1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
111E/2026 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, onesten duena EEHen agregakinen ziurtapen gida Nafarroako Foru Komunitatean.
Ekonomia zirkularra abian jartzea Europako ingurumen politikako zutabeetako bat da. Ekonomia zirkular hori jasangarritasuna xede duen eredu ekonomiko bat da, baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea bilatzen duena; horretarako oinarria da materialak, produktuak eta haien osagaiak prozesu zirkularretan mantentzea, eta hala, haien balio bizitza amaitutakoan, aukera izan dadila balio katean berriro integratu daitezen.
Eraikuntzaren sektorea, oraindik ere, lehentasunezko arloetako bat da Europar Batasunaren Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Plan berrian (2020an argitaratua). Eurostaten 2016ko datuen arabera, sektore hori da EBn sortzen diren hondakinetako %35 baino gehiagoren arduraduna; hori dela-eta, funtsezkoa da hondakin horiek zuzen bereiztea jatorrian, eta gerora eraikuntza prozesuetan berriro sartzea, hondakinen berrerabilpena, birziklatzea eta balorizazioa lortzeko.
Hondakinen prebentzioa eta kudeaketa eta ekonomia zirkularraren sustapena; horra Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren jardunaren helburu estrategikoetako bi, jasangarritasunarekiko eta trantsizio ekologikoarekiko konpromisoen barruan.
Helburu horiek lortzeko oinarrizko tresna gisa onetsi zen Nafarroako Hondakinen Plana (2017-2027), Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez. Plan horren askotariko neurrien artean, batzuk eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizazioari (aurrerantzean, EEH) buruzko 14. helburuari lotuta daude: asmoa da EEHen kudeaketatik datozen materialak gehiago erabil daitezen sustatzea eta haien balorizazioa bertatik bertara egitea, aprobetxatzen diren agregakin birziklatuen ehunekoa handiagoa izan dadin.
Aipatu hondakinen planeko 14. helburua lortzeko, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren bidez, Interreg Europe Programari eskatu zion, 2022an, proiektu bat sortzeko industria- eta eraikuntza-prozesuetako hondakin inerteen balorizazioa ardatz harturik, baliabide horien bizi-zikloa luzatzeko, lehengai gutxiago erauzteko eta ingurumen-inpakturik ez eragiteko. Halako proiektua 2022. urteko amaieran onetsi zen, eta 2023ko martxoaren 1ean abian jarri.
Proiektuko kide diren beste eskualde batzuengandik lortutako ikasbideari esker eta sektorean interesa duten Nafarroako eragileek egindako ekarpenekin (proiektua abiatu zenetik igaro diren 3 urte hauetan harremana izan baita) agiri tekniko hau prestatu da, helburu duena eraikuntza- eta eraispen-sektoreko hondakin inerteen balorizazioa sustatzea eta haien erabilera handitzea:
–EEHen agregakinen ziurtapen gida Nafarroako Foru Komunitatean.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Agiri tekniko hori onestea, Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntza- eta eraispen-hondakinen erabilera sustatzeko eta haien espezifikazioak txertatzeko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egin beharreko barne-prozeduretan, hala nola lizitazio publiko, baimen eta dirulaguntzetan, bai eta bestelako prozeduretan ere, non egokia izan baitaiteke halako jarraibideak kontuan hartzea.
2. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden eraikuntza- eta eraispen-hondakinak tratatzeko instalazioei eta Agregakin Birziklatuak Ekoizten dituzten Enpresen Nafarroako Elkarteari (ANEPAR), behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Gobernuko beste unitate hauei, azter dezaten gidako espezifikazioak beren barne-prozeduretan txertatzeko aukera: Lurralde Kohesiorako Departamentuko Proiektu eta Obren Zerbitzua, Zainketa Zerbitzua, Kudeaketa Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzua eta Toki Azpiegituren Zerbitzua; Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua (Meatzeen Atala); Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzua.
Iruñean, 2026ko otsailaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Oharra: Ebazpen honek hizpide duen "EEHen agregakinen ziurtapen gida Nafarroako Foru Komunitatean" esteka honetan dago eskuragarri: https://www.interregeurope.eu/sites/default/files/2026-03/INERTWASTE%20-%20Gu%C3%ADa%20certificaci%C3%B3n%20%C3%A1ridos%20RCD%20Navarra_DEFINITIVA.pdf.
Iragarkiaren kodea: F2604184