2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MONTEAGUDO
Deialdia, bete dadin administrari-ofizialaren lanpostu bat, oposizio murriztuaren bidez
Monteagudoko alkateak, 2026ko martxoaren 31n emandako ebazpen baten bidez, honako erabaki hau hartu zuen:
1. Deialdi baten oinarriak onestea, oposizio murriztuaren bidez bete dadin administrari-ofizialaren plaza bat, C mailakoa, jardun dezan Monteagudoko Udalean.
2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren plaza bat betetzea, oposizio murriztuaren bidez, Monteagudoko Udalaren zerbitzuko plantillako langileen artean. Plaza C mailakoa da, eta Udaleko plantilla organikoan dago.
1.2. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik (betiere deialdiko lanpostu hutsak ez badakar plantillako lanpostuen kopurua handitzea), ikusten bada komeni dela lanpostu zehatz batzuk barne-igoeraren bidez betetzea, administrazio unitateen antolaketarengatik eta haien gain utzitako lanengatik.
1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia C mailan sailkatuko da, eta jasoko ditu maila horretako ordainsariak, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta jasoko ditu, orobat, Pitillasko Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako ezarritako ordainsari osagarriak.
1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun-laguntzarako araubide berari.
1.5. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.6. Lanpostuak berezko dituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren beste edozeinetan ere, betiere lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio murriztuaren prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Monteagudoko Udalaren zerbitzuko lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne-igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.
c) Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.
d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordez frogatu daiteke 8 urteko zerbitzuak benetan egin izana Nafarroako Administrazio Publikoetan.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Monteagudoko Udaleko Erregistro Orokorrean, hogei egun naturaleko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio; haietan adierazi behar da betetzen direla eskatutako baldintza guzti-guztiak.
3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, frogatzeko betetzen direla deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria), bai eta honako hauek ere:
3.2.1. NANaren kopia.
3.2.2. Honako hauen kopia, egokia dena: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko iragarki-taulan.
Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori iragarki-taulan argitaratzeko.
Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Marisa Jimenez Tarazona, Monteagudoko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Ignacio Manrique Muruzabal, Monteagudoko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: Ana Serrano Arriazu, Ablitasko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Ana Moreno Ruiz, Castejóngo Udaleko administrari-ofiziala.
2. epaimahaikidea: María Esther Jimenez Pellejero, Calibus Administrazio Zerbitzuen Batasuneko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Murchanteko Udaleko kontu-hartzailea.
3. epaimahaikidea: María Pilar Sandúa Serrano, Ablitasko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: María Teresa Cornago Iturria, Castejóngo Udaleko administrari-ofiziala.
4. epaimahaikidea (idazkaria): Alberto Fernández Ejea, Monteagudoko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Sonia Mateo Ortega, Ablitasko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Oposizioaldia.
6.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
a) Lehen ariketa: teorikoa. 40 galderari erantzun beharko zaie idatziz (test motakoak edo galdera laburrak), II. eranskineko programako gaiei buruz.
Ariketa honengatik gehienez 80 puntu emanen dira, eta gutxienez 40 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
40 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.
b) Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoei buruzkoak. II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.
Ariketa honengatik gehienez 20 puntu emanen dira, eta gutxienez 10 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
Proba bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.
6.2. Oposizioaldian 100 puntu emanen dira gehienez.
6.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.
6.4. Hautagai bat baino gehiago izanez gero, pliken sistemaren bidez eginen da ariketa. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta ekitaldi hori Monteagudoko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik.
7. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatuta ondoren epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda osatu eta jendaurrean paratuko du Monteagudoko Udalaren iragarki-taulan, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.
7.2. Betiere gutxieneko puntuazioa gainditurik, puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Monteagudoko alkateari. Proposamena udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko du Udaleko erregistro orokorrean, non adieraziko baitu ez dagoela desgaitua edo gabetua funtzio publikoetan aritzeko eta ez dela zerbitzutik kendua izan inongo administrazio publikotan.
7.4. Izangaiak ez badu aipatutako deklarazioa aurkezten ezarritako epean, salbu behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
7.5. Aurreko 7.4 apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatukoa) hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetako prozedura bera.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen prozesua buruturik, Monteagudoko alkateak, ebazpen baten bidez, Monteagudoko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du hautapen prozesua gainditu eta puntu gehien lortu duen izangaia.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko da lanpostuaz izangaia. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Monteagudoko Udaleko C mailako administrari-ofizial bilakatzeko eskubide guztiak, eta jokatuko da aurreko oinarrian aurreikusi bezala. Halakoetan, 7.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua.
9. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
Monteagudoko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko.
Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela argitaratzea, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jotzen ahal dute, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, baliatzen ahal dute Monteagudoko Udalaren webguneko (https://ayuntamiento.monteagudo.es/) gardentasun-ataria.
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Gainera, kalifikazio-epaimahaiaren egintza eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Monteagudoko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren I. kapitulua. Udalak. III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
2. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. IX. titulua. I. kapitulua. Prozedura eta araubide juridikoa.
3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluko I., II. eta III. kapituluak (Udal zergak): xedapen orokorrak, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga.
4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluaren IV. eta V. kapituluak (Udal zergak): trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.
5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. II. titulua. II. kapitulua. Epemugak eta epeak. III. titulua. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.
6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. III. kapitulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak eta V. kapitulua. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
7. gaia.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua. Biztanleria eta udal-errolda.
8. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Atariko titulua: foru legearen xedea eta helburua. V. titulua. I. kapitulua. Esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
9. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. titulua. V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.
10. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. III. kapitulua-2. atala ("Gastu-aurrekontuen kredituen egoera") eta IV. kapitulua ("Gastu-aurrekontua betearaztea").
11. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.
12. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki Erakundeen Aurrekontu Egitura onesten duena. 1. artikulutik 9.era, biak barne.
Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Monteagudon, 2026ko martxoaren 31n.–Alkatea, Marisa Jimenez Tarazona.
Iragarkiaren kodea: L2605008