68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

122E/2026 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Ombatillo" alderdian olio-errota jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena. Sustatzailea J G Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa da. Proiektua 2025eko abendukoa da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2026ko urtarrilaren 2an, Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian olio-errota bat jartzeko proiektua aurkeztu dio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuari. Proiektuaren sustatzailea J.G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa da.

Bere ezaugarriak direla-eta, aipatutako proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko a) apartatuko "Landare koipeak eta olioak egiteko industria instalazioak" atalean sartzen da; horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

–Aurrekariak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 1eko 1002E/2025 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian, 17. poligonoko 430. eta 434. lurzatietan, olio-errota bat jartzeko proiekturako. Sustatzailea J.G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa zen.

Hasiera batean proposatu zen kokalekuak eragina dauka berriki landatutako olibondoen sail batean (hektarea batekoa, gutxi gorabehera), zeina ondoko lurzatietara –orain lugorri– handitzen ahalko baita; sustatzaileak interesa du olibondoen sail horretan, eta, horregatik, kokaleku berria proposatu du: "Ombatillo" alderdia, poligono bereko 245. lurzatia, Grávalosko bide nagusiaren beste ertzean.

–Proposamen berriaren ingurumen azterketa.

Instalazioen kokalekua aldatzen da, 30 metro iparraldera, gutxi gorabehera, eta instalazioen orientazioa ere, jatorrizko posizioaren aldean; hala ere, antzeko tartea mantentzen da Corellako kirol instalazioekiko, herrigunearekiko eta aisialdiko finka batzuekiko. Lugorri den nekazaritzako lurzati bat okupatuko da, hasiera batean proposatu ziren 430. eta 434. lurzatiek zituzten ezaugarri fisiko berekoa, eta horregatik uste da kokalekua aldatzeak ez duela aldaketa nabarmenik ekarriko, ustez ez delako izanen jadanik ebaluatutakoez beste eragin kaltegarririk ingurumenean (ikus instalazioen kokalekuari buruzko I. eranskina).

1002E/2025 Ebazpenean adierazi bezala, instalazio mota horrek bizilagunak gogaitu ditzake, usainak direla-eta. Eragin hori eta ingurumen kalitatearen gaineko beste eragin batzuk (airearen kalitatea, zarata, hondakinak, lurrak eta urak kutsatzea), horiexek dira baimen substantiboaren bidez (jarduera sailkaturako lizentzia) kontrolatu behar den instalazio berriaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioak.

Horrenbestez, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak uste du berdinak direla proposamen berriaren ingurumen ebaluazioko ondorioak eta hasierako proposamenaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetu zenean egindako ingurumen-inpaktuaren txostenean jasotakoak.

Emandako dokumentazioa ikusirik, eta proiektu berria (2025eko abenduko bertsioa) gauzatu, ustiatu eta bertan behera uzteak eragin dezakeen ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak ondorioztatzen du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, proiektuak, neurri txikikoa denez, ez duela ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izanen, baldin eta betetzen baditu Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 1eko 1002E/2025 Ebazpenean bildutako determinazioak, ebazpen horren bidez egin baitzen Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian olio-errota bat jartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena (proiektuaren sustatzailea J.G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboa da).

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. J. G. Haute Cuisine Sozietate Mikrokooperatiboak "Ombatillo" alderdian sustatu duen olio-errotaren proiektuak (2025eko abendua) ez dauka ingurumenean eragin nabarmenik, txosten honetan ezarritakoaren arabera.

2. Baimendua izan dadin, proiektuak bere gain hartu beharko du ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzeko betebeharra: 1002E/2025 Ebazpena, irailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Corellako udal-mugarteko "Ombatillo "alderdian olio-errota bat jartzeko proiekturako.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldera (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–CORELLAKO OLIO-ERROTAREN KOKALEKUA

Olio-errota, hasierako kokalekuaren xehetasun-planoa

Olio-errota, proposamen berriaren kokalekuaren xehetasun-planoa

Instalazioen xehetasunak

Olio-errota hartuko duen lurzatia, hasiera batean non zen kokatzekoa, bide horren kontrako ertzean

Iragarkiaren kodea: F2603891