Iragarkia
68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Udaltzaingoaren ordainsarien erregelamendua. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak Iruñeko Udaltzaingoaren ordainsarien erregelamenduaren hasierako onespena erabaki zuen 2025eko abenduaren 11ko osoko bilkuran.
Espedientea jendaurrean paratu zen –aldez aurretik Nafarroako 258. Aldizkari Ofizialean, 2025eko abenduaren 30ekoan, eta Iruñeko Udaletxeko iragarki-taulan argitaratu zen– hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarkia Aldizkarian noiz argitaratu eta hortik aitzina. Iruñeko Udalak, 2026ko martxoaren 5eko osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi eta behin betiko onetsi zuen Iruñeko Udaltzaingoaren ordainsarien erregelamenduaren testua.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, Iruñeko Udaltzaingoaren ordainsarien erregelamenduaren testu osoa argitaratzen da.
Iruñean, 2026ko martxoaren 5ean.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
IRUÑEKO UDALTZAINGOAREN ORDAINSARIEN ERREGELAMENDUA ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak Nafarroako tokiko polizien araubidea erregulatzea du xede, besteak beste. Horrela, legearen tituluetan kontuan hartu beharreko hainbat alderdi jasotzen dira Nafarroako poliziei dagokienez, hala nola egitura organikoa, Nafarroako polizien arteko harremanak, Nafarroako Foruzaingoari eta arlo horretako organo aholku-emaileei buruzko guztia, Nafarroako tokiko poliziak, eremu polizialean lanpostuak hautatzea, betetzea eta horietara sartzea, ordainsariak, eskubideak, betebeharrak eta diziplina-araubidea.
Foru lege horrek geroko erregelamendu bidezko garapenerako oinarriak ezarri ditu, eta garapen horrek zehaztu ditu Nafarroako poliziei aipatutako eremu horietan eragiten dieten alderdi guztiak. Arauaren garapen hori, Iruñeko Udaltzaingoari dagokionez, heldu da tokiko poliziaren funtzionamendua arautu behar duten oinarrizko alderdien zati bat dagoeneko araututa dagoelarik, dela erregelamendu bidez, dela Iruñeko Udaleko eta haren menpeko erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen akordio kolektiboan itundutako baldintzen bidez.
Ildo horretan, Iruñeko Udaltzaingoak bere antolaketa-egitura definitzen du Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, zeina 2017ko martxoaren 2ko osoko bilkuran onetsi eta 2017ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 3koan, argitaratu baitzen. Egoera bera aipatu behar da urteko lanaldiari, ordutegi-araubideari eta herrietako jaietan parte hartzeagatiko konpentsazioari dagokienez, Iruñeko Udaltzaingoaren kasuan akordio kolektiboan jasotakoak arautzen baititu.
Bestalde, 23/2018 Foru Legeak zuzeneko aplikazioa du beste gai batzuen funtzionamenduan, hala nola lanpostuak hautatzeko, hornitzeko eta horietara sartzeko sistema, eskubideak eta betebeharrak eta polizia-eginkizunetan aplikagarria den diziplina-araubidea.
Beste egoera batean dago, ordea, foru lege honetan arautzen den ordainsarien gaia. Ildo horretan, azpimarratu behar da 23/2018 Foru Legearen ondoren urriaren 25eko 227/2023 Foru Dekretuan jasotako erregelamendu bidezko garapena onetsi zela. Foruzaingoaren Lanaldi, Ordutegi eta Ordainsarien Erregelamendua onesten dituen foru dekretu horrek, Foruzaingoaren lanaldien eta txanden araubidea arautzeaz gain, Nafarroako poliziei ordain dakizkiekeen ordainsariak arautzen ditu lanpostuen balorazioari buruzko azterketa egin ondoren, soldata-osagarrietan eragina duten aldagaiak kontuan hartuta.
Testuinguru horretan, garrantzitsua da azpimarratzea Iruñeko Udaleko indarreko plantilla organikoan Iruñeko Udaltzaingoan ordaintzen diren ordainsari-kontzeptuak jasotzen badira ere, ez dagoela ordainsari horien betekizunak eta aplikazioak definitu eta arautzen dituen erregelamendu bidezko garapenik. Hala ere, 23/2018 Foru Legeak, 65. artikuluan, Nafarroako toki administrazioei ematen die agindu hori, xedatzen baitu beren polizien titular diren toki entitateek garatuko dituztela lege horretan jasotako ordainsari osagarriak.
Beharrezkoa da, beraz, Iruñeko Udaltzaingoak jaso beharreko ordainsariak tokiko araudi-mailan garatzea, are gehiago Iruñeko Udaleko eta haren menpeko erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen akordio kolektiboaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera; izan ere, xedapen horretan Nafarroako Foruzaingoaren eta Iruñeko Udaltzaingoaren ordainsariak parekatzeko eskatzen da.
TITULU BAKARRA.–ORDAINSARIAK
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da Iruñeko Udaltzaingoko langileen ordainsarien araubidea arautzea.
II. KAPITULUA.–ORDAINSARIAK
2. artikulua. Ordainsarien araubidea.
1. Iruñeko Udaltzaingoko langileei kontzeptu hauengatik bakarrik ordaintzen ahalko zaie:
A. Norberaren oinarrizko ordainsariak:
a) Oinarrizko soldata, mailari dagokiona.
b) Graduari dagokion ordainsaria.
c) Antzinatasun saria.
Norberaren oinarrizko ordainsariak eskuratutako eskubidea dira, funtzionario izaerari dagozkionak.
B. Ordainsari osagarriak:
a) Berariazko osagarria.
b) Lanpostuaren osagarria.
c) Prestasun bereziaren osagarria.
d) Burutzaren osagarria.
Ordainsari horiek norberak esleituak dituen lanpostuan jarduteari dagozkio eta, beraz, lanpostua uztearekin bat haiek jasotzeari ere uzten zaio.
C. Bestelako ordainsariak:
a) Zerbitzuagatik egiten diren gastuen kalte-ordaina. Berariaz jasoko du gida-txakurren taldeko langileek zerbitzua emateko erabiltzen dituzten txakurrak mantentzeagatiko gastuen kalte-ordaina, aldez aurretik ordainketa justifikatuta.
b) Egindako bidaien kalte-ordaina.
c) Zerbitzurako jantziak erosteagatik ematen den kalte-ordaina, erregelamenduz ezartzen diren kopuruetan.
d) Bizilekua aldatzea dakarren nahitaezko lekualdatzeagatik ematen den kalte-ordaina.
e) Familia laguntza.
f) Aldi baterako osagarri pertsonala bigarren jarduerako egoera administratiboagatik, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan eta kopuruetan.
g) Konpentsazioa aparteko orduengatik, gauez nahiz jaiegunez, lanpostuan egin beharreko guardiengatik eta guardia lokalizatuengatik, hautapen epaimahaietan parte hartzeagatik, prestakuntza ikastaroak irakasteagatik eta sanferminetan zerbitzua emateagatik.
h) Konpentsazioa ordutegirako eskuragarritasunagatik.
i) Lanaldiaren luzapeneko osagarria.
2. Nafarroako Administrazio Publikoetako gainerako funtzionarioei oro har aplikatzen zaizkien arauek zuzenduko dituzte norberaren oinarrizko ordainsariak, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean aurreikusitako alderdi espezifikoekin.
Gainerako ordainsariak Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen arabera arautuko dira, eta lege horretan berariaz aurreikusita ez dagoen guztian, Nafarroako Administrazio Publikoetako gainerako funtzionarioei oro har aplikatu beharreko arauen arabera.
3. artikulua. Berariazko osagarria.
1. Berariazko osagarria Nafarroako Udaltzaingoko langile guztiei ordainduko zaie; haren zenbatekoa izanen da mailari dagokion hasierako soldataren %45, barnean sartuta bai polizia-bateraezintasuna (%35) bai polizia-eginkizunak berezko duen arriskua (%10).
2. Polizia-bateraezintasuneko osagarria jasotzen bada, debeku izanen da irabazizko jarduerarik egitea, sektore publikoan zein pribatuan, baldin eta kasuko jarduera horrek eragozten edo kaltetzen badu esleitutako betebeharrak betetzea, edo inpartzialtasun edo independentzia arriskuan jartzen baditu, betetzen den lanpostuaren mailarengatik bateraezina bada, edo oinarrizko jarduketa-printzipioen aurkakoa bada. Nolanahi ere, Giza Baliabideetako zuzendariaren aldez aurreko baimena beharko da, Iruñeko Udaltzaingoko buruak txosten arrazoitua egin ondoren.
4. artikulua. Lanpostuaren osagarria.
1. Lanpostuaren osagarriak honako hauek ordainduko ditu: eskatzen den prestakuntza tekniko eta fisiko berezia, zailtasun-maila, lanpostuari dagokion ordutegi-araubidea, nekagarritasuna, txandakako lana, arrisku berezia, dedikazio berezia, malgutasuna eta erantzukizun berezia.
2. Lanpostuaren osagarriaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu mailari dagokion hasierako soldataren %75, eta zehaztuko da unitate organikoak Nafarroako Foruzaingoarekin parekatuz.
3. Iruñeko Udaltzaingoko unitateetan lanpostuaren osagarria zehazteko, Nafarroako Foruzaingoaren lanpostuen balorazioari buruzko azterketa hartzen da erreferentziatzat. Azterketa horrek bi polizia-kidegoetako unitateen arteko analogiak ezartzeko oinarriak ezartzen ditu, erregelamendu honen I. eranskinean jasota daudenak.
4. Iruñeko Udalean dagokion osagarriaren behin betiko zehaztapena egiten da Foruzaingoko unitate baliokideari esleitutako lanpostuaren osagarria erreferentziatzat hartuta, dedikazioaren faktorearen ondoriozko desberdintasunengatiko zuzenketa aplikatuz (hau da, urteko lanaldia eta ordutegi-malgutasuneko araubidea).
Zuzenketa hori osagarriaren urteko benetako orduko prezioa doituz egin da. Kalkulu horren ondorioz, erregelamendu honen II. eranskinean jasotzen diren lanpostuko osagarrien ehunekoak lortzen dira.
5. Udaltzaingoko unitateen txanden araubidean egin nahi diren aldaketak negoziazio mahaian negoziatu beharko dira, adostasuna bilatuz eta txanden zein malgutasunaren araubideek lanpostuaren osagarrian duten eragina kontuan harturik, erregelamendu honen III. eranskinean jasotakoaren arabera. Aldaketak ez du inola ere ekarriko lanpostuaren osagarria murriztea.
6. Agente lehenaren lanpostuak gutxienez %8ko aldea izanen du, unitate beraren barruan, agentearen enplegukoarekin.
5. artikulua. Prestasun bereziko osagarria.
1. Prestasun bereziko osagarria jasoko duten enplegu edo lanpostuak dira haien eginkizunengatik prestasun eta lokalizazio etengabea edo lanarekin bitarteko telematikoen bidez etengabe harremanetan egotea eskatzen dutenak.
2. Osagarri hori jasotzen dutenek erabateko prestasunez eta dedikazio osoz emanen dituzte beren zerbitzuak, eta ezin izanen dira irabazizko beste inolako jardueratan aritu, ez sektore publikoan ez pribatuan, salbu eta unibertsitateko irakaskuntzan, irakaskuntza zentroetako irakaskuntza esporadikoan eta norberaren edo familiaren ondarearen administrazioan.
3. Lanpostuan egin beharreko ordutegitik kanpo, etengabeko prestasuna eta lokalizazioa izateaz eta edozein bidetatik egiten zaizkion eskakizun guztiei erantzuteaz gain, zerbitzuko burutza dagokion astean lanpostura bertaratzeko prest egon beharko du, horretarako eskatzen zaionetik ordubeteko epean.
4. Horren zenbatekoa mailari dagokion hasierako soldataren %20 izanen da.
5. Osagarri hori jasotzea bateraezina da aparteko orduak jasotzearekin eta guardia lokalizatuak egitearekin.
6. Nafarroako Udaltzaingoko kideen lanpostuek prestasun berezia esleitua badute, kide horiek ez dute gaindituko, urteko zenbaketan, akordio kolektiboan esleitutako ordu kopurua.
7. IV. eranskinean jasotzen dira prestasun bereziko osagarria aplikatuko zaien Iruñeko Udaltzaingoko enplegu eta unitateak.
Eranskin horren aldaketa negoziazio mahaian negoziatu beharko da, adostasuna bilatuz, eta Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariaren ebazpen bidez gauzatuko da, Udaltzaingoaren Burutzak dagokion jarraibidea eman ondoren. Prestasun bereziko osagarria plantilla organikoan berretsi beharko da.
6. artikulua. Burutzako osagarria.
1. Burutzako osagarria jasoko duten lanpostuak enplegu barruan aginte egoera berezia dutenak izanen dira, halaxe jasota baldin badago dagokion plantilla organikoan.
2. Osagarri horren zenbatekoa, mailari dagokion hasierako soldatari dagokionez, %10 izanen da.
7. artikulua. Aparteko orduen konpentsazioa.
1. Nafarroako Udaltzaingoko langileei beren lanalditik kanpo egin behar dituzten zerbitzuengatik bakarrik ordainduko zaie aparteko ordu gisa, baldin eta prestasun bereziko osagarria, guardia lokalizatuengatiko ordainsaria edo lanaldiaren luzapeneko osagarria jasotzen ez badute.
2. Aparteko orduak egiteko, eskudun den edo dagokion unitateko buruaren edo txandako buruaren baimen arrazoitua beharko da.
Urteko zenbaketako soberakinak, abenduaren 31 baino lehen konpentsatu ez direnak, aparteko ordu gisa ordainduko dira.
3. Prestakuntza-orduak ez dira aparteko ordutzat hartuko, ezta urteko zenbateko soberakintzat ere, eta denborarekin konpentsatuko dira planifikatutako urteko lanaldia handitzea dakartenak.
Konpentsazio hori lanaldi osoen arabera hartuko da, interesdunak hala eskatuta, kontuan hartu gabe zenbaketa urte naturala baino handiagoa izan ala ez. Orduka ere hartzen ahalko dira, egin beharreko lanaren ezaugarrien eta zerbitzuaren beharren arabera.
4. Sartzeko edo ateratzeko ordutegia edo biak aldatzeak lanaldia luzatzea badakar, aparteko orduak sortuko dira.
Ondorio horietarako, lanaldiaren luzapentzat hartuko da benetako lan-denbora, planifikatutako lanaldiaren iraupenaz gainekoa, etenik gabe egindakoa, lanaldiaren hasiera aurreratuz edo bukatzeko aurreikusitako ordua iritsi ondoren lanaldiari jarraipena emanez.
5. Zerbitzuaren beharrek ahalbidetzen dutenean, aparteko orduak atsedenaldiarekin konpentsatzen ahalko dira, interesdunak aldez aurretik eskatuta, eta hiru hilabeteko epean hartu beharko da konpentsazioa, aparteko orduak egin diren hilaren lehenengo egunetik hirugarren hilaren azken egunera arte. Zerbitzuaren beharrengatik hiru hilabeteko epean konpentsazioa ukatu bada, hiru hilabetez luzatzen ahalko da konpentsazioa baliatzeko epea. Gehitutako hiru hilabeteak igarotzen badira konpentsazio hori egin gabe, sortutako aparteko orduak dirutan ordainduko dira.
6. Udaltzaingoko aparteko orduen prezioen zenbatekoa eta atseden gisako konpentsazioari dagokiona izanen dira Iruñeko Udaleko eta haren menpeko erakunde autonomoetako langileendako ekitaldi bakoitzean onesten direnak.
Era berean, urte eta langile bakoitzeko egin daitezkeen aparteko orduen kopuruaren mugari dagokionez eta muga hori gainditzen ahal den salbuespenezko kasuei (behar bezala justifikatuak) dagokienez, Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileendako ezarritakoa beteko da.
8. artikulua. Konpentsazioa, guardia lokalizatuengatik.
Aparteko orduen konpentsazioa.
1. Guardia lokalizatuen araubideak Udaltzaingoko unitate jakin batzuetan etengabeko zerbitzu iraunkorra emateko beharrari erantzuten dio.
Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariaren ebazpen bidez zehaztu beharko da, Burutzak dagokion txostena eman eta negoziazio mahaian negoziatu ondoren, zer unitate edo zerbitzuri esleitzen zaizkien guardia lokalizatuak.
2. Guardia lokalizatua da Iruñeko Udaltzaingoko langileek kasuan kasuko lanpostutik kanpo egindako zerbitzua, baldin eta zerbitzu horretan langileak lokalizatuta eta destinatuta dagoen unitatearekin harremanetan egoteko betebeharra badu, edozein bidetatik egiten zaizkion errekerimendu guztiei erantzuteko eta zerbitzuan fisikoki hasteko moduan, eskatzen zaionetik ordubetera.
3. Guardia lokalizatuen araubidean lan egiten duten Iruñeko Udaltzaingoko langileek benetan egindako guardia-ordu bakoitzeko jasoko dituzte kontzeptu horrengatik Nafarroako Gobernuan ezarritako ordainsari ekonomikoak.
4. Guardia lokalizatuak egitea bateraezina izanen da aparteko orduak egiteagatiko beste osagarri batzuk jasotzearekin, gaueko ordutegian edo jaiegunetan.
5. Langilea guardia lokalizatu bat egiten ari den bitartean lanpostura bertaratzen bada, urteko lanaldiari txanda oso gisa egotziko zaio, edo, txanda hori gainditzen denean, benetan egindako ordu kopuruari, eta egindako lan-txandari dagozkion ordainsariak jasoko dira.
6. Guardia lokalizatuak egutegian planifikatzen ahalko dira, eta txandaketa bat arautu beharko da, unitate bakoitzeko funtzionarioen artean orekatzeko.
9. artikulua. Konpentsazioa sanferminetan dispositibo berezietan parte hartzeagatik.
1. Apartatu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie sanferminetako jaietarako, uztailaren 6tik 14ra bitarte, aurreikusten diren zerbitzuei.
2. Uztailaren 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13 eta 14a jaieguntzat hartuko dira ohiko lanaldi osoa edo ohikotik gorakoa egin behar duten langileen kasuan. Jaieguntzat hartuko da, halaber, uztailaren 5etik 6rako eta 14tik 15erako gauetako sanferminetako ordutegia duen lan-txanda.
3. Berariazko baldintzen araubide bat ezartzen da Udaltzaingoarendako, zerbitzua zaindariaren jaietan ematea bereziki nekagarria eta garrantzitsua delako. Berariazko baldintzen araubide hori aplikatzeko, Iruñeko Udaleko eta haren menpeko erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen akordio kolektiboan xedatutakoari jarraituko zaio.
10. artikulua. Izapide judizialetara joatea.
Iruñeko Udaltzaingoko langileek, beren jardun profesionalari lotutako izapide judizialetara lan-ordutegitik at joan behar badute, aparteko hiru lanorduren konpentsazioa jasoko dute, eta hasiera batean aurreikusitako hiru orduak gainditzen dituzten bertaratzeak kontuan hartuko dira proportzionalki aplikatzeko.
III. KAPITULUA.–KONPENTSAZIOA ORDUTEGIRAKO ESKURAGARRITASUNAGATIK
11. artikulua. Konpentsazioa ordutegirako eskuragarritasunagatik.
1. Ordutegirako eskuragarritasunagatiko konpentsazioaren helburua izanen da erakundeak ezarritako zerbitzu-beharren ondorioz ohiko lanalditik kanpo egindako orduak konpentsatzea, eta ordu horiek Udaltzaingoaren barruko aldi baterako langileek betetzea ezinezkoa denean ordainduko dira.
2. Konpentsazio hori honela ordainduko da:
a) 2.C.g artikuluan ezarritako ordainsari gisa jasotako aparteko orduen osagarri gisa.
b) 2.C.h artikuluan ezarritako "Ordu-poltsan" jasotako orduen konpentsazio gisa.
12. artikulua. Ordu-poltsa.
Polizia-zerbitzuak hobe kudeatzeko, "ordu-poltsa" bat eratzea aurreikusten da. Poltsa horretan langile guztiek izena ematen ahalko dute urtero eta borondatez. Poltsa hori urtero argitaratuko da, Burutzak aginduta, negoziazio mahaiari jakinarazi ondoren.
IV. KAPITULUA.–KONPENTSAZIOA PROBA FISIKOAK GAINDITZEAGATIK
13. artikulua. Konpentsazioa proba fisikoak gainditzeagatik.
Iruñeko Udaltzaingoko langileei agindutako eginkizunen izaerak eta horiek behar bezala gauzatzeak eskatzen dute kideek forma fisiko egokia izatea, eta prestakuntza hori diruz konpentsatuta eman behar da, hori egiaztatzen duten proba fisikoak gainditu ondoren.
14. artikulua. Proba fisikoak egiteko deialdia.
Bost urtean behin, proba fisikoak urteko azken hiruhilekoan egiteko deialdia eginen da, eta aparteko proba bat gaituko da deialdi nagusiaren hurrengo urteko martxoan, salbuespenezko eta justifikatutako arrazoiengatik proba horiek hasieran ezarritako egunetan egin ezin izan dituzten pertsonentzat. Iruñeko Udaltzaingoko langileek proba horiek egiten emandako denbora benetako lantzat hartuko da gerta daitezkeen lesioen edo istripuen ondorioetarako.
Oro har, jardunean edo eszedentzia berezian dauden funtzionarioei baino ez zaie deituko, baldin eta Iruñeko Udaltzaingoan sartu zirenetik inoiz proba fisikoak gainditu ez badituzte. Zerbitzu berezietako egoeran dauden Iruñeko Udaltzaingoko langileek, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan mailaz igotzeko prestakuntza-ikastaro batean parte hartzen ari direnek izan ezik, ez dituzte probak egin beharko egoera horretan dauden bitartean, eta jardunera itzultzen direnean dagokien konpentsazioa izanen dute, zerbitzu berezietako egoerara igaro aurreko baldintza berberetan.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan mailaz igotzeko prestakuntza-ikastaro batean parte hartzeagatik zerbitzu berezietako egoeran deklaratu direnek eskubidea izanen dute, egoera horrek irauten duen bitartean, deialdia egiten duen administrazio publikotik beren jatorrizko plazan aitortuta dituzten ordainsari osoak jasotzeko, proba fisikoak gainditzeagatiko konpentsazioa barne.
Udaltzaingoan sartu zirenetik bost urte baino gehiago igaro eta borondatezko eszedentzia baten ondoren jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek ez dute konpentsaziorik izanen proba fisikoengatik, haiek gainditzen ez dituzten bitartean parte hartzen duten hurrengo deialdian.
15. artikulua. Proben garapena.
1. Probak egiteko ordutegiak polizia bakoitzak bere lanalditik kanpo egin ahal izateko moduan planteatuko dira, eta hori ezinezkoa denean lan-ordutegiaren barruan programatuko da, eta, lehen kasuan, probetara joatea lan egindako bi ordu gisa zenbatuko da.
2. Lan-istripuagatik, lanbide-gaixotasunagatik, haurdunaldiagatik edo amatasunagatik proba fisikoak egin ezin dituztenek proba fisikoak gainditzeari dagozkion orduak hartzeko eskubidea izanen dute, baldin eta aurkeztu ziren azken deialdian proba fisikoak gainditu badituzte, lan-istripuaren aurretik edo lanbide-gaixotasunagatiko, haurdunaldiagatiko edo amatasunagatiko baja hasi aurretik.
16. artikulua. Proba fisikoen konpentsazio ekonomikoa.
Proba fisikoak gainditzen dituzten funtzionarioek mailari dagokion hasierako soldataren %17 jasoko dute, eta osagarri hori finkatuta geratuko da, proba horiek berriro gainditu beharrik gabe.
Era berean, erregelamendu hau onetsi ondoren Iruñeko Udaltzaingoan sartzen diren funtzionarioek, edo polizian sartu zirenetik deituak izan ez direlako proba fisikoak gainditu ez dituztenek, hasieratik jasoko dute 100eko 17ko osagarria, eta probak behin bakarrik gainditu beharko dituzte egiten den hurrengo deialdian.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetako lehena.–Akordio kolektiboarekiko integrazioa.
Udaltzaingoaren kolektiboari dagokionez, Iruñeko Udaltzaingoaren Ordainsarien Erregelamendu honetan araututako gaiak Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboaren kasuan kasuko gai berari buruzko aurreikuspenen gainetik egonen dira.
Erregelamendu honetan berariaz arautzen ez denari dagokionez, akordio kolektiboan xedatutakoa aplikatuko da.
I. ERANSKINA.–ANALOGIAK NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ETA IRUÑEKO UDALTZAINGOAREN UNITATEEN ARTEAN, LANPOSTUAREN OSAGARRIAREN ONDORIOETARAKO SOILIK
IRUÑEKO UDALTZAINGOA | FORUZAINGOA |
IKUSKAPEN OROKORREKO TALDEA | KUDEAKETA ADMINISTRATIBOAREN ETA EKONOMIKOAREN TALDEA |
LOGISTIKAKO TALDEA | BALIABIDEAK ADMINISTRATZEKO TALDEA |
EKZko TALDEA | KOMUNIKAZIOKO ETA LOTURA OPERATIBOKO BRIGADA |
HERRITARREN ARRETAKO ETA GIZA BALIABIDEETAKO TALDEA | GIZA BALIABIDEEN TALDEA |
PRENTSAKO LANTALDEA-BIKTIMEN ARRETA BULEGOA | KOMUNIKAZIORAKO ETA PARTAIDETZARAKO TALDEA |
BIDE PLANGINTZAKO TALDEA | TRAFIKOKO PLANIFIKAZIO OPERATIBOKO TALDEA |
ELKARBIZITZAREN ALDEKO HEZKUNTZAKO TALDEA | BIDE HEZIKETAKO TALDEA |
ATESTATU TALDEA | POLIZIA JUDIZIALAREN IPARRALDEKO TALDEA |
ISTRIPUEN ANALISIKO LANTALDEA | POLIZIA JUDIZIALAREN IPARRALDEKO TALDEA |
TRAFIKOKO TALDEA | BIDE SEGURTASUNEKO TALDEA |
GARABIEN LANTALDEA | KUDEAKETA ADMINISTRATIBOAREN ETA EKONOMIKOAREN TALDEA |
HURBILEKO POLIZIAKO TALDEA | PREBENTZIORAKO ETA HERRITARREN ARRETARAKO DIBISIOA |
JASANGARRITASUNERAKO LANTALDEA | PREBENTZIORAKO ETA HERRITARREN ARRETARAKO DIBISIOA |
PREBENTZIOKO TALDEA | PREBENTZIORAKO ETA HERRITARREN ARRETARAKO DIBISIOA |
LAGUNTZAKO LANTALDEA | PREBENTZIORAKO ETA HERRITARREN ARRETARAKO DIBISIOA |
GIDA-TXAKURREN LANTALDEA | GIDA-TXAKURREN TALDEA |
ERAKUNDEEN SEGURTASUNEKO TALDEA | AGINTARIAK BABESTEKO BRIGADA |
LAGUNTZA ZERBITZUETAKO TALDEA | BARNE SEGURTASUNEKO BRIGADA |
POLIZIA ADMINISTRATIBOKO ETA INGURUMENEKO TALDEA | KUDEAKETA ADMINISTRATIBOAREN ETA EKONOMIKOAREN TALDEA |
HERRITARREN ARRETAKO ETA SALAKETETAKO BULEGOKO TALDEA | POLIZIA JUDIZIALAREN IPARRALDEKO TALDEA |
INFORMAZIOA AZTERTZEKO LANTALDEA | POLIZIA JUDIZIALAREN IPARRALDEKO TALDEA |
IKERKETAKO LANTALDEA | POLIZIA JUDIZIALAREN IPARRALDEKO TALDEA |
EMAKUMEAK, ADINGABEAK ETA ADINEKOAK BABESTEKO TALDEA | LAGUNTZA BRIGADA |
GENERO-INDARKERIAKO LANTALDEA | LAGUNTZA BRIGADA |
KOMUNITATE POLIZIAKO TALDEA | PREBENTZIORAKO ETA HERRITARREN ARRETARAKO DIBISIOA |
II. ERANSKINA.–LANPOSTUAREN OSAGARRIA PAREKATZEKO TAULA
LANPOSTUAREN OSAGARRIA | LANPOSTUAREN OSAGARRIA | ||
INSPEKTOREORDEA | |||
Erakundeen Segurtasuneko Taldea | 60,41 | 40,41 | %20 prestasun bereziagatik |
Ikerketa Taldea | 41,41 | 37,02 (41,41) | |
Emakumeak, Adingabeak eta Adinekoak Babesteko Taldea | 41,41 | 37,02 (41,41) | |
Herritarren Arreta Bulegoa / Informazioa Aztertzeko Lantaldea | 41,41 | 35,52 (41,41) | |
Komunitate Poliziako Taldea | 25,05 | 34,13 | |
Prebentzioko Taldea | 25,05 | 37,13 | |
Hurbileko Poliziako Taldea | 25,05 | 37,13 | |
EKZko Taldea | 25,05 | 32,25 | |
Bide Segurtasuneko Taldea | 25,05 | 35,63 | |
Bide Plangintzako Taldea | 25,05 | 30,20 | |
Atestatu Taldea / Istripuen Analisiko Taldea | 25,05 | 35,52 | |
Herritarren Arretako eta Giza Baliabideetako Taldea | 25,05 | 31,57 | |
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea | 25,05 | 30,71 | |
Polizia Administratiboko eta Ingurumeneko Taldea | 25,05 | 26,08 | |
Logistikako Taldea | 20,96 | 27,80 | |
Ikuskapen Orokorreko Taldea | 20,96 | 26,08 | |
Laguntza Zerbitzuetako Taldea | 18,5 | 22,31 | |
AGENTE LEHENA | |||
Erakundeen Segurtasuneko Taldea | 67,45 | 47,45 | %20 prestasun bereziagatik |
Ikerketa Taldea | 47,34 | 43,84 (47,34) | |
Emakumeak, Adingabeak eta Adinekoak Babesteko Taldea | 47,34 | 43,84 (47,34) | |
Genero-indarkeria eta Aniztasuna Kudeatzeko Lantaldea | 47,34 | 43,84 (47,34) | |
Herritarren Arretako eta Salaketetako Bulegoa | 47,34 | 45,34 (47,34) | |
Komunitate Poliziako Taldea | 31,87 | 32,38 | |
Prebentzioko Taldea | 31,87 | 35,38 | |
Laguntzako Lantaldea | 31,87 | 35,38 | |
Gida-txakurren Lantaldea | 31,87 | 40,63 | %20 prestasun bereziagatik |
Hurbileko Poliziako Taldea | 31,87 | 35,38 | |
Jasangarritasun Lantaldea | 31,87 | 33,88 | |
Atestatu Taldea | 31,87 | 45,34 | |
Isitripuen Analisiko Lantaldea | 31,87 | 42,34 | |
Bide Plangintzako Taldea | 31,87 | 25,85 (31,87) | |
Herritarren Arretako eta Giza Baliabideetako Taldea | 31,87 | 28,63 (31,87) | |
EKZko Taldea | 31,87 | 33,50 | |
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea | 31,87 | 30,69 (31,87) | |
Bide Segurtasuneko Taldea | 31,87 | 33,88 | |
Garabien Lantaldea | 31,87 | 26,75 (31,87) | |
Polizia Administratiboko Taldea | 31,87 | 28,25 (31,87) | |
Zitazio Judizialetako Lantaldea | 27,61 | 26,75 (27,61) | |
Logistikako Taldea | 27,61 | 21,88 (27,61) | |
Ikuskapen Orokorreko Taldea | 27,61 | 26,75 (27,61) | |
Laguntza Zerbitzuetako Taldea | 27,61 | 24,88 (27,61) | |
AGENTEA | |||
Erakundeen Segurtasuneko Taldea | 60,13 | 40,13 | %20 prestasun bereziagatik |
Ikerketa Taldea | 34,56 | 32,93 (34,56) | |
Emakumeak, Adingabeak eta Adinekoak Babesteko Taldea | 34,56 | 32,93 (34,56) | |
Genero-indarkeria eta Aniztasuna Kudeatzeko Lantaldea | 34,56 | 32,93 (34,56) | |
Herritarren Arretako eta Salaketetako Bulegoa | 34,56 | 34,43 (34,56) | |
Informazioa Aztertzeko Lantaldea | 34,56 | 32,93 (34,56) | |
Komunitate Poliziako Taldea | 19,09 | 24,36 | |
Hurbileko Poliziako Taldea | 19,09 | 25,86 | |
Jasangarritasunerako Lantaldea | 19,09 | 25,86 | |
Prebentzioko Taldea | 19,09 | 27,36 | |
Laguntzako Lantaldea | 19,09 | 27,36 | |
Gida-txakurren Lantaldea | 19,09 | 32,63 | %20 prestasun bereziagatik |
Atestatu Taldea | 19,09 | 34,43 | |
Istripuen Analisiko Lantaldea | 19,09 | 31,43 | |
Herritarren Arretako eta Giza Baliabideetako Taldea | 19,09 | 19,09 | |
Biktimen Arreta Bulegoa | 19,09 | 23,34 | %20 prestasun bereziagatik |
EKZko Taldea | 19,09 | 25,50 | |
Bide Plangintzako Taldea | 19,09 | 18,75 (19,09) | |
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea | 19,09 | 20,77 | |
Bide Segurtasuneko Taldea | 19,09 | 25,88 | |
Garabien Lantaldea | 19,09 | 17,16 (19,09) | |
Polizia Administratiboko Taldea | 19,09 | 18,75 (19,09) | |
Zitazio Judizialetako Lantaldea | 14,83 | 17,16 | |
Logistikako Taldea | 14,83 | 13,88 (14,83) | |
Ikuskapen Orokorreko Taldea | 14,83 | 17,16 | |
Laguntza Zerbitzuetako Taldea | 14,84 | 16,82 | |
Komisario nagusia | 61,22 | 49,76 | %20 prestasun bereziagatik |
Komisarioa | 51,22 | 48,04 | %20 prestasun bereziagatik |
Brigadako inspektorea | 65,77 | 37,06 (45,77) | %20 prestasun bereziagatik |
Txandako Inspektore Burua | 65,77 | 40,06 (45,77) | %20 prestasun bereziagatik |
Foruzaingoarekin parekatzeko eredu berrirako trantsizioan aldi iragankor bat ezarriko da. Aldi horretan, lanpostuaren osagarria Udaltzaingoaren unitatean Foruzaingoaren antzeko unitatean baino handiagoa zen kasuetan, titulartasuna duten edo plaza horiei behin-behinean atxikita dauden funtzionarioek oraingo lanpostuaren osagarriari eutsiko diote, eta plaza automatikoki igaroko da osagarri berrira hutsik geratzen den unean.
III. ERANSKINA.–"DEDIKAZIOA" FAKTOREAK LANPOSTUAREN OSAGARRIAN DUEN ERAGINA
–Ordutegi-araubidea-%3ko eragina lanpostuaren osagarrian.
- Txanda bakarrean lan egiten bada: %0.
- Goizeko, arratsaldeko eta jaiegunetako txandetan lan egiten bada:
- Urteko %33tik beherako aldizkakotasunarekin: %0,38.
- Urteko %33ko edo gehiagoko aldizkakotasunarekin: %1,5.
- Goizeko, arratsaldeko, gaueko eta jaiegunetako txandetan lan egiten bada:
- Urteko %33tik beherako aldizkakotasunarekin: %0,75.
- Urteko %33ko edo gehiagoko aldizkakotasunarekin: %3.
–Lanaldiaren malgutasuna-%6ko eragina lanpostuaren osagarrian.
- Unitatean lanaldia luzatzen ahal bada zerbitzuaren beharrengatik edo jaiegunetan txanda bakarrean lan egiten ahal bada: %1,5.
- Unitatean aldaketak aplikatzen ahal badira ezarritako koadrantean, sartzeko eta/edo irteteko ordutegietan edo guardia lokalizatuetan: %3,75.
- Unitatean erabateko prestasuna beharrezkoa bada eta edozein ordutegi-aldaketa egiten ahal bada aldez aurretik planifikatu gabe: %6.
IV. ERANSKINA.–EGINKIZUN ESPEZIFIKOAK DITUZTEN UDALTZAINGOKO ENPLEGU ETA UNITATEAK; PRESTASUN BEREZIKO OSAGARRIA APLIKATUKO ZAIE
–Enpleguak: Komisario nagusia, komisarioa eta inspektorea.
–Unitateak:
- Gida-txakurren taldea.
- Prentsako eta Biktimen Arreta Bulegoko Taldea.
- Erakunde Segurtasuneko Taldea.
Iragarkiaren kodea: L2604164
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
