79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak finantzatzeko". DDBN kodea: 894605.

Kulturaren hirugarren sektorea eta hura osatzen duten irabazi-asmorik gabeko eta interes orokorreko egiturak funtsezkoak dira kultur jarduera garatzeko eta, azken batean, herritarrek kultura berdintasunez eskura dezaten. Kontu horrek munta handia du; izan ere, Espainiako Konstituzioak berak garrantzi handia ematen dio kulturari: aitzinsolaseko bosgarren paragrafoan aipatzen du, aurrerapenaren dimentsio kulturalaz ari dela, eta hari buruzko artikulu bat ere badu, 44.a, non ezartzen baitu botere publikoen obligazioa dela kultura herritarren eskura izanen dela bermatzea eta kultura bultzatzeko betebeharra dutela, espainiar guztien eskubide besterenezina delako. Printzipio horiek, halaber, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 2. artikuluan jasota daude.

Kultur egitura horiek funtsezkoak dira kulturaren jarduna egiteko eta, azken batean, herritarrek kultura parekotasunez eskuratzeko. Egoera horren aurrean, deialdi honetan jasotako dirulaguntza lerroek eta laguntza neurriek helburu dute arte eszeniko eta musikalak sustatzea, baita kalitatezko arte eskaintza baten alde egitea ere, askotarikoa, berritzailea eta herritar guztientzako interesgarria dena, eta, azken batean, Nafarroako kulturaren hirugarren sektorearen sorkuntza jarduerari laguntzea.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea 2026. urtean Nafarroako arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko, horretarako 348.496 euroko gastua baimentzea eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, baita gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta ikusirik kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak finantzatzeko".

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4816-334106: Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntza

2026

348.495,00

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskaera jasotzen diren:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4816-334106: Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntza

2026

348.495,00

5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea.

6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Europako Batzordeari helaraztea laguntza honi buruzko informazio laburtua, jakinarazpen elektronikoko sistemaren bidez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2024 (EB) Erregelamenduaren II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, 20 laneguneko epean, indarrean jarri ondotik.

8. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 18an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

"NAFARROAKO ARTE ESZENIKO ETA MUSIKALEN HIRUGARREN SEKTOREKO ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, JAIALDIAK, KONTZERTUAK ETA IKUSKIZUNAK FINANTZATZEKO, 2026RAKO". DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektore kulturaleko entitateei dirulaguntzak emateko, arte eszeniko eta musikalen arloan jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak antolatzeagatik, horien bidez helburu hauek lortzen laguntzen badute: Nafarroako kultur ondareari eta gizarte sareari eustea, kalitatezko arte eskaintza askotariko eta inklusiboa egitea, gizarte eta lurralde irizpideak kontuan hartuko dituena, eta, batez ere, herritar guztiek berdintasunez eskuratu ahal izatea kultura.

1.2. Deialdi honek bi laguntza modalitate ditu:

–A modalitatea: Arte eszeniko eta musikalen arloan aurrekontu handiko jaialdi, ziklo eta ikuskizun profesionalak antolatzeko laguntzak. Hauek dira bete beharreko baldintzak:

a) 50.000 euroko edo hortik gorako aurrekontua izan behar dute.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, eta edukiak kulturala izan behar du nagusiki; programazio artistikoa intentsiboa eta jarraitutasunik gabea izanen da, iraupen mugatukoa eta berariazko marka bati esker ezaguna.

c) Gutxienez %20ko autofinantzaketa izanen dute, ekarpen propioen bidez (ez datozenak iturri publikoetatik): babesletza pribatua, jarduerak berak sortutako diru-sarrerak (sarrerak saltzea, publizitatea eta zerbitzuak eta ondasunak saltzea) eta entitatearen zerbitzu eta baliabide propioak.

d) Aurreko edo ondoko faseak kontuan hartu gabe (prestatzeko fasea, baloraziokoa edo itxierakoa), jarduera publikoak denbora tarte zehatz batean egin behar dira, eta tarte hori ez da izanen hiru egunetik beherakoa edo bi hilabetetik gorakoa (elkarren segidakoak ez direnak).

e) Arte musikalen proiektuen kasuan, gutxienez 10 proposamen artistiko profesional programatu behar dituzte, eta arte eszenikoen proiektuen kasuan, gutxienez 5 proposamen artistiko profesional.

Programatutako proposamen artistikoak frogatzeko kasuan kasuko kontratuak edo aurrekontratuak beharko dira.

Deialdi honen ondorioetarako, profesionaltzat hartzeko alta hartuta egon beharko dute ekonomia jardueren gaineko zergan, jarduera artistikoarekin lotura duten epigrafeetan.

–B modalitatea: Arte eszenikoen arloan aurrekontu txikiko jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak. Hauek dira bete beharreko baldintzak:

a) 50.000 eurotik beherako aurrekontua izan behar dute.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, eta edukiak kulturala izan behar du nagusiki; programazio artistikoa arte eszenikoen eta musikalen arlokoa izanen da.

1.3. Honako jarduera hauek kanpo gelditzen dira, modalitate batean zein bestean:

a) Urte osoa hartzen duten kultur programazioak.

b) Kirol entitateen (kirol klubak, kirol elkarteak, kirol federazioak, kirola sustatzeko taldeak eta kirol fundazioak) kultur programazio edo proiektuak.

c) Obra artistikoak, ikuskizunak, kontzertuak, ekintza performatiboak edo antzekoak ekoiztekoak, nahiz eta dirulaguntzarako proposatutako proiektuaren programaziora bideratuak izan.

d) Funtsean prestakuntza jarduerak direnak (ikastaroak, lantegiak, mahai-inguruak, hitzaldiak, eskola magistralak eta antzekoak).

e) Batez ere kultur ondarea edo eduki turistikoa zabaltzeko helburua duten jarduerak, non arte eszenikoen eta musikalen kultur jarduera jarduera osagarria edo instrumentala den.

f) Lehiaketak eta sariak.

g) Erakusketak egiteko edo argitaratzeko helburua duten jarduerak.

h) Dantzaldiak, herri-ikuskizunak eta antzekoak.

Horiez gain, A modalitatetik kanpo gelditzen dira, berariaz, honako hauek:

a) Edozein motatako laborategi eta egonaldiak (sormenekoak, ikerketakoak, ekoizpenekoak eta abar).

b) Sortzaile ez-profesionalekin egindako jarduerak (hots, alta hartuta ez daudenak ekonomia jardueren gaineko zergan, jarduera artistikoarekin lotura duten epigrafeetan).

1.4. Laguntzen diren jarduerak 2025eko azaroaren 2tik 2026ko azaroaren 1era bitarte egin beharko dira, bi data horiek barne.

1.5. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2025eko azaroaren 2tik 2026ko azaroaren 6ra bitartekoak izan behar dute, biak barne.

1.6. Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.

1.7. Deialdi honen xede diren jardueren programazioak kontuan hartu beharko ditu hondakinen sorrera prebenitzearekin, hondakinen kudeaketa hobetzearekin eta ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasunarekin lotutako ingurumen neurriak, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua betez.

1.8. Oinarri arautzaile hauen xede diren laguntzak bateragarriak dira barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren arabera, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz –Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2014ko ekainaren 26koa–).

Zehazki, erregelamendu hori aplikatzen zaie kulturarako laguntzei (1. artikulua, j letra), bertan ezarritako baldintzetan, eta pizgarri ondorioa dute 6.5 h) artikuluaren arabera.

Erregelamenduaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Batzordeari igorri behar zaio dirulaguntza honen xede diren laguntzei buruzko informazio laburtua, erregelamendu horren II. eranskineko formatu normalizatuaren bidez, indarra hartu eta 20 egun balioduneko epean.

2.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauek eskatzen dituzten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio edo entitate bat izatea, eta estatutuetan ezarrita izatea, xede eta helburuen artean, arte eszeniko eta musikalekin lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta lanbide elkarteak.

c) Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorretan partida izenduna duten entitateak.

2.4. Entitateak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta laguntza jasotzen badute 2026ko deialdi honetan: "Dirulaguntzak arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean garrantzitsuak izan eta Estatuan proiekzioa dutenei".

2.5. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu baldin eta zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio-ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan-arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.6. Ezin izanen dira onuradun izan krisian dauden enpresak, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatuarekin (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

Era berean, laguntza-araubide hau ez da aplikagarria izanen berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, Europar Batzordeak aurretiazko erabaki baten bidez deklaratu badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, salbu eta hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteei aurre egiteko laguntza-araubideak, aipaturiko erregelamenduaren 1.4.a) artikuluan jasota daudenak.

3.–Aurrekontuko egozpena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek finantzatzeko gehieneko zenbatekoa 348.495 euro da, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntza" izeneko A200002-S2500-4816-334106 partidaren kargura.

Finantzaketarako dirua honela banatuko da modalitateen arabera:

–A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 235.000 euro.

–B modalitatea: Aurrekontu txikiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 113.495 euro.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Proiektu bakoitzeko laguntzak ez dira diru kopuru hauetatik gorakoak izanen:

–A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 40.000 euro.

–B modalitatea: Aurrekontu txikiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 15.000 euro.

3.3. Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzaren zenbatekoa entitateak eskatzen duena adinakoa izanen da, baldin eta goian adierazitako mugak betetzen badira eta, hala badagokio, kasuan kasuko murrizketa aplikatuta.

3.4. Modalitate batean soberakinik izanez gero, bestearen diru kopurua handituko da.

3.5. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, puntuazioaren arabera zerrendan duten hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte, 7.3.4 oinarrian adierazitakoarekin bat.

3.6. Dirua geratzen bada, baina ez hurrengo proiektuak eskatutako dirulaguntza emateko adina, eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hasiera batean aurkeztutako proiektua berregin dezala, eta horretarako 7.3.4.c) oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

3.7. Entitate onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Kasu horretan, 7.3.4.d) oinarrian ezarritakoaren arabera jokatuko da.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin egiten dituen jardueren multzoa.

Proiektuan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Eginen diren jardueren deskribapen zehatza: atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira. II. eranskinera egokituko da.

–Proiektu osoaren aurrekontua; zehazki, aurreikusitako jarduerei esleitutako aurrekontuak.

–Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

–Bertan, egiaztatzeko modukoa izan behar du proiektuari aurre egiteko entitateak dituen baliabide ekonomikoen (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideen (bazkideak, boluntarioak, kontratatutako langileak) eta baliabide materialen (azpiegiturak) koherentziak. Ezinbesteko baldintza izanen da aurkeztutako aurrekontuak gastuak eta diru-sarrerak orekaturik izatea.

Bat etorriz Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, adimen artifizialeko ereduak erabiltzen badira jarduera gauzatzeko, onuradunak horren berri eman beharko du, bai eta zehaztu ere proiektua aurrera eramaten duten pertsona fisikoen esku-hartze maila eta, hala badagokio, haiek egindako berrikuspen lana.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta fitxan egonen dira eskuragarri, tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-entidades-del-tercer-sector-de-las-artes-escenicas-y-musicales-para-financiar-festivales-ciclos-y-espectaculos).

Eskaera eta gainerako agiriak aurkezten badira goian esandako modua ez den beste edozein erabiliz, eskaera ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari nahitaez erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da:

Dokumentazio guztia eskaneatuta aurkeztuko da, agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere DIN A-4 neurriko 30 foliotan idatzia, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Folio kopuru horretatik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten talde eta entitate artistikoek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.

5.5. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

5.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarritzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2025eko azaroaren 2tik 2026ko azaroaren 1era bitarte (bi egun horiek barne) egiten diren jarduerei dagozkienak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2025eko azaroaren 2tik 2026ko azaroaren 6ra bitartekoak izan behar dute, biak barne.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira diruz lagungarritzat:

6.1. Zuzeneko kostuak:

a. Kontratatutako artista edo hizlarien soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan.

b. Entitate onuradunak izaera tekniko-administratiboko eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak diren langileenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira izaera tekniko-administratiboko eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetan diharduten langiletzat: administrazio eginkizunak, eginkizun teknikoak, gerentzia eta koordinazioa, zuzendaritza teknikoa, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritza exekutiboa eta prestakuntza lanak betetzen dituztenak.

–A modalitatea: gehieneko portzentaje bat ezartzen da, onartutako gastu guztien %15ekoa, eta 20.000 euroko muga entitate bakoitzeko.

–B modalitatea: gehieneko portzentaje bat ezartzen da, onartutako gastu guztien %15ekoa, eta 6.000 euroko muga entitate bakoitzeko.

Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da eskaerarekin batera aurkeztu beharreko memorian, II. eta III. eranskinetan.

Eginkizun tekniko-administratiboak eta zuzendaritza tekniko-artistikoari loturiko eginkizunak betetzeko kontratatutako langileek ezin izanen dute gasturik aurkeztu proiekturako kontratatutako langile artistiko gisa (hau da, arte eszenikoetako jaialdi, kontzertu edo ikuskizunetarako kontratatutako artista, musikari eta abar gisa).

c. Proiektua gauzatzeko kontratatutako artisten ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrirako gastuak, gehieneko hauekin:

–Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik datozenentzat; gau bakoitzeko 75 euro ordainduko dira gehienez.

–Mantenu gastuak: mantenu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira gehienez. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

–Joan-etorriak:

  • Norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometro bakoitzeko 0,34 euro ordainduko da gehienez. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.
  • Ibilgailua alokairukoa denean, bakarrik alokairuaren kostua.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, VII. eranskinaren jarraibideetan horri buruz eskatutako informazioaren arabera.

d. Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola espazioen, ekipamenduen eta bitarteko materialen alokairua, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

e. Proiektuan sartutako jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta komunikatzeko gastuak. Onartutako guztizko gastuen %15 izanen da gehienez.

f. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa).

g. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza- eta aholkularitza-gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Nolanahi ere, kontratazioa egiten bada entitateari lotutako pertsona batekin edo entitateari lotutako pertsona batek edo batzuek osatzen duten entitate juridiko batekin, kontratazio horrek honek baldintza hauek bete beharko ditu:

I.–Merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

II.–Kontratazioa egin aurretik Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuaren baimena izan beharko da, eta kontratazioa egin ebazpenak ezartzen dituen baldintzekin bat. Baimen hori lortzeko, entitate onuradunak baimen eskaera egin beharko du, V. eranskinaren bidez.

6.2. Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu aldakorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako bati baino gehiagori egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.

Langileriaren gastu finkoak ez dira zeharkako gastu gisa onartuko.

Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ezin dira izan proiekturako onartutako guztizko gastuen %15 baino gehiago.

6.3. Kanpo geratzen diren gastuak.

Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

A eta B modalitateetarako:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azpiegituren kasuan, salbuetsita dago 6.1.f puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 gainditzen duten entitateko langileen ordainsariak.

e) Eginkizun administratiboak eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunak dituzten langileen ostatu, mantenu (bazkari-afariak) eta joan-etorrien gastuak, ezta gosariak, kafeak, hamaiketakoak eta antzeko kontzeptuak ere.

f) Ordezkaritza gastuak, protokolokoak, senidetzeetakoak, aintzatespen eta omenaldietakoak, sarietakoak, otorduetakoak eta elikagaiak, edariak edo antzekoak erostekoak.

g) Autobide gastuak (bidesaria), aparkalekukoak eta kilometraje gastuak, ibilgailua alokatzen bada.

h) Elkarte, federazio edo antzekoetako bazkide kuoten gastuak eta aldizkari espezializatuetako eta beste komunikabide batzuetako harpidetza gastuak.

i) Aholkularitza fiskaleko gastuak, pertsona fisiko zein juridiko gisa bete beharreko tributu betebeharrei dagokienez.

j) Proiektua gauzatzen laguntzeko gauzata egiten diren mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak, erabilera-lagapenak eta antzekoak ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko.

k) Obra artistikoak, ikuskizunak, kontzertuak, ekintza performatiboak edo antzekoak ekoizteko gastuak, nahiz eta dirulaguntzarako proposatutako proiektuaren programaziora bideratuak izan.

A modalitaterako, 1.3 oinarrian ezarritakoa betez, berariaz kanpo gelditzen dira:

a) Laborategi eta egonaldiak antolatzearekin, ekoiztearekin edo gauzatzearekin loturiko gastuak.

b) Sortzaile ez-profesionalekin egindako jardueren gastuak.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori tramiteen katalogoan argitaratuko da, "Arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak finantzatzeko" fitxan. Hona batzordearen osaera:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza nagusi horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta arte eta/edo ekonomia arloetako bi aditu. Aditu horietako bat Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen da.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.

2. Balorazio prozesu osoan, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bideren bitartez, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko. (ez da aurrez aurreko azalpenik izanen).

3. Onartutako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

4. 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

a) Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

b) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.

c) Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den proiekturako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, onuradunari eskaera berregiteko eskatzen ahalko zaio, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal den dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita betiere. Berregindako proiektuak ebaluazio batzordearen adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

d) Baldin eta, laguntzak eman ondoren, onuradunen batek laguntzari uko egiten badio, eta, horregatik, kreditu nahikoa askatzen bada, beste eskaerei erantzuteko bideratzen ahalko da. Lehenik eta behin, erabilgarri geratutako kreditua esleituta deialdiaren oinarriak aplikatuz legokiekeen laguntza baino txikiagoa eman zaien eskaerei erantzuteko erabiliko da.

Bigarrenik, askatutako kreditua erabiltzen ahalko da eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu arren, kreditu erabilgarria agortu zelako, hasieran dirulaguntzarik eskuratu ez zuten eskaeretarako. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

7.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte osotara, eta horietatik 12 puntu, gutxienez, 8.1.a) "Proposamenaren interesa eta kalitatea" azpiatalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Proposamenaren kalitate artistikoa. 50 puntu gehienez.

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea (20 puntu gehienez).

Irizpide honen bidez, proposatzen den programazioaren interesa eta kalitate artistikoa baloratuko dira.

Irizpide honek aurkeztutako proposamena baloratuko du honako hauen arabera: bere interes eta kalitate artistikoa, deialdiaren xedearekin duen koherentzia eta zehaztasuna, originaltasuna, eta pertsona guztiei kulturarako sarbidea erraztera eta bizitza kulturalean libreki parte hartzera bideratutako proposamenak izatea.

Jardueren programazioa baloratuko da.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

20

Ongi

15

Nahikoa

12

Hala-holakoa

9

Eskasa

3

Oso eskasa

0

b) Arte eszenikoen eta musikalen zuzenekoen kopurua programazioan (5 puntu gehienez).

Taula hauen arabera baloratuko da irizpide hori:

–A modalitatea:

EMANALDI PROFESIONALEN MOTA ETA KOPURUA

HAZTAPENA

Arte musikalak

Arte eszenikoak

20 emanaldi baino gehiago

12 emanaldi baino gehiago

5

17-19 emanaldi

10-11 emanaldi

3,5

14-16 emanaldi

8-9 emanaldi

2,5

11-13 emanaldi

6-7 emanaldi

1,5

10 emanaldi

5 emanaldi

0

Emanaldiak profesionalak direla frogatzeko kontratuak edo aurrekontratuak aurkeztu beharko dira eskaera egitean. Modu horretan egiaztatzen ez diren emanaldiak ez dira baloratuko.

–B modalitatea:

EMANALDI KOPURUA

HAZTAPENA

Zuzeneko emanaldiak, 10 baino gehiago

5

Zuzeneko emanaldiak, 8 eta 10 artean

4,5

Zuzeneko emanaldiak, 6 eta 7 artean

3,5

Zuzeneko emanaldiak, 4 eta 5 artean

2,5

Zuzeneko emanaldiak, 1 eta 3 artean

1

c) Proiektuaren lurralde eremua (10 puntu gehienez).

Baloratuko da nolako irismena duen programak Nafarroako maparen gainean, kultur eskaintza orekatua izan dadin lurralde osoan.

HERRI BATEAN BAINO GEHIAGOTAN EGITEN DIREN EMANALDIEN KOPURUA

HAZTAPENA

Emanaldiak Nafarroako 40.000 biztanletik beherako 20 herritan baino gehiagotan

10

Emanaldiak Nafarroako 40.000 biztanletik beherako 16 herritan gutxienez eta 20 herritan gehienez

8

Emanaldiak Nafarroako 40.000 biztanletik beherako 11 herritan gutxienez eta 15 herritan gehienez

6

Emanaldiak Nafarroako 40.000 biztanletik beherako 5 herritan gutxienez eta 10 herritan gehienez

3

d) Nafarroako kultur ehunak parte hartzea proposamenean (5 puntu gehienez).

Baloratuko da zenbateko parte-hartzea duten Nafarroako sortzaileek eta/edo profesionalek hala programazioan nola proposamena garatzen duen taldean.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Oso eskasa

1

e) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea eta esperientzia baloratuko dira, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5

10 urte baino gehiago eta 20 urte arte

4,5

5 urte baino gehiago eta 10 urte arte

3,5

3 urte eta 5 bitarte

2,5

3 urtetik behera

1

f) Marketina eta komunikazioa (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Oso eskasa

1

8.2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa) (25 puntu gehienez).

a) Bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera aurrera eramateko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %30era arte

15

%30 baino gehiago, %40 arte

10

%40 baino gehiago, %50 arte

8

%50 baino gehiago, %60 arte

4

%60 baino gehiago, %65 arte

2

%65 baino gehiago, %70 arte

1

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez).

Aurrekontuetan jasotako partidak zehatzak eta egokiak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatuta egotea ekonomia, efizientzia eta jasangarritasun irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea, koherenteak eta elkarren artean orekatuak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso handia

10

Handia

7

Nahikoa

5

Eskasa

2

Oso eskasa

0

8.3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak, 25 puntu gehienez).

a. Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da zenbatekoa izanen den euskararen erabilera proposatutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5

Ertaina

2,5

Oso eskasa

0

b. Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren arabera eta barne-ekintzak), bai aurkeztutako proiektuaren helburu eta ekintzetan (5 puntu gehienez).

  • 2 puntu: desberdinkeriaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero rolak eta estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak.
  • 2 puntu: sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa paritarioa aurreikusten duten proiektuak.
  • 1 puntu: desberdinkeria egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne-ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzukidetasuna sustatzea eta antzekoak).

c. Proposamena bazterketa arriskuan daudenengana eta/edo dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko neurriak sartzea (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak.

Baloratuko da dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko neurriak sartzea aurkeztutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

1,5

Oso eskasa

0

d. Entitateak egindako ahalegina publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0 eta 11 urte bitarteko haurrak, 12 eta 35 urte bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez). Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak.

Baloratuko da aurkeztutako programazioa publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

1,5

Oso eskasa

0

e. Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, eskaerarekin batera aurkeztutako azalpen txostenaren datuak baloratuko dira: baloratuko da neurketarako eta ebaluaziorako tresnak sartu diren, nolako adierazleak erabiltzen diren eta haien inpaktua (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, ingurumen jasangarritasunean, desberdintasunean...), haztapen taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5

Ertaina

2,5

Oso eskasa

0

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak tramiteen katalogoan dagoen "Arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak finantzatzeko" fitxan argitaratuko dira. Halaber, ebazpenak pertsona edo entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu dekretuaren 25.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira legegintzako foru dekretu horretan ezarritako zerga pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako. Horretarako, entitate eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko amaierako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun-betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Betebehar hori dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

11.2. Gardentasunari buruzko adierazpena tramitatuko da "Arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, zikloak eta ikuskizunak finantzatzeko" deialdiaren fitxaren bidez, zeina tramiteen katalogoan baitago.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio esleitutako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.4. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

11.5. Entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

11.6. Entitate onuradunak konpromisoa hartzen du diruz lagundutako proiektua deialdian aurkeztutako baldintzetan gauzatzeko, eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko dio proiektua garatzean izaten den edozein gorabehera, gertatzen den unean bertan, baldin eta proiektuan aldaketarik badakar.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, organo kudeatzailearen oniritzia beharko da aurrez. Oniritzia emanen da baldin eta, ebaluazio batzordearen iritziz, aldaketak ez badu onetsitako proiektua funtsean aldatzen edo ez badie nabarmen eragiten deialdian aurkeztutako proiektuaren egitura ekonomikoari eta bideragarritasunari. Proiektua aldatzeko baimen eskaera VI. eranskinaren bidez aurkeztuko da.

11.7. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabili beharko dute (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta hori adierazten duen testu bat erakutsi: "Diruz lagundua", Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea egitarauan, kartelean, iragarkietan edo edozein eratako publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Nafarroa Markaren eta Argitalpenen Atalaren jarraibideen arabera egin beharko da (helbide elektronikoa: publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

Proiektua dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.9. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari ematea jasotako bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarreren berri (bereziki sarreren salmentagatik eta ostalaritza-zerbitzuengatik –barrak eta antzekoak– lortutakoak, kasua bada) edo diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuen berri, jakin bezain laster, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.11. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

11.12. Entitateak egiten dituen jarduerei buruzko informazioa emanen dio Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari, behar den aurrerapenarekin, Nafarroako Gobernuaren webgunean eta beste baliabide batzuetan aldizka zabal dadin.

11.13. Entitateak konpromisoa hartu beharko du hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeko jardueraren komunikazioa eta zabalkundea egiteko publizitate- edo informazio-euskarrietan.

Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente" (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11.14. Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako ingurumen neurriak betetzea, hondakinen sorreraren prebentzioari, hondakinen kudeaketa hobetzeari eta ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasunari dagokienez.

11.15. Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko modu hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Justifikazio hori proiektua bukatzean edo proiektuaren zati bat gauzatu ondoren egiten ahalko da (entitate bakoitzeko, ordainketa partzialeko 3 eskaera gehienez).

Justifikaziorako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu entitateak:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota (guztizkoa edo partziala) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori VII. eranskinean ageri den Excel txantiloi bakar batean igorriko da. Txantiloi hori ezin izanen da ez desblokeatu ez aldatu.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere. 6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz VII. eranskinean ezarritako xehetasunak eman beharko ditu.

d) Egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-entitateak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, 12.1. b) ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta VII. eranskinean dagokion orrian zehaztu beharko dira, zerrendatuak eta zenbakituak, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan nola aplikatu diren adierazita.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa eskatzeko epea 2026ko urriaren 1era artekoa izanen da, egun hori barne.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Eskaera, adierazita zer ordainketa mota den (konturako ordainketa) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) Egindako gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa), eta ordainketaren data; zerrenda hori VII. eranskinean ageri den Excel txantiloi bakar batean igorriko da. Txantiloi hori ezin izanen da ez desblokeatu ez aldatu.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere. 6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz VII. eranskinean ezarritako xehetasunak eman beharko ditu.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, PDF formatuan. Ez da onartuko fitxategiak hodeian gordetzeko sistemetarako estekarik.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, ordainketa mota (aurrerakina) eta eskatutako zenbatekoa adierazita, eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko beharrezkoa dela frogatuta. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, banku-entitateak emandako banku-ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, aurrerakina eskatzen den egunean erabilgarri dauden funtsak egiaztatzen dituena, bai eta data horretatik aurrera jaso edo egin gabe dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda ere, hilabeteka banakatuta.

Dena den, funtsak aurrez jasotzeko beharra frogatu gabe egiten ahalko da dirulaguntza honen ordainketa aurreratua, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 15.000 eurora bitartekoa bada eta ordainketa aurreratua ez bada emandako dirulaguntzaren %50 baino gehiago.

Aurrerakina eskatzeko epea hilabetekoa da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

VII. eranskina bete behar da, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.

Nolanahi ere, edozein dela aurreko ataleko aukeren artean hautatzen den ordainketa modua, dirulaguntzaren likidazioa egiteko, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte jarraian adierazten diren egiaztagiriak.

Entitate onuradunek 2026ko azaroaren 6a arte (egun hori barne) aurkeztu beharko dute justifikazioa, hots, hori izanen da azken eguna honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota eta eskatutako zenbatekoa.

b) Deialdiko 12.1 oinarriaren b), c) eta d) letretan eskatutako dokumentazioa.

c) Gauzapenari eta ebaluazioari buruzko memoria, diruz lagundutako proiektuaren edo programaren garapena, emaitzak eta inpaktua zehaztasunez azalduta. Memorian, honako hauek jaso beharko dira:

1. Planteatutako helburuak (orokorrak eta espezifikoak), eta egindako jardueren gauzapenaren deskribapena.

2. Emaitzen ebaluazioari buruzko kapitulu bat, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako deskripzio-memorian proposatutako adierazleekin bat. Orobat, ondorioak eta atzemandako hobekuntza arloak azaltzeko atal bat erantsiko da.

d) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta VII. eranskinean dagokion orrian zehaztu beharko dira, zerrendatuak eta zenbakituak, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan nola aplikatu diren adierazita.

Gastu diruz lagungarrien barruan 2026ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2026ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da.

Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2027ko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

VII. eranskinean, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen jakinarazi beharko da, eta hainbanaketa egiten den kasuetan, horren portzentajea adierazi; 2025. urteko azken hiruhilekoko F69 inprimakiaren bidez justifikatuko da hori.

Justifikazio-kontua ematea entitate onuradunak nahitaez bete beharreko egintza da, eta 13. oinarri honetan eskatutako dokumentazioa sartu behar da bertan, entitate deklaratzailearen erantzukizunpean eta deialdian ezarritako epean.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 13. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Dirulaguntzaren espedientea kudeatzen duen unitateak argibideak eskatzeko jarduketaren bat egiten badu, jarduketa horrek ezin du ekarri dokumentu batzuk beste batzuekin ordezkatzea, ez eta, oro har, gerora sortutako dokumentuak aurkeztea ere.

Dokumentazio hori jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du.

Kasua bada, gaizki kobratutako zenbatekoak itzultzeko espedientea irekiko da.

14.–Dirulaguntzen metaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2026an eman dezakeen beste batekin.

14.2. 2026an dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuetatik, beste administrazio publiko batzuetatik, beste entitate publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik xede eta helburu beretarako lortutakoekin, kostu diruz lagungarri berberetarako (guztiak nahiz haietako batzuk), baldin eta metaketaren ondorioz ez bada gainditzen aplikatzen ahal zaion laguntzaren intentsitate handiena edo laguntza zenbateko handiena oinarri arautzaile hauen eta 651/2014 Erregelamenduaren arabera.

14.3. Laguntza horiek ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza batzuei baldin metaketa horrek berekin badakar oinarri arautzaile hauetan eta aipatu erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.

14.4. Halaber, dirulaguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, izan bakarrik nahiz dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16. artikulua).

14.5. Dirulaguntza hauek, zeinak norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin (erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

15.1. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.

15.2. Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

15.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.4. Honako betebehar hauek betetzen ez direnean hartuko dira kontuan bereziki mailakatze irizpideak:

–Justifikazioa aurkezteko 13. oinarrian ezarritako epean betetzen ez denean.

  • Egiaztagiriak epez kanpo baina 2026ko azaroaren 7tik 2026ko azaroaren 17ra bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo zenbat egun igaro diren, egun kopuru horren proportzioan.
  • Egiaztagiriak 2026ko azaroaren 18tik aurrera aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, kasu guztietan.

–Organo kudeatzaileari jarduera- edo aurrekontu-aldaketen berri emateko betebeharra (11.6 oinarria) betetzen ez denean.

  • Kasu horretan onartutako gastua mugatuko da; eskaeraren memoria ekonomikoan aurkeztutako gastuen aurrekontuan kontzeptu ezberdinetarako ezarritako zenbatekoak izanen dira muga.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, entitate onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

20.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Eskaeraren ereduak eta aurkeztu beharreko gainerako agiriek deialdi honen eranskinen araberakoak izan behar dute. Horiek guztiak eskuragarri egonen dira "Arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko" deialdiaren fitxan, tramiteen katalogoan.

ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Eskaera aurkezteko fasea:

I. eranskina.–Eskaera.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

Laguntzak emateko fasea (entitate onuradunek soilik):

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.

Gardentasunari buruzko adierazpena (laguntzak ematen direnetik hilabeteko epean, entitate onuradunek soilik):

  • Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.
  • Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
  • Karguen ordainsariei buruzko adierazpena.
  • Urteko azken kontuen kopia.

V. eranskina.–Baimen eskaera, entitatearekin lotura duten pertsonek (fisikoak edo juridikoak) lanak egin ahal izateko.

VI. eranskina.–Baimen eskaera, proiektuaren aurrekontuan edo jardueretan aldaketak egin ahal izateko.

Justifikazio fasea (entitate onuradunek soilik):

VII. eranskina–Justifikazioaren informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2604585