2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EULATE
Udal ordenantza, arautzen dituena erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten hirigintza jarduerak. Behin betiko onespena
Eulateko Udalak, 2025eko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen dituena erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten hirigintza jarduerak.
Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 20an, eta, jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Eulaten, 2026ko martxoaren 11n.–Alkatea, Beñat Ruiz de Larramendi López.
UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA BEHAR DITUZTEN HIRIGINTZA JARDUERAK
ZIOEN AZALPENA
Martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak (Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri berrikuntza eta hirigintza jarduera laguntzeko neurriei buruzkoak) abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea aldatu zuen (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea): manu berriak erantsi zituen, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak arautzeko, eta adierazi zuen zer prozedura orokor beteko den obra horietarako lizentziak emateko. Hori guztia, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan jasorik (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Hala, 192. artikuluan ezartzen da zer hirigintza jarduketa dauden erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubideari lotuta, jasota gelditzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren ondorioetarako.
Eulateko Udalak erabaki du foru legeria berria transposatzea, udal mugartean egiten diren obra lizentzien arloan; hala, ezarri eta argitu da hirigintzako zer egintzak duten nahitaezkoa erantzukizunpeko adierazpena eta Udalari aurretiazko komunikazioa egin beharra, baita horien geroko kontrola edo ez-betetzeen ondorioak ere.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, horien tramitazioa jakinarazpenaren araubideko eta araubide laburtuko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.
Ordenantza honetan araututakoari dagokionez, hona zer den erantzukizunpeko adierazpena: idazki bat, interesdun batek sinatua; hartan hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten du indarrean den araubidean ezarritako baldintzak betetzen dituela eskubide bat aitortzeko edo abiarazi nahi duen jarduera batean aritzeko, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela adierazpen horrek edo jarduera horrek irauten duen aldi osoan betetzeko.
Ordenantza honetan araututakoari dagokionez, aurretiazko komunikazioa idazki bat da, eta hartan interesdunak Udalari jakinarazten dizkio bere identifikazio datuak, higiezinaren edo egin beharreko jardueraren kokalekua, bai eta eskubide bat aitortzeko edo jarduera bat abiarazteko eskatzen ahal zaizkion gainerako datuak ere.
Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza jarduketa egiteko, baldin horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere ukatu gabe behar diren egiaztapen-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.
Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintza plangintzaren aurkakoak diren ahalmenak.
Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintza plangintzaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.
Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako joko da lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta aplikatuko zaie lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babeseko eta zehapeneko araubide bera.
2. artikulua. Esparrua.
Obra txikiak dira ordenantza honen jarduketa eremua, eta kanpoan gelditzen dira gainerako jarduketak; horiek prozedura arruntaren bidez tramitatutako dira.
Obra txikiak dira teknikoki errazak diren obrak, eta, eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoak; normalean lan txikiak izaten dira, konpontzeko, dekoratzeko, apaintzeko edo itxiturak egitekoak eta proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabekoak; ezaugarri horiek biltzeak, hain zuzen, zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte bolumena, azalera eraikia edo erabilera inola ere aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik kanpoko diseinuan, ez eta etxebizitzen kopurua aldatzen ere. Ez dute ukitzen eraikinaren edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ez eta bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.
3. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotutako hirigintza jarduketak.
Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzte honako obra hauek:
–Merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.
–Itxiturak eta hesiak.
–Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.
–Eraiki aurreko lanak, adibidez: zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.
–Lorategi lanak eta zoladura lanak jabari pribatuko eremu libreetan, baldin obrek ez badute ukitzen erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik, eta aldaketarik sortzen ez badute lurzoruaren maila naturalean eta zuhaitzik mozten ez bada.
–Obra txikiak, hau da, eraikinaren barnealdea eta kanpoaldea kontserbatzeari eta mantentzeari dagozkienak:
- Barneko eta kanpoko pintura lanak.
- Barneko estaldurak (zoladura, paretak) berritzea eta aldatzea.
- Barneko zur-lanak (ateak) berritzea eta aldatzea.
- Kanpoko aldeko zur-lanak (leihoak) berritzea eta aldatzea, elementu komuneko zati ez direnean.
- Instalazioak (elektrizitatea, hodiak eta abar) berritzea eta aldatzea.
- Trenkadak berritzea eta aldatzea.
Obra txiki horietatik kanpo gelditzen dira honako hauek:
- Aldamioak behar dituzten obrak.
- Babes mailaren bat duten eraikinak edo multzoak ukitzen dituztenak.
- Eraikinaren elementu komunak ukitzen dituztenak (adibidez, kanpoaldeko zur-lanak aldatzea, baldin zenbait etxebizitzaren elementu komun baten zati badira, adibidez bizitegien eraikin kolektiboetan).
- Eraikinen egitura ukitzen dutenak.
- Elementuaren erabilera aldatzea dakartenak, edo banaketa aldatzen dutenak, eta, hala, bizigarritasun baldintzak ukitzen ahal dituztenak.
- Eraikinaren kanpoaldeko itxuraren aldaketa funtsezkoa dakartenak.
- Antolaketatik kanpo dauden eraikinetan edo elementuetan esku hartzen dutenak.
Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki erakundeak legediaren, plangintzaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obren gainean dituen ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.
4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.
Eulateko Udaleko bulegoetan ondoko agiriak aurkeztuta hasiko da erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten obren prozedura:
1) Eskabidea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ageri diren datuekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
2) Erantzukizunpeko adierazpena, berariaz adierazten duena indarrean den araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta hori frogatzen duen dokumentazioa baduela.
3) EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) autolikidazioa, eredu normalizatuaren arabera, banku entitate batean ordainketa egin izanaren frogagiriarekin.
4) Gainera, obraren hirigintza arloko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Egin beharreko jarduketaren xede den higiezinaren kokapenaren planoa, adieraziz helbidea eta lurzatia.
–Egin beharreko jarduketak azaltzeko memoria laburra.
–Egintzak behar dituen bestelako baimenak, kasu bakoitzean araudi sektorialak eskatzen dituenak.
–Eraikineko kanpoaldeko elementuetan jarduketarik behar izanez gero, haren argazkiak aurkeztuko dira.
–Egin beharreko jarduketaren aurrekontua.
Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezala, hamar eguneko epean.
Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintza jarduera hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izaten ahal den erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.
Jardueraren titularrak, egoki irizten badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, hirigintzako kontsulta egiteko inprimakia erabiliz.
Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren edo honekin kontraesanean dauden udal xedapen guztiak.
Azken xedapena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2603967