68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, "Euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2026ko laguntzak toki entitateentzat" izeneko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 892953.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.

Legezko betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik dituen eginkizunen artean daude udal eremuan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea, eta tokiko entitateekin elkarlanean aritzea euskaraz egiten diren eta euskarari buruzkoak diren jardueren sustapena eta antolamendua bultzatzeko, erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, komenigarritzat jotzen da "Euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2026ko laguntzak toki entitateentzat" izeneko deialdia onestea, norgehiagoka araubidean emateko prozedurari jarraikiz.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. "Euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2026ko laguntzak toki entitateentzat" izeneko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4609-334100: (E) Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa

2026

1.050.000,00

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru-agindu hau eta eranskinak.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete foru agindu honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 12an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–EUSKARA ERABILTZEKO ETA SUSTATZEKO TOKI ENTITATEENTZAKO 2026KO LAGUNTZEN DEIALDIA

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte Nafarroako toki entitateek euskara sustatu eta erabiltzeko egiten dituzten programazioak finantzatzeko laguntzak emateko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Oinarri arautzaile hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izaten ahal dira Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.

2.2. Entitate eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

3.–Modalitateak eta aurrekontua.

3.1. Deialdian modalitate hauek daude:

a) A modalitatea: toki entitate eskatzailearen eskumen eremuan egindako programak. Modalitate honetarako aurrekontu-zuzkidura 300.000 eurokoa da, eta proportzioz banatuko dira honako azpimodalitate hauen artean:

A.a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa.

A.b) Errotulazio eta argitalpenen programa.

A.c) Tailerren programa, prestakuntza ikastaroak eta programen jarraipenerako jarduerak.

b) B modalitatea: zenbait toki entitatek (3 gutxienez) batera egindako programak. Modalitate honetarako aurrekontu-zuzkidura 440.000 eurokoa da, honela banaturik:

b.1) 300.000 euro gizarte eta kultura arloan euskara sustatu eta erabiltzeko programetarako.

b.2) 140.000 euro euskararen ahozko erabilera sustatzeko berariazko programetarako, bi adin tarte hauetan: haurrak eta nerabeak (16 urtetik beherakoak) eta gazteak eta helduak (16 urtetik gorakoak).

c) C modalitatea: herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko programak. Modalitate honetarako aurrekontu-zuzkidura 310.000 eurokoa da, honela banaturik:

c.a) 120.000 euro euskara zerbitzu tekniko berriak sortzeko.

c.b) 40.000 euro toki entitateetako langileek euskara ikasteko.

c.c) 25.000 euro hizkuntza paisaia hobetzeko programa integraletarako.

c.d) 125.000 euro azterlan soziolinguistikoak eta hizkuntza plangintzako gogoeta eta partaidetza prozesuak egiteko.

3.2 Laguntzak finantzatuko dira 2026ko gastu aurrekontuko "Udal eremuan euskara garatzeko laguntzen programa" izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura, eta gehienez ere 1.050.000 euroko zuzkidura izanen dute.

3.3 Deialdiaren B edo C modalitateetako programen zuzkidura ekonomikoa agortzen ez bada, A modalitateko zuzkidura ekonomikoari gehituko zaio, kultura eta gizarte arloko sustapen programetarako, deialdi honen 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

4.–Programazioa prestatzen eta koordinatzen duten langileek bete beharreko eskakizun teknikoak.

4.1 Euskal hiztunak biztanleriaren %10ekoa edo handiagoa duten eremu soziolinguistikoetako toki entitateetan –ikus deialdi honetako 5. puntua–, gutxienez titulazio hau duten teknikariek edo hautetsiek prestatu eta garatuko dute programazioa:

a) Unibertsitateko diploma edo gradua.

b) Euskarazko C1 titulua edo baliokidea.

4.2. Euskal hiztunak biztanleriaren %10etik beherakoa duten eremu soziolinguistikoetako toki entitateetan –ikus deialdi honetako 5. puntua–, hizkuntza normalizaziorako teknikariek eginen dute lan hori Euskara Zerbitzua dagoen kasuetan, edo, bestela, diploma edo gradu bat duten teknikariek edo hautetsiek.

4.3. Eskaintza honen C modalitatearen arabera kontratatzen diren pertsonak 4.1 puntuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte.

5.–Irizpide soziolinguistikoak.

Deialdi honen ondorioetarako, kontuan hartuko dira Euskara Ezagutzaren araberako Biztanleriaren Estatistikako 2022. urteko euskara ezagutzari buruzko datu soziolingustikoak. Estatistika hori Nafarroako Estatistika Erakundeak egin ditu Nafarroarako.

https://nastat.navarra.es/eu/tablas_powerbi/-/tag/perfil-euskera

6.–Diruz lagungarriak diren gastuak eta jarduerak.

Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, deialdiaren 1. puntuan ezarritako aldiaren barruan egiten badira. Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostuak ez du inoiz izan behar merkatu-balioa baino handiagoa.

Jarduerak onartzeko, deialdi honen 5. puntuan azaldutako Nafarroako euskara ezagutzaren gaineko datu soziolinguistikoak hartuko dira kontuan.

6.1. Programak A, B eta C modalitateetan sartzen dira.

6.1.1. A modalitateko programak:

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, toki entitateek banaka egindakoak; horien barnean honakoak:

a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa: zinema, antzerkia, literatura lehiaketak, ipuin kontalariak, hitzaldiak, ikastaroak edo tailerrak (gehienez 4 ordukoak), bertsolaritza emanaldiak, erakusketak, musika emanaldiak eta arlo horietako produktu digitalak.

Musika emanaldietarako laguntzak ondoko baldintza hauen arabera arautuko dira:

–Euskal hiztunen %10 edo gehiago duten entitateetan, nagusiki ahozkoak diren euskarazko musika jarduerak laguntzen ahalko dira diruz, herriko jaietan egiten direnak izan ezik.

–Euskal hiztunen %10 edo gutxiago duten entitateetan, nagusiki ahozkoak diren euskarazko musika jarduerak laguntzen ahalko dira diruz, baita herriko jaietan egindakoak ere.

b) Errotulazio eta argitalpenen programa; honako jarduera hauek jasoko ditu: errotulazioa (eraikinak, gelak zapiak eta antzekoak), argitalpen inprimatuak (kartelak, egutegiak eta agendak, liburuxkak eta antzekoak, buletinak edo udal web-orriak itzultzea), bai eta ikerketa eta dibulgazio lanak ere (formatu inprimatuan, multimedian edo ikus-entzunezkoan).

Laguntzak ondoko baldintza hauen arabera arautuko dira:

  • %80 eta %100 arteko (biak barne) euskal hiztunak dituzten entitateetan diruz laguntzen ahalko dira ikerlanen eta dibulgazio lanen argitalpenak formatu inprimatuan, multimedian edo ikus-entzunezkoan eta euskararen erabilera sustatzeko sentsibilizazio kartelak eta liburuxkak.
  • %11 eta %79 arteko euskal hiztunak dituzten entitateetan, aurreko atalean aipatutako jarduerez gain, diruz laguntzen ahalko dira udal buletinetako itzulpenak eta kartel eta liburuxka elebidunen errotulazio eta argitalpen inprimatuak (euskararen egunekoak eta antzekoak).
  • %10eko edo hortik beherako euskal hiztunak dituzten entitateetan, diruz laguntzen ahalko dira aurreko bi ataletan aipatutako jarduera guztiak, herriko jaiekin lotutakoak barne.

c) Entitateak antolatutako tailer programak, prestakuntza ikastaroak edo jada hasita dauden programen jarraipenerako jarduerak (hala nola merkataritza eta ostalaritza establezimenduetara bisitak egitea arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko programen baitan), 4 ordutik gorakoak, eta euskara sustatzeko zehazki diseinatutakoak: ludotekak, udalekuak eta antzekoak.

Ludoteken eta udalekuen balorazioan kontuan hartuko da antolatutako taldeetako bakoitza, betiere haietako bakoitzaren ordu kopurua zehazten bada. Hala egin ezean, taldeak unitate gisa (jarduera bakarra izanen balira bezala) zenbatuko dira, eta aurkeztutako orduen guztizko kopuruaren arabera baloratuko da. Euskara Zerbitzu Teknikorik ez duten edo eskaera haren bitartez aurkezten ez duten udalerriek udalekuak edo ludotekak antolatzeko proiektua aurkeztu beharko dute, eta laguntza eskaerarekin batera baloratuko da. Hizkuntza dinamizatzeko lanak egiten dituztenek hartarako berariazko ikastaro bat egin dutela egiaztatu beharko dute.

6.1.2. B modalitateko programak.

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, aurreko puntuan jasotakoak (A modalitatea), hainbat toki entitateren artean egindakoak (gutxienez hiruren artean). Euskararen ahozko erabilera indartzeko berariazko programak eta gainerako programak bereiziko dituzte.

6.1.3. C modalitateko programak.

Herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko programak; haien barruan honako hauek daude:

a) Euskara zerbitzu tekniko berriak sortzea eta finkatzea. Diruz lagunduko da euskara teknikariak, B mailakoak, kontratatzearen ondorioz sortzen den gastuaren zenbatekoa, kontratazioa egiten den egunetik.

b) Toki entitateetako langileek euskara ikastea. Toki entitateetako langileak euskara ikasteko ordezteko laguntzak dira. Ikaskuntza hori eginen da Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko euskaltegiek eskaintzen dituen ikastaroetan edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak aitortutako euskaltegietan, 2025eko urritik 2026ko irailera bitartean, biak barne. Diruz lagundu ahal izateko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak baliozkotu beharko ditu proposamenak.

Ikaskuntza programan hautatutako langileen hutsunea betetzeko kontrataziotik eratorritako gastuaren zenbatekoa kalkulatzeko, nomina eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota sartuko dira. Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen.

c) Hizkuntza paisaia hobetzeko programa integralak. %10 edo hortik beherako euskal hiztunak dituzten entitateetan, berariaz lagunduko zaie udal eskumenekoak diren hiri seinaleztapen publikoko proiektu integralei (kaleko plakak, informazio eta turismo plakak, eta testua duten trafikoa arautzeko seinaleak). Proiektu horiek udalerri osoa hartu behar dute kontuan, eta plakek presentzia eta ikusgarritasun bera izan behar dute beti euskaraz eta gaztelaniaz. Dirulaguntza jaso ahal izateko, Euskarabidea-Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak haien hizkuntza baliozkotu beharko du. Seinale eta plaken testuen zerrenda Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura igorriko da. Informazio seinaleak eta plakak badira, entitateak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura zerrenda bidaliko du, itzulpen proposamen batekin batera. Udal kale izendegia bada, entitateak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura bidaliko du izen ofizialen zerrenda, bi hizkuntzetan.

d) Azterlan soziolinguistikoak, fitxategiak eta hizkuntza plangintzako gogoeta eta partaidetza prozesuak egiteko laguntzak. Eskabidearekin batera, txosten labur bat aurkeztuko da, honako informazio honekin: helburuak, metodologia, kronograma, komunikazio estrategia, gastua eta kontratatutako enpresa.

6.2. Programan sartutako jardueren deskribapenean, A edo B modalitatekoak diren argi bereiziko da, eta gutxienez ere atal hauek zehaztuko dira: helburua, modalitatea (kalkulu orrian dagokiona hautatuko da), programatutako jarduera, gauzatzeko tokia eta eguna, pertsona arduraduna (edo udal saila), ebaluazio adierazlea (zenbakiz neurtzeko modukoa) eta aurreikusitako gastu eta sarreren aurrekontua.

6.3. Honako hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:

a) Toki entitateek Nafarroako Gobernuaren eskumen esklusibokoak diren arloetan egindako jarduerak, ekintzak edo kanpainak.

b) Ikastetxeetan curriculum ordutegian egindako jarduerak, azaroaren 9ko 106/2023 Foru Agindua aplikatzearen ondorioz, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako eskolaldi motak.

c) Toki entitateez kanpoko elkarteek edo erakundeek antolatutako jarduerak.

d) Entitate pribatuekiko hitzarmenak.

e) Ekitaldi gastronomikoak eta antzeko jarduerak.

f) Kirol jarduera erregularizatuak.

g) Toki entitateak pertsona edo erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntzak.

h) Komunikabideetako publizitatea.

i) Argitalpenen harpidetzak, salbu eta doan banatzeko erosten badira.

j) Argitalpenak banatzeko, liburuxkak postontzietan banatzeko edo kartelak jartzeko gastuak.

k) Dirulaguntzaren helburuari (alegia, euskara eta haren erabilera sustatzea) erantzuten ez dioten jarduera guztiak.

6.4. Plantillako langileek beren eginkizunak betetzeagatik jasotzen dituzten lansariei dagokiena ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko, alde batera utzita C.a) eta C.b) modalitateetakoa.

6.5. Programetan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez-sexista erabiliko da eta emakumeen eta gizonen irudi ez-estereotipatua.

Toki entitateek antolatutako jardueretan gizonen eta emakumeen parte-hartzearen berri izateko, tailerretako parte-hartzeari buruzko datuak sexuaren arabera zehaztuko dira justifikatzeko fasean, berdintasun irizpideak betetzeko.

7.–Euskararen erabilera.

7.1. Deialdi honen barruan programatzen diren jarduerak euskaraz eginen dira, eta, hizkuntzaren araudiari eta erabilera zuzenari dagokienez, Euskaltzaindiak ezarritakoa beteko dute.

7.2. Salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten ahalko dira, erdaldunei zuzendutako jarduerak badira eta euskararekiko jarrera positiboak sustatzen badituzte.

8.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

8.1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz.

Izapideen fitxarako sarbidea:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-a-entidades-locales-para-el-uso-y-promocion-del-euskera

8.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun naturaleko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Akatsa zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

8.4. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat (GHEB) izatea, zeina Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura baitaiteke: https://dehu.redsara.es/. Eskuratzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

9.–Agiriak.

Agiri hauek aurkeztuko dira:

9.1. Laguntza eskaera.

9.2. Programazioa (III. eranskina), kalkulu orriaren formatuan jaitsiko den ereduaren arabera.

9.3. Toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria (III. eranskina), organo eskudunak (alkateak, gobernu batzordeak edo osoko bilkurak) programazioa onesteko hartutako erabakiari buruzkoa eta programazio hori 4 oinarrian jasotako zehaztapenen arabera koordinatuta dagoela adierazten duena.

Gainera, kasua bada, sortu edo finkatu beharreko euskara zerbitzu teknikoetako langileen kontratazioak bilduko ditu.

9.4 Idazkaritzaren ziurtagiria eta euskara zerbitzuaren txostena udal mankomunatuentzat (IV. eranskina eta V. eranskina).

Euskara zerbitzuak emateko mankomunatuta dauden udalek norberaren toki eremurako programazio espezifikoa aurkezten badute, mankomunitateko Euskara Zerbitzu Teknikoko teknikarien aldeko txostena eta mankomunitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria ere aurkeztu beharko dituzte. Ziurtagiri horretan, programazio hori osagarria dela eta mankomunitatearen helburuak betetzen laguntzen duela egiaztatuko da, deialdian eskatutako baldintzetan.

10.–Prozeduraren instrukzioa.

10.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari dagokio eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera jokatuko da.

10.2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari eman beharko zaio diruz lagundutako programaren garapenean gertatzen den gorabehera ororen berri. Halaber, Zerbitzuak aurrez eman beharko du edozein aldaketaren onespena.

11.–Balorazio irizpideak.

Programak baloratzeko, esparru hauek hartuko dira kontuan:

11.1. A modalitateko programak. Atal honetako gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da.

Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako ibarretako gaur egungo egoera sozioekonomikoa aztertzeko Parlamentuak 2018ko azaroaren 8an eratu zuen ponentziaren txostenean dauden toki entitateei (Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Erroibar, Artzibar, Nabaskoze, Orotz-Betelu, Orreaga, Luzaide eta Auritz) atal honetan puntu bakoitzeko 1.2 puntuko balioa emanen zaie; izan ere, ponentzia hartan dei egiten zitzaion Nafarroako Gobernuari bere politikak garatzean kontuan har zezan Pirinioak bizi duen egoera kritikoa, zehazki euskarazko kultura eta gizarte jarduerekin lotutako ekimenetan.

11.1.a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa. Gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

  • 500 euro arteko gastua, puntu bat.
  • 501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.
  • 1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.
  • 2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.
  • 3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

11.1.b) Euskarazko errotulazio eta argitalpenen programa. Gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

  • 500 euro arteko gastua, puntu bat.
  • 501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.
  • 1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.
  • 2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.
  • 3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

11.1.c) Euskaraz emandako prestakuntza lantegi eta ikastaroen programa eta jarraipenerako jarduerak. Gehieneko puntuazioa 75 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

  • 4 eta 20 ordu arteko iraupena, 5 puntu.
  • 21 eta 60 ordu arteko iraupena, 10 puntu.
  • 61 ordu edo gehiago, 15 puntu.

11.2. B modalitateko programak.

Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

a) Parte hartu duten toki entitateen kopurua, 10 puntu gehienez.

–3 toki entitatetik 15era bitarte, 5 puntu.

–16 toki entitate baino gehiago, 10 puntu.

b) 40 puntu emanen zaizkio onartutako aurrekontu altuena duen programari, eta gainerakoei onartutako aurrekontu altuenarekin proportzioan esleituko zaizkie puntuak.

c) 50 puntu emanen zaizkie euskararen ahozko erabilera aktibatzeko helburua duten eta Nafarroako Foru Komunitate osoan ezarrita dauden programei.

d) Programen kalitatea izanen da kontuan, haien diseinua eta hedapena barne harturik.

11.3. C modalitateko programak.

–C.a) modalitateak. Euskara zerbitzu tekniko berriak sortzeko eta finkatzeko programa. Sortu edo finkatu beharreko euskara zerbitzuetako teknikarien gastu onartua hartuko da kontuan.

–C.b) modalitatea. Toki entitateetako langileek euskara ikasteko programa. Eskatzaileak lortutako puntuazioan oinarritik hautatuko dira. Hala ere, Baloraziorako Batzorde Teknikoak haztatzen ahalko du postuak eskaera egin duten toki entitateen artean nola banatzen diren. Horretarako, gehieneko puntuazioa 25 puntu izanen da, eta lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuko dira irizpide hauen arabera:

  • Herritarrei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, puntu 1; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.
  • Haur eta gazteei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, puntu 1; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.
  • Dokumentuak euskaraz sortu eta kudeatzea: gutxi, puntu 1; aski, 2 puntu, eta anitz, 3 puntu.
  • Kultura koordinazioaren, kirol koordinazioaren, gizarte lanaren edo antzeko lanpostu teknikoa: ez; 0 puntu; eta bai, 3 puntu.
  • Euskarazko eskakizuna plantilla organikoan: ez, 0 puntu; eta bai, 6 puntu.
  • Egin beharreko ikastaro trinkoen eskaera: ikastaro bat, 3 puntu; eta bi ikastaro jarraian, oinarrietan ezarritako edozein mailatan, 7 puntu.

–C.c) modalitatea. Hizkuntza paisaia hobetzeko programa integralak. Euskal hiztunak %10 edo txikiagoa duten entitateetako hobekuntzei dagokienez, programaren zenbatekoa agortu arte emanen da dirulaguntza, eta programa honetarako onartutako aurrekontuarekiko proportzionala izanen da.

–C.d.) modalitatea. Azterlan soziolinguistikoen eta hizkuntza plangintzako gogoeta eta partaidetza prozesuen programa. Ondotiko hauek bezalako irizpideak hartuko dira kontuan, eta irizpide horien arabera puntuatuko dira:

  • Metodologia aztergaira egokitzea: 5 puntu gehienez.
  • Azterlanak euskararen sustapenean eta erabileran duen erabilgarritasuna: 5 puntu gehienez.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta haien zenbatekoa.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Laguntzaren zenbatekoa ez da modalitate bakar batean izanen onartutako aurrekontua baino %85 handiagoa, alde batera utzita B modalitatean hobekien baloratutako programa (euskararen ahozko erabilera) eta deialdiaren epean sortu berriko Euskara Zerbitzu Teknikoak, C.a) modalitateko lanaldi osoko kontratazioa dutenak, halakoek laguntzaren %100 lortzen ahalko baitute, programaren defizit onartua inola ere gainditu gabe.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzaren barruan eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak eurotan duen balioa.

c) Baldin eta C modalitatean soberakinak badaude, B modalitateko programetan banatuko dira. Banaketaren ondotik, oraindik badago soberakinik, A modalitateko programen artean banatuko dira. Hartarako, irizpide hauei jarraituko zaie:

–C modalitateko azpimodalitate batzuetan soberakinak gelditzen badira, modalitate bereko gainerako programen artean banatuko dira.

–Banaketaren ondotik, C modalitatean soberakinik gelditzen bada, B modalitateko azpimodalitateen artean banatuko dira.

–B.2) azpimodalitatean soberakinak gelditzen badira, B.1) modalitateko programen artean banatuko dira.

–Banaketaren ondotik C eta B modalitateetan soberakinik gelditzen bada, A modalitateko eskaeren artean proportzionalki banatuko da.

13.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

13.1. Baloraziorako batzorde tekniko bat eratuko da deialdi honen baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertu eta baloratzeko.

13.2. Batzorde horren kide izanen dira:

a) Batzordeburua: Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

b) Batzordekidea: Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia ordezkatzen duen pertsona bat.

c) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hizpidea duela.

13.3. Baloraziorako Batzorde Teknikoak esleituak ditu eskaeren gaineko txostena eta balorazioa egiteko eginkizunak, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

14.–Ebazpen proposamena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak baloratuko ditu, eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari igorriko dizkio bere jarduketak jasotzen dituzten aktak; zerbitzu horrek ebazpen proposamena aurkeztuko dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari, eta hark ebatziko du.

Proposamen horretan adierazita egonen da zein eskatzaile proposatzen diren laguntzak emateko eta laguntzen zenbatekoa, balorazioa ezarritako irizpideen arabera zehaztuta; horrekin batera, onartutako programa eta jarduerak azalduko dira, bai eta ezetsitako eskaerak ere, arrazoia barne.

15.–Ebazpena.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du laguntzak emateko, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean. Bertan, eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua jaso beharko da, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.

16.1. Dirulaguntzaren onuradunak, behin dirulaguntza eman ondotik, beharturik egonen dira jasotako funtsak ze helburutarako eman ziren, horretan erabiltzera, eskaeran aurkeztutako proiektuarekin bat. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak diruz lagundutako proiektuak egin direla egiaztatzen ahalko du.

16.2. 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko jarduerak eta gastuak onartuko dira.

16.3. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari ziurtagiriak aurkezteko epea 2026ko urriaren 16an agortuko da, eta ordura arte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Dokumentazio hori aurkeztuko da dirulaguntza emateko ebazpenarekin eta aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat.

17.–Dirulaguntzaren frogagiriak.

17.1. Kalkulu orria (VII. eranskina), toki entitate bakoitzera igorriko dena bete dezan, eskatutako datuak biltzeko.

–A eta B modalitateetako programetarako, gastuei, sarrerei eta balorazioari buruzko datuak, eremu hauekin: jarduera, aurrekontua, faktura edo antzekoa jaulki zen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa, ordainketa data, beste instituzio publiko batzuen dirulaguntza, beste sarrera batzuk, sarrera data, ebaluazioa eta tailerretan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera zehaztuta, eta sortutako materiala.

–C.a) eta C.b) modalitateetako programak: nominaren kontzeptuan eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan egindako ordainketak.

C.c) eta C.d) modalitateetako programetarako, gastuen datuak, jarduera, faktura edo antzekoaren jaulkipen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa eta ordainketa data.

17.2. Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren helburua bete dela egiaztatzen duena, eta kalkulu orrian emandako datuak (VI. eranskina).

17.3. Baliabide eta material guztien lagin bana, paperean edo euskarri digitalean, eta, argitaratutako liburuen kasuan, bina ale.

18.–Dirulaguntzaren ordainketa.

18.1. Organo kudeatzaileak 17. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aztertu ondotik ordainduko da laguntzen zenbatekoa. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako programei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.

18.2. Balorazio irizpideekin bat egin ez diren programen zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

18.3. Deialdi honen indarraldian, proiektu bererako beste dirulaguntza bat ematen bazaio, toki entitateak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, dirulaguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.

19.–Argitalpena.

Euskarabidea-Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak deialdi honen ebazpena bere webgune ofizialean (http://www.euskarabidea.es) eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko du, adieraziz toki entitate onuradunen zerrenda, zenbateko diru kopurua ordainduko zaion haietako bakoitzari eta entitate baztertuen zerrenda, halakorik balego, adieraziz zeintzuk diren baztertu izanaren arrazoiak.

20.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira xede bererako jaso daitezkeen beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin. Halere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

21.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

21.1. Entitate onuradunak behar bezala ez badu justifikatzen programak egin izana, ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalak. Halakoetan, ez-betetzearekiko proportzionalak izanen diren itzulketak edo ez-ordaintze partzialak eginen dira. Ez-betetze larritzat joko dira funtsezko gaiei dagozkienak. Halakoetan, arau orokorra izanen da itzulketa edo ez- ordaintze osoa, galarazi gabe, bi kasuetan ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetarako berandutza korrituak eskatzea. Balorazio batzorde teknikoak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

21.2. Aurrekoa gorabehera, eskubidea azkendu eginen da eta jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, baldin eta, toki entitatearen erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, sortutako euskara zerbitzu teknikoak sortu zenetik gutxienez hiru urtez irauten ez badu.

Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.

21.3. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

22.–Beste betebehar batzuk.

22.1. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuak, laguntzen fiskalizazio eta xedearen kontrol eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia eman beharra dute.

22.2. Programa egiteko hornitzaileen kontratazioa 12.000 eurotik goikoa bada, toki entitateak frogatu beharko du kontratazio hori efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz egin dela, salbu eta, gastuaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

23.–Emandako laguntzen publizitatea.

23.1. Idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, onuradunak Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen du.

Betebehar hori egonen da honako hauei dagokienez:

a) Aurreko deialdietan laguntzak jaso dituzten eta oraingo deialdian aurkezten diren programetako jarduerak.

b) Dirulaguntzaren ebazpena jakinarazi ondotik lehendabizikoz egiten diren jarduerak.

Aipamen hori eginen da jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideei (foru dekretu horren bidez aldatzen da urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzekoa), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian mantenduko da.

23.2. Entitate onuradunak ez badu betebehar hori betetzen, deialdiaren 21. apartatuan xedatutakoa beteko da.

23.3. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak, entitate titularrari adierazi eta harekin adostu ondotik, euskararen sustapenerako jarduera interesgarrienak hedatzen ahalko ditu.

24.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

24.1. Oinarri hauetan aurrez ikusi ez den orotan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emaniko dirulaguntzen eraentza juridiko orokorra arautzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta maiatzaren 23ko 25/2012 Foru Dekretuan (Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko laguntzak arautzen dituena) xedatutakoak aginduko du.

24.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia izapideen katalogoaren fitxan aurki dezakezu:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-a-entidades-locales-para-el-uso-y-promocion-del-euskera

Iragarkiaren kodea: F2604130