68. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena, larrialdiak kudeatzeko hirugarrenek aire bitartekoekin ematen dituzten zerbitzuei dagokienez, 2026ko martxoaren 17rako egin den greba deialdia dela-eta.

Zenbait sindikatuk 2026ko martxoaren 17an greba egiteko deialdia iragarri dute.

Greba eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan jasoa, bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai Konstituzio Auzitegiarenak.

Greba deialdia egin bada ere, larrialdiak kudeatzeko hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ezin dira eten, beste zerbitzu batzuk zuzen emateko zerbitzu osagarri diren aldetik; osasun laguntza, larrialdietako garraioa eta su-itzaltzea dira zerbitzu horietako batzuk. Zerbitzu horiek lotura estua dute bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubideekin, eta, horrenbestez, botere publikoek bermatu behar dituzte.

Bestalde, funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernu agintaritzari esleitzen zaio, Lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuan xedatutakoaren arabera. Eskumen hori, aztertzen ari garen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eskumenen arabera, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean eta Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean xedatutakoarekin.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen xedea da hirugarrenek ematen dituzten funtsezko zerbitzuak arautzea zenbait arlotan (osasun ebakuazioa larrialdi egoeran, larrialdietako operazioak, babes zibileko lanak eta suteen kontrako borroka), larrialdietako zerbitzuek funtzionamendu egokia izan dezaten 2026ko martxoaren 17rako iragarri den greba dela-eta; funtsezko zerbitzu horiek ezartzeko arrazoia da zerbitzu horiek nahitaez bete beharrekoak direla herritarrek larrialdi egoeretan dituzten beharrei babesa eta erantzuna emateko.

Funtsezko zerbitzuak zehazteko, kontuan hartu da zein diren administrazio honek aire bitartekoen zerbitzurako kontratuaren bidez itunduta dituen eginkizun publikoak, eta horietatik kanpo utzi dira segurtasunarekin eta larrialdiekin loturarik ez duten zerbitzu funtzional hutsak.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko martxoaren 17rako iragarritako greba dela-eta, greba egiteko eskubidea erabiliko da funtsezko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

a) Larrialdietako aireko osasun garraioa. Larrialdi egoeretako edo urgentziako osasun ebakuazioak sartuko dira, eta kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

b) Erreskateak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

c) Babes zibileko lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

d) Su-itzaltzea. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

e) Nafarroako Foruzaingoaren patruila eta behaketa lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

2. Foru agindu honetan jasotzen diren funtsezko zerbitzuak zerbitzu bakoitza eman behar duen enpresak horretarako izendatzen dituen langileek beteko dituzte.

3. Iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Zuzendaritzari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Zuzendaritzari eta Nafarroako Foruzaingoaren Burutzari, eta jakinaraztea Greba Batzordeari eta Eliance Helicopter Global Services SLri.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko martxoaren 13an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.

Iragarkiaren kodea: F2604115