79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

182/2026 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko, eta 2026ko laguntzen deialdia onesten baita. DDBN kodea: 895546.

Nafarroako Foru Komunitatean urtean zehar abere lehiaketak egiten dira, tokikoak, eskualdekoak edo erregionalak, hainbat modutara emanak: erakusketa, enkantea, txapelketa, erakustaldia, azoka edo feria. Ekitaldi horien sailkapena haien lurralde-eremuaren arabera ezartzen da, kontuan hartuta antolatzaileek baimena emateko unean aurkezten duten memoria.

Laguntzen eragin ekonomikoak ez direnez aldatzen Batasunak hein batean finantzatu nahiz estatu kide batek bakarrik finantzatu, kongruentzia eta koherentzia egon behar dira Batzordeak estatuko laguntzak kontrolatzearen alorrean duen politikaren eta nekazaritza politika erkidearen babesean ematen den laguntzaren artean. Laguntzen estatuko araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoen iraupena, oro har, nekazaritza politika erkidearen babesean emandakoen berbera izan ohi da. Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 24.2.a) artikuluan xedatuarekin; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.

Bestalde, Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa). Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira 2023-2029 aldian abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko. Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso zuela adierazi zuen, eta SA.107797 laguntza-zenbakiarekin erregistratu zuen salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Horrelako ospakizunak gero eta oihartzun handiagoa izaten ari dira gure herrietan, eta, urteak aurrera egin ahala egiaztatu denez, garestiena da animaliak lehiaketetara garraiatzea; beraz, laguntzaren onuradun izateko gutxieneko azienda larriko unitateen (AzLU) kopurua murriztu nahi da, 30 azienda larriko unitatetik 15era.

Bestalde, ekitaldi mota horiei lehentasuna eman nahi zaie, ekitaldiak egiten diren herriaren tamainaren arabera, eta zenbat eta biztanle gutxiago izan orduan eta puntuazio handiagoa emanen zaie, ekitaldi horiek landa-inguruneetan dinamizatzeko. Horrekin batera, ekitaldi mistoak egiten ahal direnez eta aldi berean erakusketa eta lehiaketa izaten ahal direnez, bi lehiaketa moten puntuazioak bateratuko dira batera egiten direnean, horrelako ekitaldietan gehiegizko puntuaziorik ez emateko artifizialki.

Helburu horiek lortzeko, Nafarroako Foru Komunitateak aldatu du apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpena eta onetsi du abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzen deialdia 2026rako.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea aldaketa egitea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenean, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko 2024-2029 aldian. Aldaketa I. eranskinean jasota dago.

2. Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzen deialdia onestea 2026rako.

3. 2026ari dagokion laguntzaren eskaerak aurkezteko epea amaituko da hilabeteko epean, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4. Deialdi honetan aplikatuko da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenean xedatutakoa, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako aldaketak kontuan hartuta. Ebazpen horren bidez, abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira 2023-2029 aldirako.

5. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

6. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

7. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 56.100 euroko gastua baimentzen da, 2026ko gastu-aurrekontuen "Abere azokak eta lehiaketak" izeneko 710004 71300 4609 412200 partidaren kargura.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko martxoaren 26an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAKO ZUZENDARI NAGUSIAREN APIRILAREN 27KO 297/2023 EBAZPENAREN ALDAKETA. EBAZPEN HORREN BIDEZ, ABERE LEHIAKETAK ANTOLATUZ NEKAZARITZAKO PRODUKTUAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DIRA 2023-2029 ALDIRAKO

Lehen oinarria.

Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren I. eranskineko bigarren oinarriko 5. puntuko e) atala, laguntzak eskuratzeko onuradunei eta baldintzei buruzkoa. Honela geldituko da idatzita:

e) Gutxieneko abereen kopurua: nahitaezkoa izanen da abereen kopuru egokia izatea. Atal bakoitzean abeltzain baten baino gehiagoren behar adina buru izanen da, beharrezkoa den ordezkaritza eta lehiakortasuna izateko moduan. Nolanahi ere, dirulaguntza jasotzeko, azienda larriko 15 unitatek (edo baliokideak) parte hartu behar dute. AzLUak kalkulatzeko, aplikatu beharko da abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren V. eranskinean ezarritakoa (errege dekretu horrek hizpide ditu 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeen eta baldintza komunen ezarpenaren aplikazioa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarraren arautzea).

Bigarren oinarria.

Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren I. eranskineko seigarren oinarriko 2. puntua, dirulaguntza emateko moduari, lehentasunei eta irizpide objektiboei buruzkoa. Honela geldituko da idatzita:

2. Lehentasun-hurrenkera zehazteko irizpidea lehiaketa motaren eta udalerriko biztanle kopuruaren araberakoa izanen da, eta honela puntuatuko da:

1) Lehiaketa mota:

a) Lehiaketa edo lehiaketa-erakusketa: 10 puntu.

b) Enkantea: 5 puntu.

c) Erakusketa: 5 puntu.

d) Erakustaldia: 3 puntu.

2) Tokia:

a) 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan eginen diren lehiaketak: 10 puntu.

b) 50.000 biztanle baino gutxiago eta 5.000 baino gehiago dituzten udalerrietan eginen diren lehiaketak: 5 puntu.

c) 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan eginen diren lehiaketak: 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2604813