Iragarkia
79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SAN ADRIÁNGO, AZAGRAKO, ANDOSILLAKO ETA CÁRCARKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Oposizio-lehiaketa, bete dadin etxeko laguntza zerbitzuko familia-langileen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidekoa (errelebo-kontratuarekin)
San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru José Luis Alcalde Echarrik, 2026ko martxoaren 23an emandako ebazpen baten bidez, aipatu deialdia onetsi du.
Hautapen prozesu hori honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
Aipatu ebazpenaren aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
b) Lan demanda, 2 hilabeteko epean, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Lan arloko Aferen Atalean (txandaren arabera dagokiona), Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 69. artikuluan xedatutakoaren arabera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak emandako idazketan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
San Adriánen, 2026ko martxoaren 23an.–Mankomunitateko burua, José Luis Alcalde Echarri.
SAN ADRIÁNGO, AZAGRAKO, ANDOSILLAKO ETA CÁRCARKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAN FAMILIA-LANGILEEN PLAZA BAT, LAN-KONTRATUDUN FINKOEN ARAUBIDEKOA (ERRELEBO-KONTRATUAREKIN), OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxeko laguntza zerbitzuko familia-langileen plaza bat (D mailakoa) oposizio-lehiaketa bidez betetzea.
1.2. Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituen pertsona lan-kontratudun finkoen araubidean kontratatuko da, aipatu plazan zerbitzuak eman ditzan errelebo-kontratuarekin. Errelebo-kontratuari aplikatu beharreko araubide juridikoa izanen da jasorik dagoena urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.6 artikuluan (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuaren testu bategina) eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 215. artikuluan (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina). Plaza lortzen duen pertsonaren ordainsari-araubidea izanen da aurreikusita dagoena Mankomunitatearen plantilla organikoan 15 zenbakia duen plazan eta aplikagarri den hitzarmen kolektiboan.
9. oinarrian ezarritako irizpideak betetzen dituzten gainerako izangaiekin kontratazio zerrenda bat sortuko da, kontratatutako pertsonak lanpostua libre uzten duenean hura betetzeko edo sortzen ahal diren bestelako beharrei erantzuteko.
1.3. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta etxeko laguntza zerbitzuko familia-langileen lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da.
Hona hemen eginkizunak (batzuk deskribatze aldera, gehiegi sakondu gabe):
–Sostengu pertsonaleko jarduketak.
- Norberaren garbiketa eta higienea.
- Janzten eta oinetakoak jartzen laguntzea.
- Etxe barrenean mugitzeko sostengua ematea.
- Erabiltzailearen elikadura kontrolatzea.
- Jarduketa soziosanitarioak.
–Etxeko lanetan sostengu emateko jarduketak.
- Erabiltzailearen elikadurari lotuak.
- Erabilera pertsonaleko arroparen eta oinetakoen zainketari lotuak.
- Etxeko mantentze-lan oinarrizkoei lotuak.
–Sostengu psikosozialeko oinarrizko jarduketak.
- Jarduketa psikosozioedukatiboak.
- Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduketak.
- Sostengu soziokomunitarioko jarduketak.
–Sostengu teknikoko jarduketak etxebizitzan.
- Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.
1.4. Bete nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa izanen da lan ordutegia, zerbitzuaren beharren araberakoa betiere, eta noiznahi aldatzen ahalko du organo eskudunak, behar horiei erantzuteko.
1.5. San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxeko laguntza zerbitzuko familia-langileen lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan D mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, bai eta onesten diren osagarriak eta/edo, halakorik ez badago, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarrita daudenak ere.
1.6. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Eskola Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
d) Titulu hauetako bat izatea edo hori eskuratzeko egoeran egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria, apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretuak ezarria (ekainaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–Arreta soziosanitarioko teknikaria, maiatzaren 2ko 496/2003 Errege Dekretuak ezarria (maiatzaren 24ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
–Mendekotasuna duten pertsonei gizarte erakundeetan arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua (irailaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) edo zehazten ziren bide baliokideetatik.
–Pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak sortua (martxoaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala). Ondorio horretarako, aintzat hartuko dira zaintzaileei eta gerokultoreei dagokienez aurreko apartatuan aipatutako titulazioak edo profesionaltasun-ziurtagiriak eta pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria, zeina abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautu baitu (irailaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioa frogatzeko agiria eduki eta aurkeztu beharko da.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
g) Gutxienez B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena edukitzea eta lanpostua betetzeko egin behar diren joan-etorrietarako ibilgailua izatea. Kontratazioa egin aurretik justifikatu beharko du plaza lortzen duenak ibilgailua duela.
Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta plazaz jabetu arte.
3. oinarria.–Epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
3.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
Epaimahaiburua: José Luis Alcalde Echarri, San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua. Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.
1. epaimahaikidea: Ascensión Silvestre Manso, Mankomunitateko kontu-hartzailea. Ordezkoa: Marianela Fernández Arenzana, Mankomunitateko administrari-ofiziala.
2. epaimahaikidea: María del Mar Llorente Jiménez, Mankomunitateko gizarte-langilea. Ordezkoa: Reyes Marco del Rincón, Mankomunitateko gizarte-langilea.
3. epaimahaikidea: Teresa Blanco Pellejero, Mankomunitateko langileen ordezkaria. Ordezkaria: langileen ordezkariaren karguan hura legez ordezten duena.
Idazkaria: Isidro López Bozal, San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria. Ordezkoa: hura legez ordezten duena.
3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
3.3. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
3.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak; berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahal du afera guztietarako nahiz batzuetarako.
4. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zuzendu beharko zaizkio San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari, eta aurkeztu beharko dira telematika bidez Mankomunitatearen Erregistro Orokor Elektronikoan (http://ssociales.sedelectronica.es), hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Orobat, eskabideak aurkezten ahalko dira Mankomunitatearen erregistroan, jendearentzako ordutegian, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, epe berean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Parte hartzeko eskabideak aurkezteko, I. eranskineko eredua erabili beharko da.
4.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dituzte agiri hauek, kasuaren arabera:
1. Nortasun agiri nazionalaren kopia.
2. B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.
3. Eskatutako tituluaren kopia.
4. II. eranskinaren arabera baloratu beharreko merezimenduak. Merezimenduak aurkeztu beharko dira kontratazioaz arduratzen den entitate publiko edo pribatuak emandako ziurtagiriaren bidez, eta bertan argi eta garbi adierazi beharko dira betetako lanpostua eta egindako funtzioak, bai eta kontratazioaren iraupena ere. Gainera, lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
4.3. Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen dituzten agiriak eransten ahalko dituzte hura justifikatzeko.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
5. oinarria.–Izangaien onarpena.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Telematika bidez aurkeztu beharko dira erreklamazioak.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila entitatearen iragarki-taulan eta web-orrian.
Bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.
5.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Hautapen prozesua.
Oposizio-lehiaketaren prozedura erabiliko da.
Prozedurak honako proba hauek izanen ditu:
6.1. Lehiaketa:
Deialdiak lehiaketaldi bat izanen du. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek aurkeztutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskinaren arabera. Emaitza ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. (II. eranskina). Merezimenduak aurkeztu beharko dira kontratazioaz arduratzen den entitate publiko edo pribatuak emandako ziurtagiriaren bidez, eta bertan argi eta garbi adierazi beharko dira lanpostua eta egindako funtzioak, bai eta kontratazioaren iraupena ere. Gainera, lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, II. eranskinean atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino. Aurkezten diren frogagiriek jaso beharko dute aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia. Mankomunitate honetan emandako zerbitzuei dagozkien merezimenduak ofizioz egiaztatuko ditu epaimahaiak, eta ez da beharrezkoa izanen merezimendu horiek egiaztatzea.
Merezimendu lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematika bidez, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira iragarki-taulan eta web-orrian.
Iragarki horretan, edo geroagoko beste batean, zehaztuko dira oposizioko probak egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.2. Oposizioa:
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Oposizioaldian proba teoriko bat eginen da; III. eranskineko gai-zerrendari eta familia-langileen lanpostuaren jardun profesionalari buruzkoa izanen da.
Proba hori baztertzailea eta nahitaezkoa izanen da izangaientzat.
Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko die oposiziogileei beren identitatea froga dezaten.
Proba baztertzailea izanen da, eta 80 puntu emanen dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 40 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
Proba hau gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.
Probaren kalifikazioa amaitu ondoren, izangaiek lortutako kalifikazioak argitaratuko ditu epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, gutun-azal itxien zenbakiaren arabera. Iragarki berean deialdia eginen da gutun-azal itxi horiek jendaurrean irekitzeko.
Gutun-azal itxiak ireki ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematika bidez alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukaturik, oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
6.3. Azken kalifikazioa.
6.3.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.
6.3.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Arestian ezarritako irizpidea aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, ebatziko da kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa publiko bakar baten bidez. Puntuazio bera duten pertsonen artean ausaz bat aukeratuko da, eta hura izanen da lehena berdinduta daudenen artean. Gainerakoei zenbaki korrelatibo bat esleituko zaie, ordena alfabetikoaren arabera ordenatuta, zozketan ateratako zenbakia duen pertsonaren deituratik eta izenetik abiatuta.
6.3.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia amaitu ondoren, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahaiak iragarki-taulan eta web-fitxan, eta organo eskudunari helaraziko dio, puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.
7. oinarria.–Izendapen proposamena eta baldintzak frogatzea.
7.1. Gainditu dutenen zerrenda eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, aipatu izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitatearen erregistro orokorrean:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko agiria eta kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez dagoela inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.
c) Osasun-ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun-protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun-azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.
d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
e) Hala behar izatera, Mankomunitateak eskatzen dituen agiri osagarriak.
7.2. Aipatutako epearen barrenean agiriak aurkezten ez badira (salbu aski arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), izangaia ezin izanen da kontratatu, deialditik baztertua geratuko da eta haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna.
7.3. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Mankomunitateak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin; hots, hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.
8. oinarria.–Kontratazioa.
8.1. Hautapen prozedura amaitu eta izangaiak aurreko oinarrian jasotako agiriak aurkeztu ondoren, Mankomunitateko buruak, ebazpen bidez, hura kontratatzea erabakiko du.
8.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Hautatutako pertsonak errelebo-kontratua formalizatu beharko du kontratazio-ebazpenean ezarritako epean. Epe horretan kontratua sinatzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan), galduko ditu kontratatuak izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatzen bada, jarraituko zaio 7.3. oinarrian xedaturikoari.
9. oinarria.–Kontratazio-zerrenden kudeaketa.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Mankomunitateko buruak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda eratuko du probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin eta oposizioaldian gutxienez 25 puntu lortu dituztenekin, erantzun dakien deialdi honetako lanpostuarekin lotuta Mankomunitatean sortzen diren beharrei. Zerrenda erabiltzen ahalko da plaza hutsak bitarte baterako betetzeko, laneko bajak behin-behinean ordezkatzeko, oporraldietarako, edo zerbitzuak indartzeko behar puntual guztietarako.
Aipatu zerrendak lehentasuna izanen du Mankomunitateak egindako hautapen prozeduretan oinarrituta egindako aurreko beste zerrenda batzuekiko.
9.2. Mankomunitateko buruaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.
9.3. Familia-langile bat aldi baterako kontratatzeko beharrak sortzen badira Mankomunitatean, izangaiei dei eginen zaie puntuazio-ordena zorrotzari jarraituz.
9.4. Kontratu-modalitatea lan-araubidekoa edo administrazio-araubidekoa den, onartuen zerrendan dauden eta deia jasotzen duten pertsonek bete beharko dituzte eskainitako kontratu motaren araberako berariazko baldintzak. Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren edo beste entitate publiko edo pribatu baten dirulaguntza jasotzen duten kontratazioetan, izangaiek, deia jasotzeko, bete beharko dituzte dirulaguntzaren deialdian eskatutako baldintzak. Epigrafe honetako baldintzak betetzen ez dituzten zerrendako izangaiak ez dira kontratatuko, baina zerrendan duten tokia mantenduko dute hurrengo kontratazioetarako.
9.5. Dei egiteko arau orokorrak:
1.–Izangaia errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek jakinarazi beharko dute harremanetarako telefono bat bederen. Horrez gain, ematen ahalko dituzte harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
2.–Izangaiei deitzeko, jarraituko zaie aurreko apartatuetan ezarritako lehentasun irizpideei.
3.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
4.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta aplikatuko zaio 7. apartatuan xedatutakoa.
5.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, dei eginen zaio zerrendan hurrengo ageri denari, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.
6.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan, edo lanpostua premiaz bete behar bada eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea ezin bete bada, kontratazioa eskainiko zaio eskura dagoen lehen izangaiari, baldin berarekin harremanetan jarri ondoren lanean berehala hastea onartzen badu, eta ez da bete beharko artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa.
7.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.
8.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
9.6. Deiak, amatasun edo adopzio lizentzien kasuetan.
Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen duten izangaiei, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.
9.7. Zerrendetatik baztertzea.
Ondoko kasuotan izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
c) Sinatutako kontratuari uko egiten diotenean, arrazoia administrazio publiko batean sartzea denean izan ezik.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
f) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.
Eskainitako lanpostuari uko egiteak ez du ekarriko zerrendatik kanpo geratzea, baldin eta izangaiak frogatzen badu honako kasu hauetakoren batean dagoela:
a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz harreran hartua edo adoptatua.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik.
e) Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan azaltzen diren kasuetan izangaiek jakinarazi beharko dute badaudela lanerako prest. Hala jakinarazten ez den artean, dena delako izangaiak ez dira egonen deitzeko moduan, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.
Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, zerrenda kudeatzeko jarraituko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatuari (foru agindu horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak).
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
b) Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, haren aurka, interesdunak zuzenean lan demanda aurkezten ahalko du, 2 hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salan, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 69. artikuluan xedatutakoaren arabera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak emandako idazketan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
11. oinarria.–Datuak babesteari buruzko informazioa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Aplikatuko da artxiboen eta agirien gaineko araudia (Nafarroako toki erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), bai eta Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian ere.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, Mankomunitatearen bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Izen-deiturak: ................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia (edo nortasun agiri baliokidea): ........................................., jaioteguna: .............(e)ko .................................aren .......(a), jaioterria: .................................................................., probintzia: ..................................................................., nazionalitatea: ............................................, egungo helbidea: herria: ............................................................................, probintzia: .............................................., kalea: ....................................................................................., zenbakia: ........., solairua: .........., letra: ......, posta kodea: ............., telefono finkoa: .............................., laneko telefonoa: .............................., telefono mugikorra: .............................., eta helbide elektronikoa: .........................................................................
ADIERAZTEN DUT:
Eskatzen dudala onar nazatela deialdi honetan: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxeko laguntza zerbitzuko FAMILIA-LANGILEEN plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidekoa (errelebo-kontratuarekin).
Deialdian eskatutako agiriak aurkeztu ditudala, horretarako baldintzak betetzen ditudala eta, beraz, deialdian parte hartzea eskatzen dudala.
Ez dudala lanpostuan aritzea galarazten didan eritasunik, ez eta akats fisikorik edo psikikorik ere.
Ez dudala indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.
Eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Agiri hauek aurkezten ditudala eskabide honekin batera:
1. Nortasun agiri nazionalaren kopia.
2. B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia.
3. Eskatutako tituluaren kopia.
4. II. eranskinaren arabera baloratu beharreko merezimenduak. Merezimenduak aurkeztu beharko dira kontratazioaz arduratzen den entitate publiko edo pribatuak emandako ziurtagiriaren bidez, eta bertan argi eta garbi adierazi beharko dira lanpostua eta egindako funtzioak, bai eta kontratazioaren iraupena ere. Gainera, lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
5. (Dagokionean, desgaitasunen bat izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen dituzten agirian eransten ahalko dituzte hura justifikatzeko).
ESKATZEN DUT:
Eskabide hau ontzat har dadila eta aipatu deialdian onar nazatela, zeina argitaratu baitzen ............... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...............(e)ko ....................................aren ............(e)(a)n.
Eguna eta sinadura:
Datuen babesa: Hemen erregistratutako datu pertsonalak Mankomunitateak tratatuko ditu, deialdiaren 11. oinarrian adierazitako baldintzetan eta helburuekin.
San Adrián aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea.
Foruen Plaza 1, San Adrián. 31570 (Nafarroa). Tel.: 948671539.
II. ERANSKINA–LEHIAKETALDIAREN BAREMOA
Lehiaketaldian 20 puntu emanen dira gehienez.
–Egindako zerbitzuak:
a) Administrazio publikoetan familia-langile gisa betetako lanpostuak: 2 puntu lanaldi osoan egindako urte bakoitzeko. 20 puntu gehienez.
b) Familia-langile gisa, enpresa pribatu batean, kontratu baten bidez eta lanaldi osoan emandako zerbitzuak: 1 puntu lan egindako urte bakoitzeko. 20 puntu gehienez.
Lanaldi osoan emandako zerbitzuei aplikatuko zaizkie puntuazio hauek, eta proportzionalki baloratuko dira lanaldi partzialean egindako merezimenduak, frogatzen direnak.
Aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzuak, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko aldi horretan.
Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.
Deialdia argitaratzen den egunera bitarte egindako zerbitzuak baloratuko dira.
III. ERANSKINA.–OPOSIZIOALDIKO GAI-ZERRENDA
1.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteari buruzkoa. Xedapen orokorrak (1., 2., 3., 4. eta 5. artikuluak) eta II. kapitulua (Autonomiaren aldeko eta mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko sistemaren prestazioak eta eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa; 13. artikulutik 25 bis artikulura).
2.–Ordenantza, arautzen duena San Adriángo, Azagrako, Andosillako eta Cárcarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxeko laguntza zerbitzua (2017ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 6an). (1. artikulutik 8. artikulura).
3.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna dutenei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren xede diren egoerak.
4.–Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan. Etika profesionala, oinarrizko gizarte zerbitzuen barruan eta etxeko laguntza zerbitzuan aplikatzea.
5.–Hirugarren adina Ezaugarriak eta aldaketa garrantzitsuenak, fisikoki, psikikoki eta sozialki. Eritasun arruntenak. Sindrome geriatriko handiak: dementzia eta depresioa. Sostengu eta laguntza pertsonaleko beharrak. Etxeko laguntza zerbitzuaren beharra izaten ahal duten egoerak.
6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean. Gatazka egoerak maneiatzea.
7.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura. Zainketak eta arreta pertsonala. Mendekotasuna duten pertsonen higienea eta garbiketa pertsonala. Zainketa eta mobilizazio pertsonalerako laguntza teknikoak aplikatzea.
Iragarkiaren kodea: <SPAN CLASS="CHAROVERRIDE-3" XMLNS="HTTP://WWW.W3.ORG/1999/XHTML">L2604383</SPAN>
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
