Iragarkia
79. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Oposizioa, hiri kontserbazioko ofizial ikuskatzailearen 2 plaza betetzeko
Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko martxoaren 30ean, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da hiri-kontserbazioko ikuskatzailearen 2 plaza oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak. Plaza horiek izanen dira Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko otsailaren 5ean deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen direnak, eta horien plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoak plaza hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
Plazak honako txanda hauetan banatuko dira:
- 1 plaza txanda irekian.
- 1 plaza igoera-txandan.
1.2. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, baldin eta igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako plazetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.
Halaber, txanda irekiko plaza hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.2 oinarrian berariaz ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.
1.3. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan ezarritako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien bizkar bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidetzat jotzen den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) B motako gidabaimena edukitzea.
e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabetuta ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.
Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, non eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona ez den lanean ari Iruñeko Udalaren zerbitzura beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.
2.3. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.
2.4. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 15,60 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko dela. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Deialdian igoera-txandan parte hartzeko eskatzen duten izangaiei dagokienez, baldin eta Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, eskabidearekin batera deialdi honen 2.2 apartatuan jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
–Desgaitasuna aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Patxi Iriarte Etxenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Ángel Arana De Pablo, Iruñeko Udaleko Lorategietako zerbitzuburua.
Epaimahaikidea: Patxi Iriarte Bazterra, Iruñeko Udaleko Argiteria Publikoko zerbitzuburua.
Epaimahaikide ordezkoa: Elena Camarero Mate, Iruñeko Udaleko Obretako eta Obra Publikoko zerbitzuburua.
Epaimahaikidea: Cristina Cerdán Los Arcos, Iruñeko Udalaren Hiri Altzarietako zerbitzuburua.
Epaimahaikide ordezkoa: Javier Del Pozo González, Iruñeko Udaleko ingeniari teknikoa.
Epaimahaikidea: Mikel Villar Godía, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Patricia Fernández Espelosín, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Mónica Lana Elola, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.
Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
6.–Oposizioaren nondik norakoa.
6.1. Oposizioa 2026ko ekainetik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehen proba:
Proba teorikoa izanen da, eta bi parte izanen ditu:
–Lehen partea: idatziz erantzun beharko zaio test erako galdetegi bati, zeinak gehienez ere 60 galdera izanen baititu. Galderak kalkulu matematikoei eta hizketa-, zenbaki- eta ortografia gaitasunei buruzkoak izanen dira.
–Bigarren partea: idatziz erantzun beharko zaio test erako galdetegi bati, zeinak gehienez ere 60 galdera izanen baititu. Galderak deialdi honen I. eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz izanen dira.
Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, hura hasi aurretik.
Kalifikazioa: Proban gehienez ere 70 puntu eskuratzen ahalko dira. Lehen partean gehienez ere 20 puntu eskuratzen ahalko dira, eta bigarren partean gehienez ere 50 puntu.
Bazterturik geldituko dira parte bakoitzean gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez eskuratzen ez duten izangaiak.
Hala ere, bigarren proba eginen dute gainditu eta puntuazio altuena lortu duten 30 izangaiek soilik. 30. postuan berdinketarik badago, postu horretan berdinduta dauden izangai guztiak sartuko dira bigarren proban.
6.3.2. Bigarren proba:
Bigarren proban izangaiek kalifikazio-epaimahaiak proposatutako kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dituzte ordenagailuan. Eranskineko gaitegian jasota dauden gaiei buruz izanen dira, eta horretarako, eranskin horretan adierazten diren aplikazioak erabiliko dira.
Izangaiek ariketa egiteko izanen duten gehieneko denbora kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du, hura hasi aurretik.
Bigarren proba egiteko, izangaiei behar dituzten baliabide teknikoak emanen zaizkie.
Proba egiteko egoki jotzen duen laguntza teknikoa eskatzen ahalko du kalifikazio-epaimahaiak.
Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
6.4. Bigarren proban plika-sistema erabiliko da.
6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.
6.6. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.7. Antolaketa-arrazoiak tarteko eta izangai-kopurua aintzat hartuta, probetarako deialdia egun eta ordu desberdinetan egiten ahalko da. Horretarako, probak egitera deituta dauden izangaien zerrenda webgunean -deialdiko fitxan- argitaratuko da, gutxienez horiek egin baino 48 ordu lehenago. Horrekin batera, tokia, data eta ordua ere zehaztuko dira. Halakoetan, kalifikazio-epaimahaiak ariketa desberdinak prestatuko ditu, baina zailtasun bertsukoak.
6.8. Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du interesdunek eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten, telematikoki.
6.10. Hautaprobak egin bitartean, behar diren egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, plaza hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, lehen probaren bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Hala ere, berdinketa ez bada hausten, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere, berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.
8.–Plaza hutsak hautatzea.
8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak plaza hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako, argitara emanen ditu hautatu beharreko plaza hutsak, izangaien zerrenda -plaza hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak- eta plaza hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.
Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deialdian jasotako plaza hutsetatik zein nahiago duten.
8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasunen bat duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
8.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori frogatzen badute, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute plaza hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonendako ezarritako lehentasun-hurrenkera.
8.4. Probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik deialdi honetako plaza hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat duten izangaiendako eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.
9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:
9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.
9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
9.3. Agiri horiek aipatu epean -salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 9.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.
10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute plazaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plaza jabetzan hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
12.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratuetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez baina hautapen-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
12.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, plazarik lortu ez eta oposizioa gainditu ez dutenen zerrendetan, lehen proban lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
12.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2026ko martxoaren 30an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
ERANSKINA.–GAITEGIA
1. Informatika-kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu orriak, Internet eta posta elektronikoa.
2. Planoen interpretazioa.
3. Kalkulu matematikoak. Hizketa-, zenbaki- eta ortografia-gaitasunak.
4. Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
5. Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.
6. Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantza: Herritarren jokabidea. Zehapen-araubidea.
7. Laneko arriskuen prebentzioa lorezaintzako lanetan. Norbera babesteko ekipamendu motak lorezaintzan eta horien erabilera.
8. Lurzorua (ezaugarriak, testura, egitura, pH-a, mantentze-lanak eta sustraien babesa).
9. Landaketa (landareen kalitatea, harrera, landatze-garaiak eta landatze-lanak).
10. NTJ 03E–Landare-elementuak babestea eraikuntza-lanetan.
11. Iruñeko hiri-azpiegitura berdea, iturriak eta urmael apaingarriak garbitzeko, kontserbatzeko eta mantentzeko lanen baldintza teknikoen plegua.
12. Kanalizazioak. Elektrizitate-lanetan erabiltzen diren lanabesak eta tresnak. Matxura motak eta haien konponketa-lanak. Argiteriako instalazioak. Lotura-instalazioak. Barneko instalazioak.
13. Berokuntza eta klimatizazioa. Ekoizpen- eta banaketa-sistemak. Diseinu-irizpideak. Mantentze-lanak.
14. Suteetatik babesteko instalazioak. Egonkortasuna eta erresistentzia suaren aurrean. Ebakuazio bideak. Konpartimentazioa. Babes pasiboko elementuak. Babes aktiboko elementuak.
15. Legionellaren kontrola. Oinarrizko kontzeptuak. Transmisio-bideak. Desinfekzio-sistemak.
16. Iruñeko bideak garbitzeko kontratua-Baldintza tekniko bereziak 1. LOTEA: Oinarrizko hiri-garbiketa.
17. Iruñeko bideak garbitzeko kontratua-Baldintza tekniko bereziak 1. LOTEA: Programatutako hiri-garbiketa.
18. Iruñeko bideak garbitzeko kontratua-Baldintza tekniko bereziak 2. LOTEA: Garbiketa bertikala.
19. Iruñeko bideak garbitzeko kontratua-Baldintza tekniko bereziak 2. LOTEA: Bide publikoan dauden zakarrontziak garbitzea. Zakurren gorotzetarako edukiontziak garbitzea, berrezartzea, instalatzea eta mantentze-lanak. Saretak garbitzea eta mantentze-lanak.
20. Iruñerriko Mankomunitatearen Hiri Hondakinak Kudeatzeko Ordenantza: Xedapen orokorrak. Etxeko hondakinen bilketa:
21. 842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe-tentsiorako Elektroteknikari buruzko Erregelamendua onesten duena: (1. artikulua. Xedea, 2. artikulua. Aplikazio-eremua, 3. artikulua. Instalazio elektrikoa, 4. artikulua. Tentsioen sailkapena. Sareen maiztasuna, 9. artikulua. Kanpoko argiteriak instalatzea eta 20. artikulua. Instalazioen mantentze-lan arruntak egitea. ITC-BT-06: BEHE TENTSIOKO BANAKETARAKO AIRE SAREAK. (1 Materialak eta 3 Instalazioak egikaritzea). ITC-BT-06: BEHE TENTSIOKO BANAKETARAKO LURPEKO SAREAK. (1 Materialak eta 2 Instalazioak egikaritzea).
22. ITC-BT-09. KANPOKO ARGITERIA INSTALATZEA, 842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe-tentsiorako Elektroteknikari buruzko Erregelamendua onesten duena.
23. 1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Kanpoko Argiterien Instalazioetako Eraginkortasun Energetikoko Erregelamendu onesten duena. (1. artikulua. Xedea eta 2. artikulua, aplikazio-esparrua). EA-02 JARRAIBIDE TEKNIKO OSAGARRIA. Argiztapen mailak. (1 Orokortasunak, 2 Bideetako argiteria, 3 Berariazko argiteriak, 4 Argi apaingarriak). EA-03 JARRAIBIDE TEKNIKO OSAGARRIA. Gaueko argitasunaren distira eta argi arrotz edo gogaikarria. (1 Gaueko argitasunaren distira). EA-06 JARRAIBIDE TEKNIKO OSAGARRIA. Instalazioen energia-eraginkortasuna mantentzeko lanak. (1 Orokortasunak eta 3 Mantentze-lanak eta horien erregistroa). EA-07 JARRAIBIDE TEKNIKO OSAGARRIA. Neurketa luminoteknikoak argiteriako instalazioetan. (1 Xedea, 2 Neurketak egin aurreko egiaztapenak. 2.1 Neurriak baliozkoak izateko baldintzak, 2.3 Iluminantzien neurketa, 4 Iluminantziaren neurketa. 4.3 Batezbesteko iluminantzia neurtzeko metodo sinplifikatua. 5 Iluminantzia-neurria biribilgunetan.).
24. KANPOKO ARGITERIA PUBLIKOEN INSTALAZIOEN ARAUDIA IRUÑEKO UDAL MUGARTEAN 1 Xedeak. 2 Aplikazio-esparrua. 3 Irizpide orokorrak (3.5 Instalazioak diseinatzea. 3.6 Eragintza-sistemak 3.7 Kanpoko argien urte-sasoiko araubidea eta erabiltzeko ordutegiak. 3.8 Argi-maila erregulatzeko eta energia aurrezteko sistemak 3.9 Instalazioak kontrolatzeko elementuak.). 4 Argiteria publikoaren elementuak. (4.1 Aginte-zentroa. 4.2 Gidariak. 4.3 Obra zibila. 4.4 Argi-puntuak (4.4.1 Erabili beharreko banaketa mota. 4.4.2 Euskarrien definizio teknikoa eta 4.4.3 Cofred fusible-euskarria)).
25. Metalgintza eta zurgintza. Ohiko materialak, tresnak eta zereginak hiri-altzarietan lan egiteko.
26. Pinturak. Hiri-altzarietan erabiltzen diren pinturak eta estaldurak: esmalteak, bernizak, pinturak, lasurak eta material osagarria. Erabilerak eta aplikazioak.
27. Irisgarritasuna. TMA/851/20-21 Agindua, uztailaren 23koa, Espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta horiek erabiltzeko oinarrizko irisgarritasun eta diskriminaziorik ezaren baldintzen dokumentu teknikoa garatzen duena.
28. Jolas-eremu eta -azaleren ekipamendua. Segurtasun-betekizun orokorrak eta saiakuntza-metodoak.
Iragarkiaren kodea: L2605109
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
