68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Oposizioa, udaltzain-agentearen plaza bat betetzeko

Azkoiengo Udalak, 2026ko martxoaren 13ko 2026-0225 Dekretuaren bidez, deialdia onetsi du, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Azkoiengo Udaltzaingoko poliziaren plaza bat oposizio bidez betetzea, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

Txanda irekiko plaza bat: 5-08 kodea duena plantilla organikoan.

Deialdia 2026ko lan publikoaren eskaintzakoa da.

1.2. Deialdi honen bidez polizia izendatzen diren izangaiek beteko dituzte Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako udaltzain-agenteen eginkizunak, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailetatik.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izatea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide den titulu bat, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, haren homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean.

d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez izatea deialdiaren III. eranskinean baztertua izateko aipatzen den arrazoi mediko bat.

e) Ez egotea kondenatuta dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor- eta administrazio-arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa onartzea. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

h) 28,50 euroko tasa ordaintzea, Oposizio eta lehiaketa prozeduretan parte hartzeko tasak arautzen dituen ordenantzan ezarri bezala.

Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, 3.1.f) apartatukoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzea oinarrizko prestakuntza-ikastaroa (deialdiaren 7.3.5 apartatua) egiteko izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.

4.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak zer epetan eta non aurkeztu behar diren.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es/). Horretarako, sortutako izapidean sartu beharko da 20 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

4.2. Eskabideek bete beharko dute https://peralta.sedelectronica.es/ helbidean deialdiari dagokion izapidean ageri den eredua eta, eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean (salbu 3.1.f) apartatuko baldintzari buruz ezarritakoa).

Izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Batxilergoko tituluaren, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo baliokideren baten fotokopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena sasoi onean dagoela deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko.

c) 28,50 euroko tasa ordaintzea (izapidean sartutako ordainketa-pasabidearen bidez).

4.3. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, ORVE delakoa baliatuz bidaliko da (Erregistro Birtual Elektronikoa), helmugako kode digital honetara igorriz: L01312021.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Azkoien Udalaren iragarki taulan eta egoitza elektronikoko gardentasunaren / enplegu publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/transparency).

5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu. Onartu gabeko eskabiderik ez badago, hurrengo puntuan adierazitako behin betiko onespena emanen zaio zuzenean.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik bada, horiek ebatzi ondoren, Azkoiengo Udaleko alkatearen ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta 5.1 puntuan adierazitako euskarrietan argitaratuko dira.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Azkoiengo Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Gorka Busto Hidalga, Azagrako udaltzaina.

Epaimahaikidea: Fernando Pérez Pérez, Azkoiengo Udaltzaingoko agente lehena.

Ordezkoa: Oscar Mateo Sesma, Funesko udaltzaina.

Epaimahaikidea: langileen ordezkariek izendatutakoa.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatutakoa.

Idazkaria: Miguel Chivite Cabezuelo, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Edgar Lainez Goñi, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek egon beharko dute bertan.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute kalifikazio-epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatu urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa 2026ko maiatzetik aurrera hasiko da, eta bi hautaketa-fase izanen ditu:

–Lehen fasea: ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak eginen dira.

–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

7.2. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz betiere, izangaia nor den frogatzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

Proba bakoitzaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasunaren / enplegu publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/transparency), eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira aipatu euskarrietan; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Hautapen-prozesuaren lehen fasean honako proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, I. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun zuzen bakoitzak 1,50 puntuko balioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balio negatiboa izanen dute. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 150 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak. Proban, erreserbako hamar galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala eta guztiz ere, epaimahaiaren ustez galdera akastun gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitza baztertzailea izanen da.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren. Epaimahaiak, probak egiteko laguntzaileak edukitzea erabakitzen badu, behar besteko aurrerapenaz argitaratuko du langile horiei buruzko informazioa.

Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:

–Pisua jasotzeko proba (banku press-a), 5-10 puntu bitarte.

–Uretako trebetasun proba, 5-10 puntu bitarte.

–Zalutasun proba (Barrow-en testa), 5-10 puntu bitarte.

–Erresistentzia proba (Course Navette-ren testa), 5-10 puntu bitarte.

Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera. Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola egin daiteke ariketa batean lortutako sailkapenari jarraikiz, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Deia idatziz eginen da, horretarako erabiliz dopinaren kontrol ofizialerako inprimakia, zeina ezarria baitago Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauetan. Behar den organo espezializatuak eginen ditu analisiak, jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertuko da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak xedatu bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, bai eta, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea saihesten, eragozten, nahasten, edo oztopatzen duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita saihestea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo ez-egitez.

Horren ondorioetarako, debekatuak egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2025eko abenduaren 2ko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuak dauden substantzia eta metodoen zerrenda. (2025eko 295. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 9koa).

Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen-prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontraanalisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, ez eta kalifikazio-epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Oinarri honetan jasotako probak grabatzen ahalko dira ikus-entzunezko bitartekoak baliatuz. Grabazio horien helburu bakarra izanen da epaimahaiak lagungarri bat izatea probak epaitzeko, probak egiteko moduari dagokionez, baina ez du balioko izangaiek probak egiten emandako denborak neurtzeko. Era berean, grabazio horiek ez dira proba fisikoak egiten diren egunetik harago gordeko. Prozesua bukatu arte gordeko dira, eta erreklamazio-epeak iragandakoan ezabatuko.

Irudien tratamenduari buruzko informazioa kontsulta daiteke oinarrien 10. puntuan.

c) Proba psikoteknikoak.

Izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren ebaluatuko da. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Proba psikoteknikoak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak. Aurreko bi probak gainditu dituzten izangai guztiek eginen dute proba hau.

NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak, organo aholku-emailea den aldetik, eta kalifikazio-epaimahaiak (edo horrek horretarako aukeraturiko langileek, zeinek lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko baitituzte), behar den azterketa egin ondoren, ebaluatu beharreko faktore edo gaitasunak ezarriko dituzte, bai eta eginkizunak egoki betetzeko behar diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.

Probak bi zati izanen ditu: lehenbizikoan, galdera-sorta bat edo batzuk eginen dira izaera orokorrari buruz eta/edo lan esparruko gaitasunei buruz. Eta bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko da. Kalifikazio-epaimahaiak argitaratuko ditu, probak egin aurretik, profilari eta probei buruz garrantzitsutzat jotzen dituen gai guztiak.

d) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei –deialdiko plazak halako bi eta kalifikazio-epaimahaiak zehazten duen kopuruan– osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari jarraikiz. Azkoiengo Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.

Izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, Prebentzioak igorritako txosten medikoen arabera. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Behin betiko onarpena prestakuntza-ikastaroan.

Kalifikaziorik handiena duen izangaia proposatuko da, behin-behinean, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egin dezan, eta kalifikazio-epaimahaiak proposamena argitaratuko du Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasunaren / enplegu publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/transparency).

7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutako izangaiak frogatu beharko du betetzen dituela deialdiaren 3.1 apartatuko e), f), g) eta h) baldintzak, hamar egun balioduneko epean, zerrenda hori Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasunaren / enplegu publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/transparency) argitaratzen denetik hasita. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du telematikoki, Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es):

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baita armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko.

Aipatu izapideak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartutako izangaiaren behin betiko proposamena. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangaiak ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, puntuazio handieneko izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenen artetik.

7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena:

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Azkoiengo Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aurretik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa:

–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).

–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, puntuazio proportzionala aterako da, bai ikastaroaren puntuazio orokorrarena, bai ikastaroaren barruko arlo bakoitzarena.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea, bai eta eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.

–Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartzen diren langile finkoek jatorrizko plazaren ordainsaria jasoko dute, hori handiagoa baldin bada praktiketako funtzionarioari dagokiona baino.

–Halaber, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste erregimen batean afiliaturik badaude, horrexetan segituko baitute.

–Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak jakinaraziko dio baja hori Udalari.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien osasun proba guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez atzematen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario-izaera galduko dute.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionario izaten segituko du plazaz jabetu arte.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatutako ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako.

–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira deialditik.

7.3.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu osoko puntuazioak, hau da, hautapen-fasean lorturiko puntuazioak.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta igorriko du prozesua gainditu duena izendatzeko proposamena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatutakoan, izangaiak zin egin edo hitzeman beharko du Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko eta defendatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zintzo beteko dituela karguari dagozkion betebeharrak.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Azkoiengo Udaleko funtzionario eta udaltzain izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Plazaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz.

Plazaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario-izaera galtzea.

Ezarritako egunean plaza hartzen ez dutenek Azkoiengo Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako plazan aritzeko izendatu ondoan, Azkoiengo Udaltzaingoan sartu eta funtzionario-izaera hartuz gero, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.–Datu pertsonalak babestea.

Azkoiengo Udala da prozesu osoan parte-hartzaileez jasotzen diren datuen tratamenduaren arduraduna, barne direla proba fisikoetan hartutako irudiak.

Tratamenduaren helburua da deialdia kudeatzea eta gauzatzea, oinarrien arabera.

Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri legitimoa legezko betebeharra da (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren –DBEO– 6.1.c artikulua), eta interes publikoa (DBEOren 6.1.e artikulua), irudiak hartzeari dagokionez, probak baloratzeko sistema osagarri gisa.

Datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala. Beste kasu batzuetan ere komunika daitezke datuak, betiere baldin oinarriturik badaude DBEOren 6. artikuluko kasuren batean.

Parte-hartzaileek eskubidea dute datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko, edo aurka egiteko eskubidea, tratamendua mugatzeko eskubidea eta datuen eramangarritasunerako eskubidea erabiltzeko. Horretarako, jo beharko dute Azkoiengo Udalera (Plaza Principal z.g., 31350 Azkoien) egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es/) edo baliatu beharko dute datuen babeserako arduradunaren posta elektronikoa (dpd@aytoperalta.com). Era berean, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetan: www.agpd.es; edo aldez aurretik aurkez dezakete datuen babeserako arduradunari zuzenduta, lehen adierazitako helbidean.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: Udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea: I. kapitulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua: 1. eta 2. atalak.

4.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. liburua: I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. zigorrak.

5.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

6.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

7.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

8.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea: I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Dokumentazio eta identifikazio pertsonala, III. kapitulua: Herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak. V. kapitulua: Zehapen araubidea.

8.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

9.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

10.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

11.–39/2015 Legea. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. Administrazio publikoen jarduera. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak.

12.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. III. kapitulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak.

13.–Azkoiengo Udalaren erregelamendu eta udal ordenantza ez-fiskalak.

13.1. Azkoiengo bide publikoaren gaineko udal ordenantza. 2002ko 47. aldizkaria, apirilaren 17koa.

13.2. Piperoen udal ordenantza. 2005eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa.

13.3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. 13.4. 2014ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 3koa.

13.4. Terrazak eta beladoreak bide publikoan paratzea arautzen duen ordenantza. 2020ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa.

13.5. Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen udal ordenantza. 2025eko 202. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa.

13.6. Eraikinak eta orubeak zaintzeko betebeharrak arautzen dituen ordenantza. 2005eko 78. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 1ekoa.

13.7. Udal ordenantza, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta bide publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko. https://peralta.sedelectronica.es/transparency/73cbc182-df58-427e-a72c-7eb03c735e59/.

14.–7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa. II. kapitulua, 2. atala.

15.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio eremua. II. titulua: neurriak. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.

16.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

17.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, ordutegi orokorra arautzen duena ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako.

18.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

19.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.

20.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua, eta II. titulutik: 12. artikulua.

21.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. VII. titulua: Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

22.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme osoarena. V. titulua: Segurtasun indar eta kidegoen jarduna.

23.–Azkoiengo udalerriko geografia, Azkoiengo kale izendegia eta toponimia.

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari, baina egun horren ondoren onesten diren arau-aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

II. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK

1.–Banku press-a.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonendako, eta 25 kilokoa emakumeendako. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, neurtuta barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da erabili ez eskularrurik, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ez eta jantzia kendu ere, bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK (GIZONAK)

ERREPIKAPENAK (EMAKUMEAK)

NOTA

30 baino gutxiago

20 baino gutxiago

Baztertua

30 eta 35 artean

20 eta 25 artean

5,0

36 eta 41 artean

26 eta 31 artean

5,5

42 eta 46 artean

32 eta 36 artean

6,0

47 eta 51 artean

37 eta 41 artean

6,5

52 eta 55 artean

42 eta 45 artean

7,0

56 eta 59 artean

46 eta 49 artean

7,5

60 eta 62 artean

50 eta 52 artean

8,0

63 eta 64 artean

53 eta 54 artean

8,5

65

55

9,0

66

56

9,5

67 edo gehiago

57 edo gehiago

10,0

2.–Uretako trebetasun-proba (50 metro estilo librean).

Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur-ingurunean nola egokitzen den.

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro eginen ditu igerian (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metroko beste tarte bat itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ezin da inolako aulki edo irteera-plataformatara igo.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak euskarri moduan edo bulkada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

NOTA

42" baino gehiago

48" baino gehiago

Baztertua

41"9 eta 41" artean

47"9 eta 47" artean

5

40"9 eta 40" artean

46"9 eta 46" artean

5,5

39"9 eta 39" artean

45"9 eta 45" artean

6

38"9 eta 38" artean

44"9 eta 44" artean

6,5

37"9 eta 37" artean

43"9 eta 43" artean

7

36"9 eta 36" artean

42"9 eta 42" artean

7,5

35"9 eta 35" artean

41"9 eta 41" artean

8

34"9 eta 34" artean

40"9 eta 40" artean

8,5

33"9 eta 33" artean

39"9 eta 39" artean

9

32"9 eta 32" artean

38"9 eta 38" artean

9,5

31"9 edo gutxiago

37"9 edo gutxiago

10

3.–Zalutasun proba. (Barrow-en testa).

Abiapuntuko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Egiteko modua: Probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte, eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero beste aldera (grafikoko A eta B ibilbideak). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25"8 segundo gizonendako, eta 27"5 segundo emakumeendako.

Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

–Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

–Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

NOTA

25"8 baino gehiago

27"5 baino gehiago

Baztertua

25"8 eta 25"2 artean

27"5 eta 27"2 artean

5

25"1 eta 24"5 artean

27"1 eta 26"5 artean

5,5

24"4 eta 24"1 artean

26"4 eta 26"1 artean

6

24"0 eta 23"6 artean

26"0 eta 25"6 artean

6,5

23"5 eta 23"0 artean

25"5 eta 25"0 artean

7

22"9 eta 22"7 artean

24"9 eta 24"7 artean

7,5

22"6 eta 22"5 artean

24"6 eta 24"5 artean

8

22"4 eta 22"3 artean

24"4 eta 24"3 artean

8,5

22"2 eta 22"1 artean

24"2 eta 24"1 artean

9

22"0 eta 21"9 artean

24"0 eta 23"9 artean

9,5

21"8 edo gutxiago

23"8 edo gutxiago

10

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Egiteko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Oin baten gainean bermatuta eman behar da buelta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe. Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroen beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat hartuko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

TARTEAK (GIZONAK)

TARTEAK (EMAKUMEAK)

NOTA

10 baino gutxiago

8,0 baino gutxiago

Baztertua

10,0

8,0

5,0

10,5

8,5

5,5

11,0

9,0

6,0

11,5

9,5

6,5

12,0

10,0

7,0

12,5

10,5

7,5

13,0

11,0

8,0

13,5

11,5

8,5

14,0

12,0

9,0

14,5

12,5

9,5

15,0 edo gehiago

13,0 edo gehiago

10,0

III. ERANSKINA.–BAZTERKETA MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsirik eza.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen-sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-eko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak (eragin funtzionalaren arabera).

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterreko ihesa.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotz-gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, mugimenaren estereotipiak, loaren nahasmenduak), eragin funtzionalen arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoen eta alkoholaren kontsumoaren ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte-harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako eritasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berak dituen eskakizun operatiboek larriagotzen ahal dituztenak.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison-en eritasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena direla kausa, polizia eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 30).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, baldin polizia lanetan aritzea eragozten badute ebaluazio mahaiaren iritziz.

–Betiere, osasun-azterketan, ez da eduki behar gidabaimena ukatzeko arrazoia izan daitekeen eritasunik edo urritasunik (2. taldea), Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. eranskinaren indarreko idazketaren arabera (beharrezko gaitasun psikofisikoak gidabaimena eskuratzeko edo haren indarraldia luzatzeko), eta, era berean, ez da kontsumitu behar ibilgailuak ez gidatzea edota makineria edo erreminta arriskutsuak ez erabiltzea aholkatzen duen medikamenturik edo bestelako substantziarik, edo nabarmen eragin diezaiokeenik udaltzain lanpostuaren zereginak gauzatzeko gaitasunari.

Azkoienen, 2026ko martxoaren 13an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

Iragarkiaren kodea: L2604133