59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irunberri Udalak, 2025eko abenduaren 18an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen dituena Udalaren hilerria erabiltzeko tasak.

Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Irunberrin, 2026ko martxoaren 4an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

UDAL HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Oinarria eta izaera.

Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluek eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat, udal honek ezarri du udal hilerriko tasa. Hori guztia, ondasun eta zerbitzu publiko hauei aplikatu beharreko araudia ukatu gabe.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea da udal-hilerriko zerbitzuak ematea, hala nola hilotzak lurperatzea, hobitik ateratzea eta beste hileta zerbitzu batzuk.

3. artikulua. Subjektu pasiboa.

Tasa hauetako subjektu pasiboak dira pertsona fisiko edo juridikoak eta bertze entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizia eratzen badute eta ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen badute.

4. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean ageri da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

5. artikulua. Zerbitzua emateko eskaera egiten denean ordainduko dira tasak.

6. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari jarraituko zaio eta, zehazki, indarra duen ordenantza fiskal orokorrean ezarriari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu behin betiko onetsitakoan (jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari –Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea–) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki-erakunde honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Hirugarrena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan honako hauek izanen dira aplikagarri: Ordenantza fiskal orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

TARIFEN ERANSKINA

–Lurrean, panteoian edo horma-hilobian ehorztea: zerbitzuaren kostua.

–Gorpuzkiak ehorztea: zerbitzuaren kostua.

–Hobitik ateratzea: zerbitzuaren kostua.

–Gorpuzkiak biltzeko poltsa: zerbitzuaren kostua.

Iragarkiaren kodea: L2603594