Iragarkia
79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
35C/2026 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Zubilan Servicios Varios SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da Zubilan Servicios Varios SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren aldaketa proposamena (kode zenbakia: 31101470012018). Testu hori erregistro honetan 2026ko otsailaren 11n sartu zen, enpresaren eta langileen ordezkariek 2025eko otsailaren 5ean sinatu ondoren.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Zubilan Servicios Varios SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren aldaketa (kode zenbakia: 31101470012018).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko otsailaren 25ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
BATZORDE PARITARIOA
ZUBILAN SL ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
Bildu dira, alde batetik, Matilde Añón Beamonte, lehendakari eta Zubilan SL enpresaren ordezkari gisa, eta, bestetik, Aintzane Mangado Etulain eta M. Carmen Armendáriz Errea, Zubilan enpresako langileen legezko ordezkari gisa, eta honako hau
ERABAKI DUTE:
1.–Hitzarmen kolektiboaren lanbide-kategoriei buruzko atala aldatzea, jantokiko laguntzaileak 5. taldean sartzeko.
Aldaketa hori egin nahi da haur eskolako langileek egiten dituzten zereginak eta lanak formalki aitortzeko; izan ere, haur eskolako ikasleei zuzeneko arreta ematen diete. Hala ere, hitzarmen kolektiboan ez zegoen jasota, baina balioaniztasun funtzionalaren arabera ordaintzen zen.
Horrela, jangelako laguntzailearen jarduera hitzarmenaren testu berrian jasotzen da, haren edukiaren eranskin batekin batera, eta lan horiek egiten dituzten langileak 5. taldean sartuko dira.
2.–Hitzarmen kolektiboaren 26. artikulua aldatzea. Lanaldia.
Lanaldiari dagokionez, atsedenaldiaren kontzeptua aldatzea erabaki da, eta praktikan egiten den bezala idaztea; beraz, benetan egindako lan-denboratzat hartuko da.
3.–Aldaketa 2026ko martxoaren 1ean jarriko da indarrean.
Alderdiek akordio hau sinatu dute Zubirin, 2026ko otsailaren 5ean.
Esteribarko Zubilan Servicios Varios SL enpresaren hitzarmen kolektiboa
III. CONVENIO COLECTIVO SOBRE CONDICIONES DE EMPLEO DEL PERSONAL QUE PRESTA SERVICIOS EN LA SOCIEDAD PÚBLICA ZUBILAN SERVICIOS VARIOS, S.L.
ZUBILAN SERVICIOS VARIOS SL SOZIETATE PUBLIKOKO III. LANGILEEN LAN BALDINTZEI BURUZKO 2024-2026 HITZARMEN KOLEKTIBOA
2024-2026 urteak
AURKIBIDEA
ATARIKO KAPITULUA
1. artikulua. Alderdien zehaztapena.
LEHEN KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
2. artikulua. Eremu funtzionala eta langile eremua.
3. artikulua. Lurralde eremua.
4. artikulua. Lege subsidiarioak.
5. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
6. artikulua. Osotasunari lotzea.
7. artikulua. Konpentsazioa.
8. artikulua. Berme pertsonalak.
9. artikulua. Probaldia.
10. artikulua. Batzorde paritarioa.
BIGARREN KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA
11. artikulua. Maila funtzionalak.
12. artikulua. Balioaniztasuna.
HIRUGARREN KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
13. artikulua. Soldatak.
14. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
15. artikulua. Jaiegunetako plusa.
16. artikulua. Igandeetako plusa.
17. artikulua. Antzinatasun plusa.
18. artikulua. Osagarri pertsonala.
19. artikulua. Aparteko orduak.
20. artikulua. Kilometrajea.
21. artikulua. Aparteko eskersariak.
22. artikulua. Laneko arropa.
23. artikulua. Soldata igoera.
24. artikulua. Plusak eta lanbide-hobekuntzako osagarria.
LAUGARREN KAPITULUA.–ALDI BATERAKO EZINTASUNAK
25. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren eta haurdunaldiko arriskuaren osagarria.
BOSGARREN KAPITULUA.–LANALDIA, ADINGABEAK ZAINTZEKO LANALDIAREN MURRIZKETA, OPORRAK, ESZEDENTZIAK, ATSEDENALDIAK, LIZENTZIAK ETA BAIMENAK
26. artikulua. Lanaldia.
27. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
28. artikulua. Oporrak.
29. artikulua. Eszedentziak.
30. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.
31. artikulua. Asteko atsedena.
32. artikulua. Ordaindutako lizentziak.
33. artikulua. Norberaren aukerako eguna.
34. artikulua. Haurrari esnea emateko baimena.
SEIGARREN KAPITULUA.–KONTRATAZIOAK ETA LANPOSTUA UZTEA
35. artikulua. Praktikaldiko kontratuak.
36. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.
37. artikulua. Behin-behineko kontratuak.
38. artikulua. Errelebo-kontratua eta erretiro partziala.
39. artikulua. Lanpostu uzteak eta aurreabisuak.
40. artikulua. Langileen subrogazioa.
ZAZPIGARREN KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK, ZEHAPENAK ETA PRESKRIPZIOA
41. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
42. artikulua. Falten preskripzioa.
43. artikulua. Prestakuntza.
44. artikulua. Lan osasuna.
ZORTZIGARREN KAPITULUA.–BESTE BATZUK
45. artikulua. Ordu sindikalak metatzeko aukera.
46. artikulua. Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula.
47. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren mende jartzea.
I. ERANSKINA.–2023-2024KO SOLDATEN TAULAK, ERREFERENTZIA GISARA
II. ERANSKINA.–BERDINTASUN PLANAK
III. ERANSKINA.–ENPLEGUA HOBETZEKO ETA KONTRATAZIO BERRIETARAKO NEURRIAK
ATARIKO KAPITULUA
1. artikulua. Alderdien zehaztapena.
Zubilan Servicios Varios SL sozietate publikoak eta sindikatuen ordezkariek hitzartu dute hitzarmen kolektibo hau.
Hitzarmena itundu dutenak honako hauek dira: enpresaren aldetik, Zubilan Servicios Varios SL enpresa publikoa, bere lehendakaria ordezkari duela; eta langileen aldetik, horien ordezkariak.
LEHEN KAPITULUA.–Xedapen orokorrak
2. artikulua. Eremu funtzionala eta langile eremua.
Hitzarmen hau Zubilan Servicios Varios SL sozietate publikoan aplikatuko da. Sozietate horrek udal zerbitzu sozialak, ekipamenduak, kirol zerbitzuak, haur eskolak eta eguneko zentroa kudeatzen ditu.
Eremu funtzionala eta langile eremua Esteribarko kiroldegiari, Ollokiko gizarte-etxeari, haur eskolari eta adinekoen arretarako eguneko zentroari aplikatuko zaie.
Zubilan Servicios Varios SL enpresan beste kolektibo batzuk sartuko balira, une horretan aztertuko litzateke hitzarmen honetan sartzea ala ez, aplikatzen zaizkien lan-baldintzen arabera.
3. artikulua. Lurralde eremua.
Toki eremuko hitzarmena da hau, eta Zubilan Servicios Varios SL enpresa publikoak Esteribarko udalerrian dituen lantokietan aplikatuko da, hitzarmen honen 2. artikuluan ezarri bezala.
4. artikulua. Lege subsidiarioak.
Hitzarmen honetan arautu ez den orori dagokionez, testu honetan jasotako lanbide-jarduera bakoitzerako erreferentziazko hitzarmen sektorialean ezarritakoa hartuko da kontuan:
Nafarroako Kirol Kudeaketaren Sektoreko Probintziako Hitzarmena, eta, halakorik ez bada, Langileen Estatutuan ezarritakoa.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatean 0 eta 3 urte arteko haur eskoletan kontratatutako langileentzako zehaztutako baldintzak.
Egoitzetarako eta eguneko zentroetarako sektoreko hitzarmen kolektiboa, eta, halakorik ez bada, Langileen Estatutuan ezarritakoa.
Alorren bateko hitzarmen sektoriala Zubilan Servicios Varios SLrena baino hobea bada alderdiren batean, hobekuntza horiek sinatutako enpresako hitzarmenean sartuko dira, dagokion jardueran.
5. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
Hitzarmen kolektibo honek 2023ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta 2025eko abenduaren 31ra arte iraunen du.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia agortu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela epemugarik gabe harik eta bi alderdiek lurralde eta eremu funtzional bereko horren ordezko bat sinatzen duten arte. Sinatu duten alderdietako edozeinek hitzarmen hau salatzen ahalko du indarraldia agortu baino sei hilabete lehenago. Salaketarik aurkezten ez bada, indarraldia urtebetez behin luzatuko da.
6. artikulua. Osotasunari lotzea.
Hemen itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira.
Kasu horretan, hitzarmen honen hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa, baina konparazioa urteko guztizkoari begira eginen da, errendimendu normalean eta asistentzia osoa izanik.
Etorkizunean ezar daitezkeen xedapenei dagokienez, aldaketa ekonomikorik badakarte, eragina izanen dute baldin eta, osotara kontuan harturik eta urte osoan neurturik, hitzarmen honetan ezarritakoak gainditzen badituzte.
7. artikulua. Konpentsazioa.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzak, denak batera hartuta, indarra hartu aurretik zeuden guztiekin konpentsatzen dira, edozein dela ere haien izaera edo jatorria, osagarri pertsonala salbu (18. artikuluan ezartzen den bezala).
8. artikulua. Berme pertsonalak.
Langileren batek, urte osoko kopurua harturik eta orokorrean neurturik, hitzarmen honetan ezarritakoak baino baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.
9. artikulua. Probaldia.
Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da idatziz horrela agertzen bada lan-kontratuan. Probaldia ez da, inondik ere, ondoko denbora baino luzeagoa izanen:
- Sei hilabete, hitzarmen honen 11. artikuluan finkatutako langileen sailkapenean 1. lanbide taldean daudenentzat.
- Bi hilabete, 2. lanbide taldeko langileentzat.
- Hilabete bat, 3., 4., 5. eta 6. lanbide taldeetako langileentzat.
Probaldian, bi aldeetako edozeinek lan-kontratua bertan behera uzten ahal du aurreabisurik eman gabe eta kalte-ordaina izateko eskubiderik izan gabe.
Probaldia bukatutakoan, bi alderdietako batek ere lan-kontratuan atzera egin ez badu, kontratuak dagozkion ondorio guztiak sortuko ditu.
10. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen honetako batzorde paritarioa eratu da, hitzarmenaren aplikazioa interpretatu eta zaintzeko, bere edukiaren gainean sor daitezkeen desadostasunetan.
Bi alderdiek espresuki adostu dutenez, zalantzarik edo desadostasunik sortuz gero, txostena eskatuko zaio batzorde paritarioari, jurisdikzio eskudunari edozein erreklamazio egin aurretik.
Batzordea sei kidek osatuko dute, horietako hiru enpresako ordezkariek hautatuak eta beste hirurak langileen ordezkariek hautatuak. Batzuek eta besteek aholkularien laguntza izan dezakete, hizpidea dutela baina botorik gabe.
Alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da batzordea, gutxienez astebete lehenago jakinarazita, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi asteko epea izanen du.
Eztabaidatutako gaiak batzordea osatzen duten bi aldeetako bakoitzaren gehiengo soilaz onetsiko dira.
Batzorde paritarioaren erabakiak hitzarmenaren testuari erantsiko zaizkio, eta haren parte izanen dira.
BIGARREN KAPITULUA.–Langileen sailkapena
11. artikulua. Maila funtzionalak.
Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak sei maila funtzionaletan sailkatuko dira, "1. taldea", "2. taldea", "3. taldea", "4. taldea", "5. taldea" eta "6. taldea", bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.
–1. taldea.
Irizpide orokorrak: eginkizun konplexuak eta heterogeneoak burutzea, maila handieneko gaitasun profesionala eskatzen dutenak.
Langileen talde batek egindako funtzioak integratzea, koordinatzea eta gainbegiratzea dakarten eginkizunak, baita enpresa osoa zuzentzea ere, arlo funtzional guztiak barne hartuta.
Prestakuntza: unibertsitateko titulazioa edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa, esperientzia frogatuta.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: kudeatzailea.
–2. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola lankide talde baten lana antolatzeko ardura.
Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte-erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: unibertsitateko titulazioa edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa, esperientzia frogatuta. Eguneko zentroko 2. taldeko langileei unibertsitateko titulua eskatuko zaie.
Parekatzea. Talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: haur eskolaren zuzendaritza/koordinazioa, eguneko zentroaren zuzendaritza/koordinazioa, kirol koordinatzailea, kiroleko unibertsitate teknikaria, fisioterapeuta, erizaina, arloko arduraduna, terapeuta okupazionala, psikologoa, gizarte hezitzailea, edo lanpostua betetzeko eskatzen den beste edozein unibertsitateko titulazio.
–3. taldea.
Irizpide orokorrak: diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta exekuzioan autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, eska dezaketenak eduki homogeneoko zereginak, lankide talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da, edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira kirol jardueretako teknikariari (monitoreari), ludotekako teknikariari eta haur hezitzaileei dagozkien jarduera guztiak, espezialitate guztietan.
–4. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin homogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko eginkizunak, lankide talde txiki batek eginak, edo aginte-erantzukizunik izan gabe ere, betetzean autonomia handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: aretoko teknikaria, masajistak, lehen mailako ofizial administraria, zenbait lanbidetako lehen mailako ofiziala eta soroslea.
–5. taldea.
Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz betetzekoak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza lehen mailako lanbide heziketaren parekoa (LH I) izanen da edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez sei hilabetez izandako esperientziarekin ordezkatzen ahalko da (kirol jardueraren lanbide-alorrean soilik).
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: administrari laguntzailea, zerbitzu orokorretako langilea, instalazioetako harreragilea, eguneko zentroko laguntzailea/zaintzailea, sukaldaria, jantokiko laguntzailea...
–6. taldea.
Irizpide orokorrak: lan metodo zehatz, jakin eta aurrez ezarritakoari jarraikiz egiten diren lanak, lanbide ezagutza oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituztenak.
Prestakuntza: eskatzen den prestakuntza eskola graduatuaren parekoa da, eginkizun horietan izandako esperientziarekin ordezkatzen ahal dena.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: etxezaina, atezaina, zerbitzaria, garbiketako langilea eta peoia.
12. artikulua. Balioaniztasun funtzionala.
–Kiroldegiko eta gizarte-etxeko langileak.
Sektorean ematen diren zerbitzuen izaeragatik, denbora partzialean eta asko murriztutako lanaldietan ematen diren zerbitzu asko daudenez, eta horrek, besteak beste, sektorea profesionalizatzea zailtzen duenez, bi aldeen iritziz funtsezkoa da sektoreko langileen balioaniztasuna espresuki arautzea, mugikortasun funtzionalaren mugak eta balioaniztasuna erregulatzekoak oztopo bihur ez daitezen sinatutako denbora partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko, eta hasieratik lanaldi luzeagoa kontratatzeko aukera izan dadin.
Aurreko horretan oinarrituz, erabaki da ezen, kontratu partzialetan lanaldi gehiago kontratatu ahal izateko edo ondoren luzatzeko, betiere ondotik adierazten diren kasuen mugen barnean, zilegi izanen dela enpresaren eta langilearen artean ituntzea lanbide talde bati baino gehiagori dagozkien eginkizunak egitea, aldeek espresuki adosten eta idatziz jasotzen badute hasierako lan-kontratuan edo hasierako kontratu horretako lanaldia luzatzen duen kontratu berrituan.
Zehazki, balioaniztasun kasu hauek ezarri dira:
a) Kirol jardueretako teknikaria (3. taldea) eta kirol koordinatzailea (2. taldea).
b) 3. eta 4. taldeak.
c) Kirol jardueretako teknikaria (3. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
d) Soroslea (4. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
e) Jantokiko laguntzailea (5. taldea) eta garbiketako langilea (6. taldea).
Artikulu honetan aipatutako kasuetan eta mugen barnean, eta ikusirik bi aldeek balioaniztasun sistema honek ahalbidetzen duen kontratazioan edo lanaldien luzapenean duten interesa, berariaz itundu da ezen, kasu bakoitzean lehentasunezkoak jotzen ahal diren eginkizunak gorabehera, kasu bakoitzean ordainduko den ordainsaria izanen dela lanbide talde bakoitzarentzat ezarritakoa, talde bakoitzeko eginkizunetan emandako denboraren arabera.
–Haur eskolako langileak.
Kontratatzeko baldintzak eta zailtasunak aurreko alorraren antzekoak direnez, balioaniztasun funtzionalaren aukera ezartzen da goragoko kategoriako jardueretan lan egiten duten 6. mailako langileentzat, betiere prestakuntza egiaztatzen badute.
Kasu horretan, 5. maila aplikatuko zaie, baina mailaren aldaketa horrek ez du urteko soldataren igoera gordinik ekarriko; hau da, Nafarroako Gobernuaren osagarria konpentsatuko (xurgatuko) da soldata tauletan haur eskolako 6. mailarako ezarritako urteko soldata gordinari eusteko.
Era berean, jangelako laguntzailearen eginkizunak beteta 5. maila aitortzen bada, 6. mailako (garbiketa) garbiketa-lanak derrigorrezkotzat hartuko dira, beheragoko kategoria batekoak izan arren.
–Eguneko zentroko langileak.
Aurreko kasuetan bezala, mugikortasun funtzionala 5. eta 6. mailetan aplikatzen ahalko da zeharkako lanak egiteari eta eguneko zentroa bera garbitzeari begira, hau da, zaintzaileek garbiketa-lanak, baxera garbitzekoak eta abar egiten ahalko dituzte.
Kasu horretan, goragoko taldearen edo soldata handiagoaren ordainsaria ordainduko zaio.
Artikulu honetan aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direnean, legeria orokorrean balioaniztasunaren eta mugikortasun funtzionalaren kasuetarako xedatutakoa aplikatuko da.
HIRUGARREN KAPITULUA.–Baldintza ekonomikoak
13. artikulua. Soldatak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek hitzarmeneko I. eranskineko soldaten taulan lanbide talde bakoitzarentzat ezarritako ordainsariak jasoko dituzte. Ordainsari horiek lanaldi osoko zerbitzu emateari dagozkio.
Orain arteko ordainsariak, urtean osotara zenbatuak, hitzarmen honen testuan ezarritakoak baino handiagoak badira, langilearen aldeko diferentzia "ad personam" osagarri gisa erantsiko da, "osagarri pertsonala" izenpean. Hitzarmen honek indarra hartzen duenetik aurrera birdefinituko da osagarri hori, 18. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Orientazio gisa, aipatu I. eranskinean lanbide talde bakoitzarentzat ezarri da benetan lan egindako ordu bakoitzaren prezio gordina, zeinean sartzen baita asteko atsedenaren ordainsariaren, aparteko pagen, oporren eta jaiegunen zati proportzionala.
Orduaren prezio horretan ez dira sartzen hitzarmenaren 14. artikuluan ezarritako gaueko lanaren plusa, ez 16. artikuluko igandeko plusa, ez 17. artikuluko antzinatasun plusa, ez eta 18. artikuluko osagarri pertsonala ere.
Hileko nomina hura sortu eta hurrengo hileko lehen bost egun baliodunen barnean ordainduko da.
14. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00ak bitarte egiten dena da gaueko lana.
Lana gauez egiten duten langileek soldata osagarria jasoko dute gaueko orduetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Osagarriari "gaueko lanaren plusa" deitzen zaio eta gaueko orduetako zerbitzualdiaren arabera ordainduko da; hitzarmenaren 1. eranskineko soldata tauletan ordainsarien maila bakoitzean eta indarreko urteetarako ezarritako diru kopuru gordina da.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, hitzarmen honetan soldatetarako hitzartu den igoera aplikatuta.
Gaueko lanaren plusa benetan lan egindako orduengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpo uzten da espresuki.
15. artikulua Jaiegunetako plusa.
Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jaiegun izanen dira urtero ezarritako 14 jaiegun ofizialak; horiexek besterik ez.
14 jaiegun ofizialetako batean zerbitzuak ematen dituzten sektoreko langileek, egun horietan lan egindako ordu bakoitzeko bi orduren ordaina jasoko dute.
Jaiegunetako plusa 14 jaiegun ofizial horietan benetan lan egindako ordu bakoitzeko soilik jasotzen denez, oporretako ordainsarietatik kanpo uzten da espresuki.
16. artikulua. Igandeetako plusa.
Euren zerbitzuak igandeetan ematen dituzten langileek igandeko lanaren plusa kobratuko dute, kategoria guztietan berdina, egun horietako batean benetan lan egindako ordu bakoitzeko, zehazki hitzarmen honen 1. eranskinean jasotako soldaten tauletan ezartzen den zenbateko gordina. 3 euro orduko.
Igandeetako plusa igandeetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko soilik jasotzen denez, oporretako ordainsarietatik kanpo uzten da espresuki.
17. artikulua. Antzinatasun plusa.
"Antzinatasun plusa" izenekoa ezarri da, hamabi hilabeteetako paga bakoitzean kobratuko dena, enpresarekiko fideltasun-baldintza jakin batzuk betetzen dituzten langileentzat, era honetan:
"Hitzarmen honen 38. artikuluan aurreikusitako subrogazio kasuetan, titular berriari lotuta gelditzen diren eta antzinatasun plusa jasotzen duten langileek plus hori jasotzen jarraituko dute, subrogazioa gauzatu zeneko egunean jasotzen zuten baldintzekin".
Enpresarekin 3 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %3 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 6 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %6 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 9 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %9 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 12 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %12 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 15 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %15 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 18 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %18 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 21 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %21 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 24 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %24 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 27 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %27 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
Enpresarekin 30 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmen honetako tauletan beren mailari dagokionez adierazitako hileko oinarrizko soldataren %30 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.
18. artikulua. Osagarri pertsonala.
"Osagarri pertsonala" izeneko ordainsari kontzeptuak langilearen ezaugarri edo ezagutzak saritzen ditu, enpresak lana gauzatzean kontuan hartzen dituenak. Osagarri hori ez da xurgatzen edo konpentsatzen ahalko, eta hitzarmenean hitzartutako igoera aplikatuta eguneratuko da.
19. artikulua. Aparteko orduak.
Zubilan Servicios Varios SL enpresan, aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdiko konpentsazioa izanen da, atsedenaldiekin konpentsatu nahiz dirutan konpentsatu.
Aparteko orduak urteko 14 jaiegun ofizialetako batean eginez gero, aparteko ordu bakoitzeko bi orduko konpentsazioa izanen da.
Konpentsazioaldia 4 hilabetekoa izanen da, aparteko orduak egiten direnetik.
Aparteko orduak borondatezkoak dira eta, ahal den neurrian, ez da aparteko ordurik eginen.
20. artikulua. Kilometrajea.
Kasuren batean, arduradunak edo kudeatzaileak hala baimenduta, lan arrazoiak direla medio langileak bere ibilgailua erabili behar badu, Zubiriko kiroldegitik hasiko dira kilometroak zenbatzen, eta 0,21 euro ordainduko zaizkio langileari kilometro bakoitzeko. Ordaintzen den zenbatekoa behar bezala justifikatu beharko da.
21. artikulua. Aparteko haborokinak.
Langile guztiek urtean aparteko hiru paga izanen dituzte: martxoko paga, ekaineko paga eta abenduko paga. Horien zenbatekoa hitzarmenaren 1. eranskineko soldata tauletan ordainsarien maila bakoitzerako eta indarreko urteetarako ezarrita dagoena izanen da.
Hurrengo urteetarako, kontzeptu hori hitzarmenean hitzartutako igoera bezala eguneratuko da.
Aparteko paga horietarako araubide hau ezarri da:
1.–Martxoko, ekaineko eta abenduko aparteko pagak:
Aparteko paga horiek dagokion urteko martxoan, ekainean eta abenduan jasoko dira; langileak eskatuta, hainbanatu daitezke, eta hileroko soldatarekin batera jaso, hiru pagei irizpide bera aplikatuta.
Hiru pagak sei hilabetetik behin sortuko dira. Ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko hasiera edo bukaera ezartzeko, honela jokatuko da: martxokoa, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra; ekainekoa, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era; eta abendukoa, uztailaren 1etik abenduaren 31ra.
Martxoko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, dagokion urteko martxoaren 20a baino lehen ordainduko da.
Ekaineko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, dagokion urteko ekainaren 20a baino lehen ordainduko da.
Abenduko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, dagokion urteko abenduaren 20a baino lehen ordainduko da.
22. artikulua. Laneko arropa.
Beren eginkizunak haur eskoletan eta eguneko zentroetan betetzeko laneko arropa behar duten langile guztiei urtean bi uniforme emanen zaizkie.
Soroslearen uniformea honela dago osatua: kamiseta, galtzamotzak, txankletak eta kapela.
Igeriketako monitorearen uniformea honela dago osatua: kamiseta, bainujantzia eta txankletak. Noizbehinka erabiltzen den laneko arropa berritzeko, kontuan hartuko da nola dagoen.
Kirol jardueretako teknikarien kasuan (monitoreak), ikusirik uniformeak jarduerak bezain ugariak direla, goian aipatu uniforme horien ordez 60 euro gordineko gastu ordejarria ordainduko da urtean, 0,17 euro gordin enpresan altan izandako egun bakoitzeko, benetako lanaldia edozein dela ere.
Zenbateko hori ez da aldatuko hitzarmenak indarrean dirauen bitartean.
Eguneko zentroko langileek ere beren ohiko jardueraren araberako laneko arropa jasoko dute.
23. artikulua. Soldata igoera.
Hitzarmenaren indarraldiaren gainerako urte bakoitzerako soldatak Esteribarko Udaleko langileek duten igoera berarekin eguneratuko dira.
24. artikulua. Fideltasun plusa.
24.1. Fideltasun plusa Esteribarko kiroldegirako eta gizarte-etxerako.
Fideltasun plusari begira, antzinatasunaren hirurteko bakoitzeko oinarrizko soldataren %2ko igoera ezartzen da.
Fideltasun plusa Esteribarko kiroldegiko eta Ollokiko gizarte-etxeko langileei soilik aplikatuko zaie.
24.2. Lanbide-hobekuntzako osagarria. Lanbide-hobekuntzako osagarria haur eskolarako eta eguneko zentrorako.
Lanbide-hobekuntzako osagarriari begira, antzinatasunaren hirurteko bakoitzeko oinarrizko soldataren %2ko igoera ezartzen da.
Lanbide-hobekuntzako osagarria haur eskolako eta eguneko zentroko langileei soilik aplikatuko zaie.
Urtero bi baliabideetarako etengabeko prestakuntzarako plan bat adostuko da.
24.3. Nafarroako Gobernuaren plusa.
"Nafarroako Gobernuaren osagarria" izeneko plus bat ezarriko da haur eskolako langileentzat, urteko soldata gordina (oinarrizko soldata x 15) Hezkuntza Departamentuak 0 eta 3 urte arteko haur eskola itunduetarako ezarritako soldatekin parekatzeko.
Plus hori hilero ordainduko da eta 12 pagatan banatuko da, hitzarmen honetako soldata taulen arabera.
Gainerako soldata kontzeptuen ehuneko berean eguneratuko da plusa urtero.
24.4. Kirol instalazioen plusa.
"Kirol instalazioen osagarria" izeneko plus bat ezarriko da 3. eta 4. mailetako langileentzat, urteko soldata gordina (oinarrizko soldata x 15) hobetzeko eta udaleko langileen hitzarmenean C mailarako ezarritako batez besteko soldatekin parekatzeko.
Plus hori hilero ordainduko da eta 12 pagatan banatuko da, hitzarmen honetako soldata taulen arabera.
Gainerako soldata kontzeptuen ehuneko berean eguneratuko da plusa urtero.
24.5. Zuzendaritza/koordinazioko plusa.
Eguneko zentroko zuzendaritzako/koordinazioko edo kirol koordinazioko lanpostuak betetzen dituzten pertsonek 372,05 euroko plusa jasoko dute hilean, 12 pagatan. Haur eskolako zuzendariak zenbateko hori bera jasoko du Nafarroako Gobernuaren osagarri gisa.
Gainerako soldata kontzeptuen ehuneko berean eguneratuko da plusa urtero.
LAUGARREN KAPITULUA.–Aldi baterako ezintasunak
25. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren eta haurdunaldiko arriskuaren osagarria.
A) Laneko istripuaren edo laneko gaixotasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna:
enpresak lan istripuaren edo laneko gaixotasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioak osatuko ditu hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era iritsi arte, gaueko lanaren eta jaiegunetako edo igandeetako lanaren osagarriak salbuetsita.
B) Gaixotasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna:
gaixotasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazio hauek ezarri dira, kontuan hartuta urte naturalean zehar langile bakoitzaren bajak zenbat izan diren eta zer iraupen izan duten: Gizarte Segurantzaren erakunde kolaboratzaileek (mutuak) kudeatuko dute gaixotasun arruntak edo lan istripuak eragindako aldi baterako ezintasuna.
Enpresak hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era arte osatuko du, gaueko lanaren eta jaiegunetako edo igandeetako lanaren osagarriak salbuetsita.
C) Haurdunaldiko arriskua:
Haurdunaldiko arriskua edo bularra emateko garaikoa dela-eta ematen den prestazio ekonomikoaren helburua da emakumezko langileen, fetuaren eta jaioberriaren osasuna babestea eta lan-kontratuaren edo jarduketaren etenaldiko diru-sarreren galera estaltzea.
Dagokion oinarri arautzailearen %100 ordainduko da. Oinarria lanbide-kontingentzien ondoriozko aldi baterako ezintasunerako ezarritakoa izanen da.
BOSGARREN KAPITULUA.–Lanaldia, adingabeak zaintzeko lanaldiaren murrizketa, oporrak, eszedentziak, atsedenaldiak, lizentziak eta baimenak
26. artikulua. Lanaldia.
–Orokorrean, eta Langileen Estatutuaren 34. artikuluak xedatzen duenarekin bat, urtean lanaldi osoko 1.592 orduko lanaldia ezarri da 2024ko urriaren 1etik aurrera eta hitzarmenaren indarraldi osorako.
Urtero, azaroan, zuzendariak lana antolatzeko proposamen bat eginen du jarduera alor bakoitzerako. Proposamen horretan, eguneko lanaldia, asteko batez besteko orduak, oporrak eta beharrezkoa den kontzeptu oro zehaztuko dira, langile bakoitzak hurrengo urteko lana banatzeko urteko egutegia izateko. Egutegiak urteko lanaldia beteko du (kasu honetan, 1.592 ordu).
- Esteribarko kiroldegia eta Ollokiko gizarte-etxea:
- 1.592 ordu. Lan egutegiko lanaldi banaketa bakoitzaren arabera. Gutxi gorabehera, honela banatuko da lanaldia:
- 215 lanegun urtean.
- 35 lanordu astean, gutxi gorabehera.
- 27 jai egun urtean.
- 1.592 ordu. Lan egutegiko lanaldi banaketa bakoitzaren arabera. Gutxi gorabehera, honela banatuko da lanaldia:
- Haur eskola:
- Zuzendaria eta haur hezitzaileak:
2025eko lan egutegia Nafarroako Gobernuak alor horretan eskatutako baldintzen arabera planifikatuko da. Zehazki, eta gutxi gorabehera, honela banatuko da lanaldia:
- 208 lanegun urtean.
- 38 lanordu astean.
- Jantokien garbiketa:
· 208 lanegun urtean.
· 39 lanordu astean.
- Eguneko zentroa.
- 1.592 lanordu; lanaldiak urtero zehaztuko dira, baliabidearen erabiltzaileen beharrak kontuan hartuta. Gutxi gorabehera, 7 orduko lanaldietan banatutako 227 lanegun izanen dira (lanaldiak 8 ordura aldatzen ahalko dira, urteko lanegunak gutxiago izateko). Horrela eginen da gutxi gorabehera, baliabidea astelehenetik ostiralera irekita dagoela kontuan hartuta.
–Kirol jardueretako teknikarien (monitoreak) jardueren baldintzak ikusirik, batez ere euren lan fisiko handia, urtean 1.560 orduko lanaldi osoa ezarri da 2025. urterako eta hitzarmenaren indarraldi osorako.
–Aretoko teknikaria: 1.584 orduko urteko lanaldi osoa ezarri da 2025erako eta hitzarmenaren indarraldi osorako.
Lan-denbora zenbatuko da eguneko lanaldiaren hasieran eta bukaeran, langilea bere lanpostuan dagoela.
6 ordutik gorako eguneroko lanaldi jarraituan, 15 minutuko atsedenaldia ezarri da, benetan lan egindako denboratzat hartuko dena.
Atsedenaldiok hartzeko txandak enpresaren arduradunen eta langileen artean adostuko dira, zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta.
–Lanaldia, oro har, honela banatuko da (zuzendariak aldatzen ahalko du zerbitzuaren beharrek hala eskatzen badute):
- Administrazioa: 5 lanegun astelehenetik ostiralera.
- Garbiketa eta harrera-mahaia neguan:
- Goizeko txandan: 5 lanegun astelehenetik ostiralera.
- Arratsaldeko txandan: 5 lanegun astelehenetik ostiralera.
- Errefortzua: 2 lanegun, larunbatak eta igandeak.
- Garbiketa eta harrera-mahaia udan:
- Goizeko txandan: 5 lanegun astelehenetik ostiralera.
- Arratsaldeko txandan: 5 lanegun astelehenetik ostiralera.
- Errefortzua: 5 lanegun asteazkenetik igandera edo asteartetik larunbatera, zerbitzuaren beharren arabera.
27. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
2023ko ekainaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, langileek lanaldiaren iraupena eta banaketa egokitzeko eskatzeko eskubidea dute, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko eskubidea baliatze aldera. Egokitzapen horiek arrazoizkoak eta neurrizkoak izanen dira, langilearen beharren araberakoak eta enpresak antolamenduan edo produkzioan dituen beharren araberakoak.
Seme-alabarik izanez gero, langileek eskubidea dute eskaera hori egiteko seme-alabek hamabi urte bete arte. Eskubide hori izanen dute, halaber, 12 urtetik gorako seme-alabaren bat, ezkontidea edo bikotekidea, langilearen odol bidezko ahaidetasuneko 2. mailara arteko ahaideak edo menpekotasuna duten beste pertsona batzuk zaindu beharrean dauden langileak, betiere, azken kasu horretan, etxe berean bizi badira eta adina, istripua edo gaixotasuna dela-eta ahaidea ezin bada bere kabuz moldatu; eskaeraren oinarri diren inguruabarrak egiaztatu beharko dira.
Enpresak, langileak lanaldia murrizteko eskatzen duenean, negoziazio prozesu bat hasiko du harekin, eta ahalik eta azkarren burutu beharko da, gehienez ere hamabost egunetan.
Atal honetan araututako lanaldiaren murrizketak langileen banako eskubidea dira, gizonak zein emakumeak izan. Hala ere, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok pertsona berarengatik eskubide hori baliatzeko aukera badute, enpresaburuak mugak paratzen ahalko ditu baimena aldi berean hartzeko, enpresaren funtzionamendu-arrazoi justifikatuengatik.
28. artikulua. Oporrak.
Haur eskolako oporrak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako ezarritakoak izanen dira.
Esteribarko kiroldegiko, Ollokiko gizarte-etxeko eta eguneko zentroko langileentzat, 2024rako, urteko 27 laneguneko oporraldi ordaindua ezarri da.
Salbuespen dira eskolako kanpainarako berariaz kontratatutako langileak.
Oporraldia eta haurdunaldiak, erditzeak edo bularra emateak eragindako aldi baterako ezintasuna edo lege honen 48.4 eta 48.bis artikuluan aurreikusten den kontratu-etetea aldi berean gertatzen badira, aldi baterako ezintasunaren edo aipatutako araua aplikatzean dagokion baimena baliatuko den denboralditik kanpo baliatzen ahalko dira oporrak, etete horren iraupena bukatu ondoren, dagokien urte naturala bukatu bada ere.
Oporraldia bitartean aurreko paragrafoan aipatu ez den arrazoi batengatik aldi baterako ezintasun egoera bat gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagokion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasun egoera bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere opor horiek sortu diren urtea bukatzen denetik 18 hilabete baino gehiago igarotzen ez badira.
Lan egutegia beranduenez dagokion urteko urtarrilaren 31n jasoko da, eta oporrak enpresari eskatu beharko zaizkio idatziz urte naturaleko martxoaren 31 baino lehen. Oporrak gutxienez 5 laneguneko bloketan hartuko dira.
Enpresak, beranduenez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabeteko azkeneko egunean erantzunen die oporren eskaerei, hau da, apirilaren 30ean. Epe horretan erantzunik ematen ez bada, automatikoki ulertuko da langileak eskatutako opor egunak onartu direla.
Opor egunak aukeratzeari dagokionez honako irizpide hauek ezarri dira:
1.–Lantoki bakoitzean ez dira aldi berean oporretan egoten ahalko lantokiko lanpostu bereko langileen %50 baino gehiago. Zenbaki bakoitia izanez gero, beheragoko zifrara biribilduko da (hiru langile izanez gero, bakar batek hartzen ahalko ditu oporrak).
Aurreko irizpideak aplikatzearen ondoriozko kopurua baino eskari gehiago dauden kasuetarako, lehentasuneko irizpide hauek ezarri dira.
a) Hainbat langilek aldi berean hartu nahi badituzte oporrak, lehen urtean enpresan antzinatasun handiena duen langileak izanen du lehentasuna, baina hurrengo urteetan txandaka eginen da, antzinatasun handienekoak ez dezan beti lehentasuna izan.
b) Antzinatasun bera duten langileak egonez gero, enpresak dagozkien langileen aurrean egindako zozketa bidez erabakiko da lehentasuna.
Opor egunen ordainsaria langilearen oinarrizko soldatak eta soldata osagarri finkoek osatzen dute, eta espresuki salbuesten dira gaueko lanaren plusa, jaieguneko plusa eta igandeko plusa, horiek gaueko orduetan, jaiegunetan edo igandeetan benetan lan egindako orduengatik soilik jasotzen baitira.
29. artikulua. Eszedentziak.
Hitzarmen honen indarraldian, enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten kontratu mugagabeko langileek eskubidea izanen dute borondatezko eszedentzia hartzeko, 4 hilabetekoa gutxienez eta 2 urtekoa gehienez, lanpostua gordeta baina antzinatasuna kontatzeko eskubiderik gabe, betiere.
Eszedentzian dagoen langileak ez du eszedentzian dagoen bitartean sektore bereko edo antzeko beste enpresetan lan egiten ahalko, adibidez gimnasioetan edo kirol klubetan.
Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.
Langileek eskubidea izanen dute hiru urte arteko eszedentzia hartzeko seme edo alaba bakoitza zaintzeko, haurra norberak sortua edo adoptatua izan, edo harrera-prozesuan izan, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko fasean, behin-behinekoz izanda ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu, eritasun edo desgaitasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere bi urteko eszedentzia izanen da, negoziazio kolektiboan epea luzatu ezean.
Atal honetan aipatzen den eszedentzia langileen banakako eskubidea da, gizon zein emakumeena, eta zatika hartzen ahalko da. Hala ere, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok pertsona berarengatik eskubide hori baliatzeko aukera badute, enpresaburuak mugak paratzen ahalko ditu baimena aldi berean hartzeko, enpresaren funtzionamendu-arrazoi justifikatuengatik.
Beste eszedentzia bat hartzeko bidea ematen duen arrazoi berria sortuz gero, eszedentzia berria hasita, aurretik baliatzen ari zena bukatuko da, une horretan baliatzen ari bazen.
Artikulu honen arabera eszedentzian ematen duen aldia antzinatasunerako zenbatuko zaio langileari, eta lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du; enpresaburuak jakinaraziko dio ikastarootan parte hartzeko aukera, batez ere langilea lanera itzultzen denean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokide batekoa izanen da.
Aurrekoa hala izanik ere, langilea ofizialki aitortutako familia ugari bateko kidea baldin bada, lanpostua 15 hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria orokorreko familia ugaria denean, eta 18 hilabetez, gehienez, kategoria berezikoa denean.
30. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.
Urtebeteko antzinatasuna eta kontratu mugagabea duten langileek izanen dute ordaindu gabeko baimen bat hartzeko eskubidea, 15 egun eta 4 hilabete artekoa, eta Gizarte Segurantzan kotizatu gabe. Langileak ordaindu gabeko baimenerako eskubidea urtero baliatzen ahalko du.
31. artikulua. Asteko atsedena.
Asteko ohiko atsedenaldia bi egun jarraitukoa izanen da, betiere egutegien aldian behingo banaketak horretarako aukera ematen badu.
Atsedena gehienez hamalau eguneko tartean metatzen ahal da. Kasu horietan 4 eguneko atsedenaldia izanen da, horietako bi jarraian, salbu eta instalazioaren funtzionamendurako premia larri batek kontrakoa eskatzen badu.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, alderdiek hitzartu dute urteko lanaldiaren banaketa erregularra izanen dela.
Urteko lan egutegia urtarrilaren 31 baino lehen eginen da. Jardueretako langileen kasuan, kanpainen araberako egutegiak eginen dira. Egutegi horietan ezarriko dira, gutxienez, lanegunak, atseden-egunak eta lanorduak.
Aste Santuko larunbatak jaieguneko ordutegia izanen du.
32. artikulua. Ordaindutako lizentziak.
Hitzarmena betez, langileak, aurretik abisatuta eta ondotik justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio:
A) Langilearen ezkontza edo izatezko bikotea osatzea. Iraupen hau ezarri da hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzerako: 18 egun natural.
B) Seme edo alaba baten jaiotza: 4 egun natural.
C) Ondoko hauen heriotzagatik:
–Ezkontidea eta seme-alabak: 6 egun natural.
–Gurasoak, aita-amaginarrebak eta anai-arrebak: 3 egun natural. Koinata-koinatuak eta aitona-amonak: 2 egun natural.
D) Ezkontideak, izatezko bikotekideak, bigarren gradura arteko odol- edo ezkontza-ahaideek (izatezko bikotekidearen odol-ahaideak barne), edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak eritasun larria baldin badu, ospitaleratzea behar badu edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu.
Lizentzia horiek hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira.
Herri batetik bestera joan behar izanez gero, eta bien artean 200 kilometroko tartea edo handiagoa bada, C) eta D) ataletan adierazitako baimenak luzatzen ahalko dira:
Egun bat gehiago, 200 km-tik 400era arteko tartea baldin bada. Bi egun gehiago, 400 km-tik gorako tartea baldin bada.
E) Ohiko bizilekua aldatzeagatik (ezkontzakoarekin bat ez datorrena): egun bat.
F) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun natural bat.
G) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
H) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edo Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako titulu akademiko edo profesional bat ateratzeko azterketak egitera joateko behar-beharrezkoa den denbora. Joan-etorrietan ematen den denbora ez da baimen ordaindutzat hartuko, baldin eta joan-etorri hori Nafarroako Komunitatearen mugetatik kanpo egiten bada. Joan-etorria muga horien barnean egiten bada, joan-etorri hori baimen ordaindutzat hartuko da.
I) Langileek ordaindutako lizentzia erabiltzeko eskubidea izanen dute, ordu aldetik mugatua, kontsulta medikora joateko edo ezkontidea eta odol bidezko lehen graduko ahaideak kontsulta medikora laguntzeko (gehienez 10 ordu urtean, guztira). Gainera, ordu gehiagorako aukera izanen dute urteko poltsa batean metatuta, urte berean itzultzeko.
J) Ahaideen kirurgia handi anbulatorioa:
Odol edo ezkontza bidezko bigarren gradu arteko ahaideak: 2 egun natural.
Kasu horietan, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira pazienteak ebakuntzaren egun berean, ebakuntza egin eta denbora batera, etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein anestesia mota aplikatu zaien kontuan hartu gabe.
Halaber, kirurgiako prozeduraren ondorioz pazienteak ospitaleraturik egon behar duenean emanen da baimena, betiere ez bazaio iraupen luzeagoko baimen bat egokitzen, aurreko artikuluetan xedatuarekin bat.
A), B), C), E), F) eta J) ataletako kasuetan, baimen egunak gertaera eragilea gertatzen den egunetik aurrera zenbatuko dira.
Artikulu honen C) eta D) ataletan aipatutako lizentziak, ezkontideari dagozkionak, langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi denari ere aplikatuko zaizkio, baldin eta gertaera eragilea baino urtebete lehenagotik gutxienez elkarrekin bizi badira eta inguruabar horiek bizileku duten herriko udalaren ziurtagiri baten bidez frogatzen badituzte.
33. artikulua. Norberaren aukerako eguna.
Langile bakoitzak norberaren aukerako hiru lanegun hartzen ahalko ditu hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean. Egun horiek ez dira berreskuratzen ahalko. Norberaren aukerako egun hori hartuko dela idatziz jakinarazi beharko zaio enpresari, gutxienez ere hiru lanegun lehenago. Egun hori langile batek baino gehiagok eskatuz gero, lehentasuna eskaria aurkezteko ordenaren arabera zehaztuko da, eta, batera aurkeztuz gero, lanpostuko antzinatasunaren arabera.
Haur eskolaren kasuan, egunak indarreko ikasturtean zehar zenbatuko dira, eta ez urte naturalean.
Egun horiek ez dira hartzen ahalko oporraldiaren eta jaiegunen aurretik edo ondoren.
34. artikulua. Haurrari esnea emateko baimena.
Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritako bularra emateko baimena hartzeko eskubidea duten emakumezko langileek Estatutuan ezarri bezala hartzen ahal dute, edo baimen ordaindu batekin ordeztu, aukeran. Azken kasu horretan amatasun baimenaren ondotik hartuko litzateke.
Baimen ordainduaren iraupena 15 egun naturalekoa izanen da, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean.
Aukera hori izateko, amatasun baimena bukatu baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da gutxienez.
SEIGARREN KAPITULUA.–Kontratazioak eta lanpostua uztea
35. artikulua. Praktikaldiko kontratuak.
Praktiketako kontratuaren modalitatean kontrataturiko langileek lehenbiziko urtean hitzarmen kolektibo honetan lanpostu berean edo baliokidean ari den langilearentzat finkatutako ordainsariaren %90 jasoko dute, eta %100 bigarren urtean.
36. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.
Langileen Estatutuaren 15.8 artikuluan ezarritakoarekin bat, aldizkako langile finko bihurtuko dira egun jakin batzuetan errepikatzen ez diren lanak egiteko kontratatu diren langileak, aldi baterako lanetan aritzeko udako edu neguko bigarren denboraldirako deitzen zaien unean.
37. artikulua. Behin-behineko kontratuak.
Langileen Estatutuaren 15.1 b) artikuluan ezarritakoarekin bat, produkzioaren inguruabarrengatik, eginbeharrak metatzeagatik edo gehiegizko eskariagatik sinatzen diren behin-behineko kontratuen iraunaldia 6 hilekoa izanen da gehienez ere, 12 hileko epean, inguruabar horiek gertatzen diren unetik aurrera zenbatzen hasita.
38. artikulua. Errelebo-kontratua eta erretiro partziala.
Hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, indarreko legeriak aldian-aldian ezartzen dituen eskakizunak betetzen dituzten langileek erretiro partziala hartzen ahalko dute borondatez, baldin eta eskaera egiteko unean daukaten lanaldiaren %50 edo gehiago uzten badute.
Aurreikusitako kasuetako edozeinetan, erretiro partziala hartu nahi duen langileak enpresari aurreabisua eman beharko dio gutxienez erretiroa hartzeko eguna baino sei hilabete lehenago.
39. artikulua. Lanpostu uzteak eta aurreabisuak.
Langileek lanpostua beren borondatez uzteko erabakiaren berri emanen diote enpresari, idatziz eta gutxienez 15 egun lehenagotik.
Aurrez abisatzen ez bada, enpresak ahalmena izanen du azken likidazioan abisatu gabe utzitako egun kopurua kentzeko.
Era berean, enpresak kontratuaren bukaera idatziz eta gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dio langileari, salbu eta langilearekin bitarteko kontratua itundua duenean eta ez dagoenean jakiterik ordezkatzearen arrazoia noiz bukatuko den, bai eta diziplinako kaleratzeen kasuetan ere.
40. artikulua. Langileen subrogazioa.
Kirol zerbitzu edo instalazio bat kudeatzeko kontrata baten titulartasun aldaketak ez du, berez eta kasu guztietan, lan-harremanen azkena ekarriko.
Enpresa pribatu baten bidezko kudeaketa berriro aukeratzen badu, Esteribarko Udalak konpromisoa hartzen du baldintza-agirian sartzeko kontzesiodunak Zubilan Servicios Varios SLn lan egiten dutenak nahitaez subrogatu beharko dituela, bai eta hitzarmenaren testua ere, nahitaez eta lehentasunez aplikatu beharko baita.
Aurreko paragrafoan finkatutako baldintzak betetzen dituzten langileak, kirol kudeaketaren kontrataren titulartasuna aldatzen den momentuan aldi baterako ezintasunean, lanpostua gorderik eszedentzian, oporretan edo lanpostua gordetzeko eskubidea sortzen duen beste edozein egoeratan badaude, titular berriari atxikiko zaizkio. Aurreko paragrafoan eskatzen den gutxieneko antzinatasunaren ondorioetarako, kontuan hartzen dira aldi baterako ezintasunean, lanpostua gorderik eszedentzian, oporretan edo lanpostua gordetzeko eskubidea sortzen duen beste edozein egoeratako denboraldiak.
Langile horiek ordezten dituzten bitarteko kontratudun langileak enpresa titular berriaren aldetiko subrogazioan sartuko dira bitarteko gisa, ordezkapena egitearen arrazoia bukatu arte.
Kontrata desberdinak egoteagatik, langile batek bere zerbitzuak enplegatzaile berarentzat lantoki batean baino gehiagotan ematen dituen kasuetan, kirol kudeaketako kontrata horietako batean titulartasuna aldatzen baldin bada, artikulu honetan araututako subrogazioa titulartasuna aldatzen duen kontratari dagokion lanaldian baino ez da gertatuko. Modu berean eginen da balioaniztasuna espresuki itundutako kasuetan.
Kontrataren titulartasuna aldatzen den kasuetan, hura utzi duen enpresak astebete lehenago, gutxienez, kontrata hartzen duen enpresari honakoak jakinaraziko dizkio:
a) Kasuko lantokiko langileen zerrenda, bertan adieraziz duten antzinatasuna, lanaldia, zerbitzu emateko ordutegia, lan-kontratuaren kopia eta, halakorik bada, kontratu-berritzeena, hartutako edo/eta hartu gabeko oporrak eta azkeneko nomina. Zerrendan jasoko dira, halaber, artikulu honen 3. paragrafoan adierazitako arrazoietako bategatik kontratua eten zaien langileak.
b) Subrogazioak ukitutako langileak, kontrataren titulartasuna aldatzen den egunean, soldaten kobrantzan eguneratuta daudela egiaztatzen duen agiria.
c) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, kontrata utzi duen enpresa Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketan eguneratuta dagoela egiaztatzen duena eta ziurtagiriaren datan mugaeguneratutako kotizazioak biltzen dituena.
d) Kontratua utzi duen enpresa zerbitzuak emateko kontratuaren azkenaz, azkenaren iragarpenaz edo ez berritzeaz jakitun egin zeneko dataren behar bezalako egiaztapena.
Kontrata utzi duen enpresak aurreko xehetasun guztiak frogatzen ez baditu, kontrata-hartzaile berriak dokumentu fede-emailea eskatuko dio, frogatu ez diren betebeharrak espresuki adierazten dituena, bi egunen buruan egindako hutsak zuzen ditzan.
Aipatu diren egiaztapenak ez aurkezteagatik kontrata-hartzaile berriari kalte ekonomikoak sortuko balitzaizkio, kontrata utzi duen enpresa izanen litzateke haien erantzule zibila.
Kontrata utzi duen enpresak langileari aparteko pagak likidatuko dizkio, bai eta hilabetetik gorako mugaeguna duten beste soldata kontzeptu batzuk ere, kontrata bukaerako datan sortuak baina kobratu gabeak, oporretakoak kenduta.
Sortu bai baina hartu gabe utzitako oporrak, bai eta, likidatuz gero, Gizarte Segurantzan duten kostua ere, kontrata hartzen duen enpresaren eta hura utzi duenaren artean konpentsatuko dira.
Zerbitzua berreskuratzea. Esteribarko Udalak zerbitzua berreskuratu behar badu, aztertuko du zein kudeaketa mota egokitzen den hobekien zerbitzuen premietara eta uneko egoerara.
ZAZPIGARREN KAPITULUA.–Arau-hausteak, zehapenak eta preskripzioa
41. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Honako hauek dira falta arinak:
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.
b) Lanera huts egitearen arrazoiak ez jakinaraztea aurrez behar den denboraz.
c) Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta enpresarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta falta astun edo oso astuntzat hartzerik ez badago.
d) Fitxatzeko eginbeharra ez betetzea.
e) Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.
f) Aldi baterako ezintasuneko kasuetan, baja edo berrespen agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta gizarte segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen gainerako datuak ere.
g) Laneko segurtasun eta higiene arauak ez betetzea, horren inguruabar edo ondorioengatik astuntzat edo oso astuntzat kalifikatzerik ez badago.
h) Lanaldiaren barrenean, sakelako telefonoa norberaren aferetarako erabiltzea, larrialdietan izan ezik.
i) Identifikazio txartela ikusgarri ez izatea edo arauzko uniforme osoa ez eramatea lanorduetan.
j) Zuzendaritzak ezarritako funtzionamendu-arauak ez betetzea.
k) Egoiliarrei edo familiei tratu desegokia ematea, agintaritza desegokiaren bidez, komunikazioan errespetu faltaren bidez edo pertsona erdigunean jartzen duen arreta integralaren ereduak ezarritakoarekin bat ez datorren edo desegokia den edozein tratamenduren bidez.
l) Parte ez hartzea pertsona erdigunean jartzen duen eta zainketak humanizatzean oinarritzen den arreta integralaren ereduan markatutako funtsezko laguntza-prozesuetan (erreferentziazko langileak, bizi-historia, etab.).
Falta astunak honako hauek dira:
a) Lanera behin berandu iristea, enpresari edo erabiltzaileei kalte larria egiten bazaie edo haientzako arriskugarria bada.
b) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.
c) Hogeita hamar egunean behin lanera ez joatea justifikatu gabe.
d) Zerbitzuari dagokionez, agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, enpresaren edo erabiltzaileen kalterako.
e) Hirurogei egunean falta arin bera errepikatzea edo beste falta arin bat egitea.
f) Hirurogei egunean falta arin bera errepikatzea edo beste falta arin bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan, idatzizko zehapena egon den kasuetan.
g) Lankide baten ordez fitxatzea.
h) Laneko segurtasun eta higiene arauak ez betetzea, horren inguruabar edo ondorioengatik oso astuntzat kalifikatzerik ez badago.
i) Etxeko laguntzarako zerbitzuaren erabiltzailearen etxeko giltzaz arduratzea enpresaren idatzizko baimena izan gabe.
j) Lanean ari dela erretzea edo edari alkoholdunak edatea.
k) Agintekeriaz jokatzea edo errespeturik ez agertzea edozein kategoriatako lankideei, egoiliarrei, senideei, laguntzaileei edo enpresarekin harremanetan dagoen beste edozeini.
l) Enpresak emandako sakelako telefonoa edo pertsona-bilagailua ez hartzea lanorduetan bidezko arrazoirik gabe; guardia lokalizatuetan gertatzen bada, falta oso astuna izanen da.
m) Zuzendaritzak ezarritako funtzionamendu-arauak ez betetzea behin baino gehiagotan.
n) Behin baino gehiagotan, egoiliarrei edo familiei tratu desegokia ematea, agintaritza desegokiaren bidez, komunikazioan errespetu faltaren bidez edo pertsona erdigunean jartzen duen arreta integralaren ereduak ezarritakoarekin bat ez datorren edo desegokia den edozein tratamenduren bidez.
o) Behin baino gehiagotan parte ez hartzea pertsona erdigunean jartzen duen eta zainketak humanizatzean oinarritzen den arreta integralaren ereduan markatutako funtsezko laguntza-prozesuetan (erreferentziazko langileak, bizi-historia, etab.).
p) Falta arina errepikatzea, desberdina bada ere, 90 eguneko epean, baldin eta arrazoi horregatik ohartarazpena egin edo zehapena jarri bazaio.
Falta oso astunak honako hauek dira:
a) Lanera bitan edo gehiagotan berandu iristea, enpresari edo erabiltzaileei kalte larria egiten bazaie edo haientzako arriskugarria bada.
b) Hamabi hilabeteko aldian 20 aldiz baino gehiagotan berandu iristea.
c) Hogeita hamar egunean hirutan lanera ez joatea justifikatu gabe.
d) Gaixotasun edo istripuaren itxurak egitea.
e) Lana uztea edo zabarkeriaz egitea, baldin eta enpresari edo erabiltzaileei kalte larriak ekartzen ahal badizkie.
f) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea erabiltzaileei, goragokoei edo lankideei.
g) Iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusua agindu zaion lanean.
h) Enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, enpresan bertan edo jardueraren kokaleku den lantokian.
i) Agintekeria.
j) Lanerako bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja egoera sortu edo luzatze aldera iruzur egitea ere.
k) Laurogeita hamar egunean falta astun bera errepikatzea edo beste falta astun bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan.
l) Sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.
m) Zentroaren edo zerbitzuaren erabiltzaileengandik onura ekonomikoak edo gauzazkoak galdatzea, eskatzea, onartzea edo eskuratzea.
n) Zentroaren, zerbitzuaren, erabiltzaileen edo langileen objektuez, agiriez, materialez, eta abarrez jabetzea.
o) Beste pertsona bat zerbitzuan aritzeko jartzea, enpresaren baimenik gabe.
p) Zabarkeria botikak ematerakoan edo prestatzerakoan, edo egoitzako edo zerbitzuko erabiltzaileen osasunean edo osotasunean ondorioak ekartzen dituen beste edozein zabarkeria.
q) Bidegabeko lehia, familiakoei egoitza edo zerbitzua alda dezaten edo egoiliarrak edo erabiltzaileak langileen edo partikularren etxeetara eraman ditzaten sustatuz edo iradokiz. Halaber, egoiliarren edo haien senideen datu pertsonalak edo telefonoak egoitzakoak edo zerbitzukoak ez diren pertsonei ematea.
r) Langileak, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen bitartean, norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta ezintasun egoera hori luzatze aldera manipulazio edo iruzurrak egitea ere.
s) Enpresako edozein pertsonarenganako jarduera eta jokabide sexual iraingarriak izatea, hitzezkoak nahiz fisikoak, larrietan larrienak izanik aginte edo hierarkia egoeratik eragindakoak, kontratu mugagabea ez dutenen aurka egindakoak, edo salaketa egin dutenen aurkako mendeku hartzekoak.
t) Lantokian diziplinarik ez izatea.
u) Enpresak emandako mugikorraren edo pertsona-bilagailuaren deiari ez erantzutea guardia lokalizatuetan, justifikatutako arrazoirik gabe.
v) Teleasistentzia-zerbitzuko erabiltzaile baten etxera, behar bati erantzuteko, ez joatea edo bidezko arrazoirik gabe hara joatea atzeratzea.
w) Laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan ezarrita dauden arau eta neurriak ez betetzea edo baztertzea, ez betetzearen ondorioz osasunarentzat eta osotasun fisikoarentzat arriskuak sor badaitezke.
x) Agintekeriaz jardutea eginkizunak betetzean.
y) Falta astuna errepikatzea 180 eguneko epean, bestelako izaera izanda ere, aurretik ohartarazpena jaso bada.
z) Langileen Estatutuaren 54.2 artikuluan hala tipifikatutako beste edozein jokabide.
Aurreko artikuluetako falten zerrenda adierazpen gisa eman da.
–Zehapenak:
Enpresak ahalmena du zehapenak jartzeko. Zehapenak idatziz komunikatuko zaizkio langileari; gertakariak, faltaren gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.
Falta astunak eta oso astunak lehenbizi langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie, eta haien iritziak entzunen ditu enpresak zehapena jarri aurretik. Dena den, zehapenak jartzeko ahalmena enpresak izanen du beti.
Enpresak, falten astuntasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:
a) Falta arinak: idatzizko kargu-hartzea.
Enplegu eta soldatarik gabe uztea gehienez bi egunez.
b) Falta astunak: idatzizko kargu-hartzea. 3 egunetik 15 egunera bitarte enplegu eta soldatarik gabe uztea.
c) Falta oso astunak.
16 egunetik 60 egunera bitarte enplegu eta soldatarik gabe uztea. Kaleratzea.
42. artikulua. Falten preskripzioa.
Graduaren arabera, falta arinek hamar egunen buruan preskribatuko dute, astunek hogei egunetan eta oso astunek hirurogei egunetan.
Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik kontatzen hasita eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.
ZORTZIGARREN KAPITULUA.–Beste batzuk
43. artikulua. Prestakuntza.
Ordaindutako baimenak emanen dira, urtean 50 ordu artekoak, betiere baldintza hauek betetzen badira:
–Ikastaroen edukiak zuzeneko harremana izatea lanpostuarekin, baita euskarari dagokionez ere.
–Ikastaroak egiteko eragozpenak izatea, lanaldiaren orduetan direlako edo txandaka lan egiteak klaseetara joatea oztopatzen duelako.
Bermatuko da langile guztiak prestakuntzarako orduez baliatzen ahal direla, edozein lan-txandatan aritzen direla ere.
Enpresaren prestakuntza beharrak zehazteko abiapuntua izanen dira Zubilan Servicios Varios SLrako beharrezkoa dela ebazten den plantilla organikoaren profilak eta aldi baterako lanpostu hutsak betetzeko behar diren langileak, barne igoeraren bidez.
Langileei eskatzen zaie, halaber, beren kezka eta beharren berri emateko, urteko lehen hilabetean.
Batzorde misto bat osatuko da langileekin, beharren berri elkarri emateko.
Zuzendaritzak, baliabide bakoitzeko arduradunekin batera, urteko prestakuntzarako plan bat aurkeztuko die langileei aurreko urtea burutu baino lehen.
44. artikulua. Lan osasuna.
Hitzarmen hau sinatzean batzorde bat eratuko da, eta bertan proposatu eta zehaztuko dira lan osasunaren arloan egin beharreko balizko jarduketak.
Nahitaezkoa izanen da banako babes-arauak betetzea, eskatzen diren postuetan, prebentzio zerbitzuaren txostenaren arabera.
Laneko istripuentzako nahitaezko aseguru kolektibo bat ezarriko da kasu hauetarako: heriotza, ezintasun iraunkor absolutua eta ezintasun iraunkor partziala.
45. artikulua. Ordu sindikalak metatzeko aukera.
Langileen Estatutuaren 68.e) artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresa batzordeetako kideek edo langileen delegatuek hilean daukaten ordu kreditua langileen ordezkari bakar batek edo batzuek metatzen ahal dute, hautesle-talde bereko ordezkariak gai horretan ados jarriz gero, betiere.
Itun hori gauzatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio enpresako zuzendaritzari.
46. artikulua. Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula.
Enpresak ez dio inola ere heltzen ahalko bere aldetik hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta lehenik eta behin saiakera egin beharko du mugaeguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzeko, beste hitzarmen bat lortzeko edo Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak aurreikusten duen berrikuspena egiteko.
Enpresan akordiorik lortzen ez bada, bi alderdiek espresuki erabaki dute ezen, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen mende jarriko direla. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, bi alderdiak haren mende jartzeko ados badaude.
Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzen ahalko da, alderdiak ados badaude.
47. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren mende jartzea.
1. Alderdiek erabaki dute hitzarmen kolektibo hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gatazkak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela eraginpeko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du aldeak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta, ondorioz, itunak enpresa, sindikatuen ordezkariak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekaritza- eta adiskidetze-prozeduretan azaltzera epaiketara jo aitzin. Hortaz, ez da beharrezkoa aldeen desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute hitzarmen honen sinatzaileek.
2. Era berean, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitzematen dute ahaleginak eginen dituztela langileen eta enpresaren artean sor daitezkeen gatazka indibidualak Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiaren aurrean adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozeduren mendean borondatez eta espresuki jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbidearteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.
II. ERANSKINA.–Berdintasun planak
Hitzarmena sinatu duten erakundeek, hala sindikatuek nola enpresaburuek, ulertzen dute beharrezkoa dela esku hartzeko arau esparru orokor bat ezartzea, sektore mailan, bermatzeko tratu eta aukera berdintasunerako oinarrizko eskubidea egiazkoa eta eraginkorra dela enpresan. Horretarako, berdintasun politikak garatzeko konpromisoa aintzat hartuz, helburu orokor hauek ezarri ditugu:
A) Jarraibide orokorrak ezartzea emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunari dagokionez, giza baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko, horrela, bereizkeriak saihesteko eta egiazko aukera berdintasuna eskaintzeko, elkarrizketa sozialaren bidea etengabe erabiliz.
B) Osatzen den negoziazio batzordeari laneko tratu eta aukera berdintasunaren arloan lan eraginkorra egiteko aurrerago aipatzen diren eskumenak esleitzea.
–Ekintza positiboko neurriak eta aukera berdintasunaren inguruko neurriak.
Helburua da ekintza positiboko neurriak ezartzea justifikazio objektiborik gabe gizon eta emakumeen arteko desberdintasun-egoerak hauteman diren gaietan, bai eta neurri orokorrak ezartzea ere tratu-berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioaren aplikazio eraginkorrerako.
Gai hauei buruzko neurriak proposatu eta kontuan hartuko dira:
a) Bereizkeria saihesten duten prozesuak sustatzea langileak aukeratzeko eta mailaz igotzeko.
b) Hizkera matxista erabiltzea.
c) Emakumeek ardura handiko lanpostuak har ditzaten sustatzea.
d) Emakume gutxiegi dagoen lanpostuetan emakumeak hautatu eta sustatzeko programa berariazkoak ezartzea.
e) Ohiz kanpoko kontratazio motek (lanaldi partzialeko kontratuak eta aldi baterako kontratazioaren modalitateak) emakumezko langileen kolektiboan duten eragina aztertzea, gizonezko langileekin alderatuz, eta behar diren neurri zuzentzaileak hartzea, emakumezkoengan eragin handiagoa dutela ikusten bada.
f) Gizonei eta emakumeei berdintasunez bermatzea enpresako prestakuntza, bai bertakoa, bai kanpokoa, emakumeek lanean iraun dezaten.
g) Emakumeei berariaz informazioa ematea, gizonezkoek bete ohi dituzten lanpostuetarako prestakuntza ikastaroei buruz.
h) Aukera berdintasunari buruzko berariazko ikastaroak egitea.
i) Soldataren osagarriak aztertzea, horien atzean emakumezko langileen kontrako bereizkeriarik ez dagoela egiaztatzeko.
j) Gizonen eta emakumeen arteko soldata desberdintasunak badaude, horiek zuzentzeko prozesuak sustatu eta epeak ezartzea.
k) Gizonek zein emakumeek familiako bizitza eta lana hobeki uztartu ditzaten lortzea, sentsibilizazio kanpainak eginez eta legezko baimen eta eszedentzien berri zabalduz.
l) Emakumezko langileen osasunari kalte egiten ahal dioten arriskuak atzeman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batez ere emakume haurdunentzat, eta jazarpen morala eta sexuala eragoztea.
m) Enpresan sexu-jazarpena eta generoagatiko jazarpena atzemateko neurriak ezartzea, eta jazarpena erauzten laguntzea. Gai hori lantzeko espazioak sortzea.
–Negoziazio batzordearen eginkizunak aukera berdintasunaren arloan.
Hitzarmen hau sinatzen duten entitateen ordezkariek osaturiko negoziazio batzordea arduratuko da arlo honetan harturiko konpromisoak betetzen direla zaintzeaz.
Argibideak ematea, aurreko puntuetan ezarritako berdintasun planei buruzko xedapenak interpretatu eta aplikatzerakoan enpresetan sor litezkeen zalantzei buruz.
a) Sektoreko enpresetan adosten diren ekintza positiboko planen bilakaeraren jarraipena egitea.
b) Gizonen eta emakumeen arteko laneko tratu eta aukera berdintasunari buruz txosten teknikoak prestatzea, aldeek eskaturik.
c) Sektoreko aukera berdintasunari buruzko azterlan berariazko bat prestatzen ahalko da, zehazki, emakumeen lan- eta enplegu-egoeraren ebaluazio bat, hitzarmen honek ukituriko sektoreko enpresen artean inkesta bat eginez. Horretarako, enpresek generoaren arabera sailkaturik aurkeztu beharko dituzte datuak.
d) Lortutako ondorioak ikusirik, Emakumearen Institutuarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertuko da, hitzarmen honek ukituriko enpresetan tratu eta aukera berdintasunaren arloko jardunbide egokien kode bat prestatzeko.
III. ERANSKINA.–Enplegua hobetzeko eta kontratazio berrietarako neurriak
1. Aldian behin zenbait arrazoi direla-eta (bajak, oporrak, norberaren aferetarako egunak...) hutsik geratzen diren postuak betetzea, eta lanaldi luzeagoak eta soldata hobeak ahalbidetzea.
2. Halabeharrez edo lanpostu berrien sorrera dela-eta behin betiko hutsik geratzen ahal diren postuak betetzea, soldata hobeak eta lanaldi luzeagoak finkatzea eta/edo lanaldi osokoak bihurtzea. Atal honen barnean dago barne igoera ere.
3. Barneko bi prozesuetako edozein ebatzitakoan postua oraindik ere hutsik balego, lanpostua aldi baterako edo behin betikoa izan, kanpoko kontratazio zerrendetara joko da.
1.–Une jakinetan hutsik dauden lanpostuetarako ordezkatze sistema (bajak, oporrak, norberaren aferetarako egunak...).
Urtero lanpostu bakoitzarentzako izangaien poltsa bat zehaztea. Urte barruan langile berriren bat enpresan hasiko balitz, zerrenda horretan izena ematen ahalko luke, azken lekuan.
Ez dute zerrenda horretan izenik ematen ahalko lanaldi osoan ari diren langileek. Era berean, langile batek ez du lanaldiaren %100 gainditzen ahalko lanpostu hutsak betetzeko sistemaren bidez. Ondorioz, horrelako kasuetan, zerrendako hurrengo postuan ageri den langileak bete beharko du lanpostu hutsa.
Zazpi egun naturaleko epea ezartzea, plantillak idatzizko eskaria aurkez dezan; bertan adieraziko da zehaztutako lanpostuetan aritzeko prestasuna, bai eta enpresan duen antzinatasuna eta lanaldiaren ehunekoa.
Monitoreen kasuan, gainera, ematen ahal dituzten kirol diziplina guztiak ere zehaztuko dira.
Horretarako, eskaera eredu bat eginen da (IV. eranskina).
Deitzeko hurrenkera ebazteko, izangaiak enpresan duen antzinatasuna izanen da irizpidea. Langile bakoitzak bi aldiz egiten ahal dio uko lanpostu hutsa betetzeari; hirugarrenez eginez gero, zerrendako azken tokira pasatuko litzateke.
Sortzen ahal diren aldi baterako lanpostu hutsen banaketa bidezkoa izan dadin, horietan ari nahi duen langile bakoitzak ez du arrazoi horregatik urtean 3 hilabete baino gehiago lan egiten ahalko, salbu eta iraupen luzeko lanpostu huts bat bada eta bitarteko kontratu bat sinatu behar bada. Kasu horretan, ordezkapena egiten duen langileak ez du beste lanpostu huts bat betetzen ahalko lehen ordezkapen horrek iraun bitartean.
Hutsik dagoen lanpostu bat betetzen ari den bitartean beste lanpostu bat hutsik geratuko balitz, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
2.–Behin betiko hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko eta barne igoerarako protokoloa.
3.–Barne igoerako eta lana hobetzeko sistema bat ezarriko da, langileei aukera emateko hutsik gelditzen diren edo erakundean sortzen ahal diren lanpostu berriak eskuratzeko.
Zuzendaritzak, administrazio kontseiluak onetsi ondoren, enplegua hobetzeko prozesu bakoitzaren betekizunak, epeak, datak, baldintzak eta abar zehaztuko ditu.
Enpresak sindikatuen ordezkariei jakinaraziko die lanpostu hutsak daudela, plantillako gainerako langileei eskaini eta 72 ordu lehenago gutxienez.
Deialdian lanpostu hutsaren baldintzak (ordutegia, soldata...) eta eskakizunak (lanbide-profila) jasoko dira. Lanpostu hutsaren berri emateko eredu ofizial bat prestatuko da (V. eranskina).
Lanpostu hutsaren berri sindikatuei eman eta gutxienez 72 ordu igaro eta gero, enpresak plantillako gainerako langileei eskainiko die lanpostua. Horiek 7 egun naturaleko epea izanen dute beren hautagaitza aurkezteko, horretarako ezarriko den eredu ofizialaren bidez (VI. eranskina).
Eskaerak jaso ondoren, enpresak sindikatuen ordezkariei jakinaraziko dizkie, 72 orduren buruan aurretiko txosten bat eman dezaten.
Hautagaiak enpresa duten antzinatasunaren arabera baloratuko dira; berdinketarik balego, hautagai zaharrenak izanen luke lehentasuna.
Lanpostua behin betiko hutsik geratzen den unean altan dauden langile guztiek izanen dute aurkezteko aukera, barne harturik aldi baterako lanpostu huts bat betetzen ari diren langileak eta lanaldi osoko kontratu bat duten langile guztiak.
Barne igoerako eta lana hobetzeko sistema bat ezarriko da, langileei aukera emateko hutsik gelditzen diren edo erakundean sortzen ahal diren lanpostu berriak eskuratzeko.
Zuzendaritzak, administrazio kontseiluak onetsi ondoren, enplegua hobetzeko prozesu bakoitzaren betekizunak, epeak, datak, baldintzak eta abar zehaztuko ditu.
Enpresako kudeatzaile izateko barne igoerako prozesu bat deituz gero, eta igoeraren aurretik egiten ziren eginkizunei eustea eskatzen bada, hau da, lanbide-kategoria bikoitza eskatzen bada, maila handieneko kategoriaren soldata bakarrik jasoko da. Egoera itzulgarria izanen da, eta alderdietako edozeinek hiru hilabete lehenagotik aurreabisua emanda deuseztatzen ahalko da; hala, mailaz igotako langilea aurreko kategoriara eta dagozkion eginkizunetara itzuliko da.
4.–Kanpoko kontratazio zerrendetarako protokoloa.
Zubilan sozietate publikoan aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak
1. artikulua. Xedea.
Dokumentu honen xedea da arauak ezartzea Zubilan sozietate publikoan lanpostuak aldi baterako lan kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Dokumentu honetan jasotako arauak aplikatuko dira Zubilan sozietate publikoko lanpostuetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko.
3. artikulua. Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.
1. Aldi baterako langileak deialdien bidez hautatuko dira, betiere berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.
2. Betiere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea bermatuko da.
I. TITULUA.–Izangaiak hautatzeko prozedurak
4. artikulua. Zerrendak osatzeko prozedurak eta lehentasun hurrenkera.
Zubilan sozietateak aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak osatzen ahalko ditu, honako bitarteko hauen bidez:
Hautaproben deialdi publikoaren bidez; horiek Nafarroako Aldizkarian argitaratuko dira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez eginen dira edo publizitatea bermatzen duen beste edozein sistema erabiliko da.
5. artikulua. Hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatutako izangaien zerrendak.
1. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak sortzeko deialdiak honela argitaratuko dira:
a) Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, hari eskatuz lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bat, eta bere webgunean deialdiaren publizitatea eginez. Sozietate publikoak berak zehaztuko du deialdiaren lurralde eremua. Parte-hartzaileen zerrenda lorturik, hautaprobak eginen dira horiekin.
c) Iragarki ofizialen bidez eta/edo sozietateko iragarki oholaren bidez, edo lan eskaintzaren publizitatea bermatzen duten bestelako neurrien bidez.
–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %50 lortzen duten izangaiak.
–Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio.
–Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.
Zerrenden indarraldian baten bat agortzen bada edo lanpostu bererako beste berri batzuk eratzen badira (hautaproben deialdi publikoa eginda), zerrenda zaharren indarraldia bukatuko da.
II. TITULUA.–Aldi baterako kontratatzeko prozesuaren kudeaketa
6. artikulua. Deialdiak egiteko arau orokorrak.
1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat ematen ahal dituzte. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du.
2. Langileei deitzeko orduan, 5. artikuluaren 2., 3. eta 4. ataletan ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.
3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak 24 orduko epean banatuz.
Dei bakoitzaren oharra jasoko da idatziz, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
4. Izangai batekin harremanetan jarri eta eskaintza onartzeko edo uko egiteko epe bat ematen zaionean, epe hori bukatutakoan erantzunik eman ez badu, ulertuko da eskaintzari uko egiten diola justifikaziorik gabe, eta 7.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio, hots, zerrendaren azken tokira pasako da.
6. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.
Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
7. Kontratu bat onartzen duten langileei ez zaie beste lanpostutan aritzeko kontraturik eskainiko, salbu eta: deialdia goragoko maila edo kategoria bateko lanpostu bati dagokion zerrenda batekoa bada, eskaintza berriko kontratuaren iraupena sei hilabetekoa edo gehiagokoa bada, edo eskaini beharreko kontratua lanaldi osokoa bada, izangaiak duen kontratua lanaldi partzialekoa den kasuan.
8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, baldin eta zerbitzuaren beharrekin bateragarria bada, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
9. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. atalean ezarritakoa bete behar izan gabe.
7. artikulua. Kontratazio eskaintzari uko egitea.
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Indarrean dagoen beste kontratu bat duela.
b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egin behar izatea, sozietateak berak lanaldi osoko bat eskaintzen diolako.
c) Aldi baterako ezintasunean egotea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.
d) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.
f) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.
g) Behar bezala aitortutako desgaitasuna izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin. Kasu horretan, zerrendatik kanpo geratuko dira lanposturako ezintasuna behin betikoa bada.
2. Aurreko atalean jasotako kasuetan, izangaiek modu frogagarrian jakinarazi beharko dute lan egiteko prestasuna. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik.
3. 1 . atalean adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egindako lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute. Dagokion epean justifikatu ezean, zerrendako azken tokira pasako dira.
8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.
Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Probaldia ez gainditzea.
b) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
c) Sozietate publikoan sartzea lan kontratudun finko gisa, lanpostu berean edo maila handiagoko beste batean.
d) Lanpostua uztea.
e) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
Iragarkiaren kodea: F2603335
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
