59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Ordenantza fiskala, tokiko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2025eko abenduaren 15ean egindako osoko bilkuran arruntean, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskala, arautzen dituena herriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpeko erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak.

Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Irunberrin, 2026ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TOKIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN, LURGAINEAN ETA LURPEAN

Funtsa.

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea.

2. artikulua. Zerga-egitateak dira tokiko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

a) Erabilera publikoko lurrak okupatzea honako hauen bidez: salgaiak, eraikuntzako materiala, hondakinak, hesiak, eskorak, euskarriak, aldamioak edo gisako instalazioak.

b) Irabazteko asmoarekin, erabilera publikoko lurrak okupatzea, honako hauek jarriz: mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak.

c) Erabilera publikoko lurretan kokatutako merkatu txiki, postu, barraka, saltzeko etxola, ikuskizun eta jolaskizunak paratzea, bai eta kalez kaleko industriak ere.

d) Ostalaritzako establezimenduen terrazak eremu publikoan.

e) Bide publikoaren okupazioa, herrigunean zirkulazioa etetea dakarrena.

f) Erabilera publikoko mahaiak eta aulkiak modu pribatiboan erabiltzea.

Ordaindu beharra.

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean, eta aurretik eskatu behar da egoki den baimena. Eremu publikoa ostatuetako barrekin okupatzeko, aldez aurretik tasa ordaindu beharko da eta baimen eskaerarekin batera tasaren ordainagiria aurkeztuko da.

Udalaren nahitaezko lizentzia izan gabe hasten bada erabilera edo aprobetxamendua, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez du izandako erabilera edo aprobetxamendua legeztatuko, eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honen xede diren erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena agintzen duten kasuetan, tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturala izango da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko, hiruhileko naturaletan, barne delarik hasiera edo bukaerakoa, zer behar duen.

Ordaintzera behartuak.

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten erakundeak, baldin eta egiten badute tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, edo hari onura ateratzen badiote.

Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrez edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak loturik egonen dira dagokien ordenantza fiskalari edo aplikagarri diren udal erabakiei.

Oinarriak, tasak eta tarifak.

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria, gehienetan, zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren luze-zabalaren arabera.

Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Lizitazio publikoko prozedurak erabiltzen direnean, emakida, baimena edo adjudikazioa zein proposamenentzat egiten den, haren balio ekonomikoaren arabera finkatuko da tasaren zenbatekoa.

Kudeaketa arauak.

7. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, tasaren subjektu pasiboa aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori finkatuko da ukitu daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, aurretik udal teknikariak txostena eginda, hura zenbakietara ekartzeko.

Gordailua lotu daiteke indarreko araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko, aldeko txostena beharko da, indarreko araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, suntsitutako gauzek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

8. artikulua. Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badu, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

9. artikulua. Udalak jabari publikoa okupatzeko baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea beste beharkizunik ez du izanen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu behin betiko onetsitakoan (jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari –Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea–) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki-erakunde honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.

I.1. Terrazak eta beladoreak: terrazak (mahaia eta lau aulki): 35 euro urtean.

Beladoreak: %50eko gehikuntza terrazaren tarifaren gainean.

I.2. Kalez kaleko salmenta, azoka txikia: postu finkoak: 60 euro hileko; finkoak ez diren postuak: 12 euro eguneko.

Izozki-saltokiak, txurro-saltokiak eta uso-tiroko postuak: 20 euro eguneko.

Barrakak: 35 euro eguneko.

I.3. Bide publikoa okupatzea hiri-lurzoruan: 0,31 euro/m² egunean.

Landa-lurzoruan: 0,10 euro/m² egunean.

I.4. Bide publikoan zirkulazioa etetea dakarren okupazioa:

Bide publikoa 2 eta 8 ordu bitartean moztea: 30 euro eguneko.

Bide publikoa 8 ordu baino gehiagoz moztea: 60 euro eguneko.

II. epigrafea.–Erabilera publikoko ondasunen erabilera pribatiboak.

Aulkia: 1 euro.

Mahaia: 3 euro.

Iragarkiaren kodea: L2603592