Iragarkia
79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
56E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "ÁGORART, arte ikasketetan sakontzeko bekak 2026-2027" izeneko dirulaguntzen deialdia. DDBN kodea: 894824.
Kultur Ekintza Zerbitzuak eginiko txostenean proposatzen da "Arte ikasketetan sakontzeko bekak 2026" deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, horiei lotutako gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan hartuta aipatu gastua baimentzeko legez ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, bai eta helburua ere; halaber, kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna jasotzen da espedientean.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea "ÁGORART, arte ikasketetan sakontzeko bekak 2026-2027" izeneko dirulaguntzen deialdia.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2500-4809-334102: ÁGORART: Arte ikasketetan sakontzeko bekak | 2026 | 81.071,19 euro |
A20002-A2500-4809-334102: ÁGORART: Arte ikasketetan sakontzeko bekak | 2027 | 100.000,00 euro |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari igortzea.
6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 23an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ARTE IKASKETETAN SAKONTZEKO BEKEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK. ÁGORART-2026
1. Beken xedea eta helburua.
1.1. Beka hauen xedea da 30 urte bitarteko ikasle nafarrei aukera ematea arte ikasketetan sakontzeko, Espainiako ikastetxeetan nahiz atzerrikoetan.
1.2. Beka hauek onura publikokoak dira lehentasunezkoa baita arte ikasketen prestakuntza eta horietan sakontzea; izan ere, horrek kalitatezko kultura lanen sortzea, zabaltzea eta ekoiztea eragiten du zuzenean.
1.3. Zortzi beka deitzen dira: bat arte plastikoetarako, bat ikus-entzunezko arteetarako, hiru arte eszenikoetarako (antzerkia eta dantza) eta hiru musikarako, bai eta aurreko deialdiei dagozkien luzapenak ere.
2. Baldintza orokorrak.
2.1. Nafarra izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta egoera horri eustea bekak irauten duen bitartean.
2.2. 30 urte edo gutxiago izatea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
2.3. Beka zein ikasketatan sakontzeko eskatzen den, arlo horretako ikasketa titulu ofizialaren jabe izatea, edo ikasketa guztiak gainditu izanaren ziurtagiri akademikoarena. Onartutako titulazioak honako hauek dira:
–Unibertsitateko ikasketak edo goi mailako arte ikasketak.
–Goi mailako heziketa zikloak.
–Erdi mailako heziketa zikloak eta lanbide ikasketak.
–Arte Batxilergoa.
–Nafarroako Dantza Eskolan ikasketa osoak gainditu izanaren ziurtagiria.
2.4. Luzapenak eskatzeko, 8. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Dena den, kontuan hartu behar da honako hau:
Beka hauek luzatzen ahalko dira, baina bakarrik luzapen bat edo bi dituen ikasketa plan jarraitu bat aldez aurretik aurkeztu duten eskatzaileen kasuan; luzapen horiek plan akademiko berean hasitako ikasketak jarraitzeko izanen dira. Ikastetxez edo ikasketa planez aldatzea ez da luzapen gisa onartuko.
Ezin izanen da bi luzapen baino gehiago eman.
Luzapena ez da automatikoki emanen, baldintza hauek bete beharko baitira: adina, ikasturtea gainditzea, luzapenen deialdia egitea, batzordeak luzapenaren aldeko irizpena ematea eta aurrekontu erabilgarria izatea.
2.5. Beka hauetako baten onuradun izan direnek ezin izanen dute deialdian berriro parte hartu beste eskabide batekin.
3. Aurrekontu aplikazioa.
3.1. Beka hauetarako 181.071,19 euro bideratuko dira gehienez, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2026ko eta 2027ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, honela:
- 2026ko ekitaldi ekonomikoa: 81.071,19 euro, 2026ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: A20002 A2500 4809 334102 (ÁGORART. Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia).
- 2027ko ekitaldi ekonomikoa: 100.000,00 euro, 2027ko gastu-aurrekontuko A20002 A2500 4809 334102 (ÁGORART. Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia) partidaren kargura edo antzeko partida baten kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
3.2. Ematen diren beka berriekin eta luzapenekin aurrekontu erabilgarria gainditzen bada, kopuru hori banatuko da hainbanaketa proportzionala eginez kreditua egonez gero eman zatekeen zenbatekoarekin. Hainbanaketa aplikatuko zaie beka emanen den bi urteei eta diruz laguntzen ahal diren bekak finantzatutako gastuen kontzeptu bakoitzari.
3.3. 1.3 oinarrian zehaztutako espezialitateren batean beka berriren bat eman gabe geratzen bada, beka hori erabiliko da beste espezialitate artistiko bateko beka kopurua handitzeko. Zein espezialitatetan dagoen eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu arren bekarik jaso ez duen eskatzaile gehien, hartan emanen da beka hori, lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz. Espezialitate batean baino gehiagotan gertatzen baldin bada eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu arren bekarik jaso ez duen eskatzaile gehien izatea, guztien artean puntuaziorik handiena duenari emanen zaio. Berdinketarik gertatuz gero puntuazio handieneko pertsonen artean, irizpide ekonomikoen atalean puntuazio handiena duenari emanen zaio.
3.4. Bekaren onuradunen batek uko egiten badio laguntzari 2026ko azaroaren 1a baino lehen, hura emanen zaio espezialitate bereko puntuazio-ordenan hurrengo den pertsonari (baldin eta horrek eskuratu badu eskatutako gutxieneko puntuazioa). Hori posible ez balitz, ez dagoelako eskatzaile gehiagorik gutxieneko puntuazioa eskuratu duenik, 3.3 puntuan ezarri bezala jokatuko litzateke.
4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
4.1. Beka eskaerak oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskaeraren ereduaren arabera aurkeztuko dira, jarraian adierazitako dokumentazioa nahitaez erantsita, eta dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira.
Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, ikasketa plan bakar batekin eta ikastetxe bakar batean.
Beka berriak, paperean zein euskarri digitalean:
a) NANaren fotokopia.
b) Nafarroan jaioa izan ezean, Nafarroan 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenago erroldaturik dagoela dioen ziurtagiria.
c) Merezimendu akademikoei buruzko dokumentazioa: Beka zer ikasketatan sakontzeko eskatzen den, haien titulu akademiko ofizialaren fotokopia, eta Nafarroako Dantza Eskolaren kasuan, ikasketa osoak gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia (edo horiek eskatu izanaren ziurtagiria), eta lortutako kalifikazioak eta haien data jasotzen dituen ziurtagiri akademikoa. Bertan, lortutako batez besteko nota agertu beharko da, eta idazkaritzak sinatu beharko du, bai eta ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia izan. Aurkeztutako titulazioa 2.3 oinarrian jasotako kategoriaren batekoa izan beharko da.
Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ezin badu aurkeztu dokumentazioa, 2026ko uztailaren 10era arteko epea izanen du, egun hori barne, betiere eskaera aurkeztean ezintasun hori justifikatzen badu.
d) Aukeratutako ikastetxean onartzeko dokumentazioa: Ikaslea ikasketa programan onartu izanaren fotokopia (adierazi beharko du ikasketak zein egunetan hasten eta bukatzen diren). Informazio hori osatuko da "Fitxa: diziplina artistikoa, ikastetxea eta ikasketa plana" deritzonarekin (I. eranskineko 2. atala), beka eskatzen duen pertsonaren prestakuntza-proiektu pertsonalari dagokionez. Fitxa horretan argi adierazi beharko dira, besteak beste: zentroaren oinarrizko datuak, ikasi nahi den espezialitateari dagokion titulazioaren izen ofiziala, ibilbidea (egoki bada) eta aurreikusitako ikasketa planaren urte kopurua. Kasuan kasuko ikastetxean onarpenaren egutegi ofiziala dela kausa, beka nahiz luzapen baten onuradunari ezinezkoa gertatzen bazaio, eskaerak formalizatzeko epearen barruan, programan onartua izan dela frogatzeko dokumentazioa aurkeztea, baldintzapean emanen zaio beka, eta urte horretako urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du dokumentazio hori. Azken kasu horretan, hasierako eskaeran informazioa aurkeztu beharko da onarpenaren berrespenerako aurreikusitako datari buruz, ikastetxearen arabera. Bestalde, adierazi beharko da (edo erantsi, atal honi dagozkion agiriekin batera), egin nahi den titulazioaren ikasketa plan osoa, ikasi nahi den espezialitatearena soilik, bai eta, egoki bada, ibilbidea ere.
e) Curriculum vitaea.
f) Garatu beharreko proiektu pertsonala. Dokumentu horrek xehetasun hauek jaso behar ditu nahitaez:
–Helburua: proiektuaren deskribapena, aukeratutako espezialitatea eta lortu nahi duen titulazio akademikoa.
–Garrantzia: proiektuak berez duen garrantziaren azalpena, dela bere garapen akademiko eta profesionalerako, dela Nafarroarako.
–Motibazioa: aukeratutako ikastetxean ikastera bultzatzen duen arrazoia.
(Dokumentu honen luzera, gehienez, A4ko 10 orrialdekoa izanen da).
–Material grafikoa edo ikus-entzunezkoa, PCrako formatu estandarrean edo eduki plataformetarako esteken bidez, non aukera emanen baita eskaeraren xede diren ikasketen diziplina artistikoarekin zerikusia duten lanak, antzezpenak edo jardunak ikusteko. Esparru musikal eta eszenikoetan, zuzeneko ikuskizunak izanen dira, kualifikazioa baloratzeko behar adinako iraupenekoak.
g) Joan-etorriko bidaiaren eta matrikularen gastuen aurrekontu xehatua eta aseguru etxe batek egindako aseguru polizarako proposamena, oinarrien 11. puntuan ezarritakoaren arabera. Matrikula-gastuari dagokionez, ordainketa bakarra onartuko da, eta 12.1.a) oinarrian aurreikusitako epean eta moduan justifikatu beharko da. Ez dira onartuko ordainketa zatikatuak.
h) Deialdi honen xedearekin eta helburuarekin loturik eskatu edo emandako laguntzei buruzko adierazpena, edo bestelako laguntza edo dirulaguntzarik jaso edo eskatu ez duela dioena.
i) Balorazioaren irizpide ekonomikoen atalari dagokion dokumentazioaren frogagiriak, 7.1 c oinarriarekin bat.
Luzapenak: paperean zein euskarri digitalean.
a) Ikastaroan landuriko ikasketen eta jarduera artistikoen memoria. Bertan, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaerari eta ikasturteko espediente akademikoari buruzko ebaluazioa jasoko da, ikastetxeak edo irakasleak egina. Halaber, balorazio pertsona bat egin beharko du ikasturte berriko asmo eta helburuei buruz. Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ezin badu aurkeztu dokumentazioa, 2026ko uztailaren 10era arteko epea izanen du, egun hori barne, betiere eskaera aurkeztean ezintasun hori justifikatzen badu. Agiriek izan beharko dute ikastetxeko arduradunaren baliozkotzea.
b) Joan-etorriko bidaiaren eta matrikularen gastuen aurrekontu xehatua eta aseguru etxe batek egindako aseguru polizarako proposamena, oinarrien 11. puntuan ezarritakoaren arabera. Matrikula-gastuari dagokionez, ordainketa bakarra onartuko da, eta 12.1.a) oinarrian aurreikusitako epean eta moduan justifikatu beharko da. Ez dira onartuko ordainketa zatikatuak.
c) Deialdi honen xedearekin eta helburuarekin loturik eskatu edo emandako laguntzei buruzko adierazpena, edo bestelako laguntza edo dirulaguntzarik jaso edo eskatu ez duela dioena.
d) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria (2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa). Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek bakarrik aurkeztu behar dute.
4.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, sinadura elektronikoa beharko da.
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen bulegoaren izena, data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.
4.3. Eskaera ereduak Nafarroako Gobernuaren web-orriko deialdiaren fitxaren bitartez bete eta izapidetzen ahalko dira.
4.4. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.5. Beka eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.
5. Beken zenbatekoa.
5.1. Bekaren zenbateko osoa kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula gastuak, joan-etorrienak, hilabeteko esleipenarenak eta aseguru polizakoak.
a) Matrikula kontzeptuaren barnean kostuaren %100 emanen da, baina gehienez 2.000 euro.
b) Bekaren onuradunak, joan-etorrien kontzeptuagatik, ohiko bizilekutik bekaren xedeko ikastetxera joan eta etortzeko bidaia baten gastuaren %100 jasoko du, justifikatu ondoren. Txartela ematen duten garraiobideetan egin beharko dira joan-etorriak, hura gastuaren frogagiria izan dadin. Joan-etorriak turista klasean eginen dira beti, eta, aireko garraioa erabiliz gero, 500 km-tik gorako bidaiak sortzen duen gastuak bakarrik izanen du finantzaketa. 500 km-tik beherako bidaien kasuan, trenean eta autobusean turista klasean egindako gastuak bakarrik izanen du finantzaketa. Gehieneko gastua 500 eurokoa izanen da.
c) Hilabeteko esleipenaren barnean, eta bekak iraun bitartean, beka Espainian jasotzen dituzten onuradunek 500 euro jasoko dituzte hilean, eta atzerriko beken onuradunek 800 euro jasoko dituzte. Esleipen honen bidez hainbat oinarrizko behar asetzen lagundu nahi da, horien artean etxetik kanpoko ostatua, mantenua eta ikasturtean bizileku duen etxebizitza edo egoitzatik ikastetxera joateko garraioa. 12.1 oinarrian adierazi bezala egiaztatu beharko da.
d) Bekaren onuradunak aseguru polizaren gastuen diru kopurua haiek justifikatu ondoren jasoko du. Gehienez ere 100 euro jasoko ditu oinarri hauen 11.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 600 euro 11.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatu behar bazaio.
5.2. Ez balitz nahikoa aurrekontu-kreditu egonen onuradun izaten ahal diren guztien bekak ordaintzeko, emanen den zenbatekoa kalkulatzeko orduan, guztien arteko hainbanaketa eginen litzateke, beka berriak zein luzapenak izan, esleipena kreditu horretara egokitzeko.
6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean. Bekak arlo bakoitzean puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei emanen zaizkie, oinarri hauen 7. puntuan ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren.
6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta elkarrizketak zer ordutan eta non eginen diren adieraziko da.
Elkarrizketak presentzialak izanen dira beti, eta ebaluazio batzordearen aurrean eginen dira, gehienez ere 30 minutuko azalpen batean.
Elkarrizketa horiek, ziurrenik, 2026ko uztailaren 27tik 31ra bitarte eginen dira. Elkarrizketen data eta prozedura zehatzak finkatzeko, aurkeztutako eskaeren kopurua hartuko da kontuan. Ebazpen horretan ezartzen diren egunak eta orduak behin betikoak izanen dira, eta izangaiek eskatuta ezin izanen da inolako aldaketarik egin.
Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da.
6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:
a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura ezean, Kultura Zuzendaritza Nagusian pareko kargua duen beste bat.
b) Batzordeko kideak: bi aditu, arte eszenikoetako, ikus-entzunezko arteetako, arte plastikoetako eta musikako espezialitate bakoitzeko; Hizkuntza eta Arte Ikasketen Zerbitzuko teknikari bat, eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua edo, hura ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuan pareko kargua duen beste pertsona bat.
c) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.
Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.
7. Beka berriak emateko balorazio irizpideak.
7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
a) Prestakuntza eta merezimendu akademikoak: 30 puntu gehienez, baremazio-sistema honen arabera:
ESKALA: 0-10 | ESKALA: 0-10 | 0-4 ESKALA | ESKALA LITERALA | BALORAZIOA |
5,00 - 6.99 | 5,50 - 7,49 | 1 - 1,99 | Gainditua | 10 puntu |
7,00 - 8,99 | 7,50 - 8,99 | 2 - 2,99 | Oso ongi | 20 puntu |
9,00 - 10 | 9 - 10,00 | 3 - 4 | Bikain / Ohorezko matrikula | 30 puntu |
Aplikatu beharreko zuzenketa faktorea, egiaztatutako ikasketa mailaren arabera:
–Unibertsitateko ikasketak edo goi mailako arte ikasketak: 1.00.
–Goi mailako heziketa zikloak: 0.90.
–Erdi mailako heziketa zikloak eta lanbide ikasketak: 0.80.
–Nafarroako Dantza Eskolan ikasketa osoak gainditu izanaren ziurtagiria: 0.75.
–Arte Batxilergoa: 0.50.
b) Elkarrizketa eta proiektua: 30 puntu arte gehienez.
Atal honetan honako hauek baloratuko dira: eskatzaileak nola defendatzen duen aurkeztutako proiektua, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta, bidezkoa bada, lanbide esperientzia, bai eta erantsi duen material grafikoan edo ikus-entzunezko materialean hautematen den kualifikazioa ere.
Atal honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituztenak ezin dira bekaren onuradun izan. Puntuazio hori lortu ezean, ez dira gainerako irizpideak baloratuko, eta zuzenean ezetsiko da eskaera. Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.
c) Irizpide ekonomikoak (gehienez ere 40 puntu).
Atal honetako puntuazioa beka eskatzen duenaren familia unitateak duen errentaren arabera emanen da.
c.1. Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da familia unitatetzat:
1. Familia egoerak.
a) Ezkontideek/bikote egonkorrak eta 30 urtez beherako seme-alabek osatua, non ez diren beregain bizi.
b) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik edo bizikidetzarik ez dagoenean, amak edo aitak eta harekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte. Berriz osatutako familien kasuan, eskatzailearen gurasoak frogatu beharko du berak edo bere ezkontideak edo bikotekideak duela laguntzarako eskubidea sortzen duen semearen edo alabaren aurreko seme-alaben zaintza, eta denak elkarrekin bizi direla.
2. Eskatzailea aurreko atalean (f.1.1) sartuta ez badago eta alegatzen badu beregaintasun familiarra eta ekonomikoa duela, zein den ere bere egoera zibila; modu fede-emailean frogatu beharko du aski baliabide ekonomiko dituela beregain izateko. Udalak emandako erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2024. urteari dagokiona, aurkeztu beharko du.
c.2. Familia unitatearen errenta kalkulatzeko, laguntzaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko familia unitateko kide guztien 2024ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetako likidazio-oinarrien batura hartuko da.
c.3. Irizpide ekonomikoen ataleko puntuazioa errenta horren arabera finkatuko da, zein den familia unitateko pertsona kopurua eta 2024ko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa, taula honi jarraituz:
TARTEA | FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA | ||||||
(eurotan) | 2 (k.0,9) (eurotan) | 3 (k. 0,85) (eurotan) | 4 (k. 0,85) (eurotan) | 5 (k. 0,8) (eurotan) | 6 (k. 0,8) (eurotan) | 7 (k. 0,8) (eurotan) | |
1. OAEAP x 1 40 puntu | 8.400,00 | 15.960,00 | 23.100,00 | 30.240,00 | 36.960,00 | 43.680,00 | 50.400,00 |
2. OAEAP x 1,5 30 puntu | 12.600,00 | 23.940,00 | 34.650,00 | 45.360,00 | 55.440,00 | 65.520,00 | 75.600,00 |
3. OAEAP x 2 15 puntu | 16.800,00 | 31.920,00 | 46.200,00 | 60.480,00 | 73.920,00 | 87.360,00 | 100.800,00 |
4. OAEAP x 2,5 5 puntu | 21.000,00 | 39.900,00 | 57.750,00 | 75.600,00 | 92.400,00 | 109.200,00 | 126.000,00 |
7.2. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %40 lortzen ez dutenek.
8. Bekak luzatzeko baldintza espezifikoak eta balorazio irizpideak.
8.1. Interesdunek eskatuta, Kultura eta Kirol Departamentuak beka luza diezaieke beka 2025ean hasi zutenei edo lehenbiziko luzapena 2025ean lortu zutenei, baldintza hauek betez gero:
a) 2025-2026ko ikasturtea gainditu izana elkarrizketak egiten direnean.
b) Luzapen bat edo bi zituen ikasketa plan bat aurkeztu izana hasieran.
8.2. Aurreko deialdietan emandako beken luzapenetarako, oinarri arautzaile hauek aginduko dute.
8.3. Eskaerak 6.3 puntuan aipatutako ebaluazio batzordeak baloratuko ditu. Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak emandako irizpen loteslea ikusi ondoren, luzapenak emateko proposamena eginen du.
8.4. Batzordeak aurreko ikasturtea gainditu izanaren gaineko memoria aztertuko du, bai eta ikuspegi pertsonala ikasturte berriari buruz ere. Horretarako, aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta elkarrizketa pertsonala eginen dio izangaiari.
8.5. Balorazio irizpideak, beka luzatzeko eskaeretarako:
a) Egindako ikasturtearen memoria, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaeraren gainean ikastetxeak edo irakasleak egindako ebaluazioa eta ikasturteko espediente akademikoa barne: 50 puntu.
b) Elkarrizketa: 50 puntu arte gehienez.
Atal honetan honako hauek baloratuko dira: aurkeztutako ikasketa planaren edo proiektuaren defentsa, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.
Eskatzailea ez bada joaten elkarrizketara, zero puntu emanen zaio.
8.6. Ez du inola ere luzapenik izanen guztizkoaren %50eko puntuazioa lortzen ez duenak.
9. Laguntza emateko ebazpena.
9.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, elkarrizketak egiten direnetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, bekak eman eta luzatzeari buruzko ebazpena emanen du.
Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan argitaratuko da, dagokion fitxan.
9.2. Bekak eta luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, bekaren onuradunek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute laguntzarekin ados daudela edo uko egiten diotela adierazteko Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean. Onuraduna laguntzarekin ados dagoela adierazten badu eta ez badu Nafarroako Gobernuarekin loturiko banku-konturik, epe berean alta eman behar dio kontu korronte bati Nafarroako Gobernuaren diruzaintzan, honako helbide elektroniko honetara joz:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
9.3. Deialdi honi buruzko dokumentazio guztia Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.
9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.
10. Beken onuradunaren betebeharrak.
10.1. Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztea aldi horretan egindako ikasketen aprobetxamendua frogatzen duen dokumentazioa, ikastetxeak emana, 12. oinarrian ezarritako epeen barnean.
10.2. Egindako ikasketak eta izandako gastuak frogatzea Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.
10.3. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
10.4. Ikasturtea bukatutakoan, egindako ikasketei dagozkien frogagiriak eta ikasketen memoria bidaltzea Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera.
10.5. Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea hezkuntza programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Programan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.
10.6. Beka hartzean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren zabalkunde artistikorako programetan parte hartzeko konpromisoa hartuko du onuradunak, bi aldeek hala adostuta, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu.
10.7. Ikasketetan sakontzeko aldia bukatzen denean, bekadunek, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kontzertu batean, erakusketa batean edo antzezpen batean parte hartuko dute, aipatu zuzendaritza nagusiak horrelakorik antolatuz gero.
10.8. Prozedura guztian aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, gaztelania edo euskara ez den hizkuntza batean idatzita egonez gero, itzulpena ere aurkeztu beharko da.
11. Osasun-laguntza.
11.1. Ikasketak Espainian egiten dituzten beka hauen onuradun guztiek babestuta egon beharko dute istripuetarako aseguru poliza baten bitartez.
11.2. Atzerrian ikasten dutenek bidaiako laguntzarako aseguru poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak estaliko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.
12. Bekak ordaintzea, epea eta justifikatzeko modua.
12.1. Emandako beken zenbatekoa honela ordainduko da, oro har:
a) Lehenengo ordainketan matrikularen zenbatekoa, joaneko bidaia eta aseguru poliza jasoko dira, bai eta 2026ko ikasturteko hilabeteen hileko diru-kopurua ere.
Aldi horri dagokion hileko diru kopurua 2026ko abenduan ordainduko da (aurrerakina eskatu eta lortu bada izan ezik).
Lehenengo zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2026ko azaroaren 20a baino lehen:
–Matrikulari dagokion gastuaren eta horren ordainketaren frogagiriak. Bekaren onuradunak benetan ordaindutako zatia ordainduko da, aurreikusitako mugaraino (2.000 euro).
–Ikastetxeak emandako ziurtagiria, bekaren onuraduna ikasturtea egiten ari dela jasoko duena. Ziurtagiri horretan agertu beharko dira ikasturtearen benetako hasiera- eta amaiera-datak.
–Joaneko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.
–Kasuan kasuko aseguru polizaren fotokopia, eta horren ordainketarena.
–Ostatua dela-eta hilabeteko esleipena ordaintzeko, alokairuaren edo bizilekuaren kontratua aurkeztu beharko da, eta kontratu hori bekaren onuradunaren izenean egon beharko da.
b) Bigarren ordainketa ikasturtea bukatutakoan, barne hartuko duena itzulerako bidaiaren prezioa, 2027rako hileko kopuruez gain.
Bigarren zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da honako agiri hauek aurkeztea 2027ko uztailaren 15a baino lehen:
–Ikasketak egin, aprobetxatu eta gainditu direla egiaztatzen duen agiria (egindako ikasketei dagokien espediente akademikoa, ikastetxeak baliozkotua).
–Honako datu hauek jasotzen dituen memoria:
a) Ikastetxeak txosten zehatza, ikaslearen bilakaerari buruzkoa, tutoreak edo zuzendariak egina.
b) Norberaren balorazioa, ikasturteari eta egindako jarduerei buruzkoa.
–Etorriko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.
–Ostatua dela-eta hilabeteko esleipena ordaintzeko, alokairuaren edo bizilekuaren kontratua aurkeztu beharko da, eta kontratu hori bekaren onuradunaren izenean egon beharko da.
Ikasturtea bukatzeko eguna oro har ezarritakoaz beste bat bada, ikasturtea bukatu eta hilabetean aurkeztuko da frogagiria, kontuan hartuta 2027ko irailaren 30a dela hura aurkezteko azken eguna.
12.2. Salbuespen gisa, matrikularen zenbatekoa eta hileko zenbatekoa aurreratzen ahalko dira, frogatzen bada funtsak behar dituela bekaren helburuak betetzeko. Urte bakoitzean, kasuan kasuko urteko hileko sari guztiak aurreratzen ahalko dira. Aurrerakina eskatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, emakidaren ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta 2027ko otsailaren 15etik aurrera bigarren ordainketaren kasuan.
12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako bekak kobratzeko eskubidea. Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.
13. Laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
13.1. Beka hau bateraezina da xede edo helburu bera duen beste edozein laguntzarekin. Salbuespen gisa, matrikula 2.000 eurotik gorakoa baldin bada, hori baita deialdi honen bidez eman daitekeen zenbateko handiena, finantzatutako zenbatekoa osatzen ahalko da, matrikularen kostu osoa berdindu arte. Kasu horietan, Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari aditzera emanen diote zenbatekoa eta zein den organo emailea.
14. Kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.
14.1. Bekaren onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo zati bat, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, osorik edo zati bat, aipatu foru legearekin bat.
14.2. Bekaren onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.
16. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.
17.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
17.2. Beka edo luzapenaren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
18. Eranskinak.
Eskaera aurkezteko, dagokion eranskina erabiliko da (alegia, beka berrirako edo luzapenerako).
Iragarkiaren kodea: F2604572
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
