gehienez 5 orduko gidatzeko lanaldi bakoitzeko; horri 10 euro gordin gehituko zaizkio lan egindako ordu bakoitzeko, eta gehienez 90 euro gordin, 2026ko ekitaldirako.

2024ko ekitaldirako, langileak larunbatetan lan egiten badu, enpresak 40 euro gordin ordainduko dizkio gehienez 4 orduko gidatzeko lanaldi bakoitzeko; horri 10 euro gordin gehituko zaizkio lan egindako ordu bakoitzeko, eta gehienez 80 euro gordin.

2025eko ekitaldirako, langileak larunbatetan lan egiten badu, enpresak 40 euro gordin ordainduko dizkio gehienez 4 orduko gidatzeko lanaldi bakoitzeko; horri 10 euro gordin gehituko zaizkio lan egindako ordu bakoitzeko, eta gehienez 80 euro gordin.

2026ko ekitaldirako, langileak larunbatetan lan egiten badu, enpresak 40 euro gordin ordainduko dizkio gehienez 4 orduko gidatzeko lanaldi bakoitzeko; horri 10 euro gordin gehituko zaizkio lan egindako ordu bakoitzeko, eta gehienez 90 euro gordin.

Langileak asteburuan asteko atsedenaldi bat egiten badu bere ohiko bizilekutik edo enpresatik kanpo, enpresak 180 euro gordin ordainduko dizkio, langileak hala eskatzen badu eta enpresarekin ados jartzen bada, eta zenbateko hori ezin izanen zaio aurreko paragrafoko zenbatekoari metatu.

9. artikulua. Oporrak.

Lan egindako urte bakoitzeko 30 egun natural dagozkio langileari, edo lan egindako denboraren arabera dagozkionak. Enpresak zehaztuko du zein egunetan hartu behar diren 15 opor egun, eta, langileak, berriz, beste 15 opor egunak hautatzen ahal ditu. Horiek enpresari jakinarazi beharko zaizkio oporraldia hasi baino 30 egun lehenago, eta enpresaren ohiko jarduerari kalte egin gabe aukeratuko dira. Langileak bere oporretatik gehienez 5 egun natural eskatzen ahalko ditu norberaren aferetarako, baina, aurretik, enpresako zuzendaritzaren baimena beharko du.

Ezin da oporrik hartu eskubide hori sorrarazteko finkatutako denbora lan egin ez bada kontratua hasten denetik aurrera.

10. artikulua. Baldintza ekonomikoak.

Hitzarmen kolektibo honetarako itundutako baldintza ekonomikoek honako hauek jasotzen dituzte: Nafarroako Hitzarmenaren konturako aurrerakin bat, 150 euro gordineko 14 ordainsari 2024ko ekitaldirako, 200 euro gordineko 14 ordainsari 2025eko ekitaldirako, eta 250 euro gordineko 14 ordainsari 2026ko ekitaldirako.

Bi aldeek adostu dute hiru aparteko ordainsari ordainduko direla; bi uztailean eta abenduan jasoko dira, eta hirugarrena hilero hainbanatuta, mozkinen aparteko ordainsariaren kontzeptuarekin.

Era berean, aldeek berariaz itundu dute ez dela aplikatuko antzinatasunagatiko ordainketarik.

11. artikulua. Dietak eta mantenu- eta egonaldi-gastuak.

Mantenu- eta egonaldi-gastuak kalkulatzea zaila denez, konpentsazio-sistema bat adostu da. Horren arabera, ordainduko da honako kopuru hauen ordainketa-formula aplikatzearen ondoriozko kopurua:

  • 0,095 euro nazio mailan egindako kilometro bakoitzeko, 2024ko ekitaldirako, eta 0,100 euro nazio mailan egindako kilometro bakoitzeko, 2025eko eta 2026ko ekitaldietarako.
  • 0,10 euro nazioartean egindako kilometro bakoitzeko, 2024ko ekitaldirako, eta 0,11 euro nazioartean egindako kilometro bakoitzeko, 2025eko eta 2026ko ekitaldietarako.

Zenbateko horretan jasotzen dira mantenu- eta ostatu-gastuak eta destinoagatik izaten ahal diren beste gastu batzuk. Kargarik ez dagoelako edo bidean matxuraren bat izan delako ibilgailua 24 ordu baino gehiagoz geldiarazten bada, eguneko 40 euroko mantenu-gastuak ordainduko dira.

12. artikulua. Kilometro-plusa edo -prima.

Enpresak eta langileek adostasunez ezarri dute pizgarri gisa kilometroko 0,01 euro gordineko kilometraje-plusa edo -prima. Kilometraje-plus edo -prima horretan sartuta dago langileak ibilbidea egiteko behar izan zezakeen lanaldi-luzapenaren balioa.

13. artikulua. Borondatezko konpentsazioak.

Enpresako zuzendaritzak, nahi badu, diru bidezko edo gauzazko konpentsazioak ematen ahalko dizkie langileei, enpresak finkatuko dituen helburu berariazko batzuk lortzearren. Ez dira finkagarriak izanen eta, beraz, ez dute etorkizunean eskubiderik sortuko.

14. artikulua. Aurreabisua lana utziz gero.

Langileak bere borondatez lana uzten badu, enpresari aurreabisua egin beharko dio gutxienez 7 egun natural lehenago; aurreabisua betetzen ez bada, epe hori osatzeko falta diren egunak deskontatzen ahalko dira.

15. artikulua. Hitzarmenaren batzorde paritarioa eta lan-baldintzak ez aplikatzearen inguruko desadostasunak konpontzeko prozedura.

Hitzarmen kolektibo honen interpretazioari buruz sortzen ahal diren arazoak ebazteko, batzorde paritario bat sortzea adostu dute bi aldeek. Aldeetako edozeinek egiten ahalko du bilerarako deia, eta hurrengo hamabost egunetan bildu beharko da batzordea. Batzorde paritario horretan, gutxienez, enpresaren aldetik eta langileen aldetik kide bana izanen da. Beharrezko bileren ondotik, batzordeak erabakia hartuko du hamabost eguneko epean gehienez ere, lehendabiziko bilera egiten denetik hasita; eta, aldeen arteko akordiorik ez badago, Nafarroako Lan Auzitegiak zer erabaki utziko da.

16. artikulua. Diziplina-araubidea.

Bi aldeek onartzen dute oro har aplikatzekoak diren eta goragoko maila duten gainerako lege-xedapenen mende jartzea, besteak beste, salgaien errepide-garraioko bigarren akordio orokorraren mende.

17. artikulua. Iraute-prima.

2014ko urtarrilaren 1etik aurrera kontratatutako langile guztiei hilean 50 euro gordin ordainduko zaizkie iraute-prima gisa, enpresan hiru urte betetzen dituztenean, edo hirurtekoengatik; gehienez hiru hirurteko edo 150 euro gordin.

18. artikulua. "Ad personam" osagarria.

Zeinahi ere den arrazoia, 2013ko abenduaren 31n banakako soldata-osagarriak kobratzen dituzten langileei "ad personam" izenarekin ordainduko zaizkie zenbateko horiek. Bi aldeak ados egonda ituntzen dute aipatu osagarria ezin izanen dela ez xurgatu ez konpentsatu.

I. ERANSKINA.–TRANSPORTES AZPIROZ SL enpresaren hitzarmen kolektiboa ez aplikatzea

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusitako soldaten araubidea ez da aplikatuko, eta aldeen akordioz aldatuko da inguruabar ekonomikoek enpresaren egonkortasun eta bideragarritasun ekonomikoa okertzen ahal badute, enpresako zuzendaritzak horren arrazoiak egiaztatu ondoren.

Horretarako, hitzarmen kolektiboko batzorde mistoa bilduko da, eta ildo hauetakoren bat hartuko du:

a) Soldata-araubidea ez aplikatzeko erabakia ukatzea.

b) Soldata-araubidea ez aplikatzeko erabakia baimentzea, baldin eta batzorde mistoaren aldeko akordioa badago gutxienez.

c) Erabakirik ez hartzea, akordioa egin badute batzorde mistoaren ordezkarien %83k baino gutxiagok.

a) edo c) erabakietako bat gertatuz gero, aldeetako edozeinek gizarte-arloko jurisdikzioaren edo arbitrajearen esku jartzen ahalko du auzia.

Transportes Azpiroz SL:

Pedro María Azpiroz Micheo

Plantillako langileak. Langileen ordezkariak:

lonel Ghibanu

Juan Mauricio Orozco Fernandez

Adrián Ignacio Loja Chuchuca

Iragarkiaren kodea: F2603943