1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
128E/2026 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Erriberriko udal-mugartean dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat handitzeko proiekturako, biltegiratze sistema ezartzeko konpentsazioari atxiki gabeko soberakinetarako. Sustatzailea Camping de Olite SL da.
Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorri du Erriberriko udal-mugartean dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat handitzeko proiektua, biltegiratze sistema ezartzeko konpentsazioari atxiki gabeko soberakinetarako. Sustatzailea Camping de Olite SL da.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) apartatuan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, hartan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2025eko irailean, Camping de Olite SLk Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan aurkeztu zuen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat handitzeko proiektua, biltegiratze sistema ezartzeko konpentsazioari atxiki gabeko soberakinetarako. Proiektua Camping de Olite SLk sustatu du, Erriberriko 14. poligonoko 752. lurzatian.
Organo substantibo horrek Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorri zuen dokumentazioa, eta aipatu 21/2013 Legearen 46. artikulua oinarri hartuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko oharrak edo iradokizunak egin zitzaten; ez da erantzunik jaso.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
2.–Proiektuaren deskribapena eta azterketa teknikoa.
Biltegiratze sistema bateriaduna lotuta dago, batetik, autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bati, zeinak konpentsazioari atxiki gabeko soberakinak baititu, eta, bestetik, Erriberriko kanpineko kontsumorako instalazio elektrikoari. Biltegiratze sistemak ez du energiarik isurtzen banaketa-sarera; aldiz, karga defizita estaltzen du, besterik ez, edo soberakin fotovoltaikoak xurgatzen ditu, isurien kupoa gainditu aurretik.
Biltegiratze sistemari euskarria emateko egitura gisa, 200x190 cm-ko hormigoi armatuzko lauza bat instalatuko da (20 cm lodi); haren gainean bankada metaliko bat, eta bertan, biltegiratze sistema bera. Klimatizazio sistema integratua eta isolamendu termikoa dauzka, eta horrek baterien balio bizitza eta haien efizientzia maximizatzen ditu.
Biltegiratze sistema Erriberriko kanpineko kontsumorako instalazio elektrikoaren ondoan kokatuko denez, ebakuazioa egiteko –hortik Erriberriko kanpineko koadro orokorreko barretaraino– 6,69 metroko zangan lurperatutako linea elektrikoa erabiliko da.
Biltegiratze sistemak, lehendik dagoen kanpineko kontsumorako instalazioak eta zangak oso azalera txikia hartzen dute kanpinaren beraren eremuaren barruan, kirol instalazioen ondoan zehazki, eta horregatik, jarduketak ez dauka eraginik intereseko balio naturaletan.
3.–Proposamena.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, eta behin analizaturik proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta suntsitzeak izan dezakeen ingurumen-inpaktua, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txosten batean jaso du ezen, kontsulten emaitzak ikusirik eta oinarri harturik Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako ezarrita dauden irizpideak, ez dagoela zertan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta izapidetzen hasi, eta, aurreikus daitekeenaren arabera, proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izanen dela eremuko ingurumen balioekin. Hori horrela, proposatu du ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, lehendik dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat handitzeko proiektuaren aldekoa, biltegiratze sistema ezartzeko konpentsazioari atxiki gabeko soberakinetarako. Horretarako baldintza izanen da, orobat, proiektuaren garapenak betetzea aurkeztutako dokumentazioan ezarritako baldintzak eta txosten honetan sartutako gainerako determinazioak:
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Camping de Olite SLk Erriberriko udal-mugartean sustatu duen proiektuak –lehendik dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat handitzekoa, biltegiratze sistema ezartzeko konpentsazioari atxiki gabeko soberakinetarako– ez dauka eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta, horrenbestez, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezarritako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Istripu-arriskuari dagokionez, Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aldeko txostena lortu beharko da.
–Argi puntuak ezinbesteko gutxienekora mugatuko dira, eta, ahal den guztietan, talka egiteko arriskua dakarten guneetatik urrun jarriko dira. Argi kutsadura minimizatzen duten argiak erabiliko dira, intentsitate txikikoak, eta gainaldean estalkia dutenak, ahalik eta argi gutxien igortzeko gorantz.
–Ingurumen arloko integrazioa:
- Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta ukitu ezin diren eremuak balizatuko dira.
- Lurra kendu edo hondeatu aurretik (aldi betirako nahiz betiko), obrek ukitzen dituzten eremu guztietako landare-lurra kenduko da, gutxienez 20 cm-ko sakonerako profil batean. Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 1,5 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze-lanetan berrerabiltze aldera.
- Obrak bukatutakoan behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, eta hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2603895