68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Aldaketa, Pasabideak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2025eko abenduaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Pasabideak arautzen dituen ordenantza fiskalean.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13an.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Beriainen, 2026ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Jose Manuel Menéndez González.

PASABIDEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Atarikoa

Espainiako 142. artikuluak ezartzen duenez, toki ogasunek behar adina baliabide izan beharko dituzte legeak korporazioei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko eta, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte. Ildo beretik doa Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1190 Foru Legearen 260. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan xedatutakoaren babesean, Udal honentzat eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak optimizatzeko, ezartzen da ordenantza hau, arautzen duena tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa, ibilgailuak bide publikotik mota guztietako higiezinetara igarotzen direnean.

Udalaren jabari publikoaren erabilera berezia Administrazioaren aldebakarreko tolerantzia-egintza bat da, funtsean ezeztagarria den egoera bat eragiten duena. Diskrezionalitateak arbitrariotasuna ez dakarrela oinarri hartuta, udal administrazioak behar bezala arrazoitu beharko du lizentzia-ukatze oro, eta behar bezala justifikatu beharko da, ukatzeko erabakiaren arrazionaltasuna ziurtatzeko.

Ordenantzak lizentziak emateko prozedura arautzen du, eta, bizilagunen lana errazte aldera, behin-behineko ofiziozko errolda bat egitea aurreikusten da. Errolda hori udal zerbitzuek eginen dute, eta erabiltzaileek egin nahi dituzten uko eta eskaera guztiak jasoko ditu. Era berean, aurreikusten da behin-behineko erroldan sartutako zergadun bakoitzari jakinarazpen indibidual bat egitea, baita bere aldetik egoki deritzona adierazteko aukera ematea ere, eta hiru hilabeteko epe zabala emanen zaio ahalmen hori baliatu ahal izateko.

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Legeari, zehazki haren lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera, eta lege horren 100. artikuluan xedatutakoaren babesean, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua.

2. artikulua. Definizioa.

Pasabidearen definizioa da eremu publikoko espazio baten erreserba, espaloiaren egitura eta haren zintarria aldatuz edo aldatu gabe, ibilgailuak pareko eraikinera sartu edo handik atera ahal izan daitezen.

Erreserbak ordenantza honetan ezartzen diren seinaleak izan beharko ditu; horien xedea izanen da ibilgailuak aparkatzea galaraztea horretarako seinalatutako eremuan.

3. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea da jabari publikoko aprobetxamendu oro, egiten dena ibilgailuak bide publikotik mota guztietako higiezinetara, eraikitakoetara edo eraiki gabekoetara, igarotzeko. Horietara garajeetatik zuzenean iristen ahal da, edo zeharka: bide partikularretatik, espaloietatik edo jabari publikoko eremuetatik.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen duten entitateak, baldin eta tokiko jabari publikoa beren onurarako baliatzen, erabiltzen edo aprobetxatzen badute, bat etorriz ordenantza honen 3. artikuluan ezarritakoarekin.

Ibilgailuak zer finkatara eta lokaletara sartzen diren, horien jabeak zergadunaren ordezko gisa hartuko dira, eta, hala badagokio, zilegi izanen dute dagokien onuradunei kuotak ordainaraztea.

5. artikulua. Karga-oinarriak.

Ordenantza fiskal honen eranskinean ezarritako tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da kontuan hartuta erabilitako pasabidearen zabaleraren metroak, plaza kopurua eta kalearen kategoria edo eremu fiskala, kasuan-kasuan.

6. artikulua. Tasak.

Beriaingo Udalaren Osoko Bilkurak prezio publikoak urtero onetsiko ditu, ordenantza honetako I. eranskinean ageri den baremoa oinarritzat harturik. 2024. urteko ekitaldirako, II. eranskinean ezarritakoak aplikatuko dira.

7. artikulua. Tributu-kuota.

Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagozkion tasak aplikatuko zaizkio.

8. artikulua. Ordainketa.

Aprobetxamendua ematen denetik sortzen da ordaindu beharra. Hala ere, toki entitateak aprobetxamenduari dagokion zenbateko osoa edo horren zati bat eskatzen ahalko du aurretik.

9. artikulua. Likidazioa.

Ordenantza honetan ezarritako tasak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sorraraziko dira, eta zergaldiak urte naturala hartuko du. Tasak urtero ordaindu beharko dira, zehaztutako epe eta baldintzetan.

Aprobetxamendua hasi edo bukatzen den kasuetan, horren arabera moldatuko da zergaldia, halako eran non kuota hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko baita, hasierakoa edo bukaerakoa ere barne harturik.

10. artikulua. Iruzurra.

Arau-hauste eta zehapenei dagokien orotan honako hauetan xedatuari jarraituko zaio: Ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Zirkulazioaren Kode Orokorra eta haiekin bat heldu diren arauak.

11. artikulua. Eraikuntzaren ezaugarriak eta bereizgarriak.

1. Forma. Pasabidea egitean, ez da aldatuko sestra ofiziala fatxadaren eta espaloiaren arteko elkarguneak eratzen duen lerroan.

2. Obrak. Titularrak izendaturiko pertsona eskudunek eginen dituzte obrak pasabideak egin, aldatu edo kentzeko, baina betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

3. Materialak. Materialak eta eraikuntzaren ezaugarriak izanen dira alkateak obra-lizentzia ematean zehazten dituenak.

4. Pasabideen edo ibilgailuentzako sarbideen luzera. Pasabide eta ibilgailuentzako sarbide bakoitzaren luzera, gehienez ere, zintarriaren gainean neurtua, lokalerako sarbidea gehi %25 izanen da, eta betiere Udalak baimentzen duena.

5. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak erakusgarri batean agertuko dira; haren eredua Udalak zehaztuko du, berea izanen baitu. Sarbideko atarian paratu beharko da.

6. Pasabideko zintarriak horiz pintatu beharko dira, eta udal zerbitzu eskudunek finkatzen dituzten arauei jarraikiz, jabearen kontu betiere.

12. artikulua. Plakak.

Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak erakusgarri batean agertuko dira; honatx eredua:

R-308 debeku seinalea (aparkatzeko debekua), marra biribil hori batez inguratua, eta azpiko aldean hondo horiko laukizuzen bat, honako idazkun hau daramala: Beriaingo Udala eta ....................... zenbakidun udal lizentzia; bertan Udalak emandako lizentziaren zenbakia trokelatuko da. R-308 seinalearen gainean honako idazkun hau agertuko da: "Gau eta eguneko pasabidea".

Udalak banatuko ditu pasabidearen bereizgarria daramaten plakak, erabiltzaileen kontura betiere.

13. artikulua. Administrazio emakida.

1. Pasabideak gau eta egunekoak baizik ez dira izanen. Ibilgailuak eguneko 24 orduetan iragaten ahalko dira, hortaz, besterik gabe debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuentzat ere.

2. Finken eta negozio lokalen jabe edo errentariek pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko dute eta haien titularrak izaten ahalko dira. Kontzesioaren titularra da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

3. Eskabidea idatziz eginen zaio Beriaingo Udalari. Udal zerbitzuek txostena eginen dute, eta hura Alkatetzari igorriko zaio, onets dezan.

14. artikulua. Lizentziak.

1. Ordenantza honetan arautzen diren lizentzia guztien kontzesioa diskrezionala izanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe, izan ere. Hortaz, ez du titularrarentzako eskubide subjektiborik sortzen eta horrek kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio, edo, betiere, edozein arrazoirengatik baja ematen badiote.

2. Pasabiderako edo ibilgailuen sarbiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek honako hau egiaztatu beharko dute:

a) Etxebizitzak badira:

Garajeak edo aparkalekuak, baita eraikinak ere, Beriaingo Udalaren plangintzaren xedapenak betetzea.

b) Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira:

Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

3. Pasabidearen edo ibilgailuentzako sarbidearen lizentzia eskabidearekin batean, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileak lokala bestelako jardueratarako erabiliko ez duela adierazten duen deklarazioa.

b) Lokalak zenbat ibilgailu izaten ahal dituen adierazten duen deklarazioa.

c) Ibilgailuentzat gordeko den azalera adierazten duen deklarazioa.

d) Sarbidearen zabalera librea.

4. Orokorrean, ez da pasabiderako lizentziarik emanen 11.4 artikuluan zehaztu baino espazio handiagoa erreserbatzera behartzeko. Salbuespena eginen da minusbaliotasuna dutenen kasuan, Beriaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuek aitzinetik txostena eginda.

5. Pasabidearen lizentziaren titularrek Beriaingo Udalari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan xedaturiko izapide eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

6. Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira besterik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein obligazio bete gabe utziz gero.

15. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Pasabidearen titularraren betebeharrak:

1. Pasabidea egokitzeko behar diren obra guztiak bere kontura egitea.

2. Zintarriak eta gainerako seinaleak pintatzea.

3. Pasabidea eta erakusgarria ongi zaintzea.

4. Zoladura berritzea, ibilgailuen joan-etorriak direla-eta haren egoera ona ez bada.

5. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta espaloi-zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

6. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean tokiko jabari publikoa suntsitzea edo narriatzea, onuraduna beharturik dago ordaintzera jabari publikoa berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa, bai eta aurretik zenbateko hori gordailu uztera ere; hori dena, galarazi gabe behar den tasa ordaintzea.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio-galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

16. artikulua. Ibilgailuen pasabideen errolda.

1. Udal administrazioak ibilgailuen pasabideen behin-behineko errolda eginen du. Errolda horretan, ibilgailuen pasabideen ezaugarriak une oro ezagutzea ahalbidetuko duten inguruabar fisiko eta juridikoak jasoko dira, baita pasabide horietatik eratorritako eskubideen eta betebeharren titularrak ere.

17. artikulua. Erroldako datuen altak, bajak eta aldaketak.

1. Ibilgailuen pasabideen erroldako altak ofizioz eginen ditu udal administrazioak, bere esku dituen datuen arabera, bai eta, hala badagokio, interesdunek eskabidean emandako datuetan oinarrituta ere. Azken kasu horretan, udal administrazioak egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmena izanen du.

2. Era berean, udal administrazioak erroldan sartuko ditu baimenaren titulartasunari, baimendutako pasabidearen inguruabar fisiko edo juridikoei, eta baja ematea eta ezabatzea dakarren beste edozein egoerari eragiten dieten aldaketa guztiak, baldin eta interesdunek formalki komunikatzen badituzte.

Ibilgailuen pasabideen erroldako ofiziozko alta espresuki jakinaraziko zaio zergadun bakoitzari, eta hiru hilabeteko epea emanen zaio egokitzat jotzen duena alegatzeko eta, hala badagokio, dagokion erroldan argudiatutako baja eskatzeko.

18. artikulua. Zehapenak.

Nahasketa eragiten ahal duen gau eta eguneko pasabidearen erakusgarria jartzen bada Udalaren baimenik izan gabe, erakusgarria zer higiezinetan dagoen, haren titularra den pertsona fisikoari edo juridikoari, edo, hala badagokio, errentariari Udalak eskatuko dio hiru eguneko epearen barrenean aipatu erakusgarria kentzeko.

Aipatu epea iraganik, ez badu baimena eskatu edota erakusgarria kendu ez badu, Udalak isuna ezarriko dio arau-hausleari, 15 eurokoa araua hausten den egun bakoitzeko.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, pasabideak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, arau-hausleak pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du, urtebeteko tasak halako bi ordainduta.

19. artikulua. Errekurtsoak.

Ordenantza hau, edo Beriaingo Udalaren Osoko Bilkuraren egintza nahiz erabakiak edo harekin zerikusia duten alkatearen ebazpenak interpretatzerakoan sortzen ahal diren guztiak errekurtso hauek paratuz ebatziko dira: administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo aldez aurretik eta nahi bada, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita; edo bi horien aurretik, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza eman duen udal organoari zuzendua, jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Hirugarrena.–9. tarifaren ("Industrialdeak") aldaketa (II. eranskina) 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denean, indargabetuta geratuko da Udal honek 2008ko martxoaren 6ko osoko bilkuran onetsitako Pasabideak arautzeko ordenantza (2009ko abenduaren 9ko erabaki baten bidez aldatua), zeina indarrean egon baita orain arte.

I. ERANSKINA.–TARIFAK

–1. motako tarifa: 2 plaza arteko higiezinak.

–2. motako tarifa: 3 eta 10 plaza arteko higiezinak.

–3. motako tarifa: 11 eta 20 plaza arteko higiezinak.

–4. motako tarifa: 21 eta 30 plaza arteko higiezinak.

–5. motako tarifa: 31 eta 40 plaza arteko higiezinak.

–6. motako tarifa: 41 eta 50 plaza arteko higiezinak.

–7. motako tarifa: 51 eta 60 plaza arteko higiezinak.

–8. motako tarifa: 61 eta 70 plaza arteko higiezinak.

–9. motako tarifa: industrialdeak.

Gainerako kasuetan, hau da, hirurogeita hamar plaza baino gehiago dituzten higiezinetan, metro lineala 8,00 euro garestiago izanen da hamar ibilgailuko tarte bakoitzeko.

II. ERANSKINA.–TASAK

–1. motako tarifa: 23,97 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–2. motako tarifa: 47,94 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–3. motako tarifa: 59,94 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–4. motako tarifa: 71,92 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–5. motako tarifa: 83,91 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–6. motako tarifa: 95,89 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–7. motako tarifa: 107,88 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–8. motako tarifa: 119,86 euro metro lineal bakoitzeko, urtean.

–9. motako tarifa:

a) 53,90 euro metro lineal bakoitzeko, 9 metro arte barne.

b) 9 eta 20 metro lineal artean: urteko 500 euroko tarifa bakarra.

c) 20 metro linealetik aurrera: urteko 600 euroko tarifa bakarra.

–Erakusgarria daramaten plakak: 40 euro unitate bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2603010