Iragarkia
68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
40e/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (kirol klub filiala dutenei) zuzendua, jarduera fisikoko eta osasuneko programak finantzatzeko 2026ean. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 892090.
257/2023 Foru Dekretuak, 2023ko azaroaren 15ekoak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituenak, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren eginkizunen artean ezartzen du kirola sustatzeko programak bultzatzea eta sustatzea, arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren kolektiboentzat, eta kirolaren eta jarduera fisikoaren programen antolaketa sustatzea, toki entitateen bidez eta helburu nagusitzat kirola sustatzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzten beste entitate batzuen bidez.
Halaber, Kirolari buruzko 2001eko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak 33-a) artikuluan ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez, besteak beste. Lege horren 3.a, 3.f eta 3.t artikuluetan kirol politikek bete beharreko helburuak ezartzen dira:
a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirolean modu jarraituan aritzeko, josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko.
f) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.
t) Kirola sustatzea, osasun ohitura gisa, eta hura bultzatzen duten kirol modu guztiei bulkada ematea.
Igerileku estaliak edo aire zabalekoak dituzten kirol klubei eta elkarteei (dagokien erregistroan inskribatutakoak; azken horietan, Nafarroako Foru Komunitatean kirol klub filialak dituztenean) laguntza ekonomikoak emanez, erabiltzaileen ehuneko handi batengana iristen da, asko baitira haietan eskainitako kirol jardueretan eta jarduera fisikoan erregulartasunez parte hartzen dutenak. Halaxe adierazi du "Nafarroako Kirol eta Aisi Erakundeen Elkartearen gizarte eragina" deritzon txostenak, 2020an argitaratutakoak. Bertan adierazten denez, dirulaguntza honen onuradun izan daitezkeen eta kirol azpiegitura handia duten 10 erakundetan biltzen da Iruñeko biztanleriaren %35. Hala, kirol, gizarte eta kulturako 100 jarduera mota baino gehiagotan parte hartzen dute, erregulartasunez.
Hori dela kausa, igerileku estalien eta/edo aire zabaleko igerilekuen jabe diren klub eta kirol elkarteetan ariketa fisikoko eta osasuneko programak egiteko laguntzak ematea errazteko, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak proposatu du foru agindu bat onestea, laguntza horien deialdiaren oinarriak arautzeko.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (kirol klub filiala dutenei) zuzendua, jarduera fisikoko eta osasuneko programak finantzatu ditzaten 2026an.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen I. eranskinean jasotzen baitira, bai eta gainerako eranskinak ere.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskaera jasotzen diren:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4819-336108: Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan | 2026 | 100.000,00 |
4. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (kirol klub filiala dutenei) dirulaguntzak emateko, era horretan jarduera fisikoko eta osasuneko programen antolaketa, kudeaketa eta gauzatzea finantzatzeko 2026an. Klubek zein elkarteek Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan inskribatuta egon beharko dute.
2. Helburua.
Deialdi honen helburua da jarduera fisikoaren praktika sustatu eta indartzeko laguntza ekonomikoak ematea, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko tresna diren aldetik.
Jarduera fisikoak egokia izan beharko du egiten duen pertsonaren adinerako eta egoera fisikorako. Profesionalek zuzenduta, haien egoera fisikoa eta psikikoa hobetzen lagunduko du.
3. Entitate onuradunak.
Dirulaguntzen araubide honetan parte hartzen ahal dute:
–Estalitako edo aire zabaleko igerilekuen titularrak diren kirol klubak, Nafarroako Kirol Erregistroan izena emanda badaude.
–Estalitako edo aire zabaleko igerilekuen titularrak diren elkarteak, kirol klub filiala dutenak, baldin eta biak inskribatuta badaude (elkarteak nahiz klub filialak) dagozkien erregistroetan, Nafarroako Foru Komunitatean.
4. Diruz lagundutako jarduerak.
4.1. Diruz lagungarriak izanen dira 2026ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte garatzen diren jarduera fisikoak eta kirol jarduerak (bi egun horiek barne).
4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak jarduera fisikoko eta osasuneko programa bakarra aurkeztu beharko du, eta, bertan, honako jarduera hauek sartzen ahal dira:
a) Kualifikatutako langileek zuzendutako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak, talde egonkorretan edo bonoetan eskainiak:
–Jarduerak uretan:
- Aquagym-a edo ur gimnasia, aquarunning-a, aquatonic-a, etab.
- Igeriketa, haurtxoen igeriketa eta "igerian ikasteko" eskolak.
–Kirol-jarduera fisikoak aretoan:
- Aerobika.
- Body tonic-a, body balance-a, body combat-a, body pump-a.
- Box-a.
- Cross fit-a, Cross training-a.
- Core-a.
- Dantza eta antzekoak.
- Defentsa pertsonala.
- Easy tone-a.
- Entrenamendu funtzionala.
- GAPa.
- Mantentzeko gimnasia.
- Hipopresiboak.
- Jumping-a.
- Pilatesa.
- Jarreraren berrantolaketa.
- Spinning-a, areto barneko txirrindularitza.
- Stretching-a.
- Tai ji-a.
- Tonifikazioa.
- TRXa.
- Yoga eta yogilates-a.
- Zunba.
Uretako eta aretoko kirol-jarduera fisikoen zerrenda horrek zenbait aukera baino ez ditu adierazten, ez da mugatzailea. Hori dela eta, aipatutako horien helburu berak izan arren beste izen bat duten jarduerak ere sartzen ahal dira.
b) 18 urte arteko neska-mutilentzako kirol eta jolas jarduerak eta jarduera fisikoak barne hartzen dituzten kanpamentuak eta/edo campusak. Kanpamendu horiek Aste Santuan eta udako denboraldian soilik eskain daitezke, eta gutxienez 3 eguneko iraupena izanen dute.
Halaber, jarduera eta kanpamendu horiez gain, diruz lagunduko da muskulazio aretoan egiten den jarduera fisiko zuzendu eta/edo autonomoaz arduratzen diren teknikarien soldata ere.
5. Jardueren ezaugarriak.
5.1. Klubaren instalazioetan egin beharko dira.
5.2. Jarduerak bazter geldituko dira baldin eta, kirol espezialitate batekin lotuta egonik (atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, gimnasia, judoa, igeriketa, tenisa, padela, patinajea eta abar), kirol lehiara bideratutako hobekuntza edo errendimendua lortzera begira egiten badira.
5.3. Kanpo geldituko dira federazioko lizentzia beharrezko duten jarduera guztiak.
5.4. Diruz lagundutako jarduerak zuzentzen dituztenek tituludunak izan behar dute, Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen arabera, eta, lege horren 17. artikuluan jasotzen den bezala, lehen laguntzako titulazioa ere izan beharko dute.
5.5. Jarduerak hartzaileen beharrizan eta ezaugarrien arabera egokituko dira, eta ez dute mugarik izanen parte hartzen duten pertsonen adina, sexua, egoera fisikoa eta desgaitasun fisiko edo psikikoa dela-eta.
6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbateko osoa gehienez ere 100.000 eurokoa izanen da, eta 2026ko Aurrekontu Orokorretako A50002 A5100 -4819 -336108 aurrekontu partidari egotziko zaio, "Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan" izenekoari.
7. Gastu diruz lagungarriak.
Diruz lagundutako programen izaerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:
–Aurkeztutako programaren kirol zuzendariaren Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jarduerak kontrolatzen eta antolatzen ematen duen denborari dagokion gastua egotziko da.
–Jardueren begiraleen eta muskulazio aretoko teknikarien soldata gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
–Laguntza teknikoa eta langile autonomoak kontratatzeko gastuak, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko.
–Diruz lagundutako jardueren kirol jarduera suntsikorra. Atal honetan ez dira sartzen kirolerako ez diren musika-ekipoak, tresna informatikoak edo bestelako materialak.
8. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.
8.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/estabilitako-edo-aire-zabaleko-igerilekuen-jabe-diren-klub-eta-elkarteendako-dirulaguntzak-jarduera-fisikoko-eta-osasuneko-programak-finantzatzeko. Helbide horretan esteka bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.
8.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8. eta 66.6. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.
8.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
9. Hasierako dokumentazioa.
9.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan.
9.2. Eskaeran aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1. III. eranskina.–Eskabide-orria, 18. oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena.
2. IV. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programa.
3. V. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programako diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontu osoa.
9.3. Eskaera egin ondotik, zehazki, dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, aurkeztu beharreko dokumentazioa, 19. oinarri arautzailearekin bat: gardentasunari buruzko adierazpena. Telematikoki eginen da, tramiteen katalogoan gaitutako botoi baten bidez.
10. Eskaera zuzentzea.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
11. Antolamendua eta instrukzioa.
Laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko unitate organiko eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.
12. Balorazio irizpideak.
II. eranskinean ezarrita dago baremoa, eta bertan zehazten dira balorazio irizpideak, bakoitzari dagokion haztapenarekin. Balorazio horri esker, klub edo elkarte eskatzaileen arteko hurrenkera ezartzen ahalko da.
13. Dirulaguntzak emateko prozedura, balioespena eta zenbatekoa.
13.1. Deialdi honetako laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko II. eranskinean adierazitako balorazio irizpideen arabera.
13.2. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, puntu bakoitzaren balioarekin biderkatuko da eskaerak guztira lortutako puntuazioa, horretarako II. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuta. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.
13.3. Entitate onuradun bakoitzari esleitutako kopurua ez da aurkeztutako jarduera fisikoko eta osasuneko programaren defizita baino altuagoa izaten ahalko. Era berean, programa bakoitzari esleitutako kopurua ez da izanen 16.000 eurotik gorakoa, salbu eta hurrengo atalean ezarritako kasuan.
13.4. Kreditu erabilgarria ahitzen ez bada, gainerako saldoa toki entitate guztien artean banatuko da, lortutako puntuen proportzioan, kreditua ahitu arte.
Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 16.000 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ez da inola ere gainditzen ahalko aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.
14. Laguntzak emateko ebazpena.
14.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko kasuan kasuko ebazpena emanen du, zeina entitate interesdunei jakinaraziko baitzaie, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 90 egun naturaleko epean gehienez.
14.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.
14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskabideen ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
14.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ez da inola ere izaten ahalko eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
14.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betetzeko, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda.
15. Frogagiriak.
15.1. Programaren frogagiriak aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 16a izanen da.
15.2. Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bereizita eta beren izenaz behar bezala identifikaturik. Honako hauek dira aurkeztu beharrekoak:
1. VI. eranskina.–Jarduera fisikoko eta osasuneko programaren memoria.
2. VII. eranskina.–Programak sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua, eta gastuen justifikazioko kontua:
2.1. Diruz lagundutako jarduerengatik eta programengatik ordaindutako gastu guztiei (ez diruz lagungarrienak bakarrik) dagozkien fakturak eta frogagiriak agertzen dituen zerrenda zenbakidun eta zehatza. Hauek adieraziko dira zerrendan: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna.
2.2. Ordaindutako fakturen fotokopiak (ez originalak), emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa adinakoak. Aurkeztutako zerrendan (VII. eranskina) dagokien zenbakia adieraziko da fakturetan, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, "ordaindua" zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.
3. VIII. eranskina.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.
4. IX. eranskina.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia.
5. X. eranskina.–Azpikontratazioari buruzko inprimakia.
15.3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
16. Dirulaguntza ordaintzea.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondotik, eta behin onuradunak 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2026ko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.
17. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua arduratuko da, Kirola Sustatzeko Atalaren bitartez, programaren jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.
18. Betebeharrak.
18.1. Dirulaguntzen onuradunek ematen zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute (VIII. eranskina). Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen betiere.
18.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak (puntu hori ziurtatu beharra dago, eskabidean ziurtagiriak aurkeztuz edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kontsultarako baimena emanez), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.
18.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
18.5. Onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. eta 57. artikuluetan ezarritako betekizunak (Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren Lege Organikoa).
Langile horiek guztiek, programa garatzean adingabeekin eginkizunen bat bete behar badute, Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Diruz lagundutako programak antolatzen eta/edo kudeatzen dituzten erakundeek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.
18.6. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko debeku egoeretan. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.
18.7. Jarduerek ez dute inolaz ere dirulaguntzarik jasotzen ahalko apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten badituzte. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
18.8. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
18.9. Onuradunek, dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabili beharko dute –betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua–, bai eta 2027ko Kirolaren Europako Eskualderako Nafarroako hautagaitzaren logoa ere.
18.10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
18.11. Hala badagokio, frogatzea hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3. artikuluarekin (IX. eranskinean azalduko da alderdi hori).
18.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
19. Gardentasun betebeharrak.
Erakunde onuradunek gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztuko dute, modu telematikoan. Behartuta badaude, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluen ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.
20. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.
20.1. Azpikontratazioa. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.
Entitateek diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %100 azpikontrata dezakete.
Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.
20.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa. Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ekipamendu ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, 12.000 eurotik goitikoa bada dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa, onuradunak frogatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela hornitzailea, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.
21. Ez-betetzeak.
21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, bai eta jasotako dirua itzuli beharra ere, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, hargatik eragotzi gabe legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak.
21.2. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.
22. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
22.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
22.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren (GHEb) bidez.
23. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen III. eranskinean informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
24. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
Era berean, deialdi hau onesten duen foru agindua aplikatzearen ondorioz Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
25. Aplikatzekoa den legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–BAREMOA
Baloraziorako irizpideak.
A) Kualifikatutako langileek zuzendutako kirol-jarduera fisikoak.
A.1) Jarduera zuzenduak talde egonkorretan:
- 1 puntu jarduerako:
- 0,25 puntu, astean behingo taldeetarako.
- 0,5 puntu, astean bi eguneko taldeetarako.
- 0,75 puntu, astean hiru eguneko taldeetarako.
A.2) Bonuetan eskainitako jarduerak:
- 1 puntu jarduerako.
- 0,25 puntu, asteko saio bakoitzeko.
A.3) Honako hauentzako jarduera esklusiboak:
- 60 urtetik gorakoak: 0,50 puntu talde bakoitzeko.
- 14-30 urte bitarteko parte-hartzaileak: 0,50 puntu talde bakoitzeko.
- Desgaitasuna duten pertsonak: 0,50 puntu talde bakoitzeko.
B) Muskulazio aretoko langileak.
B.1) Asteko ordu kopurua:
- 0,1 puntu ordu bakoitzeko.
B.2) Teknikarien eginkizunak.
- 0,2 puntu egindako funtzio bakoitzeko (gehienez ere 1 puntu guztira).
C) Kanpamentuak edo campusak, 18 urte arteko neska-mutilentzat.
Aste Santuko eta udako kanpamentu edo campus bakoitza baloratuko da, baldin eta jarduera fisikoak, kirolekoak eta aisialdikoak egiten badira eta gutxienez 3 eguneko iraupena badute.
C.1) Kanpamentuaren edo campusaren iraupenaren arabera:
- 0,2 puntu, asteko kanpamentu edo campus egun bakoitzeko (gutxienez 3 egun).
C.2) Kanpamentuko edo campuseko jarduera fisikoen eta kirol jardueren iraupenaren arabera (orduak egunean):
- Jarduera fisikoko, kirol jarduerako eta jolas jarduerako 3 ordu arte: 1 puntu.
- Jarduera fisikoko, kirol jarduerako eta jolas jarduerako 3 ordu baino gehiago: 3 puntu.
(Adibidez, xakeko campus batean partaide batek ordubeteko saioa badauka –campusa goiz guztian zehar ematen bada ere–, "xakeko campusak" 1 puntu izanen du.
Hiriko kanpaleku batean partaideak jarduera fisikoa edo kirol jarduera 9:00etan hasi eta 14:00etan bukatzen badu, hiriko kanpaleku horrek 3 puntu izanen ditu).
Iragarkiaren kodea: F2603922
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
