Iragarkia
68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UNANUKO KONTZEJUA (ERGOIENA)
Herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza
Unanuko Kontzejuak, 2026ko otsailaren 6an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Unanuko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean jarri zen Kontzejuaren iragarki-taulan, eta 2026ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 19an. Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Unanun, 2026ko otsailaren 23an.–Kontzejuko burua, Santiago Berastegui Lizarraga.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Unanuko Kontzejuaren herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.
2. artikulua.
Herri-lurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.
3. artikulua.
Herri-lurretako ondasunak besterendu ezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua.
Herri-lurretako ondasunak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak arautzen ditu.
Eta Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauek ere;
13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoa, ondasun, lursail eta baso izaerako herri-lurren aprobetxamenduan duen eraginarengatik. Zehazki, aipatutako Foru Legearen 6.4 artikuluan hau esaten da: "Toki entitateek, beraien lege berariazkoen esparruan eta oihan antolakuntzarako dituzten tresnekin bat, titularitatekoak dituzten mendiak eta herri mendiak kudeatuko dituzte, foru lege honetan ezarritako modu eta baldintzetan".
Herri-lurren gaineko ordenantza honek; eta halakorik ezean 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko arautzen dituena.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua.
Herri-lurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Unanuko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-lurretako ondasunen inguruan Unanuko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, 6/1990 Foru Legean, uztailaren 2koan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua.
Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Unanuko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Unanuko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNAK ZAINDU ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua.
Unanuko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.
8. artikulua.
Unanuko Kontzejuak noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua.
Unanuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua.
Unanuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua.
Unanuko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubide konstituzionalak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua.
Unanuko Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko ditu.
Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua.
Unanuko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Unanuko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua.
Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:
–Herri-larreen aprobetxamendua.
–Etxerako egurren aprobetxamendua.
–Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.
15. artikulua.
Unanuko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
16. artikulua.
1. Orokorrean, Unanuko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Adinez nagusia izatea edo bere kontura bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.
–Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urte bateko antzinatasunarekin.
–Unanun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.
–Kontzeju eta udal honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.
a) Parte hartzeko eskubidea dute Unanun erroldatuta dauden eta bertan bizi diren pertsonek.
b) Kontzejuak beretzat gordetzen du Ergoieneko gainerako udalerrietan erroldatuta dauden eta bertan bizi diren pertsonei herri-lurren aprobetxamendua esleitzeko prozesuan parte hartzen uzteko aukera, gonbidapen pertsonalen bidez, betiere guztion onerako baldin bada eta kontzejuarentzat onuragarria bada. Gonbidapena idatziz egingo da eta izenduna izango da. Esleipenaren baldintza-agirian, baldintza gehigarri batzuk gehitu daitezke bide horretatik parte hartzen dutenentzat.
2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.
Dena den, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familiakoekin bizi, betiere beraien diru-sarrerak lanbide-arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan kasu argituko ditu Unanuko Kontzejuko batzarrak.
II. KAPITULUA.–HERRI-LARREN APROBETXAMENDUA
17. artikulua.
Herri-larreen aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira eta lehentasun ordena honi jarraituz:
a) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamendua.
b) Ohizko esleipen bidez.
c) Enkante publikoaren bidezko esleipena.
18. artikulua.
Herritar abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta arau orokor gisa ez da onartuko azpierrentamendua edo lagapena.
Baimena eman daiteke, betiere guztion onerako bada eta Kontzejuarentzat onuragarria bada, aldez aurretik idatziz jakinarazita eta Unanuko Kontzejuko Batzarrak baimena emanda.
19. artikulua.
8 urtekoa izango da esleipen epea.
20. artikulua.
Edozein esleipen-motatan, Unanuko Kontzejuak ezarritako hasierako prezioaren adinako fidantza jarri beharko da.
21. artikulua.
Unanuko Kontzejuak hektareako jasan dezaketen abere-zama hau kalkulatu du:
a) 24 ardi-azienda buru.
b) 4 zaldi-azienda buru.
c) 3 behi-azienda buru.
Ondorio horietarako, Unanuko Kontzejuak uste du:
–Zaldi-aziendako buru 1 6 ardi-aziendaren baliokidea da.
–Behi-azienda 1 8 ardi-azienden baliokidea da.
22. artikulua.
Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoerara egokitzeko, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen arabera (Nafarroako KPIa).
I. ATALA.–HERRITARRENDAKO ESLEIPEN ZUZENEKO APROBETXAMENDUA
23. artikulua.
Larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradun izango dira abeltzaintza jarduera ekonomiko nagusia duten familia unitateen titularrak, baldin eta ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta azienda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zentsuaren Erregistroan alta emanda badute (ustiategiaren liburuan agertuko da), toki entitatearen baimena badu bere aziendarekin dagokion jarduera egiteko eta espediente zigortzailerik ez badu abiatuta udalean abeltzaintza arloko jarduera dela eta.
Kontzejuak beharrezkoa iruditzen zaion informazioa eskatu ahalko du, esleipen bide hau aukeratzen duen eskatzailearen jarduera ekonomiko nagusia abeltzaintza dela frogatzeko, adibidez, aurreko urteko errenta aitorpena.
24. artikulua.
Kontzejuak aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten eta hala eskatzen duten familia unitateei jarduera ekonomiko nagusia egiteko egoki iruditzen zaizkion lursailak esleituko dizkie, markatutako hasierako prezioan.
Eskaera enkantearen baldintza-agiria argitaratu baino lehen egin beharko da. Kontzejuak bando bat argitaratuko du prozesuaren datekin, tramite hori egiteko behar den denborarekin.
II. ATALA.–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZKO ESLEIPENA
25. artikulua.
Enkantean parte hartu ahal izango dute ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateek, nahiz eta abeltzaintza ez izan haien jarduera ekonomiko nagusia, 16.a artikuluak adierazten duen bezala.
Gainera, baldintzak betetzen ez dituzten eta Unanuko Kontzejuak 16.b artikuluaren arabera gonbidatu dituen pertsonek ere bai.
26. artikulua.
Enkantea gutun-azal itxian eginen da eta lursail bakoitzari zenbateko handiena duen eskaintza esleituko zaio.
16.b artikuluaren arabera, Unanun erroldatu gabeak, baina bai Ergoienan, gonbidatuak esleipendun izan daitezen, haien eskaintzak gutxienez %10ean gainditu beharko du Unanun erroldatuta egoteagatik libreki parte har dezaketenen eskaintza edo ezarritako irteera-prezioa.
Kontzejuak gutxieneko irteera-prezioa ezarriko du, eta eskaintzak, baliozkoak izan daitezen, prezio berekoak edo handiagokoak izan beharko dira. Lursail baterako eskaintzarik ez badago, lursail horren enkantea eman gabe utziko da.
Enkantea baldintza-agiri baten bidez arautuko da, eta hartan ezarriko dira Unanuko Kontzejuak ezartzen dituen egunak eta gainerako baldintzak.
III. KAPITULUA.–HERRI-LUR LIBREA ETA KOTATUA
27. artikulua.
Unanuko Kontzejuak Ergoienako 9. poligonoko 136. lurzatian alanbrez itxitako eremu bat utziko du aprobetxamendu bakar gisa, Kontzejuak espresuki eta idatziz emandako baimenarekin, betiere interesdunak aldez aurretik eskatuta, ordenantza honetako 16.a artikulua betetzen duten familia unitateen kasuan. Eremu honen aprobetxamenduak ez du inolako zerga ekonomikorik ekarriko. Eremu hau Iturtxiki inguruan dago eta abeltzaintzarako itxiturak erabat mugatzen du.
Lurzati horren ekialdeko zatia kotatutzat deklaratzen da eta larreen aprobetxamendua ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean baizik ez da baimenduko. Kontzejuak espresuki eta idatziz baimendu beharko du, interesdunak aldez aurretik eskatuta, salbu eta inguruko zuhaitzak leheneratzean kalteak antzematen badira eta, ondorioz, azienda hori kentzea komeni bada.
Urteko gainerako egunetan animaliarik gabe egon behar du, eta eremu horretan dauden animalien jabeek zigorra jaso dezakete. Zigorrak Nafarroan kotatuak arautzen dituen indarreko araudian ezarritakoak izanen dira. Deskribatutako eremua Urbasa-Andiako KBEren barruan dago. Ergoienako 9. poligonoko 136 M eta 138 E azpilurzatiak dira (ia erabat bat datoz Unanuko herri-lurretako egungo mendien antolamenduko 49a, 49b eta 50d rodalekin).
Abeltzaintzarako itxituraz mugatutako lurzatiaren mendebaldeko zatian ez da animaliarik izanen eta eremu horretan dauden animalien jabeek zigorra jasotzen ahalko dute. Zigorrak Nafarroan kotatuak arautzen dituen indarreko araudian ezarritakoak izanen dira.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
28. artikulua.
Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Unanuko Kontzejuak egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei edo Unanun etxea jabetzan dutenei.
29. artikulua.
Unanuko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitzeko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren aholkuari jarraiki.
30. artikulua.
Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu. Menditik emandako urtean kendu beharko dira.
31. artikulua.
Egur loteen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak eta loteen markatzea iragartzen den bandoan argitaratuko da. Erroldatutako pertsonarik ez duten etxeek erroldatuak dituztenak halako hiru ordaindu beharko dute.
32. artikulua.
Loteen adjudikazioa zozketa publikoan egingo da, ohituraren arabera. Zozketan parte hartu ahal izateko, dokumentu bat sinatu beharko da, eta esleipendunak konpromisoa hartu beharko du aprobetxamendua erauzteko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia betetzeko.
33. artikulua.
Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondoren hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Beti ere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.
34. artikulua.
Esleipen prozedurarako, ordenantza honetan xedatutakoari segituko zaio.
V. KAPITULUA.–HERRI ONDASUNEN BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
35. artikulua.
Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak barne harturik eratutako barrutietan, Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz eginen da.
36. artikulua.
Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Unanuko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.
VII. KAPITULUA.–HERRI ONDASUNEN HOBEKUNTZAK
37. artikulua.
1. Unanuko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute.
3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:
a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, behar izanez gero, Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena, beharrezkoa balitz.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
38. artikulua.
Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK
39. artikulua.
Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:
a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.
d) Herri-lurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.
e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.
f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuri-landareak, etab.) idatzizko udal baimenik gabe landatzea.
g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.
h) Herri-lurretan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.
i) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.
j) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.
k) Lursailak jaso diren mantenimendu baldintza berdinetan ez itzultzea (belar-sastrakak, alanbradak, askak...).
l) Kotatua aprobetxamendurako ezarritako epeetatik kanpo ez errespetatzea.
m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.
40. artikulua.
Arau-hauste horiek ondoko zigorrak izanen dituzte:
–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zigorrak ezartzea.
–g) eta k) arau-hausteengatik lurren edo herri-larreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da, baita Unanuko Kontzejuak eskaintzen dituen gainontzeko aprobetxamenduen esleipen-hartzailea izatekoa ere.
–Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraziko da. Balioa zehazterik ez badago, ehun euro eta hamar mila eta bostehun euro bitarteko zigorra ezarriko da. Zenbatekoa Kontzejuak erabakiko du.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenarekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera, eta ondorio juridiko osoak eraginen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua argitara ematen den unetik aitzinera.
Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Argitara ematen da, denek jakin dezaten.
Unanun, 2026ko martxoaren 23an.–Kontzejuko burua, Santiago Berástegui Lizarraga.
Iragarkiaren kodea: L2604379
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
