1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 11n hartua, Nafarroako Gobernuak sustaturiko industrialdeetako lurzatiak saltzeko prezioak finkatzen dituena.
Azaroaren 28ko 249/1986 Foru Dekretuak, Nafarroako Gobernuak sustaturiko industrialdeetako lurzatiak salmenta bidez esleitzeko baldintzak finkatzen dituenak, ezartzen du Nafarroako Gobernuak finkatuko dituela urtero lurzati horien prezioak industrialde bakoitzerako.
Prezioen azken eguneratzea Nafarroako Gobernuak 2020ko maiatzaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen, eta 2020ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, ekainaren 9koan.
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiaren txostenaren arabera, une honetan enpresek inbertsio berriei ekiteko interesa garatzen ari dela ikusten bada ere, ez da komeni prezioak igotzea, lehia handia baitago probintzia mugakideekin. Hala, 2026an, aipatutako erabakiaren bidez onetsitako prezioei eutsiko zaie, egungo egoeraren ondorioz egin beharreko aldaketak sartuta.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Nafarroako Gobernuak sustaturiko industrialdeetako lurzatiak saltzeko prezioak honako hauek izanen dira:
INDUSTRIALDEAREN IZENA | PREZIOA/m² (eurotan) |
Buñuelgo industrialdea | 20,85 |
Caparrosoko industrialdea | 19,13 |
Castejongo industrialdea | 20,81 |
Izizeko industrialdea | 19,50 |
Tuterako "Montes del Cierzo" industrialdea | 12,19 |
Olaztiko industrialdea | 39,75 |
Vianako "La Alberguería" industrialdea | 41,25 |
Prezio horiei balio erantsiaren gaineko zergaren indarreko tasa gehituko zaie.
2. Aipatu industrialde bakoitzeko lurzati guztiei aplikatuko zaizkie prezio horiek, salbu eta jarraian adierazitako lurzatiei, honako prezio hau izanen baitute:
a) Buñuelgo industrialdea: Buñuelgo 2. poligonoko 935. katastro-lurzatia: 16,68 euro/m².
b) Castejongo industrialdea: Castejongo 1. poligonoko 72. katastro-lurzatia: 13,53 euro/m².
c) Castejongo industrialdea: Castejongo 1. poligonoko 67. eta 73. katastro-lurzatiak: 14,57 euro/m².
d) Vianako "La Alberguería" industrialdea: Vianako 19. poligonoko 1111., 1115. eta 1142. katastro-lurzatiak: 35,06 euro/m².
e) Vianako "La Alberguería" industrialdea: Vianako 19. poligonoko 1145. katastro-lurzatia: 28,87 euro/m².
3. Salmenten behin betiko esleipenaren ebazpena erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik ematen denean, kasu guztietan erabaki honen 1. eta 2. apartatuetan finkatutako prezioak aplikatuko dira, aurretik behin-behineko erreserba egina zutenetan barne.
4. Nafarroako Gobernuak kasuan-kasuan finkatuko du, proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera, azalera handiko instalazio bereziak ezartzeko erabiliko den industria lurzoru urbanizatu gabea saltzeko prezioa. Betiere enpresa adjudikazio-hartzailearen kontura izanen da beharrezkoak diren azpiegituren kostua.
5. Enpresa adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira salerosketaren eskritura publikoa formalizatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak.
6. Prezioa ordaintzeko gerorapenen bat onesten den kasuetan aplikatuko den interes-tasa ez da Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Lege Organikoan ezartzen den diruaren legezko interesa baino txikiagoa izanen.
7. Tuterako "Montes del Cierzo" industrialdean, merkaturatzen diren lurzatien fatxadaren gutxieneko neurria hondoaren neurriaren herena izanen da.
8. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2026ko martxoaren 11n.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2603971